Edukira zuzenean joan

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

hezkuntza-edukia

Bildumagintzaren artea

Errenazimentua suspertze-garaia izan zen bai kultura- bai zientzia-arloetan. Estetika berritzeaz gain, zientzia aurrera zihoan eta unibertsoaren ezagupena handitzen ari zen beste itsaso eta kontinente batzuk eta haien fauna eta flora exotikoa —horien laginak hartzen zituzten— aurkitzen ziren heinean. Ezagupen zaharrak eta berriak batzeko, giza ezagutza ikusgai zuten arte-ganberak sortu zituzten. XVI. eta XVII. mendeetako ganberen jabe erregeak edo kleroa, hots, pertsona boteretsuak, ziren, beraz, gonbidapena behar zen horietara sartzeko.

Guztiz publikoa izan zen lehenengo museoa 1793an, Frantziako Iraultzan zehar, zabaldu zen: Parisko Louvre-a. Europako monarkia absolutuak erori zirenean, XIX. mendean zehar, errege-bildumak nazioetako galeria eta museo bihurtu ziren. Aristokrazia erortzeak gizarte-talde aberats berri baten sorrera ekarri zuen: goi-burgesia. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Europako eta Ameriketako industrializazio gero eta handiagoak aberastu zituen eta haien dirutzari esker, laster hartu zuten botere politikoa eta ekonomikoa, eta arte-merkatuaren kontrola. Parisera, garai hartako artearen hiriburura, adibidez, estatubatuar dirudunak joan ziren izeneko artisten lanak erosteko.

Europako errege-etxeetan legez, gizarte-talde horietakoek ere nahi zuten haien arte-bilduma pribatua. Henry Clay Frick edo Solomon R. Guggenheim bi adibide baino ez dira. Biek planifikatu zituzten haien bildumen biltegi eta ikustoki publiko izango ziren eraikinak New Yorken. Egun, museo horiek berton jarraitzen dute, euren fundatzaileen izena daroatela. Gaur, munduan, lehen mailako museo asko daude eta hala bisitariak haren interesak ase ditzake. Ia munduko hiri handi guztietan, bertakoak eta turistak iraganeko arte-bildumez goza dezakete. Guggenheim Museoak edo Vienako Kunsthistorisches Museum-a bisitatzen dituzula, ohartuko zara museo horiek bilduma pribatu batean dutela jatorria.