Edukira zuzenean joan

Paris: arteen hiriburua, 1900-1968

Sarrera

Paris: arteen hiriburua, 1900-1968

Izenburua:
Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
Egilea:
Ann Dumas
Erakusketa:
Paris: arteen hiriburua, 1900-1968
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta pertzepzioa | Artea eta politika | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Mugimendua | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Natura hila | Paisaia | Kabareta | Abstraction-Création taldea | Frantses tradizioko margolari gazteak | Parisko Eskola | Espiritualtasuna | Bigarren Mundu Gerra | Gerra Hotza | Gerra Zibila (Espainia) | Lehen Mundu Gerra | Vietnamgo gerra | 68ko maiatza | Nazismoa | Paris | Auzo Latinoa | Montmartre | Montparnasse | Saint-Germain-des-Prés | Subkontzientzia | Tradizioa | Indarkeria
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Abstrakzio Geometrikoa | Abstrakzio Lirikoa | Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Dadaismoa | Errealismo Berria | Espresionismoa | Figurazio narratiboa | Futurismoa | Kubismoa | Op-art | Surrealismoa
Artelan motak:
Eskultura | Pintura | Ready-made
Aipatutako artistak:
Arman, | César, | Christo, | Agam, Yaacob | Arp, Hans | Bonnard, Pierre | Braque, Georges | Buffet, Bernard | Chagall, Marc | Dalí, Salvador | de Saint Phalle, Niki | de Staël, Nicolas | Delaunay, Robert | Delaunay, Sonia | Derain, André | Duchamp, Marcel | Ernst, Max | Fautrier, Jean | Fougeron, André | Foujita, Tsuguharu | Gargallo Catalán, Pablo | Giacometti, Alberto | Goncharova, Natalia | Gris, Juan | Gruber, Francis | Hartung, Hans | Herbin, Auguste | Kandinsky, Vasily | Klein, Yves | Léger, Fernand | Modigliani, Amedeo | Mondrian, Piet | Picabia, Francis | Picasso, Pablo | Ray, Man | Richier, Germaine | Riopelle, Jean-Paul | Severini, Gino | Soto, Jesús Rafael | Soutine, Chaïm | Spoerri, Daniel | Tinguely, Jean | Utrillo, Maurice | Vasarely, Victor

Ia XX. mende osoan zehar Paris artearen hiriburua izan zen zalantzarik gabe. Artistak munduko bazter guztietatik etorri ohi ziren Parisa, bere xarmak, giro bohemioak eta bizi-kostu merkeak erakarrita. Picasso eta Gris, Espainiatik, Chagall eta Kandinsky Errusiatik, Modigliani Italiatik, Mondrian Holandatik, Tinguely Suitzatik eta Soto Venezuelatik, erakusketa zoragarri bezain zabal honetan bildu diren artistetako batzuk besterik ez dira.

Parisko lau barruti —Montmartre, Montparnasse, Saint Germain-des-Prés eta Auzo Latinoa— jarduera artistiko handiko guneak izan ziren berebiziko garrantzia izan zuen garai horretan eta, beraz, gune horien inguruan egituratu da erakusketa. 1900etik I. Mundu Gerraren amaierara arte, Montmartre izan zen abangoardiako artearen gunea. Hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadan Montparnasse “les années folles” delakoen eszenatoki izan zen, artista bohemioen topaleku ez ezik giro handiko gunea izanik. Nazien okupazioaren urte ilunetan, jarduera artistikoa eta intelektuala Saint Germain-des-Prés-eko kafetegietara aldatu zen. Hirurogeiko hamarkada esperimentazio artistikoaren eta konpromiso politikoaren urteak izan ziren, 1968an Auzo Latinoan eztanda egin zuten gertaeren urteak.

Erakusketa XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetan Montmartren sortutako pintura-sorta batekin hasten da. Montmartreren landa-izaera, bertako lorategiak, errotak eta kale estuak oso ezagunak dira Maurice Utrillo-ren pinturari esker. Utrillok postal ezagunen ikuspegietan oinarritu zituen sarritan bere konposizioak. Horrez gain, Montmartre ezaguna zen bertako kabaret eta gaueko klubengatik, esate baterako Le Moulin Rouge —1890eko hamarkadan Toulouse-Lautrec-ek bikainki irudikatutakoa— edo Le Divan Japonais, Picassok 19 urte zituenean Bartzelonatik iritsi berri zela margotutakoa. Picassoren talentuak artista eta idazle ugari erakarri zuen bere inguruan; izan ere, “bande à Picasso” izena eman zitzaien. Bizimodu bohemio haren gune nagusia Bateau-Lavoir zen. Aurrian zegoen piano-fabrika zahar bat zen eta estudio ugari ezarri zen bertan. 1907an, Picassok bertan sortu zuen Avignongo andereñoak (Les Demoiselles d’Avignon) maisulana, arte modernoan une gogoangarria adierazi zuena. Erakusketa honetan ikusgai daude pintura horretarako Picassok egin zituen indar handiko bi azterlan, eta horietan nabarmena da Afrikako mozorroek eta grabatuek artistaren obran izan zuten eragin handia.

XX. mendearen bigarren hamarkadan Parisen lan egiten zuten artista ugari liluratuta zegoen bizitasun handiko hiri moderno honekin. Bertako bulebarrek dir-dir egiten zuten gauen, asmatu berria zen argi elektrikoaren azpian. Parisko ikono famatuena den Eiffel dorrea irudikatzen duten pinturetan, Robert Delaunay-k formaren fragmentazio kubista aplikatu zuen, baina kolore biziagoak gehitu zituen. Bere estudioko leihotik zituen hiriaren ikuspegiak irudikatzen dituen seriean, artistak kolore-trama delikatu batez birarazi zituen teilatuak. Bere emazte errusiarrak, Sonia Terk-ek, argiak, musika, berotasuna eta dantzarien aldaken kulunkatze erritmikoa iradoki zituen Le Bal Bullier izenburua duen bere pintura handian. Beste artista errusiar batek, Natalia Goncharova-k, birtualki abstraktua zen pintura sortu zuen lanpara elektriko batek emandako argiaren trazuei jarraituz. Bere aldetik, Gino Severini artista futuristak metroko “iparraldea-hegoaldea” linea berriaren modernitatea goretsi zuen, Montmartre eta Montparnasse lotzen zituena, Parisko hegoaldean, Senaren beste aldean.

Hogeiko hamarkadan pintura figuratiboaren estilo tradizionalago baterako bueltatzea sumatzen hasi zen. Balore kontserbadoreetara egindako itzulera hori I. Mundu Gerraren ondoren izan zen hondamendiaren ondorio gisa zabaldu zen, baita kubismoaren esperimentu abangoardisten aurrean izandako erreakzio gisa ere. Klasizismo berri hori emakumezko biluziaren gai tradizionalean nabaritu zen batez ere. Erakusketan, aldi horretan sortutako biluzi batzuk ikus daitezke, hain zuzen ere Parisko Eskola izena eman zitzaien taldeko kideek sortuak, oinarria Montparnassen zuen nazioarteko taldeak. Modiglianiren biluzi lirainek jaioterria zuen Italiako XVI. mendeko pintura gogorarazten digute; Derain-ek, berriz, hainbeste miresten zituen Italiako Barrokoaren maisuei egin zien omenaldia, Caravaggio-ri bereziki. Braque kubismotik aldendu zen bere irudiak ingerada sinpleez zehaztuz. Haren emazte Marthe-ri bainua hartzen egin zizkion hainbat marrazkitan, Bonnard-ek bainulariaren gai klasikoa asmatu zuen berriro. Bere aldetik, Foujita artista japoniarrak elur-itxurako biluziei ekialdeko kaligrafian jatorria duten trazuak gehitu zizkien.

Hala eta guztiz ere, Soutine-ren eta Fautrier-en lanak eraginda mundu sakonagoa eta emozionalagoa sortu zen. Gai mugatu batzuen barruan mugituz —emakumezko biluzia eta animalia hilak batik bat—, Jean Fautrierrek giza esperientziaren alderik ilunena aztertu zuen. Bere aldetik, Chaïm Soutine pintore espresionista lituaniarrak haragiaren zaurgarritasunaren antzeko ikuspegia erakusten digu bere lanetan.

Hogeiko hamarkadan jadanik, Parisen, artearen nazioarteko gunea Montmartretik Montparnassera aldatu zen. Montparnasseko mundu sofistikatuan eta kosmopolitan, goi-mailako gizartea giro bohemioarekin nahastu ohi zen La Coupole, Le Dôme eta La Rotonde bezalako kafetegi famatuetan. Erakusketan, erretratu-sorta batek beau monde hori gogora ekartzen digu. Picassoren emaztea izan zen Olga Koklova dantzari errusiarraren erretratu barean, hogeiko hamarkadan artista honek landutako estilo kontserbadorea antzeman daiteke. Gargallo eskultore espainolak, aldiz, Kiki de Montparnasse modelo eta pailart ezagunaren xarma dotorea irudikatu zuen.

Montparnassek hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan arte abstraktuaren goraldia ezagutu zuen baita ere. Oinarrizko kolore distiratsuez egindako forma sinple eta geometrikoek, Fernand Léger-en obraren ezaugarri, hiri modernoa eta industrializatua goresten zuten. Baina Abstrakzioa-Sorkuntza taldea harantzago joan zen: Piet Mondrian artista holandarrak erabat abstraktuak ziren konposizio geometrikoak margotu zituen oinarrizko koloretan —urdina, beltza, horia edo gorria— hondo zuriaren gainean. Askorentzat, abstrakzioak hedadura kosmikoa eta espirituala zuen.

Dadá taldearen arteak azpikorronte subertsiboa adierazten zuen, arte abstraktuaren garapenarekin batera aurrera egin zuena. Max Ernst, Hans Arp eta Francis Picabia buru zirela, dadaismoak, Parisen 1920ko hamarkadako urte gutxi batzuetan gora egin zuen mugimenduak, aipua galdutako aurreko belaunaldiaren balore moralekiko desilusioa adierazi zuen, onartutako kontzeptuei lotsagabe burla eginez. Horren adibide tipikoa erakusketan ikusi ahal izango dugu: Marcel Duchamp-en Mona Lisa, Louvreko maisu handietako baten ikonoa, artistak bibotea eta kokospekoa jarriz “apaindu” zuena. Statu quoa astintzeko beste modu bat objektu surrealistak eta maltzurrak sortzea izan zen, elkarrekin zerikusirik ez zuten material aurkituetan oinarriturik egindako eskulturak, esate baterako Man Ray-ren plantxa, bere oinarri lauaren gainean hortz mehatxagarriak erakutsiz, edo manta batean bildutako bere josteko makina, Christok hirurogeiko hamarkadan sortu zituen objektu bilduei bidea egin ziena.

1930eko hamarkadan, faxismoaren goraldia mehatxu bihurtu zen Europa osoarentzat. Artista surrealistek adibidez, 1936ko Espainiako Gerra Zibilean eta, ondoren, 1939ko II. Mundu Gerran bizi izango ziren izugarrikerien susmoak islatzen hasi ziren. Horretarako, Sigmun Freud-ek ametsen psikologiari buruz idatzitako printzipioak berenganatu zituzten. Dalí artista espainolak gure garaiko irudi ahalmentsu eta kezkagarrienetako batzuk margotu zituen horietan oinarriturik. Surrealistek gertatzen ari ziren gero eta bortizkeria handiagoak amets gaiztoen eta haluzinazioen irudien bidez islatzen zituzten bitartean, beste artista errealista batzuek, haien artean André Fougeron gazte eta militante ezkertiarrak, Espainiako Gerra Zibilaren ankerkerien eszena errealista ikaragarriak irudikatu zituzten.

Gerraren urteetan egindako pinturek paristarrek nazien okupazioan zehar jasan zituzten gabeziak aditzera ematen dizkigute. Picassoren natura hiletan burezur bat eta trazu beltz sendo batez zehaztutako janari kopuru txikiak agertzen dira sarritan, garaiko soiltasunaren adierazpide. Beste artista batzuek, Bernard Buffet-ek eta Francis Gruber-ek adibidez, estudioko barrualde soilak margotu zituzten gabezia-giro hura aditzera ematen duten irudi urduriekin. Giacometti-ren irudi zargalduek eta bakartiek mundu babesgabea eta zentzurik gabea iradokitzen dute. Gerra garaiko testigantza hunkigarrienetako batzuk Fautrierren Bahituak dira, ebakiak dituzten pinturak eta eskulturak alegia, erresistentzia frantsesean borrokan aritu zirenak naziek hil zituzten modu krudela gogora ekarriz.

Gerraren urte latzen ondoren, artistek pintura koloretsu eta abstraktuan aurkitu zuten babesa. Sen nazionalaren sentimendu sustraitua ezaugarritzat zuten Tradizio Frantsesaren Pintore Gazteek Frantziako Erdi Aroko beirate eta eskuizkribuetako kolore aberatsak iradokitzen zituzten beren pinturetan. Aldi berean, keinua nabarmentzen zuen estilo askeagoa, “abstrakzio lirikoa” izenez ezaguna, zenbait artistaren oinarri izan zen, esate baterako Hans Hartung alemanarena, Jean-Paul Riopelle frantses-kanadarrarena eta Nicolas de Staël errusiar emigratuarena. Berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan Parisen lan egin zuten beste artista batzuek hedadura espirituala bilatu nahi zuten beren obran. Yves Klein-en konposizio hedagarriek, urrez eta artistaren urdin kolore famatuaz eginak, Italiako Errenazimenduko aldareak iradokitzen dituzte. César-ek eta Germaine Richier-ek ere urrea erabili zuten eskulturetan, obraren hedadura espirituala eta goieneko mailaren zentzua islatzeko.

Hogeita hamarreko hamarkadan hain nabaria izan zen abstrakzio geometrikoak gora egiten jarraitu zuen berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan. Artista batzuek, Auguste Herbin-ek, adibidez, forma sinple eta abstraktuetan oinarritu zituzten kolore biziko beren konposizioak. Beste batzuek, haien artean Victor Vasarely hungariarrak eta Yaacov Agam israeldarrak, efektu optikoak landu zituzten. Bere aldetik, Sotoren Zeharkagarriak elementu bertikal eta koloretsuez osatutako gortinak dira, hain justu, ikusleak zeharkatzen dituenak.

Hirurogeiko hamarkadan Parisen sortutako obrak garaiko gertaera politiko nahasien isla dira. Niki de Saint Phalle-ren eskulturak Aljeriaren independentziaren aldeko gerran gertatutako gehiegikeriei eta gerra hotzari buruzkoak dira. 68ko maiatzean, Frantzia geldiarazi zuten ikasleen matxinaden eszenatoki politiko izugarria izan zen Paris. Garai hartan, Parisko artista ugari arazo politikoek bultzatuta jarduten zuten bitartean, beste batzuk, Nouveaux Réalistes (errealista berriak) izena eman zitzaien artistak alegia, eta haien artean Daniel Spoerri, Arman, Jean Tinguely eta Christo, Duchampen readymade kontzeptuan interesatu ziren, objektu aurkituetan oinarritutako artea sortuz. Tinguelyren Miramar (Txiroen balleta) [Miramar (Le Ballet des pauvres)] obra bikaina etxeko zaborren ensanblaje zentzugabea bezain poetikoa da.

Azkenik, readymadeen gero eta garrantzi handiagoak pintura figuratiboa eta politikoa aldarrikatzen zuen Figurazio Narratiboa talde ezkertiarraren erreakzioa eragin zuen. Nouveaux Réalistes taldeak Iparramerikako mugimendu artistikoetan parte hartzen zuen bitartean, Figurazio Narratiboaren artistek amerikarren kontrako jarrera argia erakutsi zuten, Vietnamgo gerrari uko eginez bereziki. Beraz, Paris–New York gaiari buruzko eztabaida batekin amaitzen da erakusketa. 1968an jarraitzen al zuen Parisek “arteen hiriburua” izaten?