Edukira zuzenean joan

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

hezkuntza-edukia

Kunstkammer [Historia]

Habsburgoko etxeko Kunstkammera inoiz izan den ganberarik bikainena izan zen eta egun ere bada. XVI. mendean bizi izan zen lehenengo bildumagile aipagarria: Fernando II.a Tiroleko artxidukea. Bitxikerien eta artelanen bildumatzaile amorratua zen eta Anbras-eko gazteluan, Innsbruck-etik gertu, arte-ganbera pribatua sortu zuen. Bertara bildutako objektuak eta tramankuluak (Benvenuto Cellini-ren gatz-eta-piper ontzia, esaterako barne zegoen) eraman zituen, baita Federiko III.ak, Maximiliano I.ak eta Fernando I.ak oinordetzan utzitako bilduma ere. 1595ean hil zen Fernando eta ondoren, Rodolfo II.a ilobak bilduma erosi zuen, Fernandoren semeak, Karlos Burgauko markesak, ez baitzuen interes handirik aitaren bilduman. Habsburgotarren Kunstkammeraren eta Kunsthistorisches Museum-aren historian, Rodolfo II.a bildumagile garrantzitsuenetakoa izan zen. Vienatik Pragara eraman zuen gortea 1583an, Europa osotik Humanismoa hedatzen zen garaian, alegia. Rodolfo pertsona barnerakoia zen aldetik, haren ardurarik nagusia politika baino, mota guztietako artelanen bilduma egitea zen. Hainbat jakintza-arlo interesatzen zitzaizkion: medikuntza, astrologia, kimika, botanika, zuzenbidea, esaterako. Horrexegatik daude hainbeste motatako objektuak eta lanak haren bilduman.

Hogeita Hamar Urteko Gerran zehar —1648an amaitu zen— Vienara, antzinako hiriburura eta hiriburu berrira, eraman zuten Rodolforen bildumaren zati handi bat, Suediako tropengandik babesteko. Anbras-eko Kunstkammera Vienara ere eraman zuten, 1806an, Napoleonengandik babesteko; eta hala, lehenbiziz bildu ziren hiri batean Kunstkammereko objektu guztiak. Bilduma hori eta Habsburgoko etxeko beste bildumak elkarrekin gorde zitezen, Frantzisko Jose I.a enperadoreak, Kunsthistorisches Museum-a eraikitzeko agindu zuen. 1891n inauguratu zen museoa eta ordutik aurrera, familia inperial horrekin zerikusirik zuten objektu guztiak Kunstkammereko bildumatik atera zituzten eta egun Hofburg-eko Altxorrean daude ikusgai, Austriako etxearen bizileku izandakoa.