Edukira zuzenean joan

Niki de Saint Phalle

hezkuntza-edukia

Proiektu publikoak eta edizioak

“Eskultura-parke erraldoia egiteko ametsa nuen; baina, ordurako ez zegoen mezenas handirik. Zera pentsatu nuen: ‘Zergatik ez izan neure mezenasa?’”—Niki de Saint Phalle

Saint Phalleren arte publikoa parketan eta plazatan dago, baina, batez ere, naturaz inguratutako leku zabaletan. Bertan, iturri, eskailera eta txirrista artean, arkitektura-eskulturak daude ikusgai; batzuetan, gainera, bertan ere bizitzeko prestatuak daude. Artistak zera esan zuen: “Nire lanak gehiengoarentzat dira”.

Gune honetan hainbat objektu daude: bitxiak eta lanpara bat (edizio mugatukoak) eta lurrin poto bat, Saint Phallek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindakoak. Horietako batzuen salmenten etekinek Garavicchio-ko Tarotaren lorategia (Toscana, Italia) finantzatzeko baliagarriak izan ziren: “Eskultura bat egin nuen merkatu handian saltzeko lurrin baterako, eta lurrinaren etekinek finantzatu zuten lorategia. 1930eko hamarkadara itzuli nahi nuen, eta artistek diseinatu ohi zituzten poto eder horiek gogora ekarri. Niretzat sugea oso sentsuala da. Suge hauek amodioa egiten ari dira”. Saint Phalle 1978an hasi zen lorategi hori eraikitzen, eta hogei urte eman zuen horretan. 1998an ireki zen, eta artistak egia bihurtutako amestzat jo zuen; zendu arte, 2002ra arte, lan egin zuen lorategian.

Tarotaren lorategia egiteko, Antoni Gaudí-ren Bartzelonako Güell parkea, Italiako Bomarzoko “munstroen parkea”, Frantziako Ferdinand Cheval-en Jauregi Ideala (Hauterives-en) eta Los Angelesko Watts dorreak izan zituen inspirazio-iturri Saint Phallek, besteren artean. Artistak tarot-karten 22 arkano nagusiak bere modura interpretatu zituen eta paisaia paregabea eraiki zuen: bertan arkitektura naturarekin eta espiritualtasunarekin modu zirraragarrian uztartzen da. Hango eskulturen metalezko barne-egiturak tokiko artisauek egin zituzten, eta ondoren hormigoiz estali eta mosaiko koloretsuz apaindu zituzten.

Lorategia egin bitartean, Atlantikoaren bi aldetan lanean jarraitu zuen Saint Phallek. 2000. urtean Kalafia erreginaren zirkulu magikoa (Queen Califia’s Magical Circle) eskultura-parkearen diseinua eta planoak egiten hasi zen. Parke horretan Kaliforniako hastapenen eta historiaren interpretazioa egin zuen, eta barne hartu zituen lurralde horretako mito eta elezaharrak, ipar eta mesoamerikako kulturak eta bertako flora eta fauna. San Diegotik gertu, Kit Carson Park parkean, Escondidon, eraiki zuen. Kaliforniari egindako omenaldia da; izan ere garai horretan inguruan bizi zen artista. Emakumez soilik osatutako erreinu bateko erregina beltza du pertsonaia nagusi: Kalafia. Pertsonaia mitologiko hori Kaliforniarekin lotzen da, eta Saint Phalleren hitzetan, “boterean zegoen emakumea” zen.