Edukira zuzenean joan

Anselm Kiefer

hezkuntza-edukia

Inspirazio-iturriak, inskripzioak eta liburuak

Anselm Kiefer irakurle porrokatua da. Bere obretako irudiak oso deigarriak eta indartsuak dira ikuslearentzat. Artelan hauen ahalmen iradokitzailearen iturburuak; batetik, Kieferren mitologia klasiko nahiz eskandinaviarraren ezagutza, eta bestetik, Testamentu Zaharreko, Kabala eta mitologiako testuen analisi kritikoa dira. Aipatu iturrietatik nahiz bestelakoetatik ateratako ideiek eta kontzeptuek —maitasunari, ulertu ezinei, erbesteari, Historiari, sormenari eta ezagutza sentikorrari buruzkoak— nahiz poeta, filosofo, intelektual eta musikarien ezagutza sentibera ere bere obretan landu izan dituen ideiak eta irudiak sortzeko balio izan diote. Nabarmentzekoa da, besteren artean, Paul Celan-i, Rainer Maria Rilke-ri, Ingeborg Bachmann-i, Friedrich Nietzsche-ri, Velimir Khlebnikov-i, Michel Foucault-i, Jules Michelet-i edo Richard Wagner-i dien mirespena.

Izen propioekin eta olerki edo testuetako pasarteekin eskuz idatzitako inskripzioak sarritan ikus daitezke bere obretan. Obraren titulua aipatzen dute zenbaitetan, eta ikusleengan gogoeta piztea eta obra interpretatzeko modu desberdinak eskaintzea dute helburu. Batzuetan, argigarriak izan beharrean, hermetikoagoa bilakatzen dute bere obra.

Anselm Kieferrentzat liburuak inspirazio-iturri izateaz gainera funtsezko osagaia dira hiru dimentsioko obrak egiten dituenean. Berealdiko liburuak egiten ditu, benetako artelanak eta parerik ez dituzten aleak, eta horietan testuak, irudiak eta material desberdinak elkartzen ditu.