Edukira zuzenean joan

Anselm Kiefer

hezkuntza-edukia

Didaktika

Sail honetan berreginda ikusiko dugu Anselm Kiefer-en oraingo bizilekua eta lanlekua, Barjac. Barjac Frantziako herria da, eta Kiefer 1993an joan zen bertara bizitzera. 350.000 m2 inguruko lursail zabal honetan, eraikinak bata bestearekin konektatzen dituzten zubiak, korridore ezkutuak eta negutegiak izandako espazioak aurki daitezke. Bere estudioaz edo lantegiaz gain, biltegiak, gonbidatuen etxe bat eta bere etxebizitza pribatua ditu bertan. Lehen harren haztegi izandakoa, artistaren esanetan, bere bizitoki berria da, Gesamtkunstwerk edo “erabateko artea esperimentatzeko” murgildu den lekua. Sail honetan irudiak bere artelanetan erabili ohi dituen materialak erakusten dituzten kuboekin, azalpen testuekin eta sortze-prozesuarekin erlazionaturik dauden objektuekin tartekatzen dira. Era berean, artista hobeto ezagutzeko, bi gune interaktibo aurkezten dira, baita bere planteamendu artistiko eta filosofikoak azaltzen dituen elkarrizketa bat ere.

Anselm Kiefer 1945ean jaio zen Donaueschingenen, gerra ondorengo Alemanian. Bere hasierako obretan, Alemaniaren memoria berreskuratu nahian, germaniar tradizioan erabat sustraituak dauden irudiak eta sinboloak erabili zituen, nazien garaian manipulatu eta nahasi izan zirenak. Hala hasi zen arakatzen mitologia klasikoa eta Eskandinaviako mitologia, Testamentu Zaharra eta juduen mistizismoa, Kabala zehazki, eta erreferentzia horiek guztiak behin eta berriro landu izan ditu bere ibilbidean zehar. Laurogeiko hamarkadan Neoespresionismoaren barruan kokatu zuten bere obra, baina, berak dioen bezala, bere lanak edozein sailkapen estilistikotik kanpo geratzen dira. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Anselm Kiefer bidaiatzen aritu zen Latinoamerikan, Asian eta Austrian. Beste kultura batzuk ezagutzeak eta haiei buruz hartu zuen ikuspegi bereziak norabide berria markatu zuten bere obran. Aldaketa hori begien bistakoa izan zen 1993an, Barjacen (Frantzia) ezarri zenean. Izan ere, garai hartatik aurrera lantzen hasitako gaiak unibertsalagoak izaten hasi ziren: kosmosa, giza gorputzaren rola, mundu naturala eta alkimia, besteak beste.