katalogoa
Morandi. Liburu-orrien artean aurkitu zituen Maisuak
Lorenza Selleri
- Izenburua:
- Morandi. Liburu-orrien artean aurkitu zituen Maisuak
- Egilea:
- Lorenza Selleri
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2019
- Neurriak:
- 26 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 190
- ISBN:
- 978-84-95216-87-8
- Lege gordailua:
- BI-214-2019
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Boloniako Eskola | Espainiako Urrezko Aroa | Antonello da Messina | Camille Corot | Colantonio | Diego Velázquez | Francisco de Goya | Giotto di Bondone | Giovanni Bellini | Guido Reni | Masaccio | Paul Cézanne | Piero della Francesca | Pierre-Auguste Renoir | Rembrandt | Tiziano Vecellio | Contini Bonacossi | Giuseppe Raimondi | Roberto Longhi | Tradizioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Akuafortea
- Artelan motak:
- Grabatua | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Chardin, Jean-Baptiste-Siméon | Crespi, Giuseppe | Greco, | Morandi, Giorgio | Zurbarán, Francisco de
Artista denboraren eskualde batean bizi da ez dagokiona halabeharrez bere garaiaren historiari [...] Faltan duen munduaren bila doa. —Henri Focillon1
Ez dakit zenbat urte daramadan Morandik bere bizitzan zehar bildu zituen liburuki, opuskulu eta aldizkarien artean; artistaren etxea ia ateraino betetzen zuten horiek, eta ate haren atzean zeuden bere astoa, objektuak, botilak eta estudio gisa baliatzen zuen gela txiki horretako leiho bakarra. Morandik testu horiek, batik bat arteari buruzkoak, egunero irakurtzearekin eraiki zuen bere kultura figuratiboa2. Horietan dute sorburua haren pasio iraunkorrenek, han bilatu zituen lan egiterakoan buruan zerabiltzan ereduak3. Artistak 1928ko autobiografian esandakoari esker dakigu zertan datzan gehien miresten dituen Antzinako Maisu haienganako lotura, ia zubia. “Sentitu nuen —dio— nire bidea aurkitzeko aurreko mendeetan egindako artelan garrantzitsuenak ulertu behar nituela. Ikerketa hauek [...] oso baliagarriak izan ziren niretzat, batez ere ikusi nuelako Antzinako Maisuek zinez eta erabateko tolesgabetasunez lan egiten zutela, haien inspirazio-iturri etengabea errealitatea izan baitzen. Horrek pentsarazi zidan horixe zela haien artelanei zerien lilura poetikoaren gakoa; izan ere, oinarri horri heldu ziotenek, antzinakoenetatik hasi eta maisu modernoetaraino, poesiaz beteriko lan bizi-biziak egin izan dituzte”4. Apur bat aurrerago, xehetasun gehiago ematen ditu eta zera aitortzen du: “Antzinako margolarien artean nire gogokoenak Toscanakoak ziren, batez ere Giotto eta Masaccio”. Hurrengo urteetan Morandirekin harremanetan egon ziren idazle eta kritikariek aitortu egin zuten beste Antzinako Maisu batzuek ere Boloniako pintorearengan izandako eragina. Roberto Longhi-k, adibidez, 1945ean Morandik gehien aipatzen zituen margolarien zerrenda bat egin zuen eta hura zendu eta urte batzuetara Giuseppe Raimondi idazleak honako hausnarketa egin zuen bere lagun pintoreari buruz: “haren ibilera kulunkariarekin, bizkarrean zeraman irudimenezko museo baten zama”5. Zerrenda horretan, beraz, Morandik 1910ean dagoeneko Florentzian ezagutu zituen Giottorekin eta Masacciorekin batera, beste hainbat izen daude: Piero della Francesca, Giovanni Bellini, Tiziano, Chardin, Corot, Renoir eta Cézanne, esaterako; iragan urruti edo hurbileko maisuak ziren horiek, zeinen inguruan Morandi, Longhik idazten duenez, “jakitun bat bezala mintzatzen zen, ez zale arretagabe gisa”6 eta haien monografia ilustratuak, erakusketa katalogoak eta modu askotako entseguak altxorrak balira bezala biltzen zituen. Raimondik, bere aldetik, izen batzuk gehitzen dizkio zerrendari eta Morandiren irudimenezko museoaren “tinpanoan” Rafael eta Seurat nahiz Caravaggio eta Matisse sartzen ditu, baita Ingres ere, dudarik gabe, baina adierazten du bien arteko laguntasunaren lehen urteetan, 1918 eta 1921 urte artean, margolariari interesatzen zitzaizkion egileak direla horiek. Raimondik egindako baieztapen hori egiaztatzeko batak besteari idatzitako eskutitzak, elkarrekin Erroma eta Florentziara egindako bidaiak eta Casa Morandi etxeko apalategietan gordetako liburuak daude. Lekukotasun ezberdinek emandako xehetasun horiei esker Morandiren erreferentzia artistikoen kartografia zehatza egiteko gai gara, baina jakin badakigu maisuen konstelazio zabal horretan harentzat oso kuttunak ziren Boloniako eskolako izar batzuk falta direla. Jakitun gara bere jaioterriko eliza eta museoetan Boloniako Trecentoko pintoreak aztertu zituela —Vitale da Bologna7, baita Jacopo Avanzi eta, dudarik gabe, Pseudo Jacopino di Francesco8—; bisita haietan lagun zuen Francesco Arcangeli-k gogoratzen duenez, ordea, artista horien koadroetako oso xehetasun jakinetan arreta jartzen zuen Morandik. Horrenbestez, zilegi da pentsatzea maisu haien inguruko ezagutza zuzena eskura zuenez gero, Morandi ez zela arduratu haiei buruzko testu ilustratuak biltzeaz, eta hori dela haren liburutegian pintore horiei buruzko testuak ez egotearen arrazoia9; gainera, ez zen erraza orduan testu horiek aurkitzea, gutxi zeuden eta tokiko argitaletxe txikien bidez bakarrik eskura zitezkeen. Gauza bera ondoriozta dezakegu ondorengo mendeetako arte boloniarraren inguruko dokumentazioari dagokionez. Hain zuzen ere, Morandiren liburuen artean, liburutegiaren beheko aldean eta etxeko armairuen artean gai horri eskainitako bi erakusketa-katalogo baino ez ditugu aurkituko, Palazzo dell’Archiginnasion hurrenez hurren 1954 eta 1956an Guido Reni eta Carracci-tarrei eskainitako erakusketei10 buruzkoak, hain zuzen. Aitzitik, Morandik behin eta berriz ikusi ahal izan zuen “Jainkozko Guido” delakoari eskainitako erakusketa, eta horrela gogorarazten digu Arcangelik bisitaldi haien benetako txostena den artikulu batean; 1955. urtean Art News aldizkarian argitaratu zena11. Renik, egia esateko, ez zuen Morandi guztiz liluratu, eta haren erretaula arranditsu eta akademizista ikaragarri handien aurrean begiak xehetasun xume eta ia marjinaletara joaten zitzaizkion, han baino ez baitzuen aurkitzen benetako egiazkotasuna. Antzeko zerbait gertatu zitzaion ere Carraccitarren erakusketan; isilune luze eta esanguratsu baten ostean gauza bakarra esan omen zion Luigi Magnani-ri mihise baten ertza seinalatuz: “[…] Hemen ikusi beharrekoa sagar hori da […]”12. Bere bizitzan zehar eman zituen elkarrizketa bakanak irakurriz gero, hemen aipatutako izen horiek behin eta berriz irakur daitezke, bai eta beste batzuk ere, esaterako, Jean Fouquet eta Antonello da Messina13. Colantonio ere aipatu beharko genuke —artista frantsesaren eragina jaso, eta Siziliakoaren maisua izan baitzen—, Morandik Via Fondazza kaleko etxean zegoen taula gaineko olio-pintura txikiari14 erreparatuta, hura egunero ikusten baitzuen. Eta inoiz argi eta garbi adierazi ez bazuen ere, litekeena da Giuseppe Maria Crespi-rengan ere bere gustuko bertute piktorikoak antzematea Morandik, bere ezaugarri piktorikoen antzekoak. Arcangelik dionenez, gogaidetasun hori jakinekoa zen Morandi ezagutzen zutenen artean15. Morandik arretaz behatu zituen zuzenean eta luzaroan etxean eskura zituen Crespiren lanak: jabetzan zituen haren lau mihise txiki emakumezkoak irudikatzen zituztenak16, nahiz Bertoldo-ren, Bertolino-ren eta Cacasenno-ren17 istorio herrikoi ezagunak inspiratutako hogei grabatuen segida, familiaren etxean luzaroan egon zirenak harik eta 1994. urtean bizirik zirauen Morandiren azken arreba Maria Teresa18 zendu zen arte. Esan gabe doa grabatzaileak ziren margolari ezagunenen grabatu teknika ere asko miresten zuela, batik bat Rembrandt-ena eta Goya-rena: “haien grabatuak artelan handiak dira, haien margolanen parekoak”19. Morandiren liburuen artean kalkografiaren teknikaren benetako jenioa izan zen Herbehereetako artistari buruzko asko zeuden; izan ere, haren lanaren kalitate paregabea gertutik aztertu zuen, erreprodukzioetan nahiz jatorrizko grabatuetan20. “Rembrandten akuaforteen liburuari begira egoten zen” ekartzen du gogora Raimondik “arretaz behatzen zuen […] langile finak beste langile baten lana behatzen duen moduan”21. Arretaz eta jakinguraz aztertzen zituen ere etxean zituen Goyaren Gerraren hondamendiak (Los desastres de la guerra) grabatu-saileko laurogei inguru ale orijinal baliotsuak, tamalez 1994. urtean ere sakabanatuta geratu zirenak22. Maisu espainiarraren lan piktorikoak ere interes bizia eragiten zioten, horren erakusgarri izanik Morandik bere liburutegian zituen Goyari buruzko lau liburuak23, zeinak ilustrazio bikainak zituzten. Izan ere, 1956. urtean Reinhart Bilduma ezagutzeko Winterthur-era bidaia egin zuenean, arreta handiz aztertu zuen han zegoen natura hil ederra24. Abagune hartan, halaber, biziki interesatu zitzaion Goyak José Pío de Molina-ri egindako erretratua, eta, nola ez, izugarri gustatu zitzaizkion bildumako Chardinen pinturak ere25. Luzaroan aztertu zituen azken horren natura hil bat —fruituak, edalontzi bat eta mertxikak otar batean irudikatzen dituena— eta Karta-gaztelua izeneko koadroa; horretan, “kontu handiz erreparatu zion karten kokaerari”26. Edozein kasutan, Morandik oso ondo ezagutzen zuen XVII. mendeko espainiar pintura-eskola27, gaur egun kontserbatzen diren liburuetako batzuek agerian jartzen dutenez. “Peinture-Couleur-Histoire” bildumako La peinture espagnole de Velasquez à Picasso liburukian, esaterako, lehenengo orrialdetan bere gustuko xehetasunak aurkitu zituen Morandik, Velázquez-en Sevillako urketaria (El aguador de Sevilla) koadro ezagunaren koloretako erreprodukzioan. Koadro horretan, terrakotazko, beirazko eta zeramikazko objektuak errealitatean ziren bezala irudikatuta daude leialtasun eta doitasun milimetrikoa erabiliz, eta hori ezin zen oharkabekoa izan Morandirentzat. Liburuko irudiak momentu horretan Sandrino Contini Bonacossi kondearen bilduman zegoen bertsioa erreproduzitzen zuen, zeina artistak agian aurrez aurre ikusteko aukera izan zuen28. Izan ere, Florentziara egin zituen bidaietako batean, 1950eko hamarkadaren hasieran seguruenik, Contini Bonacossitarren etxean geratu zen Morandi, eta jakin badakigu han Espainiako beste margolari famatu baten lana gertutik behatzeko aukera izan zuela, Francisco de Zurbarán-ena, hain zuzen. Hark margotutako Natura hila: limoiak, laranjak eta larrosa bat29 (Naturaleza muerta con limones, naranjas y una rosa) zoragarria kondearen etxeko pareta batean zegoen zintzilik, eta guztiz liluratu zuen Morandi bisita horretan lagun zuen Janet Abramowicz-ek gogoratzen duenez30. Hala ere, baliteke hura ez izatea Morandik koadro hori aurrean zuen lehen aldia; izan ere, 1930. urteko udaberrian, Roberto Longhi komisario lanetan jardun zen Erromako Galleria Nazionale d’Arte Moderna-n, Italiako bilduma ospetsu horretan zeuden Antzinako Maisu espainiarren hirurogei bat pintura aurkeztu zituen erakusketan. Haren hitzetan, “antzinako irakaspen ondo oinarritutakoen mamia” Novecento mugimenduko pintoreei ezagutaraztea zen erakusketaren asmoa31; nork daki Morandi ere talde horretan sartu nahi izan zuen Longhik. Izan ere, artista boloniarrak 1910eko hamarkadan dagoeneko interes bizia erakutsia zuen erakusketan zegoen maisu modernoenetako batekiko: Doménikos Theotokópoulos, Greco. Morandi txundituta zegoen formakuntza italiarra zuen baina gehienbat Espainian lan egin zuen maisuarekin; Raimondik gogora ekartzen du Morandi ezagutu zuenean hark Maurice Barrès-en El Greco o el secreto de Toledo liburua zuela esku artean, eta han erreproduzitutako lan batzuei buruz aritu zela lagun zuen Riccardo Bacchelli-rekin: “Cézanneren izena behin eta berriro atera zen elkarrizketa hartan” eta Morandik “autoritate gisa aipatzen zuen, eta jatorriz Kretakoa zen artista espainiar horren lan batzuen aurrendari izango balitz bezala”32. Hau da, Morandirentzat errazagoa zen bere gertuko aurrekariak ulertzea Grecoren lanari esker: garai arteko zubia zen harentzat. Raimondik ere gogoratzen du lagunak Grecoren Jasokunde edo Deikunde33 bat erakutsi ziola alboan zeraman liburu txiki batean erreproduzitutako irudi batean, eta hango xehetasun bat seinalatu omen zion hau esanez: “Lore horiek zer esan nahi duten ulertu ahal izango banu. Ezein pintore modernok ez du lortu horrelako lorerik margotzea. Renoir-ek akaso…”34. 1918. urtea zen, eta horrela jaso zuen Raimondik bere eskuetan geratu zen liburu txiki haren azalean35.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
- Vita delle forme, Turin: Piccola Biblioteca Einaudi, 1990, 98–99. or. Jatorrizkoa, Vie des formes, Parisen argitaratu zuten 1934an. [itzuli]
- Haren lagun zen Francesco Paolo Ingrao-k, Erromako bildumagileak, ondo zekien hau: “Morandik gehien estimatzen zituen opariak arte-liburuak ziren”; horregatik, ahal zuen guztietan, liburu bat oparitzen zion artistari. “Urduri begiratzen zion eramaten nion paketeari eta eskuartean zuenean orri-pasa hasten zen, horiek tolestuko ote zituen begiratu gabe”. (F. P. Ingrao, “Ricordo di Giorgio Morandi”, hemen: Quaderni morandiani 1, Milan: Mazzotta, 1985, 49. or.). [itzuli]
- L. Selleri, “La biblioteca di Morandi”, hemen: Museo Morandi. Catalogo generale, Cinisello Balsamo (Milan): Silvana Editoriale, 2004, 48–75. or. [itzuli]
- “Autobiografie di scrittori e di artisti del tempo fascista”, hemen: L’Assalto egunkaria, 1928ko otsailak 18. Morandik Antzinako Maisuekin zuen harremanean sakontzeko, ikus E. Riccomini, “Memoria e presenza”, hemen: Morandi e il suo tempo, erak. kat. (Bolonia, Galleria Comunale d’Arte Moderna, 1985eko azaroak 9–1986ko otsailak 10), Mazzotta: Milan, 1985, 11–19. or., eta A. Emiliani, “Morandi e l’antico”, hemen: Museo Morandi. Catalogo generale, op. cit., 32–45. or. [itzuli]
- G. Raimondi, Anni con Morandi, Milan: Arnoldo Mondadori Editore, 1970, 77. or. [itzuli]
- Arte-historialariak Florentziako Il Fiore galeriak 1945ean Morandiri eskainitako erakusketarako idatzi zuen aurkezpen testua da, gerora hemen berriro editatu zena: Da Cimabue a Morandi, Milan: Arnoldo Mondadori Editore, 1974, 1096. or. [itzuli]
- Litekeena da Morandik Vitale da Bolognaren lanen zatiak aztertu izana Santa Maria dei Servi basilikan, askotan joaten baitzen bertara Cimabueren erretaula mirestera. Izan ere, Cesare Brandiri 1939ko martxoak 8an bidalitako eskutitz batean idatzi zion egun hartan bertan “Vitaleren triptikoaren bi alboko zatiak ikustera” joan zela, eta zera esaten dio horiei buruz: “Benetan bikainak dira”. [itzuli]
- Haren etxean Gurutziltzatze bat irudikatzen duen freskoa dago, moztuta tamalez, eta agian jatorrizko obratik ateratako bi zati, alboetakoak: Ama Birjina eta Deikundeko aingerua irudikatzen dituzte, ca. 1320. Ikus Emiliani, op. cit., 44–45. or. [itzuli]
- Cesare Gnudi-k idatzitako liburukia da esandakoaren salbuespen bakarra: Vitale da Bologna, Milan: Silvana Editoriale d’Arte (Pittura bolognese del ’300), 1962. [itzuli]
- Guido Reni, Gian Carlo Cavalli komisario izan zuena, Cesare Gnudiren saiakera bat zuena (1954ko irailak 1–urriak 31, 1954), Bolonia: Edizioni Alfa, 1954; I Carracci, Gian Carlo Cavalli, Francesco Arcangeli, Andrea Emiliani eta Maurizio Calvesi komisario lanetan izan zituena, Cesare Gnudiren aurkezpen-saiakera bat zuena (1956ko irailak 1–urriak 31), Bolonia: Edizioni Alfa, 1956; eta I Carracci. Disegni, Denis Mahon komisario izan zuena (1956ko irailak 1–urriak 31), Bolonia: Edizioni Alfa, 1956. Litekeena da Morandik opari gisa jasotzea katalogo horiek haren lagun Cesare Gnudirengandik. [itzuli]
- F. Arcangeli, “Morandi on Guido Reni of Bologna”, hemen: Art News, New York, 1955eko otsaila, 28–32. or. [itzuli]
- L. Magnani, Il mio Morandi, Turin: Einaudi, 1982, 47. or. [itzuli]
- E. Roditi, Dialogues on Art, Londres: Secker & Warburg, 1960, 59. or. (liburukiaren kopia bat Morandiren liburutegian dago). [itzuli]
- Beatus Johannes, XV. mendearen erdialdea. [itzuli]
- F. Arcangeli, Natura ed espressione nell’arte bolognese-emiliana, Argelato (Bolonia): Minerva Edizioni, 2006, 54. or. “Giuseppe Raimondik behin baino gehiagotan gogorarazi dit Giorgio Morandik oso gustukoa zuela Dadojokalariak koadroa [Bolonia, Museo Davia Bargellini]” (F. Arcangeli, op. cit., 280. or.). Berriro ere Arcangelik laburbiltzen du: “Morandi [...] liluratuta zeukaten [...] Boloniako Trecento-ko margolariek eta Crespik. Haienganako lotura sakona sentitzen zuen eta bidegabea litzateke lotura hori haustea. Izan ere, Morandik gure mendeko Europako pintura handiaren baitan duen nagusitasunaren arrazoi gailenetako bat haren lanek antzinako Boloniako artearekin duen harremana baita; harreman hori oso garrantzitsua baina frogatzen zaila bada ere.” (F. Arcangeli, ibid., 60. or.). [itzuli]
- Emakumeak xuxurlaka, 1735–40; Emakumea eserita, 1690–95; Maria Magdalena, ca. 1700; eta Maria Magdalena, 1700–05. [itzuli]
- Istorio herrikoi eta jostagarri hauek biltzen zituen liburukiaren izenburua da hori. Aurreneko biak Giulio Cesare Croce-k (1550–1609) idatzi zituen eta hirugarrena Adriano Banchieri-k (1568–1634). Hiru istorioek partekatzen dute gai berbera: nekazarien bizitza lauaren eta kortesanoen bizitza itxuratiaren eta hutsalaren arteko kontrastea. [itzuli]
- Ikus Asta dell’eredità di Giorgio Morandi, Milan: Finarte, 1996ko martxoak 12, 64. zk. sorta, 21. or. [itzuli]
- E. Roditi, op. cit., 62. or. Izen-zerrenda horri beste hauek gehitu dakizkioke: Ingres, Morandik hark egindako akuaforte bakana baitzuen (Courtois de Presigny monsinorearen erretratua, 1816); Pissarro, haren punta lehor bat baitzeukan (Nekazariak, d.g.); eta Callot, hark egindako hemezortzi akuaforteko saila baitzuen (Gerraren miseriak eta zoritxarrak, 1633); azken sail hori biltzen zuen albuma sakabanatu egin zen gerora, cfr. Asta dell’eredità di Giorgio Morandi, op. cit., 65 zk. sorta, 21. or. [itzuli]
- Izan ere, Rembrandten lau jatorrizko grabatu zituen, oraindik ere Morandiren etxe-museoan daudenak (Emauseko afaria, 1654; Artzainen gurtza, 1656–57; Ehiza txikia bi lehoirekin, 1629; eta Emakume beltza etzanda, 1658). Ikus Emiliani, op. cit., 43. or. [itzuli]
- G. Raimondi, I divertimenti letterari (1915−1925), Milan: Arnoldo Mondadori Editore, 1966, 223. or. [itzuli]
- Ikus Asta dell’eredità di Giorgio Morandi, op. cit., 66. zk. sorta, 23. or. [itzuli]
- E. Lafluente Ferrari, Goya. Les fresques de San Antonio de la Florida à Madrid, Éditions d’Art Albert Skira (Peinture-Couleur-Histoire): Geneva, 1955, Casa Morandi etxean dago oraindik, Via Fondazza; F. J. Sánchez Cantón, Le pitture nere di Goya alla Quinta del Sordo, Milan: Rizzoli, 1963, bilduma pribatu batean dago orain; X. Desparmet Fitz-Gerald, Goya, Erroma: Edizioni Mediterranee, 1956, eta R. Th. Stoll, Goya. Dessins, Paris: Les Éditions Braun, d.g., biak artistaren etxea izandakoan daude, Grizzana Morandi udalerrian. [itzuli]
- Litekeena da Natura hila: botilak, fruituak eta oliba-txarroa (1808–12) obra izatea, baina bilduman zegoen Goyaren bigarren natura hila ere ikustea ezin bazter daiteke, Goyak garai bertsuan margotu zuena eta hiru izokin xerra irudikatzen dituena. [itzuli]
- 1930. urtean Morandik zera esan zion eskutitz batean Luigi Bartolini-ri: “Chardinek egindakoaren hamarren bat egitearekin pozik egongo nintzateke” eta, ondoren ere, 1958an, beste hau Edouard Roditi-ri: “Nire aburuz Chardin natura hilak egin izan dituzten margolarien artean handiena da”. Morandik Chardini eskainitako bost liburu zeuzkan, horien artean André de Ridder-en monografia, Parisen 1932an Edizioni di Valori Plastici etxeak argitaratutakoa. Liburu horretan Morandik mihisea prestatzeko eta koloreak egiteko teknikari buruzko lerroaldiak seinalatu zituen ertzetan markak eginez. [itzuli]
- Ikus H. Keller, “Relazione sulla visita di Morandi alla Collezione Oskar Reinhart”, hemen: Giorgio Morandi. Mostra del Centenario, Milan: Electa, 1990, 350–54. or. [itzuli]
- Cfr. F. Nurchis, Alberto Martini. Un rivoluzionario a fascicoli, Casa Testori: Novate Milanese (Milan), 2013, 51 or.; eta M.L. Frongia, “Epistolario”, hemen: Morandi nella collezione Ingrao, Cagliari: Ilisso, 2001, 109. or. [itzuli]
- Albert Skira-k 1952an argitaratu zuen liburuan, Jacques Lassaigne-ren hitzaurrea duena, aipatu artelana 20. or. erreproduzitzen da; 105. orrialdean, bestetik, goian aipatutako Francisco de Goyaren Natura hila: hiru izokin xerra agertzen da. Contini Bonacossitarrek artista garaikideek egindako artelanen bilduma bat zuten; tartean Morandiren lanak ere bazeuden, besteak beste, 1938an egindako Natura hila, Vitali-k 230 zenbakiarekin katalogatu zuena. Sandrino Contini Bonacossi kondeak eta Morandik elkar ezagutzen zutela frogatzeko, oraindik ere kondearen bisita-txartela ikus daiteke Via Fondazako estudioko pareta batean. [itzuli]
- 1633. urtean margotutako koadro hori Alessandro Contini Bonacossi kondeak erosi zuen Roberto Longhi-ren aholkua jarraituz, eta Longhik berak A. L. Mayer-ekin batera komisario lanetan 1930. urtean Erroman antolatutako Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi erakusketan erakutsi zuten (Erroma, Galleria Nazionale d’Arte Moderna, maiatza–uztaila). Morandiren liburutegiko ale hauetan ere erreproduzituta agertzen da: Martin S. Soria, The Paintings of Zurbarán, Londres: Phaidon Press, 1953 (kat. zk. 71, 47. irud., kol. errepr., or. g.); La Peinture Espagnole de Velasquez à Picasso, cit., 23. or., errepr.; eta, azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, Charles Sterling komisario izan zuen La nature morte de l’antiquité à nos jours erakusketako (1952ko apirila–ekaina, Orangerie, Paris) katalogoa (kat. zk. 73, 96−98. or., XXIX. irud., errepr.): horren azalean Zurbaránen koadroko laranja-otarraren xehetasuna erreproduzitzen da. [itzuli]
- The Art of Silence, Yale University Press: New Haven, 2004, 218. or. Zurbaráni buruzko sarrera Elías Tormo y Monzó-k Enciclopedia Italiana delakorako idatzitakoa da (Erroma: Instituto de la Enciclopedia Italiana, XXXV lib., 1937) eta zera dio bertan: “Artearen historian bakarka eta isolatuta lan egitea erabaki duten artisten artean ondorio emankorrenetakoak izan dituenetakoa da bere kasua; izan ere, bertute anakronikoak lortu zituen, nolakotasun ‘primitiboak’, baina era berean ezaugarri modernoak dituztenak ere bai. Haren lanak Piero della Francesca-rena dirudi batzuetan, bestetan XVII. mendeko Cézanne dirudi”. Nola ez alderatu Tormo y Monzók dioena Morandiren kasuarekin? [itzuli]
- Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi, op. cit., 6. or. Zurbaránen natura hilaren erreprodukzioa, 65. or., LXIV. irud. Kritikariek Zurbaráni buru zuten iritzi gehiago ezagutu nahi izanez gero, jo hona: cfr. A. Del Puppo, “Qualche caso nella moderna fortuna visiva di Zurbarán”, hemen: Zurbarán (1598–1664), erak. kat. (Ferrara, Palazzo dei Diamanti, 2013ko irailak 14–2014ko urtarrilak 6), Ferrara: Ferrara arte, 2013, 99−111. or. [itzuli]
- G. Raimondi, Anni con Morandi, op. cit., 94. or. [itzuli]
- Liburuki laburrean erreproduzitzen diren artelanak begiratuz gero, susma daiteke Morandik bere lagun idazleari erakutsitako koadroa Jasokundea (1607−1613) izan zela, Toledoko Museo Santa Cruz-en dagoena, eta liburuko 35. orrialdean agertzen dena. Raimondik irudiari buruz egiten duen deskribapen laburrari esker identifika dezakegu: “Aingeru eta santuen oinen azpian amets-gau batean jaiotako pipilak ziruditen loreak zeuden”. [itzuli]
- Ibid., 97. or. Raimondik pasadizo hori bera gogora ekartzen du aldaera txikiekin I divertimenti letterari (1915−1925), liburuan, op. cit., 24. or. Bertsio horretan, adibidez zera esaten du: “Morandik [Grecoren] koadro famatuen erreprodukzioak zituen, liburu batetik ateratakoak. Batzuk hormetan txintxetaz josiak zituen: Toledoko ikuspegia eta San Juanen irudipena, esaterako”. [itzuli]
- El Greco liburua, Manuel B. Cossío-ren testuarekin, Thomas: Bartzelona, d.g., Boloniako Biblioteca di Filologia Classica e Italianistica-n dago, Giuseppe Raimondiren liburu-bildumako funtsen artean. Azalean, dataz gain, Raimondik “Morandi” izena idatzi zuen, liburua nondik lortu zuen gogorarazteko edo. Bestetik, Casa Morandi museoan ere Henri Dumont-ek idatzitako liburu txikia gordetzen da: El Greco, Paris: Éditions Hypérion, d.g. [1948]. Morandik Grecoren jatorrizko lan bat ikusi zuen Oskar Reinhart-en bilduman, Fernando Niño de Guevara kardinalaren erretratua hain zuzen. Koadro honi buruz zera esan zuen Morandik: “ez dago ez airerik ez distantziarik figuraren eta lurraren artean” (H. Keller, op. cit., 353. or.). Litekeena da ere Boloniako Pinacoteca Nazionale-k erositako Grecoren Azken afaria (ca. 1567) ere ikustea 1952. eta 1962. urte bitartean. Izan ere, Casa Morandi museoan dagoen Giuseppe Marchiori-ren liburu baten orrien artean Morandik utzitako esku-orria aurkitu zuten (ikus. 4. zk.) Pinacoteca Nazionale di Bologna. V Settimana dei Musei Italiani erakusketari dagokiona (1962ko martxoak 25–apirilak 1). [itzuli]