Edukira zuzenean joan

Ruth Asawa: Atzerabegirakoa

katalogoa

LEKU BAT MAHAIAREN BUELTAN: RUTH ASAWAREN ETXEAN

Janet Bishop

Izenburua:
LEKU BAT MAHAIAREN BUELTAN: RUTH ASAWAREN ETXEAN
Egilea:
Janet Bishop
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2026
Neurriak:
33 x 24,2 cm.
Orrialdeak:
262
ISBN:
979-13-87960-10-0
Lege gordailua:
M-4163-2026
Erakusketa:
Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Gaiak:
Artisautza | Haurrak | Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Bizitza | Ingurunea eta natura | AEB | Kalifornia | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Asawa, Ruth

Etxea dut estudio, orain eta beti.

—RUTH ASAWA

Ilen-loreak mila hazi barreiatzen ditu.

—ADDIE LANIER

 

Ruth Asawaren sormen-unibertsoa ezin hobeto jasotzen duten irudi mordoaren artean, 1969an Asawa-Laniertarren San Frantziskoko etxeko egongelan ateratako argazki bat nabarmentzen da. Rondal Partridge argazkilariak egin zuen; hau da, Asawaren eta Albert Lanier senarraren lagun mina zen Imogen Cunningham argazkilariaren semeak. Irudiak etxearen barrualde zabala erakusten du, egurrezko panelez estalia, eta bertan daude bikotearen bi haurrik gazteenak, horien zenbait lagun1 eta bisitan etorritako katu beltz bat; familiaren txakurra, Henry Clyde, hegoaldera ematen duten leihoetatik sartzen den eguzkitan datza. Asawaren artelanik ezagunenak diren alanbre kiribilduzko eskultura paregabeetako batzuk daude habe biluzietatik zintzilik; horien artean esanguratsuenak, ezkerretik eskuinera, honakoak dira: Titulurik gabea (S.042) [Untitled (S.042)] (1954); Titulurik gabea (S.039) [Untitled (S.039)] (ca. 1959–60), aho irekiz osatutako forma bikaina; eta Titulurik gabea (S.001) [Untitled (S.001)] (ca. 1958), tronpeta-itxurako elementuz osatutako multzo bat. Goian, ezkerrean, alanbre lotuz berriki garatua zuen eskultura baten adar-antzeko puntak ikus daitezke, eta, haren azpian, etxean gonbidatu egondako ikasle baten autorretratua dago eskegita2. “Bakearen aulki” deitzen zuten besaulki ezin erosoagoaren bizkarreko tapizeria hosto-irudiz beteta dago, artistak naturarekiko zuen maitasunaren adierazgarri3. Janlekuko armairuaren alde banatan, Peggy Tolk-Watkins familia-lagun xelebrearen lorezko natura hil bat eta Asawaren beraren Titulurik gabea (MI.145) [Untitled (MI.145)] (1950eko hamarkada) daude; azken hori, aurkitutako marko obalatu batean sartuta. Argazkiaren aurrealdean, irin-buztinezko piezatxo egin berriek piano desafinatu baten gaina estaltzen dute hamarnaka, eta etxea etengabeko sormen-gunea zela erakusten dute. (Ez Asawak, ez Lanierrek ez zuten pianorik jotzen; gainazal gisa erabiltzen zuten batik bat). Piezekin tartekatuta, makilekin eta artilearekin egindako jainko-begi bat eta zirriborro-koaderno ireki bat ikus daitezke; guztia ere, Asawak bizitzarekiko zuen jarrerak berezko zituen ezaugarrien adierazgarri: goxotasuna, inklusioa, eta etxearen, familiaren eta komunitatearen arteko berariazko lotura josturagabea. Artistaren lanaren baitan, oraindik ere bada horren oihartzunik.

Partridgek argazkian harrapatutako espazio enblematiko hura Asawaren seme Hudsonek ere betikotua zuen urtebete lehenago, 1968 inguruan, Lowell High School institutuko ikasle zela agindu zioten etxeko lan bat familia-proiektu bilakatu zenean. “Gurasoen egongelaren maketa bat egin nuen”, esan zuen. “Gure etxeko gela baten maketa egin behar nuen; berez, zapata-kaxa baten tamainakoa behar zuen, baina nik eskalan egindako maketa bat eraiki nuen […] [Nire arreba] Aikok alfonbra txikiak egin zituen […] eta lagun batek argiak jarri zituen”4.

Nabarmentzekoa da Asawak ere ekarpena egin ziola proiektuari, eta eskultura txiki-txiki bat egin zuela espazio hartako gauzarik azpimarragarriena irudikatzeko: bere artea. Titulurik gabea (S.783) [Untitled (S.783)] izeneko obra hura bost lobuluz osatutako alanbrezko eskultura zintzilikaria da, eta kobre more-marroiz eginda dago; hamahiru hazbeteko (33,02 cm) garaiera baino ez badu ere, gerora artistaren miniaturatzat ezagutu ziren lanen adibide goiztiarra da. Gehienbat 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituen lan haiek, fintasunez kiribilduak denak ere, erronka hutsa ziren artistaren ikusmen eta trebeziarentzat; izan ere, horien artean txikienak, Titulurik gabea (S.681) [Untitled (S.681), ca. 2000], hazbete pasatxoko diametroa baino ez du. Hudsonek bi isuriko teilatuarekin egindako maketa familiaren objektu kuttuna zen —“benetan ederra”, Aikok gogoratzen duenez5—, eta, meta-mementu betean, leku ohoragarria eskaini zioten eskola-proiektu amaituari, maketak irudikatzen zuen gela hartakoxe pianoaren gainean.

***

1940ko hamarkadaren amaieran, Ipar Carolinako Black Mountain Collegen ikasketak amaitu ostean, non finkatu deliberatzen ari ziren Asawa eta bere senargai Albert Lanier, eta San Frantziskoren alde lerratzeko zenbait arrazoi bildu zituzten. Geografia ederra eta kultura bizia zituen; mendearen erdialdean, erakarmen-indar sonatua izan zuen beatnik, poeta eta margolarientzat. Gainera, ekonomikoki nahiko eskuragarria zen. Lanier irrikaz zegoen Tolk-Watkinsek baieztatutakoa frogatzeko; alegia, “North Beach aldean lauzpabost platereko afari italiarra jan [zitekeela] berrogeita hamar zentaboan”6. Eta batzuentzat eragozpen izan zitekeena —jarduera sismikoa eta Pazifikoaren eragina, edota Bigarren Mundu Gerrak oraindik bizi-bizi zirauela memoria kolektiboan—, etxea lortzeko erraztasun gisa ikusten zuen bikoteak7. Hiri nahiko handia izaki, eraikuntzan lana lortzeko aukera zuela uste zuen Lanierrek, arkitekto-prestakuntza baitzuen. Eta, batez ere, San Frantziskok aski jarrera liberala zuenez, hirian ongi hartuko zituztelakoan zeuden arraza arteko bikote izanagatik ere.

Hamarkada bakarraren buruan, 1950 eta 1959 artean, Asawak eta Lanierrek sei seme-alaba izan zituzten: Xavier, Aiko, Hudson, Adam, Addie, eta Paul. Ziztu bizian haziz zihoan familia hiru etxetatik igaro zen hiriko beste hainbeste tokitan, harik eta 1960ko udazkenean etxe handi bat erosi zuten arte; izugarrizko lursailtzar batean eraikita zegoen —636 m2, hiriko partzelek ohikoa zuten tamainaren bikoitza baino gehiago—, Noe Valley auzoan8, zeina, Asawak deskribatu zuenez, “langile auzunetxo lasaia”9 baitzen orduan, hiriaren lanbro-lerroaren alde eguzkitsuan kokatua10. Etxea 1908an eraikitakoa zen, San Frantziskoko lurrikara handitik bi urtera. Ratcliff & Jacobs etxeak diseinatu zuen (Londresen jaiotako Walter Ratcliff Jr. eta hirian jaio eta Alamedan hazitako Alfred Jacobsen arteko bazkidetza laburra izan zen hura), University of California, Berkeley unibertsitateko Bernard Maybeck irakasle itzaltsuaren espirituari jarraikiz diseinatu ere; Maybeck izan zen, hain zuzen ere, eskualdeko Arts and Crafts mugimenduaren sustatzailea XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran.

Maybecken eraikinek bezalaxe, Noe Valleyko etxeak bizitzaren aisetasun naturala iradokitzen zuen. Zedro-oholezko kanpoaldeak bat egiten zuen inguruarekin. Katedral-antzeko egongela nagusiak altuera bikoitzeko sabaia zuen —ia 6 metroko garaierakoa—, habeak agerian zituen, eta hormak zorutik sabairaino zeuzkan zurezko panel landugabez estalita. Gelen arteko nahiz barruko eta kanpoko guneen arteko harreman aiseak talka egiten zuen hirian askoz ohikoagoak ziren etxe viktoriar edo “dama margotuen” (painted ladies) gehiegizko apaindurekin eta formaltasunarekin; azken horiek, beren arotzeria landuak, kolore-paletak eta urreztadura tarteko, hiriko bizitegi-estiloaren sinonimo bilakatuak ziren. Hain zuzen, 1970eko hamarkadan sortu zituen buztinezko lauzen edizio batean, Asawak etxe viktoriar bat baliatu zuen San Frantzisko irudikatzeko, tranbia batekin eta Golden Gate zubiarekin batera. Noe Valleyko etxe ezohiko hura, bere material arruntekin eta espazio zabalekin, mesedegarri zitzaien bai familia-bizitzari, bai Asawak etxean lan egiteko zuen konpromisoari. Lanierrek hainbat denbora eman zuen etxea berrizten, gela gehiago eta emaztearentzat hormigoizko zorudun “tailer” bat (hala deitzen zion familiak) sortzeko hondeatze-lanetan. Solairu nagusian, bere alanbre kiribilduzko eskulturak landu zitzakeen Asawak, sukaldearen eta egongelaren arteko habe batean zintzilik zeudela, edo leiho alboan eserita egin zezakeen lan, sabaiko habeen muturretan zizelkatutako egurrezko narrasti-buruetako baten begirada adiaren pean. Beheko estudioan, berriz, material eta prozesu narrasagoekin lan egiteko aukera izan zuen lehenengoz, hala nola buztinarekin, igeltsuarekin, zurarekin, eta soldadurarekin. “Beti izan dut estudioa etxean”, esan zuen, “nire haurrek egiten nuena uler zezaten nahi nuelako eta hor egon nahi nuelako behar nindutenean, edo kakahuete-kremazko sandwich bat behar zutenean”11.

***

Etxe berrirako irudikatu zuen lehenengo proiektua sarrera nagusirako bi ate erraldoi izan ziren: Ateak (S.528) [Doors (S.528), 1961]. Familiak zeukan landa-etxe xumean egin zituen, Kaliforniako Guerneville herrian zegoen bisoi-haztegi ohia izandako hartan, 1961eko udan eta udazkenean. Egongela nagusiaren zur landugabezko barrualdearekin bat etorrita, Asawak sekuoia erraldoizko ateak egin zituen, zur iraunkor hori berezkoa eta ugaria baita Mendebaldeko Kostan. Hector Villanueva lagun zurginaren laguntzaz muntatutako ia 3 metroko plaka bateratuetan, bi ateak ixterakoan azalera osoa hartzen zuen patroi bat marraztu zuen Asawak, elkarri lotutako uhinekin —Black Mountain Collegeko garaietan hasi zen “meandro” hura esploratzen—. Seme-alabarik zaharrenak atearen diseinuan parte hartzera gonbidatu zituen, nahiz eta, Hudsonek onartzen duenez, “berak egin zuen gehiena”12. Mailu eta zizelekin, zurrunbiloak agerrarazi zituzten behe-erliebean, atearen alde bietan, eta, gero, gainazala leundu zuten sopletearekin eta alanbrezko isipuekin. Ateko helduleku tradizionalen ordez, zura hustu eta hatzei ongietorria egiten dieten arraildurak sortu zituen Asawak.

Ateak behin betiko etxean instalatu aurretik, erakusgai jarri zituen Asawak, 1962ko udaberrian, Los Angeleseko Ankrum Galleryn lehenik, eta Stanford University Art Galleryn gero, erakundeak luzatutako gonbidapenari erantzunez. Izatez, arte-tratulari ohia zuen Louis Pollacki13 Hego Kaliforniako erakusketarako zituen planen berri eman zionean, hori izan zen aipatu zuen lehenengo lana, are bere eskulturen aurretik. Asawaren ateek arreta erakarri zuten herrialde osoan; Art in America aldizkariak artistek diseinatutako objektu funtzionalei buruz 1964an argitaratu zuen artikulu baten irudi nagusia izan ziren, beste hauekin batera: Claire Falkensteinek 1961ean Peggy Guggenheimen Veneziako jauregi-museoaren kanpoko hesirako diseinatutako burdin eta beirazko sarrera-atea, Isamu Noguchiren kafe-mahaitxo bat, eta Pablo Picassoren lanpara batzuk14. Ateen ondoan, Paolo Soleriren brontzezko kanpaitxo bat jarri zuten txirrintzat; 1963an seme-alabekin diseinatzailearen Arizonako Cosanti gunera egindako txangoan erosi zuen kanpaia Asawak, hantxe galdatzen baitziren15.

Asawa-Laniertarren etxera sartzeko atari itzela osatzen zuten sekuoiazko ateek, eta Asawaren bi eta hiru dimentsioko lanez, tapizez eta lagunek egindako artelanez osatutako instalazio aldakorra biltzen zuen atondora ematen zuten. Hasieratan ateratako argazki batean, platano-arbola bihurrituak irudikatzen zituen margolanetako bat agertzen da; zuhaitzon gaiak bide eman zion Asawak pigmentu putzuekin egindako esperimentazio jarraituari. Gerora, Mark Adams bizilagunak Noe Valleyko teilatuak irudikatuz egindako margolana izan zen atari hartan aurki zitekeen lehen pieza16. Urte luzez, Titulurik gabea (S.114) [Untitled (S.114)] (ca. 1958) egon zen itzelezko eskaileren tranpalean ikusgai; maila haietan gora joanda bizitoki nagusira heldu zintezkeen, eta behera eginez gero, berriz, tailerrera, non haurrek ere aukera baitzuten gauzak eraikitzeko. Benetako joan-etorriak, ordea, sukaldeko ateetan zehar gertatzen ziren: aurreko portxea eta etxea lotzen zituzten akordeoi gisako ate frantsesetan zehar17. “Burdin-hesia ez zen giltzez itxita egoten. Ateak ez ziren giltzez itxita egoten”, dakar gogora Asawaren seme Paulek. “Jendea besterik gabe sartzen zen”18.

Eta atari hura zeharkatuta Asawaren sormen-orbita zabalaren baitara sartzeko zortea bazenuen, ia gauza ziurra zen haren parte bilakatuko zinela. Litekeena zen zu zeu ere gai bihurtzea; gerta zitekeen artistak zure marrazki bat egitea bere zirriborro-koadernoan, edo zure aurpegiaren molde bat egitea. Haurtxo bat izanez gero, loak hartzen bazintuen, litekeena zen Asawak zure eskuaren edo oinaren molde bat ateratzea. Sukaldeko mahaian esertzeko moduko adina bazenuen, papera tolesten irakatsiko zizun akaso. Bere bizilaguna bazinen eta, bera bezala, origamia egiten bazenuen txikitatik, toles-molde berriren bat irakats zeniezaiokeen agian. Nerabea bazinen, alanbre motzak luzeagoen inguruan kiribiltzen lagundu bide zenion, eskulturak egin zitzan. Loreak ekartzen bazenituen, horiek marraztu eta marrazkia zuri eskainiko zizun agian. Afalordura arte geratzen bazinen, Asawak —“sukaldeko jeinua”, Cunninghamen gomutan19— jaten emango zizun akaso, eta ozpin-pepino poto batekin edo satsuma okaranezko marmeladarekin bidaliko zintuen etxera bueltan. Haien etorrera espero izan ala ez, gonbidatuak ongi etorriak ziren beti. Behin elkarrizketatzaile bati esan zionez, “Familia honentzat garrantzitsuena egunero elkarrekin afaltzera esertzea zen. Zortzi ginen mahaiaren bueltan, gehi lagunak”20. “Beti zuen ideiaren bat”, gogoratzen du handik gertu hazi zen Lilli Lanier bilobak (Hudsonen alabak). “‘Zatoz bihar. Alberjiniak marraztuko ditugu. Eta gero jan egingo ditugu’. Jakiak marrazten genituen […] eta gero sukaldaritza-ikastaro [bihurtzen zen hura]: nola prestatu fideo japoniarrak martorriarekin eta marraztu berri dituzun alberjiniekin”21.

***

Noe Valleyko egongelako horma-armairuek edozein motatako etxeko gauzak gordetzen zituzten. Zenbait argazkitan, Marguerite Wildenhain eta Earle Curtis lagunek egindako zeramikazko ontziak ageri dira. Partridgeren argazkian, leihoaren alboko apalak garai hartako AEBko familietan ohikoak ziren irakurgaiz mukuru daude: Encyclopedia Britannicaren hainbat aleren bizkar uniformeak; haiek baino askoz ilustrazio gehiago zeuzkaten (eta, beraz, familiak gustukoago zituen) World Library liburuak22, hau da, hilero harpidetza bidez iristen ziren gaikako argitalpenak; eta aldizkari mordoa. Asawa ez zen irakurle bereziki porrokatua. Hala ere, 1966an Life aldizkarian argitaratutako argazki erreportaje batek liluratuta utzi zuen: Erromatar Inperioaren ondare bisualaren ingurukoa zen, eta aurpegi zizelkatuen dozenaka irudi jasotzen zituen23; urte hartan bertan hasi zen Asawa modelo bizietatik abiatuta aurpegien moldeak egiten. Behin hasita, ezin gelditu. “Obsesibo samarra izatera irits zitekeen”, aipatzen du Addie alabak24. 1966ko udazkenaren eta 2000. urtearen artean, hau da, harrezkero artegintzan aktiboki eman zuen denbora ia osoan, senide, lagun eta lankideen ehunka molde paregabe egin zituen Asawak: izan artean lau urte eskas zituen Aiko Sofia bilobarenak, zein laurogei urtetik gorako norbaitenak; Noe Valleyko etxean izandako joan-etorrien katalogo bikaina sortu zuen horrela. Artistak gertu izaten zituen maskara horiek: hazi eta hazi zihoan multzo batean jartzen zituen etxearen kanpoaldean, iparraldera ematen zuen horman esekita, sarrera nagusirako oinezko bidearen ondoan, eta, apurka-apurka, baita “etxe guztian zehar” ere25.

Bere nortasun ahaltsua eta jendeari konfiantza emateko zeukan abilezia baliatuta, modelo gaiak konbentzitu egiten zituen Asawak sukaldeko mahaian edo egongelako zoruan etzan zitezen, are estudioan edo kanpoan ere, moldea sortu ahal izateko. Alerik goiztiarrenetan, esaterako, Addieri egindako zazpi maskaren artean (gutxienez) lehenean, ilea ehun batekin estalita dutela ageri dira modeloak. Geroago, baselina erabili izan zuen artistak, eta are geroago, xanpua —Paul semeak iradokita—; azken aukera horrek asko errazten zituen garbiketa-lanak. Sei urte zituela egin zuen Asawak Paulen lehenengo moldea, eta, nagusiagoa izan zenean, prozesuaren hainbat arlotan laguntzen hasi zitzaion, besteak beste, buztina erretzen; Paulek gogoratzen duenez, igeltsua prestatu bitartean, gero zer egingo zuen deskribatuz joaten omen zen ama: “Masailean jarriko dizut. Hotz egongo da, agian. Eta gero kokotsean jarriko dizut”. Semeak dioenez, modelo gisa ari zinenean, geldi egon behar zenuen. “Ingurukoak txantxetan bazebiltzan, begirada zorrotza botatzen zizun, ze, zuk barre eginez gero, pikutara moldea”. Igeltsua erabat lehortu aurretik kentzen zuen, eta “beti esaten zuen gauza bera: ‘Hara, eder-ederra atera da’”26. Asawak bi molde sortu ohi zituen: bat beretzat eta beste bat modeloarentzat. Ondoren, buztin-xafla bat aurpegiaren moldearen barrualdera moldatzen zuen moldearen artesietan presio eginez, xehetasun guzti-guztiak harrapatzeko —zeregin horretan, batzuetan buztin-bola batez betetako galtzerdi batekin kolpatu behar izaten zuen moldea—, eta zeramika labe batean erretzen zuen gero. Aurpegi bakoitzaren molde perfektua lortzen zuen horrela.

Modelo bizietatik abiatuta moldeak egitearen esanguraz jabetuta zegoen Asawa: “Aurpegi baten moldea egiten dudanean, badakit pertsona baten minutu bat baino ez dudala harrapatzen. Edo haurtxo baten oinaren moldea eginez gero, badakit haurtxo horren oina hazi eta hazi eta hazi egingo dela. […] Badakit desagertu egingo dela, baina gustuko dut hori, gustuko dut une hori”27. Bazen, ordea, umorerako eta efimerotasunerako tarterik ere. 1967ko irailaren 20an, egun bakarra iraun zuen artelan jangarrizko erakusketa bat antolatu zuten San Francisco Museum of Arten (gaur egun, SFMOMA) An Exhibition of Works of Art izenburu diskretupean, eta bertako hamabost parte-hartzaileetan oparoena izan zen Asawa —tartean ziren hiriko beste sortzaile batzuk ere, esaterako, Joan Brown, Bruce Conner, Jean Conner, Robert Howard eta Ron Nagle—. Jakiekin erabiltzeko moduko aluminiozko molde berriak sortu, eta eskultura jangarriak aurkeztu zituen Asawak, hala nola Fruta-mazedoniazko Aiko (aurpegi-maskara) [Aiko in Fruit Cocktail (Life Mask)]; Aspic gelatinazko Bud [Seiko] (aurpegi-maskara) [Bud [Seiko] in Aspic (Life Mask)]; museoko zuzendari Gerlad Nordlanden erretratuak, ogiarekin, txokolate eta gerezizko pastelarekin, nahiz azenario-entsaladarekin eginda; eta igel bat28. Museoko prentsa-arduradun baten arabera, gonbidatuek “ez zuten apurrik ere utzi eskultura-apaletan; dena 90 minuturen buruan”29.

1980ko hamarkadak aurrera egin ahala, Asawak maskaren proiektua jorratzen jarraitzen zuen, eta beste erronka bati ere ekin zion buztina baliatuz. Maskarak egiteko zerabiltzan koloretako buztin zatiak landu, eta bihiak sortzen zituen: zuriak, grisak, terrakota-gorriak, nahiz ikatz kolorekoak; gero, zuloak egiten zizkien horiekin lepokoak egin ahal izateko. Kobrezko alanbre lodia kiribilduz, saskiak egiten zituen Paulek bihiak sutan erre zitzan Ocean Beach inguruko lubakietan. Halako saski bakarrak iraun du, kedar eta guzti: datarik gabeko Titulurik gabea (S.725, Heldulekudun saski beregaina) [Untitled (S.725, Freestanding Basket with Handle)]30.

***

Artistaren alaba Aikoren ustez, “ziur asko, mahaiak ziren gure etxeko altzaririk garrantzitsuenak”31. Lanierrek diseinatu eta egin zuen sukaldeko harakin-mahaia, eta haren gainazala, janari eta otorduen prestaketa-gune izateaz gain (beti jaten baitzuten sukaldean), etengabeko jardunaren testigu izan zen: orezko eskulturak, marrazkiak, patatekin egindako estanpazioak, origamia, arrautzak tintatu eta apaintzea… denetik egiten zuten bertan. Hasieran, irin-buztinarekin sortzen zituen Asawak figuratxoak —irinarekin, gatzarekin eta urarekin egindako nahasketa batekin—, jarduera merke eta erraza baitzen haurrekin egiteko. Argazki batean, Asawa ainguradun botoi dirdiratsuak —itsas armadako uniformeek izan ohi dituzten horietakoak— arrantzatzen ari da lata batean, apaingarri gisa erabiltzeko; bitartean, Addie —“bost urterekin dagoeneko [bere burua] masa-teknikari” gisa deskribatzen zuen alaba— osagaiak nahasten ari da32. Sukaldeko argazki hori ere Partridgek atera zuen, egongelako argazkia atera zuen egun berean, 1969an. Asawak potentzial amaigabeak ikusten zizkion irin-buztinaren teknikari. Sirenak, aingeruak eta marradun leotardoz jantzitako iratxoak egin zituen. Horman zintzilikatzeko moduko hainbat figuratako eszenak eraiki zituen alanbre-sare gainean. 1962ko gabonetan San Francisco Museum of Arten antolatutako erakusketarako lanen bidalketa-zerrendak halako hiru pieza jasotzen ditu: Adam & Eba (Adam & Eve); Jesus eta aingeruak (Jesus and the angels); eta Jose, Maria, Jesus (Joseph, Mary, Jesus). Anni eta Josef Albers lagunen zorionerako, 1963ko urtarrilean “aldare” bat oparitu zien Asawak, eta Annik eskertza-ohar bat bidali zion “berriro ere Gabonak bete-betean” zirela esanez33. Jennie Yoon eta Marci Kwon adituek deskribatzen dutenez, denborarekin, Asawak nabarmen handitu zuen irin buztinarekin egindako lanen munta: eskola publikoetako arte-curriculumean sartu zuen teknika hori, eta oinarritzat erabili zuen Union Square plazarako San Frantzisko iturria (PC.004) [San Francisco Fountain (PC.004)] (1970–73) egiteko; izan ere, irin-buztinez moldatu eta brontzez galdatutako berrogeita bat panelek osatzen dute lan hori34. Unibertsitatetik bueltan zela, Aiko izan zen —“oregile aditua” bera, ahizparen arabera— udaletxea eta dragoi txinatarra landu zituena. Sally Woodbridgek, berriz, arkitektura-eszenak osatzeko baliatu zituen bere ezagutzak.

Haur txikiek aise egin zitzaketen buztinezko eskulturak, eta txikienek ere bazuten origamia egiten ikasteko gaitasuna. Asawak papera tolesten jartzen zituen bi edo hiru urte besterik ez zituzten haurrak, eta, hala, ukimen-adimena, jakinmina eta lilura sustatzen zituen. Bere lanari heltzen zion modu berean heltzen zion paperari ere, forma edo materialak gorabehera: erdigunetik kanporantz35. “Hazbeteko paper zati batekin —zioen Asawak— intsektu bat, euli bat edo zomorro bat egiten duzu […] Amona mantangorri bat”36. Black Mountain Collegen landutako asmamena probestuz, eskura zituen materialekin egiten zuen lan maiz: “aldizkariak, egunkariak, paperezko poltsak”37. Orearekin eskulturak egitea bezalaxe, papera tolestea ere jarduera paralelo egokia zen. Asawak ondoko bizilagun, ohiko laguntzaile eta eguna goiz hasteko ohituran lagun zuen Mae Leek zera esan zuen Asawaz eta bien lagun Mary Leez: “Goiz batzuetan, kafea hartu ostean, ibiltzera atera ostean, papera tolesten aritzen gara. Ruthen mahaia origamiz beteta egoten da, eta dena kendu behar izaten dugu Albert gosaltzera atera aurretik, baina dibertigarria da”38. Asawaren ama, Haru, Hego Kaliforniatik bisitan etortzen zenean 1980ko hamarkadan, ezinezkoa izaten zen berriketan ibiltzea, hizkuntzaren langa baitzegoen haren eta japonierarik hitz egiten ez zuten familia zabaleko senideen artean. Origamia hizkuntza amankomuna zen; alboz albo egin zezaketen zerbait, pozarren, ordu luzez.

Eguberri-jaietan, origami-apaingarriekin atontzen zuen familiak bere gabonetako zuhaitz parerik gabea: Lanierrek egindako aluminiozko espiral bat zen. Bazuten beste tradiziorik ere: origamizko zintzilikariak egiten zituzten haur jaioberriei ongietorria egiteko. Asawak “banbua hazten zuen bere lorategian —gogoratzen du Lilli ilobak—. Hiru pieza moztu ohi genituen, hiruki bat osatuz kokatu eta alanbrez lotzen genituen. Eta gero sabaitik zintzilikatzen genuen. Eta inguruan zegoen edonork tolesten zuen zerbait”. Banbuzko egitura zintzilikatu ostean, nork bere sorkuntzak gehitzen zizkion, eta “orekatuta eta berdinduta” zegoela eta “nahikoa gauza” zituela ematen zuenean, amaitutzat jotzen zuten39. Irin-buztinaren antzera, hainbat eskalatako egitasmoak gauzatzeko baliatu zuen Asawak paper-tolesa. Honakoak izan ziren handienak: loratzen ari diren loto-loreen formako Origami iturriak (PC.006) [Origami Fountains (PC.006)] (1975–76), Japan-towneko plaza batean instalatuak —hain zuzen, artistak aspalditik gustukoen zuen Paper Tree origami-denda dagoen tokian—; eta Egunsentia (PC.009) [Aurora (PC.009)] (1984–86), Embarcadero kaian dagoen zirkulu formako toles bikoitz abstraktua, zeina marko ezin ederragoa baita San Frantziskoko badiarentzat.

***

Bai Asawak eta bai Lanierrek oso maite zituzten loreak. Lanierrek etxe aurreko eta atzeko lorategietan —biak ere berak diseinatuak— ikertzen eta landatzen zituen. (Asawak barazkiak eta usain-belarrak landatzen zituen ondoko etxean, Mae Lee bizilagunaren lorategian: martorria, perrexila, uraza, estragoia, errukula). Lanierrek Imogen Cunningham eta Mai Arbegast paisajista zituen solaskide loreen inguruko xehetasun botanikoak partekatzeko orduan, eta, hain zuzen, Cunninghamek argazkiak ateratzen zizkien. Loreak moztu eta sortak osatzen zituen Lanierrek, etxe guztiko mahaietan jartzeko. 1985ean Asawari lupusa diagnostikatu zioten, eta ohean eman behar izan zuen ia urtebete. Ahalmen fisiko murriztuarekin, baina bere horretan zirauen sortzeko grinak hauspotuta, ahal zuena egiten zuen: paper-zatiak tolestu, Kaiser ospitaleko langileen zorionerako; marrazki eta akuarela txikiak egin, baita Pazko arrautzak apaindu ere. Loreekiko sentsibilitatea agerikoa da oraindik ere mantentzen diren zenbait adibidetan: mitxoleta arrosa bat hondo horiaren gainean; senarrarentzat egindako urtebetetzeko arrautza bat, iris-lore iradokitzaile batekin apainduta. 1987an Guggenheimerako aurkeztu zuen beka-eskaeran idatzi zuenez, “esperientzia horren ondorioz, ohartu nintzen akuarelekiko eta marrazketarekiko dudan interesa ez zegoela inondik inora ere asebeteta”, eta “Albert Lanier senarrak gure lorategian hazten dituen landare eta loreak jasotzen dituen pintura sail bat” egiteko asmo argia adierazi zuen40. Ez zioten beka eman, baina momentu hartatik aurrera loreetara bildu zuen bere sormen-indarra. 1990eko hamarkadan zehar egin zuen lore-marrazki andana ere bilakatu zen Asawak inguruan zuen jendearen beste erregistro bat, senide edo lagunek oparitutako lore-sortetan oinarrituta egin ohi zituen marrazki haiei maiz gehitzen baitzien idazkunen bat. Lore-sortetako batzuk lorazainak berak emandakoak ziren, besteak beste, Alberten arrosa-sorta (PF.564) [Albert’s Rose Bouquet (PF.564)] (1990). Eta beste batzuk, esaterako, Adamek oparitutako San Valentin eguneko lore-sorta (PF.555) [Valentine Bouquet from Adam (PF.555)] (1991), hirugarren semearenak ziren; hain zuzen, azken horrek zaindu zizkien loreak gurasoei haien azken urteetan, lorategian barrena plastikozko aulki bat herrestan eramanez ureztaketa-lanak egiteko. Akaso, lore-sortak marraztea lagungarri zitzaion Asawari loreak landatu, atondu eta berari oparitzeko lana hartzen zuten haien maitasuna osoki bereganatzeko, bai eta maitasun hori bere modura itzultzeko ere, atondutako sorta haiek artelan gisa atzera oparituta.

Zirriborro-koadernoak nahiz orri solteak bete zituen Asawak, goizean goiz edo gau betean marraztuz maiz, eta, gero, osatutako marrazkiak ezkutatu egiten zituen familiaren oharkabean41. Lagunekin marraztu izan zuen, hala nola Beth Van Hoesen artistarekin, zeinak Alberten mitxoletak (Albert’s Poppies) (1991) deituriko grabatu bat egin baitzuen, Asawak berak ere marraztutako gaia hartuta. Xavier semeak kontatu izan duenez, amak loreen ziklo osoa maite zuen, eta, esaterako, opio-belarra marrazten zuen “fase guztietan: leka, hostoa, lore betea, petaloak jausten zituela”42. Eta familiarekin ere marrazten zuen, tartean Aiko alabarekin eta Lilli bilobarekin; haiek ere lore-sorta berberen marrazkiak egiten zituzten, nork berea. Asawak poliki hasteko gomendatzen zuen, begiratuz, angelurik egokiena aukeratuz, eta tinta papereratu aurretik loreek orrian izango zuten kokagunea aurreikusiz. Hasi erdigunetik eta mugitu kanpoalderantz hortik abiatuta. Utzi materialari eta teknikari beren lana egiten. Asawarentzat, parterik zailena lorontzia izaten zen —artelan osoa zapuztu zezakeen—, eta, beraz, parte hori lehenengo arkatzez zirriborratzeko baimena ematen zion bere buruari, batzuetan are amaitu gabe uzteko ere; halaxe egin zuen Titulurik gabea (PF.1059) [Untitled (PF.1059)] laneko landare zukutsu ernaia barne hartzen duen potoarekin. Bere lore-negutegiarekin, Asawak bere jarduna biribiltzea lortu zuen. Maiz kontatzen zuen nola, Black Mountain Collegen irakasle izan zuen Josef Albers artista abstraktu aurrendariari aitortu zionean loreak pintatu nahi zituela, hark erantzun zion oso ondo zegoela hori, lore horiek, betiere, “Asawa loreak”43 baziren. Hitz haiekin, irakasleak aitortza egin zion Asawa gaztearen talentu paregabeari, eta aholku xume hura ageriko geratu zen artistak guztiarekiko zuen jarreran.

 

[Itzupena: Ane García López]

 

Oharrak

 

Epigrafeak honako iturrietatik atereak dira: Asawaren adierazpenak, 1996– 99, 5. or., 128. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers (M1585), Department of Special Collections and University Archives, Stanford Libraries, Stanford, Kalifornia  hemendik aurrera honela aipatua: Ruth Asawa Papers); eta Addie Lanier, egilearekin elkarrizketa, maiatzak 8, 2024.

 

  1. Ezkerretik hasita: Dora Sanz, Kevin Lim, Christopher Butler, Paul Lanier, Esther Sanz eta Addie Lanier.
  2. Aiko Cuneo eta Addie Lanierrek gogoratzen dutenez, Susana Sotresek egin zuen autoerretratu hori. Asawak 1940ko hamarkadan ezagutu zuen Sotresen ama Mexikon, eta gaztea Asawa-Laniertarren etxean geratu zen 1968an Mexiko Hirian izandako ikasle-protesten ondotik. Egonaldi hartan, ehuntzen irakatsi zion Addieri. Henry Weverka, egileari bidalitako mezu elektronikoa, uztailak 16, 2024.
  3. Eskerrak eman nahi dizkiot Vivian Tongi mezu elektroniko batean tapizeria nabarmendu izanagatik (ekainak 6, 2024), bai eta Addie Lanierri ere, posta elektroniko bidez aulkiaren goitizena partekatzeagatik (irailak 20, 2024).
  4. Hudson Lanier, egilearekin elkarrizketa, maiatzak 8, 2024.
  5. Hudson Lanier eta Aiko Cuneoren arabera, eta Asawaren biloba Henry Weverkak hala berretsita; egileari bidalitako mezu elektronikoa, ekainak 10, 2024.
  6. Lanier, hemen aipatua: “Oral history interview with Ruth Asawa and Albert Lanier, conducted by Paul Karlstrom with Mark Johnson, 2002 June 21 and July 5” (Ahozko ondarea jasotzeko elkarrizketa Ruth Asawa eta Robert Lanierrekin, Paul Karlstromek Mark Johnsonen laguntzarekin egina, 2002ko ekainak 21 eta uztailak 5), Archives of American Art, Smithsonian Institution (hemendik aurrera honela aipatua: Karlstromen elkarrizketa).
  7. Asawak lurrikara-arriskuari lotutako beldurra zuen gogoan, eta Lanierrek, aldiz, bonbei loturikoa; hemen aipatua: Karlstromen elkarrizketa.
  8. “Etxea aurkitu genien; izan ere, geuretzat erosi nahi izan genuen, baina garestiegia zen; beraz, haren berri eman genien eta eurek erosi zuten”. Sally Woodbridge arkitektura-historialaria, hemen: Alvarado History Interviews, Valerie Ferrer, 2000, 2. or., 138. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  9. Asawa, hemen: Alvarado History Interviews, 11. or.
  10. Black Mountain Collegen eman zuen denboran, horren erakargarria zitzaion Asawari lanbroa, ezen goiz jaikitzeko ohitura hartu baitzuen behe-lainoak Blue Ridge Mountains mendi-katea nola hartzen zuen ikusi ahal izateko Josef Albers irakaslearekin batera; Albersek ikuspegiaren argazkiak ateratzen zituen. Asawa, hemen aipatua: Karlstromen elkarrizketa; eta Jeannette Redensek, egileari bidalitako mezu elektronikoa, ekainak 13, 2024.
  11. Asawa, Merla Zellerbachekin elkarrizketa, “The Asawa Legacy: In Search of the Fountains of Ruth”, Nob Hill Gazette (1993ko udaberria), 176. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  12. Hudson Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  13. Asawak Louis Pollacki bidalitako gutuna, martxoak 20, 1962, 101. kutxa, 13. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  14. B. H. Friedman, “Useful Objects by Artists”, Art in America 52, 6. zk. (1964ko abendua), 50–61. or.
  15. Xavier Lanier, egilearekin elkarrizketa, maiatzak 24, 2024.
  16. Mark Adams, Titulurik gabea (Untitled) (Mark Adamsen 22. kaleko 3816. zenbakiko suhiltzaile-etxe ohitik dagoen ikuspegia), 1965.
  17. Paul Lanier, egileari bidalitako mezua, ekainak 7, 2024.
  18. Paul Lanier, egilearekin elkarrizketa, maiatzak 8, 2024.
  19. Imogen Cunningham, hemen: Ruth Asawa: Of Forms and Growth, zuzendaria: Robert Snyder, Masters & Masterworks, Santa Barbara, Kalifornia, 1978.
  20. Asawa, Merla Zellerbachekin elkarrizketa, “The Asawa Legacy”.
  21. Lilli Lanier, egilearekin elkarrizketa, maiatzak 31, 2024.
  22. Aiko Cuneo, egilearekin elkarrizketa, uztailak 10, 2024.
  23. Gjon Mili (argazkilaria), “The Romans: The Empire of a People Born to Rule—And Its Rich Enduring Heritage”, Life 60 (martxoak 4, 1966), 56–73. or.
  24. Addie Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  25. Lanier, hemen aipatua: Karlstromen elkarrizketa.
  26. Paul Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  27. Asawa, hemen aipatua: Karlstromen elkarrizketa.
  28. An Exhibition of Works of Art erakusketako artelan-zerrenda; 1967ko irailaren 20an izan zen erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, SFMOMA Archives.
  29. San Francisco Museum of Arteko prentsa-buru Mary Miles Ryanek Ralph Ginsburgi [Ginzburg], Avant Garde, urtarrilak 18, 1968, SFMOMA Archives.
  30. Eskerrak eman nahi dizkiet Lilli Lanierri, elkarrizketa batean Asawaren bihigintzaren berri emateagatik (maiatzak 31, 2024) eta Henry Weverkari, erretze-prozesuaren eta saskien inguruko xehetasunak partekatzeagatik mezu elektroniko bidez (ekainak 5, 2024).
  31. Aiko Cuneo, egileari bidalitako mezu elektronikoa, ekainak 7, 2024.
  32. Addie Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  33. Anni Albersek Asawari bidalitako gutuna, urtarrilak 15, 1963, 2. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  34. Jennie Yoon eta Marci Kwon, “What Cannot Be Produced Alone: Ruth Asawa’s Public Art”, hemen: Ruth Asawa. Retrospective, erak. kat., San Francisco Museum of Modern Art, San Frantzisko, 50–59. or. Anni Albersek Asawari bidalitako gutuna, urtarrilak 15, 1963, 2. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  35. Asawa, hemen: Alvarado History Interviews, 69. or.
  36. Ibid., 70. or.
  37. Ibid.
  38. Mae Lee, hemen: Alvarado History Interviews, 69. or.
  39. Lilli Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  40. Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1987, 129. kutxa, 9. karpeta, Ruth Asawa Papers.
  41. Horietako asko 2003an aurkitu zituzten, Asawaren familia artistaren lanaren inbentarioa egiten hasi zenean.
  42. Xavier Lanier, egilearekin elkarrizketa.
  43. Asawa, hemen aipatua: Karlstromen elkarrizketa.