Edukira zuzenean joan

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

hezkuntza-edukia

Kunstkammer [Beste bilduma batzuk]

Gaur egun, Kunstkammeraren gaineko eta haien bildumen inguruko ideiak, XVI. eta XVII. mendeko ideien oso bestelakoak dira. Garai haietan, Kunstkammeretan areto gutxi batzuk zeuden eta bertan erregearen tramankulurik apartenak eta modernoenak gordetzen ziren, besteak beste: pinturak, monetak, tresna zientifikoak, bitxiak, disekatutako animalia exotikoak, naturaren mirariak eta inoiz izandako artista onenek egindako objektuak. Jabearen gozamena sortzea eta pasioa betetzea zuten helburu eta jabe horien zoragarri denaren zaletasunak itxuratzen zituen. Vienako Kunstkammeraren bi bildumagilerik garrantzitsuenak Fernando II.a Tiroleko artxidukea (1529–1595) eta Rodolfo II.a enperadorea (1552–1612) izan ziren. Fernandok biziki maite zuen bitxikeriak, erretratuak miniaturan, margoak eta armak biltzea eta horiek Anbraseko gazteluan, haren bizilekuan, Innsbruck ondoan, Tirolen, gordetzen zituen.

Haren Kunstkammera publikora ireki zen lehenengoa izan zen, diru-truke. Rodolfo II.a ez zen bildumagilea soilik —mota guztietako artea, pinturak, armadurak, objektu exotikoak eta naturaren mirariak biltzen zituen— Pragako gortean mezenas handia eta nazioarteko artisten babeslea zen. Egun, Kunstkammera Kunsthistorisches Museumeko arlo bat da eta eraikin nagusian dago Pinakotekarekin, Moneta-aretoarekin, Egiptoko eta ekialdeko arte-bildumarekin eta Antzinako Greziako eta Erromako arte-bildumarekin batera. Beste hainbat arlo daude zenbait eraikinetan: Wagenburgean, Schönbrunn jauregian, Gurdien bilduma eta Gorteko uniformeen arloa daude; Neue Burgen Arma- eta armadura-bilduma dago, baita antzinako musika-tresnen bilduma eta Ephesus Museum-a ere; Schatzkammerean Altxorra eta Habsburgoko dinastiaren opari inperialak daude; azkenik, Anbras-eko jauregian (Innsbruck) Fernando II.aren Kunstkammeraren berreraikitze bat eta antzineko gauzen bilduma daude.

Kunsthistorisches Museum-a inauguratzeko zela, 1891n, jatorrizko Kunstkammera eta haren objektu gehienak hainbat ataletan banatu ziren. Egungo Kunstkammerean eskulturak eta dekorazio-arteko objektuak, gizakiak egindako bitxikeriak eta objektu exotikoak —gehienak urregileek edo harria lantzen zutenek eginak—, estatua txikiak eta tapiz-bilduma garrantzitsua gordetzen dira. Banatu zuten arren, Kunstkammera oraindik ere aparta da eta Vienako Kunsthistorisches Museum-aren jatorritzat dute, bai erakundearen bai bildumen jatorri.