Edukira zuzenean joan

Anselm Kiefer

hezkuntza-edukia

Materialak eta balio sinbolikoa

Izenburua:
Materialak eta balio sinbolikoa
Erakusketa:
Anselm Kiefer
Gaiak:
Heriotza | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Barjac | Liburuak | Alkimia | Sentimenduak | Malenkonia
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Kiefer, Anselm

Anselm Kiefer-ek ez du bere burua ikusten koloreak konbinatu eta koadroan errealitatearen irudipena birsortzen duen pintore tradizionaltzat; horren ordez, alkimista baten antzera ikusten du bere burua, lantzen dituen substantziek eta materiek batuta elkarreragin fisikoa sortzeaz gainera balio alegorikoa edo irudizko adiera hartzen baitute. Beruna, lurra, errautsa, urre-xafla, sufrea, adarrak eta landare lehorrak, objektuak, alanbreak eta ilea dira Kieferren obran topatzen ditugun materialetako batzuk. Material horiek ez ditu ausaz aukeratzen; balio sinboliko handia emanez erabiltzen ditu.

Ura: guztia disolbatzeko eta eraldatzeko duen ahalmenarekin identifikatu ohi dugu; ibaia denean, materialak eta ideiak transmititzeko bidearen irudia da.

Beruna: kolore gris urdinxka duen metala da, astuna, xaflakorra, korrosioarekiko erresistentea eta oso biguna. Metal hau liburuak, eskulturak eta koadroak egiteko erabiltzen du eta hainbat konnotazio izan ditzake. Alkimistak urre bihurtzen duen lehengaia izateaz gain, Europako kulturan Saturno planetarekin lotzen den metala da, eta hau aldi berean malenkoniarekin lotzen da, sarritan artistekin erlazionatzen den aldartearekin, alegia.

Zementua: material hau Barjacen bizi denetik gehitu izan du bere lanetan; moduluetan erabiltzen du dorreak eta eskailera-mailak egiteko. Gaur egungo materiala da, gure garaiko sinbolo.

Hondakinak: aurriak, eraikin bat lurrera erori ondorengo hondakinak, heriotzarekin eta transzendentziarekin lotzen dira tradizio erromantikoan; Anselm Kieferren lanetan atsekabearen eta urrunaldiaren sinbolo dira zenbaitetan, baina beste gauza baten sorburu eta hasiera izatean datza haien ahalmena.