katalogoa
KRONOLOGIA
Dominika Tylz
- Izenburua:
- KRONOLOGIA
- Egilea:
- Dominika Tylz
- Argitalpena:
- Madril: La Fábrica eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2026
- Neurriak:
- 33 x 24,2 cm.
- Orrialdeak:
- 262
- ISBN:
- 979-13-87960-10-0
- Lege gordailua:
- M-4163-2026
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Artisautza | Espazio publikoa | Artea eta politika | Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Ekoizpen artistikoa | Bolumena | Espazioa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Zeramika | Lankidetza artistikoa | Marrazkigintza | Black Mountain College | Ehungintza | Bizitza | Bigarren Mundu Gerra | Ingurunea eta natura | Landareak | AEB | Kalifornia | Japonia | Mexiko | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Litografia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
1926–34
Ruth Aiko Asawa urtarrilaren 24an jaio zen Norwalken, Kalifornian. Guraso japoniar etorkinen alaba zen, zazpi neba-arrebaren artean laugarrena: “Depresio Handiaren garaian hazi nintzen. Gure ama Haruk eta aita Umakichik gogotik egiten zuten lan [...] sasoian sasoiko barazkiak hazten. Berez, bi bizitza nituen: eskola-umearena bata, eta baserriko langilearena bestea, soroetan lan egiten bainuen familiarekin”1.
Kaliforniako Alien Land Law edo atzerritarren lurren legeak eragotzi egiten zien Asawatarrei lurjabe izatea, beraz, errentan hartutako jabetza batean bizi ziren, eta bertan egiten zuten lan. Lois ahizpa zaharrenak irakatsi zion ingelesa Asawari. Gurasoak budistak ziren, baina “ez zuten horri buruz hitz egiten; bizi egiten zuten, besterik gabe”. Asawaren hitzetan: “Gure bizimodua aski sinplea zen. Etxean ez genuen libururik, ez beste ezer. Ez zen etxe intelektuala”2.
Eskola ostean, Asawatarren haurrek “19:30 edo 20:00 arte, iluntzen zuen arte lan egiten” zuten. Asawak “eginkizun errepikakor asko” egiten zituen, “adibidez, [...] babarrunak jaso eta tomateak sailkatu [...] tipulak landatu eta jaso”. Babarrun sailean lanean ari zela kiribildu zuen lehenengoz alanbre-antzeko hari bat: “Makilen inguruan biribilkatzen nuen haria [...] babarrunen kiribilak bertan eutsi eta hazi zitezen”3.
Aiko izen japoniarra baliatu zuen harik eta hirugarren mailako irakasleak gurasoak premiatu zituen arte horren ordez neskaren izen estatubatuarra erabil zezaten: Ruth. Larunbat goizetan japoniera eskoletara joaten zen, eta kaligrafia ere ikasten zuen bertan: “horixe zen gehien gustatzen zitzaidan partea”4.
Norwalkeko lehen hezkuntzako eskolan hartu zituen Asawak lehenengo arte-eskolak, eta bisitan zetozen artisten emanaldiak ere ikusi zituen bertan. Bere lehenengo marrazkietan komiki-bineta ezagunetako pertsonaiak ageri dira: Jiggs eta Maggie, Little Orphan Annie, Blondie eta Katzenjammer haurrak. Artistak esan zuenez: “Gustuko nuen kopiatzea, eta marrazkilariarena lanbide aproposa iruditzen zitzaidan”5.
1935
Asawatarren familian ohikoa zen seme-alabak Koriyamara bidaltzea japoniera ikas zezaten. Asawak adierazi zuenez, joateko txanda heldu zitzaionean, asmo hura bertan behera utzi behar izan zuten senide baten bat-bateko heriotzak bultzatuta6. (Lau urteren buruan, ahizpa gaztea, Kimiko, joan zen bere ordez, eta gerraren ondorioz, zazpi urte eman zituen etxekoengandik aldenduta).
1939
Asawak Askatasunaren Estatua irudikatuz egindako marrazki batek eskolako poster-lehiaketa irabazi zuen.
1941
Abenduaren 7an, Japoniak estatubatuarren Pearl Harbor base militarra erasotu zuen.
Horren atzetik heldu ziren “nahasmena eta beldurra [...]inposatutako etxeratze-agindua”, eta Norwalkeko japoniar komunitateko liderren desagerrarazteak. Japoniarren aurkako sentimenduak gora egin zuen, eta “zurrumurrua zabaldu zen edozein objektu japoniar susmagarria zela”. Asawaren aitak “zulo handi bat egin zuen kendo-jantziak lurperatzeko, eta hamaka galtza tradizionalak erre zituen, baita lore-lanei eta tearen zeremoniari buruzko liburu japoniar ederrak, panpina japoniarrak eta badminton pala japoniarrak ere”7.
1942
Otsailaren hasieran, FBIko bi agentek Asawaren aita atxilotu zuten soroan lanean ari zela. Ez zuen aita berriro ikusi gerra amaitu arte. Haurrek eskolara joateari utzi zioten laboreez arduratzeko.
Otsailaren 19an, Franklin D. Roosevelt presidenteak 9066agindu betearazlea sinatu zuen, eta, horren bitartez, baimena eman zuen Mendebaldeko Kostako japoniar jatorriko pertsona oro legez kanpo eta derrigortuta kartzela-esparru inprobisatuetara eramateko; eufemismoak erabiliz, toki horiei “barneratze-esparru” edo “birkokatze-gune” esaten zitzaien.
Apirilean, Asawatarrek bina maleta egin eta Santa Anitara joateko agindua jaso zuten; atxilo-gune gisa berregokitutako zaldi-lasterketetako zirkuitu batera, alegia. Asawak gogoratu zuenez, “atzean utzi behar izan genituen gure etxeko animaliak, zaldiak, oiloak, baserriko tresneria, kamioiak; erabat abandonatu behar izan genuen gure bizimodua”. Alde egin zutenean, soroetan “bete-bete” omen zeuden marrubiak8.
Santa Anitan, japoniar jatorriko hemezortzi mila pertsona baino gehiago bizi ziren ukuilu berregokituetan. Asawak gogora ekarri zuenez, “korta-usaina izugarrizkoa zen”; horregatik, familiak kanpoan ematen zuen eguna, eta barruan zegokien tokia gauean lotarako baino ez zuten erabiltzen9.
Esparruak oraindik ere eraikitze-prozesuan egon ziren sei hilabeteetan, ez zen eskola formalik egon. Asawak esan zuenez, “unibertsitateko ikasleak”, Lois Asawa tarteko, “elkartu egin ziren eta eskolak antolatu zituzten, haur gazteenek denborarik galdu ez genezan. Lasterketa-zirkuituko harmaila irekietan hartzen genituen eskolak”10. Harmaila haiek bazuten beste funtziorik ere: aldamio-lanak egiten zituzten kamuflaje-sareak josteko zereginean.
Gatibu zeuden Disney Studioko hiru artistak —Chris Ishii animatzaileak, Tom Okamoto hondo-margolariak eta JamesTanaka marrazkilariak— eskolak ematen zizkieten artearekiko interesa zuten ikasleei. Asawak gogoratu zuenez, “bizitza abiapuntutzat hartuta marrazten hasi nintzen lehenengoz. Eskortzoa, proportzioak, eskuak, oinak eta abar [...] Nire bizitzan lehenengoz, artea ez zen jarduera gehigarri bat, ekintza nagusia baizik”. Geroago adierazi zuenez, “artista profesionalekin marrazteko aukera izateak salbatu ninduen barneratze-esparrua erabat blaitzen zuen saminetik”11.
Irailean, atzera lekualdatzeko agindua jaso zuten Asawatarrek, eta beste esparru batera joan behar izan zuten, Rohwer izenekora, Arkansasen. Kotoi-soroa izandako gune hura txarrantxaz inguratuta zegoen, eta guardia armatuak zeuden talaietan zelatan. Barrakoiek “ez zuten isolamendurik. Neguan zulo guztiak estali behar izaten genituen bero egoteko”.Asawaren amak, Haruk, “ongi gordea zuen bere hazi-zakua: daikona, espinakak, tipulak, azenarioak, erremolatxak”12, eta hari esker, itxialdiaren bigarren urterako baratza izatea lortu zuten.
1943
Mabel Rosa Jamison —arte-eskolak ematen zituen “pertsona maitekor askoa”— eta Louise Beasley —“ingeles irakasle zoragarria”— izeneko bi irakasle boluntariok babesa eman zioten Asawari, eta esparruko paisaiak margotzera animatu zuten. Haien ekinari esker, Asawak eta beste zenbait arte-ikaslek “‘kanpora’ ateratzeko baimena” eskuratu zuten, “marrazketa-txango bat egiteko”13.
Asawak ikaskideen karikaturak sortu zituen Rohwerreko graduazio-urtekarirako. Graduazio ostean, esparrutik kanpo ikasten jarraitzeko baimena eman zioten Asawari. American Friends Service Committee erakundearen mailegu batekin, Milwaukee State Teachers’ College (MSTC) irakasle-eskolan eman zuen izena: “Esparrua utzi nuenean, helmugara iristeko tren-txartela baino ez nuen”14.
Asawa Milwaukeera joan zen, eta Louise Beasleyk aurkitutako familia batean bizi izan zen laguntzaile-lanak egitearen truke. Astean dolar bat ordaintzen zioten15.
MSTC irakasle-eskolan, arte-irakasle izateko trebatu zen Asawa, eta, besteak beste, honako ikasgaiak hartu zituen: marrazketa eta margolaritza, diseinua, estanpazioa, ehuntzea, zeramika, metal-lanak eta dantza modernoa. Gerora esan zuenez, “eskola bikaina zen”16.
Klasean, Elaine Schmitt ikaskidea ezagutu zuen, eta lagun-min bilakatu ziren. Asawak esan zuenez: “Japoniarrak ginen ikasle bakanontzat benetan zaila zen Milwaukeen etxean sentitzea. Baina Elainek bere familiaren etxera eraman ninduen, [handik gertu zegoen] Wauwatosa hirira”. Familiaren beirate-estudioan lana eskaini zioten Asawari, baina langileak japoniar-estatubatuar emakume bat kontratatzearen kontra agertu ziren, eta, beraz, eskaintza bertan-behera geratu zen17.
Elaineren ahizpa Elizabeth Black Mountain Collegeko udako ikastaroetatik itzuli zenean, Ipar Carolinako eskola esperimentalaren berri eman zion Asawari.
1944
Asawak nekez aurki zezakeen beste lan bat, “inork ez baitzuen japoniarrik kontratatu nahi”. Azkenean, larru-piezak neurtzen egin zuen lan bertako larru-lantegi batean, orduko 62 zentimoren truke18.
Abuztuan, Asawak aitaren gutun bat jaso zuen, zenbait goxoki eta oroigarri txikirekin; oraindik ere giltzapean zen aita, Lordsburgen, Mexiko Berrian. Hilabete batzuk geroago, familiarekin elkartu zen Rohwer esparruan. Hurrengo urtean aske utzi zituzten.
1945
Asawak Black Mountain Collegeko Summer Art Institute udako ikastaroan parte hartu nahi zuen Elaine Schmitt eta Ray Johnson (Michigango ikasle bat) lagunekin, eta programaren inguruko informazioa eskatu zuen19.
Martxoan, Asawak tintaz egindako marrazkiak ikasleen lanekin osatutako erakusketa batean egon ziren ikusgai Milwaukee Art Institute erakundean (gaur egun, Milwaukee Art Museum). Milwaukee Journal egunkariak bere lanetan aurki zitezkeen “tristura eta eragin orientala” nabarmendu zituen20.
Mexikon pasa zuen uda Asawak Lois ahizparekin; bertan zela, Universidad Nacional Autónoma de México eta Escuela Nacional de Pintura, Escultura y Grabado eskoletan ikasi zuen. Clara Porset altzari-diseinatzaile kubatarra izan zuen irakasle, eta hark animatu zuen Black Mountain Collegera hautagaitza bidaltzera; hain zuzen, hamar urte lehenago, Porset bertako ikasle izana zen, eta Bauhaus mugimenduko artista eta hezitzaile Josef Albers izan zuen irakasle.
Asawak George Biddle artista estatubatuarra ikusi zuen eskala handiko Gerra eta bakea (La guerra y la paz) murala sortzen Mexikoko Gorte Gorenean. Arte publiko mota horrekin lehen enkontrua izan zuen hura, eta igeltsu bustia prestatuz lagundu zuen21.
“Mexikon nengoela, japoniarrek amore eman zuten”, esan zuen gerora Asawak gerraren amaieran izandako esperientziaz22.
Mexikotik Milwaukeera bidean, Asawa Arkansasen gelditu zen “gurasoak ikusteko, eta zinez bilkura zoriontsua izan zen hura”23.
1946
Asawak lerro-marrazki abstraktuz apaindutako zeramikazko plater bat sortu zuen, baita eskuz egindako kobrezko katilu bat ere.
Milwaukee Art Institutek urtero antolatzen zuen Wisconsineko arteari eskainitako erakusketaren 33. edizioan, Asawaren akuarela bat, marrazki bat eta olio-pintura bat egon ziren ikusgai24.
Asawari praktikaldia egiteko garaia iritsi zitzaionean, Milwaukeeko irakasleen elkargoak uko egin zion artistari eskola bat esleitzeari, eta, horregatik, ezinezkoa izan zitzaion graduatzea: “Hainbesterainokoa zen [japoniarren aurkako] sentimendu negatiboa, ezen ez baininduten Wisconsineko herrixka batera ere bidali nahi izan. Hilko ninduten beldur ziren”25.
Apirilean, Elaine Schmittek Black Mountain Collegetik idatzi zion Asawari, eta eskabidea bidaltzeko esan zion: “Benetan, Ruth maitea, nahiago nuke hil, zuk Josef Albers irakasle izateko aukera galdu duzula jakitea baino”26.
Honoluluko (Hawaii) Church of the Crossroads elizaren mailegu bati esker, Asawak aukera izan zuen Black Montaineko Summer Art Instituteko udako ikastarora joateko. Bertan emandako denboran deliberatu zuen “artista bilakatzea, eta ez arte-irakasle”27.
“Ikasteko modu zeharo berri bat” deskubritu zuen Black Mountainen: “irakasle bakoitza artista, dantzari, musikari edo matematikari aritua zen, eta, beraz, jardunaren bitartez ulertzen zuen bere ofizioa. [...] Ez zegoen artearen eta bizitzaren arteko bereizketarik. Baserri-lanak unibertsitateko ikasketen parte ziren, eta ikasleek bestelako zereginetan ere parte hartu behar izaten zuten: sukaldeko lanak eta lurren mantenu-lanak egitea, sutarako ikatza ekartzea, dantza emanaldietan parte hartzea, ganberako eta koruko musika egitea, edo arratsetako poesia-irakurraldietan aritzea”. Aurrerago nabarmendu zuenez, “ikasle beltz eta asiarrak zituen leku txiki eta isolatua zen, gauza ezohikoa garai hartan [Estatu Batuetako] hegoaldean”. Gelakide izan zituen beste bi ikasle arrazializatu: Mary Parks eta Ora Williams28.
Asawak Anni Albersekin ikasteko asmoa zuen, Bauhaus mugimenduan ehungintzaren arduradun nagusia izandakoarekin; baina irakasleak esan zion “ezinezkoa zela sei astetan ehuntzen ikastea”. Horrenbestez, Jean Vardaren margolaritza-eskoletara joan zen, baita Josef Albersen diseinu- eta kolore-eskoletara ere. Albersen klaseetan, “jakin dakizunaren ordez, ikusten duzuna marrazten” ikasi zuen Asawak, eta alanbrearen malgutasunarekin esperimentatu zuen lehenengoz29.
Ikasle bekaduna zenez, komunitatearen aldeko lan-programan parte hartu behar zuen Asawak. Goizetan, behiak jezten zituen eta gurina irabiatzen zuen.
Asawa konturatu zen “uda ez zela nahikoa” Albersen lezioak barneratzeko. Babesle anonimo bati esker —bizitza osoan lagun izan zuen Lorna Blaine Halper—, unibertsitatean geratzeko aukera izan zuen. Hiru urtean zehar, arteaz gain, bestelako eskola ugari ere hartu zituen: musika, Estatu Batuetako historia, filosofia, matematika, biologia, literatura, egur-lana eta dantza30.
Albers senar-emazteek epealdi sabatikoa hartu zuten irailean, eta 1948ko urtarrilean itzuli ziren. Ilya Bolotowsky arteirakasle berriak “marrazkilari bikaina” ikusi zuen Asawaren baitan, “estilo [...] bere-berezkoa” zuena31.
Asawaren ikaskideei jakin-mina pizten zien haren estudioak: “hostoak [...] lurrean barreiatuta zeuden, apalategitik pleotza- eta panpa-belarren zurtoinak ageri ziren, eta moztutako sagar lehorrez egindako lepokoak zituen berogailutik zintzilik”32. Geroago, moztutako sagar bat erabili zuen tresna gisa Titulurik gabea (SF.049c, Sagar-estanpazioa – Urdina/Arrosa) [Untitled (SF.049c, Apple Print – Blue/Pink)] bezalako estanpazio-lanetan.
Azaroan, marrazkiak eta collageak erakusgai jarri zituen campusean33.
1947
Asawa Mexikora itzuli zen udan, American Friends Service Committee erakundean boluntario gisa jarduteko. Mexiko Hirian, Albers senar-emazteekin eta Clara Porsetekin gelditu zen. Guztiek batera, gune arkeologikoak bisitatu zituzten, Diego Riveraren muralak ikusi zituzten Chapingon, eta Rivera eta Frida Kahlo ezagutu zituzten.
Asawak artea, zeramika eta ehungintza irakatsi zituen hiriburuaren hego-mendebaldean dagoen Toluca hiriko eskola batean; hiria ezaguna da Mexiko Estatu osoko artisauak erakartzen dituen azoka handiagatik. Zenbait saltzailek alanbre kiribilduz egindako oilo-formako arrautza-saskiak izaten zituzten. Alanbrea erabiliz saskiak egiteko teknika urbano hori Toluca inguruan sortu zen, eta arrautzak eramateko egitura malgu eta sendoak egiteko erabiltzen zen. Eskola-irakasle ezezagun batek erakutsi zion Asawari “inolako orratz edo kakorik erabili gabe eskuz ehundutako” alanbrezko saskiak egiten34.
Black Mountainen teknika horrekin esperimentatzeari ekin zion, eta metodo propioa garatu zuen, kiribilen norabidea alderantzikatuta eta bilbea estututa. Urtea amaitzerako, “sare uniformeekin saskiak egiteko” gai zen, “nahikoa simetrikoak eta maneiatzeko aski sendoak ziren formekin”35. “Eskolako ortutik” gertu, “mendi-bide batean” ezagutu zuen Asawak Albert Lanier, Georgiako arkitektura-ikasle bat. Geometriako etxeko lanekin lagundu zion mutilak; Asawak, berriz, Lanierrek Minimum House proiekturako pentsatutako harri-hormaren oreka ebaluatu zuen; egitasmo haren baitan, ikasleek etxe bat eraiki behar zuten campusean, 1.000 dolar baino gutxiagoko aurrekontuarekin36. 1948an, Asawak eta Lanierrek ezkon-hitza eman zioten elkarri.
1948
Asawak alanbrea kiribiltzeko teknikarekin esperimentatu zuen: “Saski bat egiten hasi eta forma ixteraino jarraitu nuen; poliki, teknika menperatzen ikasi bitartean, eskulturak egiteko modu horrek zuen potentzialaz jabetzen hasi nintzen”37.
Martxoan, campusean egindako erakusketa batean jarri zituen ikusgai bere “alanbrezko eraikuntzak”, Ray Johnsonen margolanekin batera38.
Maiatzerako, Asawak bi lobuluz osatutako forma itxietara zabaldua zuen bere esplorazioa39.
Asawak udako Summer Art Institute ikastaroetan parte hartu zuen. Orduko hartan, Buckminster Fuller, Willem eta Elaine de Kooning, Merce Cunningham eta John Cage etorri ziren unibertsitatera, eta Asawa Fulleren mintegietara eta Cunninghamen dantza-eskoletara joan zen.
Asawak eta beste ikasle batzuek jantziak eta atrezzoa sortu zituzten Arthur Pennek zuzendutako Medusaren amarrua piezarako, non Fuller eta Cunningham aritu baitziren eszenan. Cunninghamen eskoletan, Asawak Udaberriaren sagaratzea pieza dantzatu zuen Robert Rauschenberg, Susan Weil, Elizabeth Schmitt Jennerjahn eta beste batzuekin batera.
Fullerrek gainbegiratuta, unibertsitateko irakasle eta ikasleak, Albert Lanier barne, domo geodesiko bat eraikitzen saiatu ziren pertsiana veneziarrak erabilita. “Ia 13 metro eta erdiko diametroa” zuen egitura hura erori egin zen40. Unibertsitateko arropa-garbitegiko lan-txandan zela, Asawak gomazko bi zigilu aurkitu zituen —BMC eta DOUBLE SHEET—, eta paper gainean egin zuen lan-sail batean berrerabili zituen.
Uztailean, Josef Albersek Asawaren Figurak berdearen gainean (BMC.130) [Figures on Green (BMC.130)] aukeratu zuen Addison Galleryn antolatutako Art Schools U.S.A., 1948 erakusketarako. Time aldizkariaren arabera, Asawaren lan hura izan zen “erakusketaren gailurra originaltasunari dagokionez”41. Lanierrek herrialdea zeharkatu zuen autoz San Frantziskoraino, bertan bere arkitekto-ibilbidea hasi asmoz.
1949
Irakasleen arteko tirabirak tarteko, Albers senar-emazteek eta beste hainbat irakaslek Black Mountain utzi zuten.
Ekainean, Asawak Black Mountain utzi zuen senargaiarekin San Frantziskon elkartzeko.
Uztailaren 3an, Asawa eta Lanier ezkondu egin ziren San Frantziskon; Kaliforniako Gorte Gorenak bederatzi hilabete lehenago indargabetuak zituen mestizajearen aurkako legeak. Bikotea hiriko “zonalde industrialeko adreiluzko eraikin bateko bigarren solairura” joan zen bizitzera. Urte batzuk geroago, “tipula-biltegi baten gainean zegoen pisu” haren usain “gozoa” ekarri zuen gogora Asawak42.
1950
Asawa eta Lanier maiz joaten ziren San Frantziskotik Guerneville aldera (Kalifornia), Pond Farm komunitateko artistak bisitatzera; izan ere, Black Mountain Collegeko hainbat lagun eta irakaslek hantxe zuten bizileku eta lantokia, besteak beste, Trude Guermonprez ehuleak, Marguerite Wildenhain zeramikariak eta Johanna Jalowetz koadernatzaileak. Azkenean, bikoteak udako etxe bat erosi zuen bertan.
Asawak alanbre kiribilduaren teknikarekin esperimentatzen segitu zuen, eta hainbat lobuluz osatutako artelan konplexuak sortu zituen. San Francisco Art Association elkarteko epaimahaiari San Francisco Museum of Arteko (egun San Francisco Museum of Modern Art) erakusketa batean jartzeko aurkeztu zion bi metro eta erdiko pieza esekiak polemika piztu zuen: ez zuten mugikari gisa hartu, “ez [bait] zen airean mugitzen”43. Asawak gogoratu zuenez, atzera bota zuten bere lana, baina onarpen-gutuna bidali zioten, deskuiduan. Museoak hiru epaimahaikideei deitu zien akatsa ote zen egiaztatzeko, eta hirutik bik lana onartzearen alde bozkatu zuten44. Harrezkero San Frantziskoko museoarekin izan zuen harreman iraunkorraren hasiera-mugarria izan zen hura. Asawaren artelanak maiz egoten ziren ikusgai bertako erakusketetan nahiz museoak alokagai zuen galerian, eta ikusgaitasun handiagoa lortzearekin bat, salmentek eta enkargu pribatuek gora egin zuten 1950eko hamarkadan.
Familia zabaltzeko asmoz, bikotea hiru gelako apartamentu batera joan zen bizitzera, McCormick Streeten. 1950 eta 1959 artean sei haur jaio ziren: Xavier, Aiko, Hudson, Adam, Addie eta Paul.
Lanier Rondal Partridge argazkilariaren lagun egin zen, eta hark ama aurkeztu zien: Imogen Cunningham. Asawak gogoratu zuenez, “egun batez, gure pisuan agertu zen [...] eta satsuma okaranekin etxean egindako marmelada pote bat ekarri zigun. Bisita hartatik gutxira, gure haurrei eta eskulturei argazkiak ateratzen hasi zen”45. Berrogei urteko aldea bazuten ere, urte luzez iraun zuen laguntasuna ernatu zen bi emakumeen artean, eta adiskidetasun horren adierazgarri dira Cunninghamek Asawari, haren familiari eta lanari ateratako irudiak.
Udazkenean, familiak pisu handiago bat erosi zuen Alpine Terrace kalean, eta bertara joan zen bizitzera.
1951
Asawa San Francisco State Collegen ikasten hasi zen (gaur egungo San Francisco State University), irakasle-titulua eskuratu asmoz. 1953ko udaberrira arte ikasi zuen bertan, eta hainbat irakasgai hartu zituen: dantza, tipografia, diseinu komertziala, serigrafia, aurrez aurreko marrazketa eta pintura46. Lehenengo seihilekoan, espiral logaritmiko baten diseinua sortu zuen, eta estanpazioetan nahiz ohar-txarteletan kopiatu zuen, baita gonetako estanpatu gisa erabili ere.
Gu bostok eta hamalau [We five and fourteen] pieza Texas Wildcat erakusketan jarri zuten ikusgai, Fort Worth Art Museumen.
Lanierrek Laverne Originals barne-diseinuko enpresaren San Frantziskoko erakusgela diseinatu zuen, eta, azaroan, bertan ipini zuten Asawaren Titulurik gabea (S.535) [Untitled (S.535)]. Eskulturak Vogue aldizkariaren arreta piztu zuen, eta modako argazki-saio batean txertatu zuten, 1952ko otsaileko alean argitaratzeko. Lanier eta Asawa elkarlanean jardun ziren Asawaren paper tolestuzko bionboa egiteko, eta hura ere Laverne erakusgelaren parte izan zen; Asawak diseinua patentatzeko asmoa zuen47.
Laverne erakusgeletan bere eskulturak erakusten jarraitu zuen Asawak. Handik bi urtera, New Yorkeko aurkezpen batean, John Hohnsbeen eta Loius Pollack galeristek ikusi zituzten, eta New Yorkeko Peridot Galleryn erakusteko aukera eskaini zioten48. Asawak “[bere eskulturen] barrualdea erabiltzeko” modu bat aurkitu zuen, eta gerora bereizgarri izan zuen “formaren baitako forma jarraitua” asmatu zuen. “Kanpoko azalera barruko azalera bihurtu daiteke eta [...] halaxe erabat osatu arte”, zioen berak. “Ezaugarri hori [Möbius] zerrendaren antzekoa da”49.
1952
Asawak eta Lanierrek horma-paper eta ehun diseinuak sortu zituzten. Everett Brown Associates enpresak horietako bat erosi zuen —BMC zigiluetan oinarrituta egindakoa—, eta egiletza adierazi gabe ekoitzi zuen50. Beste diseinu batean, artistak bere haurtxoen oinatzak erreproduzitu zituen.
Laverne Originals etxeak epe luzeko kontratua eskaini zion Asawari, alanbre kiribilduzko saski eta zakarrontzien masa-ekoizpena egin zezan. Ideia erakargarria iruditu zitzaion hasiera batean, eta zera erantzun zuen: “Saltzeko ekoiztea interesatzen zait, baina gero eta gehiago lan egin, orduan eta ideia gehiago bururatzen zaizkit eta esperimentatu egin nahi dut, baina esperimentatzea ez da ekoiztea”. Eskaintzari uko egin zion. Bi urte geroago, “[dekoratzaileen] sasoian sasoiko aldarte-aldaketa ezin eraman” aurkitu zuen Asawak bere burua, eta arte plastikoen sektorean soilik lan egitea deliberatu zuen51.
Cunninghamek argazkitan jasotako bi eskultura Arts & Architecture agerkariaren azalean agertu ziren. Domus arkitektura-aldizkari italiarrak, berriz, Asawak Laverne erakusgelan egindako lanaren inguruko artikulu bat atera zuen.
Bere denbora guztia eskulturari eskaintzeko esperantzan, Asawak Guggenheim Fellowship beka eskatu zuen: “Orain, lanean aritzen naizenean, elkarrekin zerikusia duten aukeren segidak aurkitzen ditut, baina oso poliki garatu behar izaten ditut, batzuetan diruak eta denborak ez baitute beste aukerarik ematen”52. Ez zuten bere eskaera onartu.
1953
Asawak bere eskulturak aurkeztu zituen Black Mountain Collegeko (BMC) lagunek antolatutako bi erakusketatan. Haietako bat bakarkako erakusketa izan zen, Sewell Sillmanek antolatua New Haven hiriko Sillman and McNair galerian (Connecticut). Besteak bi artistaren lana bildu zuen: Asawarena eta Summer Art Instituten margolaritzako irakasle izan zuen Jean Vardarena. Bigarren erakusketa hura San Frantziskoko Tin Angel diskotekan izan zen, BMCko ikasle ohi Peggy Tolk-Watkinsek kudeatzen zuen lokalean.
Asawa-Laniertarrak bi pisuko apartamentu batera joan ziren bizitzera, Saturn Streetera. Goiko pisua, Asawaren estudioa, dantza-eskolak emateko topagunea zen, hala nola Mae Leeren hula eskolak. Gerora, 1964an, Asawaren laguntzaile bihurtu zen Mae Lee. Arte-topagune informala ere bazen: “Trude [Guermonprez], Merry Renk bitxigilea, BMCko ikasle ohi Jean Rochin margolaria eta laurok astero biltzen ginen marraztu eta pintatzeko”53.
Irailean, Asawaren eskulturak Vogue aldizkariaren moda-editorial batean agertu ziren.
1954
Apirilean, Four Artist-Craftsmen erakusketa zabaldu zen San Francisco Museum of Arten. Lanierrek proposatu eta diseinatu zuen erakusketa, eta honakoen lanak bildu zituen bertan: Asawa, Renk, Wildenhain eta Ida Dean ehulea.
San Francisco Examiner egunkariak Asawaren paper tolestuzko bionboari buruzko artikulu bat argitaratu zuen, bionboa etxean egiteko jarraibideekin54.
Peridot Galleryk Asawaren lana aurkezteko egin zituen hiru bakarkako erakusketetan lehena antolatu zuten. Time eta Art News aldizkarietako arte-kritikariek goretsi egin zuten Asawak New Yorken egindako debuta, eta bere japoniar-estatubatuar identitatearen inguruan hausnartu zuten. Asawak zera esan zuen: “New Yorkeko erakusketaren arrakastak bidaia-gastuak ordaintzeko lain eman dit. Lau pieza saldu ditut. Horietako 2 Rockefellertarrei, beste bat Philip Johnson arkitektoari. [...] Urtarrilaren 13an Whitneyn zabaldutako erakusketan egongo naiz [...] baita Museum of Modern Artek alokagai duen galerian ere. Zorte handia izan dut, eta oso eskertuta nago guztiagatik”55.
1955
Titulurik gabea (S.402) [Untitled (S.402)] Whitney Museum of American Art museoak urtero antolatzen zuen eskultura, akuarela eta marrazki erakusketan egon zen. Asawaren eskulturak 1956ko eta 1958ko edizioetan ere jarri zituzten ikusgai.
San Francisco Museum of Modern Arteko zuzendari Grace McCann Morleyk Titulurik gabea (S.250) [Untitled (S.250)] pieza aukeratu zuen AEBk Sao Pauloko nazioarteko 3. biurtekoan aurkeztu zuen Pacific Coast Art proposamenerako.
1956
Asawak kaligrafia praktikatu zuen Hodo Tobaserekin: “Kaligrafia eskolak hartzen ari naiz; bada apaiz budista zoragarri bat horretan maisua dena, eta irakatsi egiten du”56.
Martxoan, Asawaren bigarren bakarkako erakusketa zabaldu zuten Peridot Galleryn. New York Times egunkariko Dore Ashtonek zera idatzi zuen: “Objektu ederrak dira espazioan, nahiz eta funtsean apaingarriak baino ez izan”57.
Design Research izeneko dekorazio- eta diseinu-dendak (Cambridge, Massachusetts) erakusketa bat antolatu zuen Asawaren eskulturekin.
Asawak diseinu-patentea eskatu zuen bere paper tolestu gisako binilozko horma-estalkientzat. 1959an onartuko zioten.
1957
Asawaren hiru eskultura ikusgai egon ziren Art Institute of Chicagoren urteroko margolan eta eskultura erakusketan. Familiaren laguna zen Paul Hasselek atera zizkien argazkiak artelanei, erakusketa-katalogoaren azalerako.
1958
Asawaren hirugarren bakarkako erakusketa zabaldu zuten Peridot Galleryn. Kritika positiboak jaso zituen arren, artelanak ez ziren ondo saldu eta galeriarekin harremana etetea pentsatu zuen artistak58.
1959
Garatua zuen kaligrafia-praktikak eraginda, beste artelan-multzo bat ernatu zuen Awasak. Bere hitzetan, “izugarri kitzikatzen nauten marrazkiak lantzen ari naiz”59. San Frantziskoko Golden Gate parkeko zuhaitzak margolanetarako gai bihurtu zituen Platano-arbolak (Plane Trees) sailean.
Titulurik gabea (S.373) [Untitled (S.373)] lana aukeratu zuten New Yorkeko Museum of Modern Artek antolatutako Recent Sculpture U.S.A erakusketa ibiltarirako.
Titulurik gabea (S.366) [Untitled (S.366)] pieza Oakland Art Museumen (gaur egun, Oakland Museum of California) bilduma iraunkorrean sartu zuten; erakunde batek artistaren pieza bat eskuratzen zuen lehenengo aldia izan zen. Asawak Pollacki idatzi zion kontratu bat eskatzeko, baina galeristak uko egin zion. Artistaren praktikak gero eta diziplina gehiago hartzen zituen bere baitan —“alanbrea aldi baterako bakean uzteko” esperantza zuen—, eta hori Peridot Gallerykoek espero zutenaren kontrakoa zen. Artistak gogoratu zuenez: “Nire marrazkien erakusketa bat egin nahi nuen eskulturekin, eta galeriakoek sentitzen zuten nire irudia eskultore gisa eraikia zutela dagoeneko; ez zuten kontua lausotu nahi. Beraz, uko egin zioten nire marrazkiak erakusteari”. Elkarren arteko desadostasunak ikusita, baita salmenta eskasak, bidalketa-gastu garestiak eta espazioaren sabai baxua ere, Asawak galeria uztea erabaki zuen 1961ean60.
1960
San Frantziskon Asawari eskainitako lehenengo bakarkako erakusketa antolatu zuen M. H. de Young Memorial Museumek; estreinakoz, artistaren marrazkiak eta margolanak bere eskulturekin batera ipini zituzten ikusgai. Gere Kavanaugh diseinatzaileak, artelanekin txundituta, elkarlanean aritzeko proposatu zion Asawari. Bide horretatik heldu zen artistaren lehenengo enkargu publikoa: alanbre kiribilduzko zazpi eskultura, San Frantziskoko Joseph Magnin saltoki handietarako. Halaxe hasi zen Asawaren eta Kavanaughen arteko laguntasun luzea.
Asawa, Lanier eta beren sei seme-alabei txiki geratu zitzaien Saturn Streeteko etxea. Sally Woodbridge arkitektura historialari eta lagunaren bitartez, etxe bat aurkitu zuten San Frantziskoko Noe Valley auzoan, eta erosi egin zuten. Lanierrek etxearen berrikuntza-lanei ekin zien; besteak beste, behe-solairu berri bat atera eta estudio handi bat sortu zuen bertan, “zopa su txikian zuen bitartean, une horretan egiten ari zen artelanari beste igeltsu-geruza bat jartzeko edo patina emateko” aukera izan zezan Asawak. Hala ere, artistak nahiago zuen familiaren bueltan lan egin sukaldean, egongelan, portxean edo lorategian: “Etxea dut estudio, orain eta beti”. Bere hitzetan: “Familia bat izan eta, hala ere, lan egiten jarraitzeko aukera izan nuen [...] hor-hemenka agertzen ziren denbora-txatalak” erabiliz61.
San Francisco Examiner egunkariak argitaratutako Hamar Emakume Nabarmenenen zerrendan sartu zuten Asawa.
1961
Guerneville aldean (Kalifornia) pasa zuten udan, baita haren osteko udazkenean ere, Asawak meandro-formak zizelkatu zituen sekuoia-zurez egindako ate pare batean. Seme-alaba zaharrenek lagundu zioten, eta bakoitzari konposizioko “kiribil” bana esleitu zion62. Ateak Noe Valleyko etxean jarri aurretik, alanbre kiribilduzko eskulturekin batera jarri zituen ikusgai Asawak 1962an, Los Angeleseko Ankrum Galleryn eta Statford University Art Galleryn.
Asawak “irin-buztina” egiteko errezeta bat garatu zuen: irina, gatza eta ura nahastuta egindako oinarri-oinarrizko ore bat, adin eta trebezia-maila guztietako artistentzat aproposa. Modelatzeko ore hura etxeko bereizgarria bilakatu zen, Asawak eta seme-alabek apaingarriak, jaiotzak, figuratxoak eta eszenak sortzen baitzituzten hura erabilita. Materialaren malgutasunak erakarrita, Asawak orearen erabilera ikertu zuen, eta “edozein material tradizional, esaterako, buztina edo igeltsua” balitz bezala lantzen zuen. Orearen potentzialaz jabetuta, artistak teknika hori txertatu zuen bere eskultura praktikan, galdaketaren aurrekari gisa batzuetan.
Sozializatzeko bidea ematen duen materiala izaki, belaunaldi arteko parte-hartze komunitarioa lantzeko bitarteko bihurtu zen gerora63.
Noe Valleyn, “auzo bizia nahi zuen pertsona-multzo bat” aurkitu zuen Asawak, tartean, aspaldiko lagun Mae Lee64 eta Nancy Thompson artista. Biak ere Asawaren aliatu garrantzitsuenetakoak izan ziren zeregin artistiko eta zibikoei heltzeko garaian.
1962
Kaliforniako Death Valley bisitatu ostean, Paul eta Virginia Hasselek basamortuko landare bat oparitu zioten Asawari, eta alanbrezko beste eskultura mota baterako inspirazio-iturri bihurtu zen artistarentzat. Landarea zirriborratzen saiatu zen, baina haren “konplexutasunak [...] ezinezko egin zuen”; beraz, alanbrera jo zuen. Asawak aipatu zuenez, “landarearen eredua marraztu” zuen “alanbreak tolestu, lotu eta banatu ahala”65. Landarea sinplifikatu egin zuen bisualki, eta horrek marrazki-sail bati eman zion bide, baita zuhaitz-antzeko forma bati ere; hain zuzen, azken hori izan zen artistak alanbre lotuz egin zuen lehenengo eskultura beregaina. Metodo berri horri aukera amaigabeak ikusten zizkion artistak, eta hurrengo hogeita hamabost urteak eman zituen teknika hura ikertzen.
1963
Asawak luzaz bidali izan zituen bere piezak C & M Plating Works enpresara, horiek oxidatu eta garbitu zitzaten, eta hain zuzen ere bertan kobrezko xafla bat ikusi ostean esan zuen “testura lakar huraxe lortu nahian” zebilela66. C & M enpresako Cyril “Mac” MacDonalden laguntzaz, galbanizazioarekin esperimentatzen aritu zen: alanbre lotuzko eskultura karga elektrikodun azido sulfurikoz betetako tanga batean sartzen zuen hainbat astez, eta kobre-partikulak alanbre gainean atxiki zitezen uzten zuen. Horrenbeste gustatu zitzaion emaitza Asawari, ezen galbanizazio-tanga bat instalatu baitzuen bere estudioan. Alabaina, prozesuaren eraginez alanbrea hauskorregi geratzen zen, eta azkenean alde batera utzi zuen artistak. 1960ko hamarkadan zehar, dagoeneko egindako pieza galbanizatuak marrazki bidez berrikusi zituen.
New Yorkeko Whitney Museum of American Artek Titulurik gabea (S.270) [Untitled (S.270)] eskuratu zuen.
1964
Asawak bakarkako erakusketa bat zabaldu zuen Shop 1 galerian, hau da, Frans Wildenhainen diseinu-galerian (Rochester, New York).
Metalaren propietateen inguruko zenbait esperimentu txertatu zituen San Frantziskorako egin zuen lehenengo iturrian. 1964an, Gere Kavanaughek eskultura bat enkargatu zuen hiri erdiguneko Fox Plazan zegoen eraikin baterako. Asawak kobre anodizatua baliatu zuen piezak sortzeko: zuhaitz-forma bat eta anemona-antzeko bi lan txikiago ziren, eta inkrustazio biziz jantzitako adarrez osatuta zeuden.
Lorategian alanbre lotuzko eskultura bat garbitzen ari zela, Asawa ohartu zen ur-tantatxoak hari-muturretan pilatzen zirela. Efektu hori erreproduzitu zuen alanbre-muturrak erretxinez blaituta: “Tanta bakoitza oso-osoa zen bere horretan: unibertso txiki bat”67.
1965
Gere Kavanaughek Detroiteko J.L. Hudson saltokirako enkargatutako instalazio batean ipini zituen Asawak erretxin muturdun lanak ikusgai estreinakoz. Bere lehenengo erretxin lanetako bat, Titulurik gabea (S.430) [Untitled (S.430)], Black Mountain Collegen mentore izan zuen Josef Albersi bidali zion; hark, gerora, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumi dohaintzan eman zion eskultura.
Pasadena Art Museumek Asawaren bakarkako erakusketa bat antolatu zuen artistaren alanbrezko eskulturak eta paper gaineko lanak erakusteko.
Albersek gomendatuta, June Waynek Los Angelesen zabaldutako Tamarind Lithography Workshopen artista egoiliar izatera gonbidatu zuten Asawa. Clifford Smith, Kinji Akagawa, Klaus Jürgen-Fischer et Bob Evermon estanpazio-maisuengandik ikasi zuen artistak, eta bertan baliatzen zuten teknika oro probatu zuen. Bereziki erakargarriak suertatu zitzaizkion ur-koloreak, azido bidezko tinturak eta alderantzikatze-prozesua. Erronka liluragarriak balira bezala heltzen zien Asawak estanpazio-lanei, eta teknika jakin bakoitzari egokitutako irudiak asmatzen zituen68. Bere lehenengo estanpazioa Aiko alabaren erretratu bat izan zen, eta egonaldira berarekin eraman zuen marrazki bat hartu zuen hura egiteko oinarri. Asawak gurasoak marrazteko aprobetxatu zuen Anaheimera bisitan joan zenean, eta zirriborro haiek abiapuntutzat hartu zituen gero litografiak egiteko. Bi hilabetetan, berrogeita hamalau estanpazio sortu zituen.
1966
Life aldizkarian erromatar busto, maskara eta antzekoen inguruan argitaratutako artikulu bat eta Marguerite Wildenhain zeramikariaren ikastaro bat inspirazio-iturritzat hartuta, modelo bizien aurpegietatik abiatuta egindako moldeekin esperimentatzen hasi zen Asawa. Bere hitzetan, “Harrapatutako momentua [...] da aurpegien moldeak egiteaz gustatzen zaidana [...] Gustuko dut denboraren unea gelditu dudala pentsatzea. Eta desagertu egingo da”69. Hurrengo hamarkadetan, halako laurehun une baino gehiago harrapatu zituen.
Asawak lehenengo Dymaxion saria jaso zuen, Artista/Zientzialari kategorian; Buckminster Fullerek sortutako sariak ziren haiek.
1967
Hanskins & Sells kontabilitate-enpresak alanbre kiribilduzko eskultura bat enkargatu zuen bere egoitzetako bateko eskaileretarako. Inoiz egin zuen eskulturarik altuena sortu zuen Asawak: Titulurik gabea (S.304) [Untitled (S.304)].
San Frantziskoko William M. Roth enpresariak iturri bat eskatu zion Ghirardelli plazarako; Asawak aire zabalerako jasotako lehenengo enkargua izan zen. Lawrence Halprin paisajista arduratu zen plazaren birgaitzea diseinatzeaz.
“Artista abstraktuek bezala egin nuen lan” esan zuen Asawak. “Banekien Larryren gustuko zerbait egiteko gai nintzela, baina tokiari egokitzen zitzaion zerbait egin nahi nuen: ozeanoa sartu nahi nuen bertan”. Artistaren hasierako ideiak lau itsas lamina gazte zituen, dortoken gainean, anemona-antzeko alanbre lotuzko eskulturen artean. Alabaina, Andrea Jepson lagunaren haurdunaldiak inspiratuta, Asawak aitortza egin nahi izan zien bularra ematen duten amei, eta Jepsonen semea jaio ostean, haurtxoa ere irudikatzea erabaki zuen70.
Asawak ez zuen ordura arte brontze galdatuarekin lanik egin, eta Mae Lee hartu zuen laguntzaile gisa. Gorputzen moldeak eta eskuz moldatutako zatiak konbinatuta osatu zuen ia guztia, bi itsas laminen isatsak salbu; azken horiek eraikitzeko, isats-antzeko alanbre kiribilduzko formak argizaritan murgildu zituen, eta brontzez galdatu zituen gero.
1968
Martxoan, sor zitekeen polemikari aurrea hartuta, Asawak gauez instalatu zuen eskultura, eta, hala, itsas laminak “sorginkeria bidez bezala” agertu ziren71.
Halprinek publikoki eskatu zuen eskultura kentzeko. Adierazpen batean, zera esan zuen Asawak: “Edonork gozatzeko moduko eskultura bat egin nahi nuen. Zaharrei haurtzaroko fantasia itzuliko ziena, eta gazteei zahartzarora iristean zer gogoratu eskainiko ziena”72. Joseph Alioto alkate berriak Asawa zoriondu zuen iturriarengatik, eta hiriko arte-batzordeko kide izendatu zuen. Asawak, Sally Woodbridgek eta Nancy Thompsonek Alvarado School Arts Workshop tailerra zabaldu zuten. Egitasmoak Asawaren ustea gorpuzten zuen: “arteak zera irakasten du: diziplina, trebezia, tresnekiko eta partekatzearekiko errespetua, eta, azkenik, norbere buruarekiko errespetua”73.
Haurrak eta artea ziren Asawaren lehentasunik handiena. Tailerra martxa hartzen ari zenez, Asawak uko egin zion New Yorkeko Lee Nordness Galleryk bere ordezkari izateko egindako eskaintzari.
1969
Asawa bizi izan zen artean haren marrazkiei soil-soilik eskainita egin zuten erakusketa bakarra zabaldu zen San Frantziskoko Capper Galleryn.
Asawak Haziera [Growth] horma-mosaikoa osatu zuen San Frantziskoko hirugarren adineko Bethany Center apartamentu-gunerako. Baliatu zuen paletari 1940ko hamarkadako kolore ikerketen arrastoa dario, eta konposizioak artistaren alanbre lotuzko eskulturetan oinarritutako marrazkiekin zuen lotura. Egitasmoak zailtasun ekonomikoak izan zituenean, Asawak bere soldata mosaiko-azulejuen soberakinetan jasotzea onartu zuen, eta gero eskolei eskaini zien material hura. Asawaren eta Nancy Thompsonen gidaritzapean, elkarlanaren bidez azuleju haiekin sortutako lehenengo artelana Alvarado eskolako jolastokiko horma bat izan zen: haurrek egindako horma-mosaiko komunitario bat74.
Asawak Bethany Centerrekin zuen harremanak hamarkadak iraun zituen. 2009an, mahai handi bat eman zuen dohaintzan, eta Ruth’s Table sortu zuen, hots, adinekoen artean arte jarduerak sustatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea.
1970
Asawaren Titulurik gabea (S.108) [Untitled (S.108)] ikusgai egon zen Osakako Expo ‘70 erakusketan, Japonian. Itzelezko eskultura hori teknika berri bat erabiliz gauzatu zuen: hainbat alanbre multzo elkarrekin kiribildu zituen, gero banatu eta geruzak osatu zitzaten, azkenean atzera sare trinko batean batzeko.
1971
“San Frantziskon eskola-garraioari buruzko legea ezarri zutenean, [Alvarado School Arts Workshop] hiru eskolatan banatuta zegoen”, esan zuen Asawak, segregazioa amaitu ostean tailerrak izandako zabalkundearen inguruan. 1973rako, tailerra zazpi eskolatan ematen zen, eta udalaren nahiz babesle pribatuen finantzazioa jasotzen zuen. Asawak eta Buckminster Fullerrek matematika eta artea bateratzen zituzten eskolak eman zituzten tarteka75.
Fullerek Asawa gomendatu zuen Guggenheim Fellowship beka jasotzeko. Beka-eskaeran, egitasmoa irin-buztinari eskaini zion erabat Asawak, eta teknikaren “eskala gizatiarra” deskribatu zuen76. Ez zuten eskaera onartu.
1972
Asawak alanbre lotuz egindako bi brontzezko eskultura osatu zituen Phoenix Civic Plazako iturrietarako. Alanbrearen adarrek justu-justu ukitzen zuten ur-azala, “flotagarritasun-sentsazioa emateko”77.
1973
1973 eta 1977 artean, Asawa artista egoiliarra izan zen inguruko hainbat eskola eta erakundetan; tartean, Exploratorium arte- eta zientzia-museoan.
Urte batzuk lehenago, Chuck Bassett arkitektoak iturri bat enkargatu zuen Union Square plazako Grand Hyatt hotelerako. Adin guztietako jendearekin elkarlanean, Asawak irin-buztina erabili zuen “San Frantziskoko leku ezagun eta konkretuak” egiteko. Gero, orez estalitako zurezko panelak brontzez galdatu eta iturriaren egituraren inguruan kokatu zituen78. San Frantzisko iturria (San Francisco Fountain) deitu zion eskulturari, eta San Valentin egunean inauguratu zuten.
San Francisco Museum of Art museoak Ruth Asawa: A Retrospective View aurkeztu zuen, artistaren lehenengo atzerabegirakoa. Inaugurazio egunean, Asawa ez zen festara joan; horren ordez, “ore-bilkura” bat antolatu zuen: irin-buztina lantzeko tailer publiko bat79. Titulurik gabea (P.002-I) [Untitled (P.002-I)] eta Titulurik gabea (P.002-II) [Untitled (P.002-II)] izeneko alanbre lotuzko eskulturen marrazkietan oinarrituta, Asawak erliebezko estanpazioen bi edizio sortu zituen; Tamarind Lithography Workshop tailerreko kide ohi Ernest de Sotok gauzatu zituen estanpaziook.
1974
Joseph Alioto alkateak atzera izendatu zuen Asawa hiriko arte-batzordeko kide, eta horrek aukera eman zion beharrezkoa zen tokietan artearen aldeko babesa sustatzeko. Batzordekide izan zen bi laurtekoetan, gogotik egin zuen lan bere begitazioa hezurmamitzen saiatzeko: “eskola bakoitzean artista egoiliar bana” egon zedila, eta “eraikin publiko berrien kostuaren ehuneko bira arteko” aurrekontua arte kontuetara bideratu zedila80.
Carlos Carvajalen Dance Spectrum konpainiak eskainitako Wintermas: A Festival of Light ballet-ikuskizunean Asawaren alanbre lotuzko bi eskultura erabili zituzten atrezzo gisa.
Horman esekitzeko inoiz egin zuen alanbre lotuzko piezarik handiena sortu zuen Oakland Museum of Californiaren erakusketa baterako: Titulurik gabea (S.365) [Untitled (S.365)]. 1976an, museoak artelana eskuratu zuen eta kokapen iraunkorra esleitu zion kanpoaldean, sarreran. National Endowment for the Arts (NEA) erakundearen Artists-in-Schools programaren dirulaguntzak esleitzeko epaimahaian parte hartu zuen Asawak.
1975
Asawak eta hiriko arte-batzordeak 1973ko Comprehensive Employment and Training Act (CETA, Enplegu eta Trebakuntzari buruzko Lege Integrala) izeneko lege federala baliatu zuten artistak erakunde publikoetan sartzeko: “1975 eta 1980 artean, 385 dantzari, aktore, musikari eta artista plastikok lortu zuten enplegua CETAren bitartez [hirian bertan]”81.
1976
Jerry Brown gobernadoreak gonbidatuta, Asawa California Arts Council (CAC) arte-kontseiluko kide bihurtu zen, eta honakoekin jardun zen lanean: Suzanne Jackson eta Noah Purifoy artistak, Gary Snyder idazlea, Luis Valdez antzerkigilea eta Peter Coyote aktorea. Erakundeetara baino, arreta artistengana bideratu nahi zuen Asawak82.
Jacksonek gogoratzen duenez, Asawa “beti zegoen isilik, entzuten. Eta Ruthek azkenean zerbait esaten zuenean, liluragarria eta zoragarria izaten zen”. Asawak aurrez antolatutakoaren ildotik, CACek zera izan zuen arreta-gune nagusi: “komunitateko pertsonak baliatzea, estetikoki askoz ere ederragoa izan dadin”83.
Papergintza-enpresa batek egindako dohaintzaren harira, Asawak eta Anne Marie Thielenek SCRAP sortu zuten (Scroungers’ Center for Recycled Art Parts), “industria soberakinak birziklatu eta material horiek eskoletan erabili” zitzaten84.
San Frantziskoko arte-batzordeak aitortza egin zion Asawari, batzordearen Capricorn Asunder galerian artistari erakusketa bat eskainita.
Asawa elkarlanean aritu zen lagun zuen Bruce Sherman beirategilearekin, beirazko ataldun alanbre lotuzko eskultura-sail bat sortzeko. Adarren arteko “espazio negatiboetan beira jartzeko” eskatu zion Shermani85. Biek ala biek “elkarri gainjarritako koloreak eta beira-geruzak sortzeko” zuten interesak bultzatuta hainbat lan sortu zituzten, hala nola Titulurik gabea (S.100) [Untitled (S.100)], zeina 1978an jarri baitzuen Asawak ikusgai Fresno Arts Centerren erakusketa batean86.
Rai Okamotok, bera ere Josef Albersen ikasle ohia, bi iturri eta bederatzi banku enkargatu zizkion Asawari San Frantziskoko Nihonmachi Pedestrian Mall saltokirako 1975ean. Asawak osatutako eskulturek origamia izan zuten oinarri, eta Corten altzairua baliatuz fabrikatu zituzten 1976an. Eskulturen formek loreak eta lorontziak zekartzaten gogora. Bankuen hormigoizko panelak Asawak, Aiko Cuneok eta bertako dendarien haurrek landu zituzten.
1977
Asawa National Endowment for the Arts (NEA) erakundeko langile bihurtu zen, artisten irakasle eta trebatzaile gisa.
1979
“Itsu geratuko naiz miniatura-lan hauek kakorratzez egiten”, esan zuen Asawak bere eskala txikiko azken eskulturez. “Erabaki dut nire begiak are gehiago aldatu aurretik egingo ditudala”87. Santa Cruz hiriko Cedar Street Galleryn erakutsi zuen saila estreinakoz.
1980
Asawa NEA erakundearen National Crafts Planning Project egitasmoko kide bilakatu zen. Asawaren interes nagusia arte plastikoen eta artisautzaren arteko banaketarekin haustea zen88.
1982
Otsailaren 12an, San Frantziskok lehen aldiz ospatu zuen Ruth Asawaren Eguna, artistak hiriko biztanle eta bisitariei ekarritako “plazer bisualari” aitortza egiteko, bai eta berak artearen hezkuntzaren alde egindako ahalegina goresteko ere. San Frantzisko iturria artelanaren aurrean egin zuten ospakizuna, eta iturriaren hamargarren urteurrena eta Alvarado School Arts Workshop tailerraren hamalaugarrena ere ospatu zituzten89.
Macy’s saltoki-kateak San Frantziskoko biztanle famatuen busto handi-handiak enkargatu zituen Aste Santuko lore ikuskizunerako. Ipar Kaliforniako biztanle nabarmenen metro pasatxoko buruen eskulturak egin zituen Asawak (bere buruari egindakoa barne); besteak beste, Joan Baez, Willie Brown, Herb Caen, Joe DiMaggio eta S.I. Hayakawarenak. Egiteko horretan hainbat kolaboratzaile izan zituen Asawak, hala nola Paul semea, Aiko alaba, eta Mae Lee eta Bob Ernstthal artistak. Macy’s saltoki-etxeak emandako argazkiak baliatu zituen Asawak erreferentziatzat, eta tarteka eskultura-gaiak gonbidatu zituen bere etxeko estudiora.
Asawak tokiko eskoletan artea sartzeko zuen irrika biziak fruituak eman zituen: McAteer High School institutuan School of the Arts ezarri zuten, eta, hala, musika, antzerkia eta arte plastikoen eskolak curriculumean txertatuta geratu ziren. “Artea ez da elitista”, esan zuen Asawak gerora, “artea erabat funtsezkoa da”90. 1987an, Susan Stauter artista-hezitzailea ezagutu zuen, eta Asawari batu zitzaion hura beren eskola-eredua eta arte-hezkuntza hiri osora zabaltzearen aldeko lanetan.
1983
Asawa eta Lanier Alemaniara joan ziren, Josef Albers Museumen inauguraziora. Frantziara bidaiatu zuten gero, Moneten lorategia bisitatu zuten Givernyn, eta Black Mountain Collegeko ikasle izandako Jean Rochinekin elkartu ziren, harekin batera Cézanneren estudioa bisitatzeko. “Jeanek eta biok zirriborroak egin genituen Cézannek margotzeko erabilitako modelo berberetatik abiatuta”, gogoratu zuen artistak gerora91.
Asawa “Milk Carton Sculpture” [Kartoizko esne-ontziekin egindako eskultura] deituriko ariketa-liburu bat osatzeko lanetan ibili zen, besteak beste, Aiko Cuneo eta Mae Leerekin elkarlanean. Artistak urteak eman zituen esne-ontziekin egindako eraikuntzen bitartez geometria solidoa irakasten, eta ariketa-liburu hura izan zen emaitza; horrela, ikasleei “objektu geometrikoak erabiltzearen esperientzia konkretua” emateko asmoa zuen92.
1984
Asawaren San Frantzisko atzo eta gaur (San Francisco Yesterday and Today) behe-erliebea jendaurrean aurkeztu zuten; hain zuzen, lan horrek San Frantziskoko paisaiak eta pertsonak irudikatzen zituen. Proiektu hori gauzatu bitartean praktiketan zeuden hiru ikasle gainbegiratu zituen Asawak93. Eskultura-multzo horretako arkudun panel izugarriak ohol kontratxapatuaren gainean muntatuta zeuden; azken horiek artistaren senarrak diseinatu eta seme-alabek ekoitzi zituzten.
1985
Otsailean, Asawari lupusa diagnostikatu zioten eta bost aste eman zituen ospitalean. Osatzen ari zela, zera esan zuen: “Gauza bakarra egiteko gai nintzen: marraztu eta akuarela txikiak margotu”. Eguneroko sormen-ariketa horri esker, “behinolako komunitate-jardun aktibotik familia-bizitza lasaiago batera igarotzeko zubia” eraiki ahal izan zuen. Gaixotasuna arintzen ari zitzaiola, zera esan zuen: “Lupusaren esperientzia honi atzera begiratzen diodanean, ez dut gaixotasun gisa ikusten, baizik eta pinturarekiko interesaren berpizkunde gisa”94.
Urrian, Asawa eta Lanier Japoniara joan ziren, Mai Arbegast lagun eta paisajistak gidatutako lorategi-bira egiteko. Bidaiaren ibilbideak barne hartzen zuen “Japoniako paisaiak marraztea Ruth Asawaren gidaritzapean”95.
1986
Asawak Egunsentia (Aurora) iturria aurkeztu zuen. Eskultura horrek badiaren ikuspegiari markoa ezartzen dio San Frantziskoko Embarcadero kaian. “Denbora luze eman dut diseinu horren inguruan pentsatzen”, esan zuen artistak. “Oso geometrikoa eta simetrikoa da”96. Hasieran aluminio-papera tolestuz osatutako eraztun bat hartu zuen Asawak eskulturaren oinarritzat; senarraren kalkuluak baliatuta, bere lorategian probatu zuen uraren funtzionamendua.
1987
Asawak Guggenheim Fellowship beka eskatu zuen, “urtebetez arreta osoa margolan-sail bati eskaintzeko” planarekin, bere lorategiko landare eta loreak iruditan jasotzeko asmoz97. Ez zioten eskaera onartu.
New Yorkeko Bard Collegek sinposio bat antolatu zuen Black Mountain Collegen ondarearen inguruan. Asawa bertan izan zen, eta bere lanak maileguan utzi zituen sinposioarekin batera antolatutako erakusketarako.
Kaliforniako Santa Rosa hiriak Asawaren iturria inauguratu zuen Old Courthouse plazan. Eskultura hori bertako eskola-umeekin elkarlanean eraiki zuen artistak, eta “Sonoma konderriko pertsonaia, eraikin, paisaia eta gertakari historiko garrantzitsuak” irudikatzen zituzten hormigoizko bederatzi panel zituen98.
San Frantziskoko Charles Campbell Galleryk Asawaren lanaren inguruko erakusketa bat antolatu zuen, Imogen Cunningham argazkilariak artistari egindako erretratuez lagunduta.
1988
Abuztuan, Ronald Reagan presidenteak Civil Liberties Act delako legea sinatu zuen, eta, horren bitartez, japoniar-estatubatuarrak legez kanpo giltzaperatu izanaren bidegabekeria aitortu zuen; horrez gain, oraindik bizirik zeuden preso-ohi guztiei 20.000 dolarreko erreparazio-ordaina eta presidentearen barkamen formala eman zizkien. 1989an, Asawak justizia sailaren erreparazio-bulegoari eskatu zion “bidegabekeria hori ama artean bizi dela” zuzentzeko, lehenbailehen99.
Asawak Ardoaren historia (The History of Wine) osatu zuen, Kaliforniako St. Helena hirian zegoen Beringer Winery ardotegirako iturri bat.
1989
School of Arts eskolako ikasleekin batera paper tolestuz egindako osagarri arinak sortu zituen Asawak eskola berean taularatzekoa zen Breathing koreografiako dantzariek erabili zitzaten.
1990
Asawa eta bere familia Rohwer kartzela-esparruan egondakoen lehenengo bilkurara joan ziren. Asawak hainbat maskara eta alanbre kiribilduzko buruko
pieza bat sortu zituen June Watanabe jatorri japoniarreko koreografo eta dantzari estatubatuarraren The Tower Collection ikuskizunerako.
1991
Asawa-Laniertarrek San Francisco Open Studios egitasmoan parte hartu zuten; haren baitan, publiko zabalak aukera zuen hiriko artisten sormen-espazioak bisitatzeko. Izena emateko orrian, zera idatzi zuen Asawak: “Nire lorategiko lore eta landareen eskulturak eta marrazkiak eginez, materialen mugak ikertzen ditut, baita hazkuntza eta forma ere”100.
1992
Asawak Black Mountain College Reunion antolatu zuen: bi eguneko sinposio bat. San Frantziskoko M.H. de Young Memorial Museumen izan zen, eta hogeita hemezortzi hizlari eta hirurogei ikasle ohi baino gehiago bildu ziren bertan.
1993
Arte plastikoetan lorpen nabarmenak erdiesteagatik Women’s Caucus for Art erakundeak saritu zituen sei emakumeetako bat izan zen Asawa. Sei emakume haien lanak jasotzen zituen erakusketa bat antolatu zuten Bellevue Art Museumen (gaur egun, Bellevue Arts Museum), Washingtonen.
Bere zirriborro-koadernoetan kakien marrazkiak ugarituz joan ahala, Asawak fruta horren edizio bat sortu zuen brontzez galdatuta. Sail horrekin, hain zuzen, berriz ere teknika hori erabiltzen hasi zen, eta, 1995 eta 2000. urteen artean, aurretik alanbre kiribilduz egindako zenbait forma brontzez galdatu zituen; prozesuan zehar, jatorrizko eskulturak eraldatu egin zituen. Piezak argizaritan sartzen zituen alanbre-harien arteko tarteak txikitzeko, eta, hartara, aleazioak gainazal sendoagoa sor zezakeen. Brontzez mamitutako piezetan “alanbre arteko hutsuneetan zehar ikusteko” gaitasuna mugatuta, gardentasunaren inguruko esperimentazioa bestelako bitartekoetara zabaldu zuen Asawak101.
1994
Asawak, Paul semeak, Addie alabak, Nancy Thompson artistak eta, geroago, Dennis Fujimoto eskultoreak nahiz Mae Lee laguntzaileak urteak eman zituzten San Jose hiriak 1989an enkargatutako Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen-monumentua (Japanese American Internment Memorial) egiteko eskultura ikertu eta gauzatzen. Horretarako, liburutegietara, museoetara, adituengana, japoniar-estatubatuarren elkarteetara eta hiriko komunitatera jo zuten, baita Asawaren beraren historiara ere: “Nire familiak jasan zuena ia japoniar-estatubatuar familia guztien historia da”102. Irin-buztinez moldatu eta brontzez galdatutako behe-erliebeko eskultura beregainak japoniar-estatubatuar historiaren kontakizuna irudikatzen du, XX. mendearen hastapenetik, Bigarren Mundu Gerran pairatutako bidegabekerietan barrena, eta gerora iritsitako erreparazioraino. Brontzezko muturrek japoniar familien armarriak (mon) ere jasotzen dituzte, San Joseko komunitateko kideenak gehienbat.
Japoniar-estatubatuar komunitateko lider ugari joan ziren oroimen-monumentuaren inaugurazio-ekitaldira, tartean, eskubide zibilen aitzindari izandako Fred Korematsu, zeina japoniar jatorriko pertsonen espetxeratzearen aurka borrokatu baitzen.
Asawak azkenekoz eskatu zuen Guggenheim Fellowship beka, Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen-monumentua lanerako egindako ikerketan oinarritutako liburu bat idatzi asmoz: “9066 agindu betearazlearen erruz espetxeratutako 110.000 pertsonen autobiografia da hau”103. Ez zuten eskaera onartu.
1995
San Frantziskoko eskolekin berrogei urtez egindako lana are gehiago zabaltze aldera, irabazi asmorik gabeko erakunde bat sortu zuen: Ruth Asawa Fund. Erakundearen helburua artehezkuntza sustatu eta babestea zen, bai eta kanpoko aditu zein artistek haurrekin lan egitea ahalbidetzeko diru-funtsak ezartzea ere. Elkarri gainjarritako bi ginkgo hostok osatzen dute erakundearen logoa, eta Asawak berak marraztu zuen.
1996
Asawa berrehun pertsona baino gehiagorekin aritu zen elkarlanean Georgiako Tifton hirian artista egoiliar gisa jardun zenean bertako komunitatearen eskultura-erretratu bat sortzeko lanetan. Tifton, gure hiria (Our Town Tifton) izeneko artelan hura irin-buztinez landu zuten eta gero hormigoiz moldatu zuten, hiriaren erdiguneko eraikin publiko batean instalatzeko.
San Francisco State Universityk (SFSU) izendatutako lehenengo Distinguished Urban Artist edo artista urbano nabarmena izan zen Asawa, eta hainbat diziplina uztartzen zituen ikastaro bat garatu zuen SFSUko ehungintza-irakasle Candace Crockettekin. Bauhaus mugimenduaren eredua eta zen filosofiaren ikuspegia baliatuta, Asawak oinarrizko diseinu-eskolak ematen zituen kolorea, marrazketa, paper tolesak eta materialen ezaugarriak lantzeko ariketen bitartez. Ikastaroan zehar Asawak eta ikasleek elkarrekin diseinatutako eskulturak SFSUko Arte Ederren Eraikineko argi-patioetan zintzilikatu zituzten. Asawaren eskulturaren bakarkako erakusketa bat antolatu zuten San Frantziskoko J.J. Brookings Galleryn.
1997–98
San Francisco Art Institutek eta SFSUk honoris causa doktore izendatu zuten Asawa. Wisconsin–Milwaukee unibertsitateak ere (garai bateko Miwaukee State Teachers’ College zenak) honoris causa doktoretza-titulua eman nahi izan zion, baina, horren ordez, 1946an eskuratu ezin izan zuen unibertsitate-titulua jasotzeko hautua egin zuen Asawak.
1999–2000
Asawa, Lanier eta Paula Freedman komisarioa Asawaren obra katalogatzen hasi ziren, ordurako bost hamarkadatik gora luzatua baitzen haren ibilbide artistikoa. Alanbre kiribilduzko miniatura-eskulturak berriz egiten hasi zen Asawa. Horien artean dago inoiz sortu zuen eskulturarik txikiena: Titulurik gabea (S.681) [Untitled (S.681)].
2001–02
Bere osasun-egoera okerrera egiten ari zenez, Asawa dagoeneko ez zen ziurtasunez marrazteko gai. Fresno Art Museumek Ruth Asawa: Completing the Circle erakusketa antolatu zuen. Bi eraikinetan banatu zuten erakusketa, eta artistaren lanekin batera, Asawa-Lanier familiako hiru belaunaldik egindako artelanak ere egon ziren ikusgai. Izenburuak artistaren printzipio nagusietako bat ematen du aditzera, honela esan baitzuen hamarkada batzuk lehenago: “Zirkulua ixten ari naiz: zerbait ikasi dut, gero aplikatu egin dut, eta orain modu batean edo bestean transmititu nahi dut, ahaztu ez dadin”104.
Bigarren Mundu Gerran espetxeratutako hemeretzi ikasle japoniar-estatubatuarren omenezko monumentu bat enkargatu zion SFSUk Asawari. Hasieran iturri bat eskatu ziotenez, ur-jauzi batek zeharkatutako harrizko lorategi bat proposatu zuen, eta Shigeru Namba eta Isao Ogura paisajistek gainbegiratu zuten haren eraikuntza-prozesua. Horrekin batera, Asawak biribilki-formako brontzezko plaka bat diseinatu zuen, eta, dokumentu ofizialak erreproduzituz, gerra garaiko bortxazko desplazamenduei buruzko kontakizuna osatu zuen bertan; honela azaldu zuen diseinua: “Harri bakoitzak hamar barneratze-esparru iraunkorretako bana ordezkatzen du [...] Harrien arteko ur-jauziak presoen askapenari egiten dio gorazarre”105. Oroimenaren lorategia (PC.012) [Garden of Remembrance (PC.012)] izendatu zuen obra, eta artistak egin zuen azken enkargu publikoa izan zen.
Ekainean, Completing the Circle erakusketa zabaldu zuten Oakland Museum of Californian. Erakusketa hedatu egin zuten Asawak egindako komunitate-lana ere barne har zezan.
2003
Asawak material eta teknika desberdinekin egindako lanei eskainitako bakarkako erakusketa bat antolatu zuten Los Angeleseko Tobey C. Moss Galleryn. Janet Koplos arte-kritikariak loreen marrazkiak goretsi zituen: “ziurtasun osoz egindako artelanok naturaren loria dakarte gogora, sinbolismo hauskorrez zertuta”106.
2005
San José Museum of Art museoaren 35. urteurrenaren kariaz, Asawak hiru eskultura eman zizkion erakundeari; tartean, Titulurik gabea (S.035) [Untitled (S.035)]. Asawak bere ibilbide osoko hamabost eskultura eman zizkion Fine Arts Museum of San Franciscori. Instalazio iraunkor gisa jarri zituzten ikusgai de Young Museumeko Hamon Observation Tower berrian.
San Frantzisko erdiguneko Rena Bransten Galleryk Asawaren lanari buruzko bakarkako erakusketa bat antolatu zuen. Galeriak artistaren lanaren inguruko beste erakusketa batzuk ere egin zituen 2007an eta 2009an.
2006
Ordurarte Asawaren lanaren inguruan antolatutako erakusketarik handiena zabaldu zuten de Young Museumen. The Sculpture of Ruth Asawa: Contours in the Air izeneko erakustaldi hark Daniell Cornell izan zuen komisario. “Formaren baitako forma jarraitua” delako gaia azaldu zen Asawaren zaintzaileek haren jarraibideen arabera gauzatutako margolan-sail batean.
2007
Stanford Unibertsitateko liburutegi-sareak Ruth Asawaren artxiboa osatzen zuten ia hirurehun dokumentazio-kutxak eskuratu zituen.
2008
Albert Lanier hil zen.
2009
Ruth Asawa: Drawing in Space erakusketa zabaldu zuten Ipar Carolinako Asheville Art Museumen.
2010
San Frantziskoko eskola-kontseiluak School of the Arts arte eskolaren izena aldatu zuen, eta Ruth Asawa San Francisco School of the Arts izendatu zuen.
2012
Texaseko Fort Worth hiriko Amon Carter Museum of American Artek Ruth Asawa: Organic Meditations erakusketa antolatu zuen, eta artistaren litografiak jarri zituen ikusgai.
2013
Berrogeita hamar urtean lehen aldiz, Asawaren lanaren inguruko bakarkako erakusketa bat izan zen New Yorken. Ruth Asawa: Objects and Apparitions izeneko erakusketa hura Christie’s enkante-etxeko Jonathan Laibek antolatu zuen, eta Rockefeller Centerren egon zen ikusgai.
Ruth Asawa abuztuaren 6an hil zen bere San Frantziskoko etxean, laurogeita zazpi urte zituela.
[Itzupena: Ane García López]
Oharrak
Sarri aipatzen diren iturriak honako laburdurekin adierazita daude:
Nathanen elkarrizketa: Ruth Asawa, “Art, Competence and Citywide Cooperation for San Francisco”, Harriet Nathanek ahozko ondarea jasotzeko 1974an eta 1976an egindako elkarrizketa, Regional Oral History Office, The Bancroft Library, University of California, Berkeley, 1980.
Ruth Asawa Papers: Ruth Asawa Papers (M1585), Department of Special Collections and University Archives, Stanford Libraries, Stanford (Kalifornia).
- Asawa, hemen aipatua: Philip E. Linhares, Ruth Asawa: Completing the Circle, Oakland Museum of California, Oakland, 2002, o.g.
- Asawak Sidney Shishidori bidalitako gutuna, [1999ko abendua?], 128. kutxa, 1. karpeta; Asawa, P3 Alternative Museumekin elkarrizketa, 14. or., 4. kutxa, 3, 4. karpeta; eta Asawa, Sharon Savagek egindako elkarrizketa, [1991?], 127. kutxa, 6. karpeta, guztiak hemen: Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Sharon Savagek egindako elkarrizketa; eta Asawa, Aiko Cuneok egindako elkarrizketa, urriak 20, 2003, 42. kutxa, 2. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers. Asawa, hemen aipatua: Nathanen elkarrizketa, 35. or.
- Asawa, Aiko Cuneok egindako elkarrizketa, urriak 20, 2003.
- Asawaren hitzaldia, 1968, 127. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Sidney Shishidori bidalitako gutuna, [1999ko abendua?].
- 129. kutxa, 13. karpeta, eta 173. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 127. kutxa, 7. karpeta, eta 173. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- “Interview with Sculptor Ruth Asawa: Artist Remembers Painful Days of Internment During World War II”, Noe Valley Voice 13, 10. zk. (1989ko abendua/1990eko urtarrila), 1. or., 20–21. or.
- Ibid., 21. or.
- Asawaren hitzaldia, 1968; eta Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1987, 129. kutxa, 9. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- 127. kutxa, 3. eta 7. karpetak, Ruth Asawa Papers.
- 128. kutxa, 2. karpeta; 127. kutxa, 5. karpeta; eta H. S. Vogel andreak [Mabel Rose Jamison] Ruth Asawari bidalitako gutuna, 1978ko maiatzak 30, 172. kutxa, 1. karpeta, guztiak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- Asawa, hemen aipatua: Mariana Cooken “Couples: Speaking from the Heart” liburuaren eskuizkribu zuzendua, 1996ko iraila, 128. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 127. kutxa, 5. karpeta; eta Asawa, Mary Emma Harrisek egindako elkarrizketa, otsailak 17, 1998, 3. or., 35. kutxa, 8. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- MSTC baliozkotze-unitateak, San Francisco State Collegeko onarpenbulegoa, 175. kutxa, 12. karpeta; eta Asawa, Elsa Cameronek egindako elkarrizketa, ekainak 3, 1974, 7. or., 127. kutxa, 2. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Mary Emma Harrisek egindako elkarrizketa, otsailak 17, 1998, 2. or.; eta Elizabeth Schmitt Jennerjahn, Mary Emma Harrisek egindako elkarrizketa (270), irailak 12, 2000, Mary Emma Harris eta Black Mountain College Project, Oral History collection, Appalachian State University, Boone, Ipar Carolina (hemendik aurrera honela aipatua: BMC Project Oral History).
- 127. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Miller doktoreari bidalitako gutuna, urtarrilak 17, 1945, 2. kutxa, Student Records, Ruth Asawa, General Files, 1933–1956, Black Mountain College Records, Western Regional Archives, State Archives of North Carolina, Asheville, Ipar Carolina.
- Milwaukee Journal, ekainak 2, 1945.
- Asawa, hemen aipatua: Nathanen elkarrizketa, 30. or.
- 127. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Elizabeth Schmitti bidalitako gutuna, irailak 23, 1945, Jennerjahn Papers, Black Mountain College Records, Western Regional Archives, State Archives of North Carolina, Asheville, Ipar Carolina (hemendik aurrera honela aipatua: Jennerjahn Papers).
- Erakusketa-eskuorria, hemen eskuragarri: University of Wisconsin– Milwaukee Libraries.
- Asawa, hemen: Alvarado History Interviews, Valerie Ferrer, 2000, 19. or., 138. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Elaine Schmittek Asawari bidalitako gutuna, apirilak 11, 1946, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- 127. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1971, 129. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers; Asawa, hemen aipatua: Mariana Cooken “Couples: Speaking from the Heart” liburuaren eskuizkribu zuzendua, 1996ko iraila; Mary Parks Washington, Mary Emma Harrisek egindako elkarrizketa (322), otsaila 2002, 2. or., BMC Project Oral History.
- 127. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 174. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Ibid.
- S. G., “Mountain Topics I”, Black Mountain College Community Bulletin, d.g. [1946ko abendua], or. g., Publications, College, Black Mountain College Community Bulletin, College Year 14, 1946–47, 27. kutxa, General Files, 1933–1956, Western Regional Archives, State Archives of North Carolina, Asheville, Ipar Carolina (hemendik aurrera honela aipatua: Black Mountain College Publications).
- Ray Johnson, “Art News”, Black Mountain College Community Bulletin, 1946ko azaroa, 3. or., 10. or., 27. kutxa, Black Mountain College Publications.
- 1940 eta 1960 artean alanbre kiribilduak Tolucan zuen presentzia teknika horrek eskualdearekin zuen loturaren adierazgarri da. Mota horretako piezak egiteko erabiltzen zen materialaren izaera industrialak eta bertakoek saskigintza mota hori artisau-lantzat baino ofiziotzat jotzeak iradokitzen du praktika urbanoa zela, eta ez tradizio indigena bat. Aurkitu diren mota horretako saski guztiek oilo-forma dute, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan datatu daitezke jatorriari erreparatuta. Thelma Morales García (Museo Hacienda La Pila museoaren zuzendaria) eta Marta Turok, Dominika Tylczek egindako elkarrizketa, 2024ko martxoa; eta Asawa, hemen aipatua: Emily Domanen “Live Wires: Ruth Asawa and the Summer of 1948 at Black Mountain College” lanaren bertsio zuzendua, otsailak 17, 2005, 2. or., 128. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1955, 129. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Albert Lanierren omenezko esku-orria, 175. kutxa, 13. karpeta, Ruth Asawa Papers; eta Albert Lanier, Mary Emma Harrisek egindako elkarrizketa (326), otsailak 28, 2002, BMC Project Oral History.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1955.
- 174. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Mary Phelan Bowlesek Elizabeth Schmitt Jennerjahni bidalitako gutuna, d.g. [1948ko ekainaren 21a baino lehen bidalia], Jennerjahn Papers.
- Albert Lanierrek Bernice Bird Lanierri bidalitako gutuna, uztailak 27, 1948, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- “Tomorrow’s Artists”, Time, abuztuak 16, 1948, 43–44. or.
- Albert Lanierrek Asawari bidalitako gutuna, ca. 1949ko apirila, Ruth Asawa Lanier, Inc.; eta Linhares, Ruth Asawa, or. g. [kronologia: 1949].
- Ruth Asawa eta Stephen Dobbs, “Community and Commitment: An Interview with Ruth Asawa”, Art Education 34, 5. zk., 1981eko iraila, 15. or.
- Asawak Cecelie “Celia” Sievertsi bidalitako gutuna, urtarrilak 1, 1950, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- Asawak Richard Nagleri bidalitako gutuna, abuztuak 10, 1992, 6. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- San Francisco State Collegeko espediente akademikoa, 175. kutxa, 12. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Erwine Lavernek Albert Lanier eta Ruth Asawari bidalitako gutuna, abenduak 18, 1951, 100. kutxa, 7. karpeta; eta Asawak AEBko patentebulegora bidalitako gutuna, maiatzak 7, 1951, 109. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Louis Pollackek Asawari bidalitako gutuna, abenduak 22, 1953, 100. kutxa, 13. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1952, 129. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawaren egiletza publikoki aitortzen duen erregistro bakarra hemen dago: “Handprint Fabrics”, Los Angeles Times, urriak 25, 1953.
- Asawa, hemen aipatua: Nathanen elkarrizketa, 129. or.; Asawak Erwine Laverneri bidalitako gutuna, d.g., 100. kutxa, 7. karpeta; eta Asawak John Hohnsbeeni bidalitako gutuna, maiatzak 22, 1954, 100. kutxa, 13. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1952.
- Ghirardelli, Ruth Asawa eta Mae Lee, apirilak 4, 1997, kasetea, 2:40 min, 41. kutxa, 10. karpeta; eta Asawak Sylvia Seventyri bidalitako gutuna, irailak 7, 1982, 127. kutxa, 5. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- “A Folded Paper Room Divider: A Make-It-Yourself Decoration”, San Francisco Examiner, ekainak 20, 1954.
- Louis Pollackek Asawari bidalitako gutuna, apirilak 27, 1954, 100. kutxa, 13. karpeta, Ruth Asawa Papers; Time, urtarrilak 10, 1955, eta Art News 53 (1954ko abendua); eta Asawak Cecelie “Celia” Sievertsi bidalitako gutuna, otsailak 15, 1955, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- Asawak Ray Johnsoni bidalitako gutuna, uztailak 11, 1956, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- Dore Ashton, “Displays at the Peridot, ACA and Heller”, New York Times, martxoak 14, 1956, B49. or.
- Dore Ashton, “Works by Boynton and Asawa Go on View”, New York Times, apirilak 29, 1959; eta Asawak Louis Pollacki bidalitako gutuna, otsailak 27, 1958, 101. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Louis Pollacki bidalitako gutuna, maiatzak 19, 1958, 101. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Louis Pollacki bidalitako gutuna, azaroak 26, 1959, 101. kutxa, 7. karpeta; eta Asawak John Hohnsbeeni bidalitako gutuna, apirilak 6, 1959, 101. kutxa, 7. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers; eta Asawa, hemen aipatua: Nathanen elkarrizketa, 129. or.
- Asawak Richmond Art Center kulturguneari, abuztuak 13, 1996 (eskuz idatzita), 106. kutxa, 8. karpeta; eta 128. kutxa, 1. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers. Eta Asawa, hemen aipatua: Cathleen Rountree, On Women Turning 70: Honoring the Voices of Wisdom, Jossey-Bass, San Frantzisko, 1999.
- Diapositiba-aurkezpen baten irudi-oinak, uztailak 14, 2002, 128. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1971, 129. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers; “Irin-buztina material soziala da; are gehiago, lagunkoia da”, hemen: Alfred Frankenstein, “Asawa Magic: Wire Sculpture, A Remarkable Exhibit”, San Francisco Chronicle, uztailak 5, 1973, 40. or.; eta 129. kutxa, 13. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, “Alvarado School Community Arts Program” delakorako elkarrizketa, ekainak 3, 1974, 29. or., 127. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Scottsdale Center for the Arts kulturgunera bidalitako gutuna, maiatzak 18, 1993, 176. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 128. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 128. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, bekarako galdetegia, Tamarind Lithography Workshop, Ruth Asawa Artist File, Department of Drawings and Prints, The Museum of Modern Art, New York.
- Ahozko ondarea jasotzeko elkarrizketa Ruth Asawa eta Robert Lanierrekin, Paul Karlstromek Mark Johnsonen laguntzarekin egina, ekainak 21 eta uztailak 5, 2022, Archives of American Art, Smithsonian Institution.
- 117. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers. Ikus, baita ere, Andrea Jepson, hemen aipatua: Alison Isenberg, “‘Culture-a-Go-Go’: The Ghirardelli Square Sculpture Controversy and the Liberation of Civic Design in the 1960s”, Journal of Social History 44, 2. zk., 2010eko negua, 395. or.
- 117. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers; eta Ruth Asawaren webgunea, https://ruthasawa.com/wp-content/uploads/2021/10/Andrea.pdf.
- 117. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Marina Budhosek egindako elkarrizketa batean aipatua, d.g., Papers of Marina Budhos (honentzat: Neighborhood Arts Program, San Francisco Arts Commission).
- Nancy Thompson, hemen: Alvarado History Interviews, Valerie Ferrer, 2000, 38–48. or., 138. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, hemen: Alvarado History Interviews, Valerie Ferrer, 12. or., 138. kutxa, 5. karpeta; eta diapositiba-aurkezpen baten irudi-oinak, uztailak 14, 2002, 128. kutxa, 4. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1971, 129. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak R.G. Kishi bidalitako gutuna, abuztuak 2, 1970, 118. kutxa, 7. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Mako Hattoriri bidalitako gutuna, urriak 19, 1984, 105. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Billi [?] bidalitako gutuna, abenduak 20, 1972, 114. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Ruth Asawa eta Stephen Dobbs, “Community and Commitment”, 16. or.; 114. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers; eta Asawa, hemen aipatua: “Over Forty Panel” batzar-agiriak, Worlds in Collision: Dialogues on Multicultural Art Issues, Reagan Louie eta Carlos Villa (ed.), International Scholars Publications, San Frantzisko, 1994, 46. or.
- Asawa, hemen aipatua: “Over Forty Panel” batzar-agiriak. Ikus, baita ere, John Kreidler, “The CETA Years, 1975–1980”, hemen: Contours in the Air: The Sculpture of Ruth Asawa, Daniell Cornell (ed.), Fine Arts Museums of San Francisco, San Frantzisko, 2006, 228–31. or.
- Asawa, hemen aipatua: Nathanen elkarrizketa, 96. or.
- Suzanne Jackson, honakoek egindako elkarrizketa: Janet Bishop eta Cara Manes, urtarrilak 14, 2024, St. Remy, New York.
- Asawa, “On Women Turning 60” liburuaren eskuizkribu zuzendua, 4. or., 128. kutxa, 1. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Aiko Cuneok egindako elkarrizketa, 2003, 42. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- National Endowment for the Arts diru-laguntza eskaera, 1976, 129. kutxa, 8. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Vince Mastropauli bidalitako gutuna, abuztuak 30, 1979, 104. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- John McClean (ed.), National Crafts Planning Project: A Report on the Project and Congress, National Endowment for the Arts, Washington, DC, 1981; eta Asawa, Wendy Garfieldek egindako elkarrizketa, 1980ko uztaila, 127. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 130. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers. Informazio-iturriek hamargarren urteurrentzat deskribatzen duten arren, iturriak bederatzigarren urtea bete berri zuen.
- Asawak Ramon C. Cortinesi bidalitako gutuna, ekainak 24, 1992, 176. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 127. kutxa, 5. karpeta; eta Asawak William Rothi bidalitako gutuna, martxoak 2, 1985, 105. kutxa, 3. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- “Milk Carton Sculpture” eskuizkribua, 1. or., 115. kutxa, 5. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- School of the Artsen praktikak egiteko eskaera, 1983, 120. kutxa, 4. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Merla Zellerbachek egindako elkarrizketa, “The Asawa Legacy: In Search of the Fountains of Ruth”, Nob Hill Gazette, 1993ko udaberria. Ikus, baita ere, Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1987, 129. kutxa, 9. karpeta; eta “Ruth Asawa: Portrait of an Artist”, 127. kutxa, 5. karpeta, biak ere hemen: Ruth Asawa Papers.
- “Japan in Autumn”, esku-orriaren maketa, Ishimoto Tours, 1985, zirriborro-koadernoa, Ruth Asawa Lanier, Inc.
- Asawa, hemen aipatua: Mildred Hamilton, “Asawa’s Tribute to Goddess of the Dawn”, San Francisco Examiner, urtarrilak 2, 1986.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1987.
- Asawak Steve Burkeri bidalitako gutuna eta zirriborro proposamena, abuztuak 20, 1984, 121. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak Robert K. Bratti bidalitako gutuna, ekainak 7, 1989, 173. kutxa, 6. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- 176. kutxa, 2. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Titulurik gabea (S.130) [Untitled (S.130)] lanaren fitxa teknikoa, 107. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawak San Jose hiriko batzordeari bertako japoniar-estatubatuarren atxiloketen inguruan bidalitako gutuna, abuztuak 30, 1990 (eskuz idatzitako zirriborroa), 122. kutxa, 3. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Guggenheim Fellowship beka-eskaera, 1994, 129. kutxa, 10. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Asawa, Pat Christensenek egindako elkarrizketa, 1982, 104. kutxa, 8. karpeta, Ruth Asawa Papers.
- Robert A. Carrigan, “Garden of Remembrance”, apirilak 19, 2002, Asawaren Oroimenaren lorategia laneko idazkuna, San Francisco State University.
- Janet Koplos, “Los Angeles: Ruth Asawa at Tobey C. Moss”, Art in America (2003ko urria), 143–44. or.