Edukira zuzenean joan

Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak

katalogoa

Morandi. Incamminato berri bat

Giovanni Casini

Izenburua:
Morandi. Incamminato berri bat
Egilea:
Giovanni Casini
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2019
Neurriak:
26 x 23 cm
Orrialdeak:
190
ISBN:
978-84-95216-87-8
Lege gordailua:
BI-214-2019
Erakusketa:
Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Gaiak:
Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Natura hila | Boloniako Eskola | Agostino Carracci | Annibale Carracci | Guido Reni | Ludovico Carracci | Roberto Longhi | Tradizioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Bassano, Jacopo | Crespi, Giuseppe | Longhi, Pietro | Morandi, Giorgio

Roberto Longhi arte-historialaria Boloniako Unibertsitatean eskolak ematen hasi zenean 1934an, Boloniako Eskolaren historiari buruzko ikastaro orokor bat sortu zuen, Erdi Arotik ordura arteko tartea hartzen zuena. Momenti della pittura bolognese1 izenburuarekin argitaratu zen handik urtebetera, eta lan hartan Longhik aldarrikatzen zuen aldi hartako boloniar pinturaren ezaugarri nagusia naturalismoaren interpretazio berehalakoa eta adierazkorra zela2. Modu esanguratsuan, Longhik Giorgio Morandi-rekin bukatu zuen bere azterketa, “incamminato” (bide onetik doana)3 berri baten gisara deskribatzen baitzuen haren obra.

Longhiren arabera, Trecentoren eta Vitale da Bologna-k sortutako arte antiklasikoaren eta espresionistaren ondoren, hiru Carracci anaiak izan ziren “heroiak”: Annibale, Agostino eta Ludovico (ikus Annibale Carracci, Indabajalea); XVI. mendeko azken urteetan eta XVII. mendearen hasieran jardunean aritu ziren pintore barrokoak ziren hiru anaia haiek. Italiar eta europar Seicentoaren garapen artistiko askoren aitzindari gisa aipatzen zituen Longhik anaiok, eta zapuztu egin zuen, hala, haien klasizismoak eta Antzinateari egindako erreferentziek zuten ustezko aldea Michelangelo Merisi Caravaggio-ren muturreko naturalismoarekiko4. Carraccitarren postulatuek 1582 inguruan sortu zuten arte-eskolan iraun zuten: Accademia degli Incamminati zeritzan eskola hartan estilo piktoriko moderno bat erakusten zuten, ezarritako tradizio artistikoak oinarri zituena. Era berean, Longhik azpimarratu zuen Morandik iragana arakatzen zuela, pintura modernoaren “lehortasun izugarri problematikoa”n5 barrena bere bidea aurkitzeko. Alabaina, Longhi eruditoaren idatzietan murgildu, eta gerora beraren adiskide egin bazen ere, Morandik ez zuen berariaz ontzat jo Longhik egindako proposamena, bere artea boloniar leinuaren barruan kokatzeko. Gainera, Morandik ez zuen sekula esplizituki laudatu bere jaioterriko artea, nahiz leku hura erabakigarria izan zen haren nortasun artistikoa eratzerakoan, Boloniako Via Fondazzako bere etxean bakarrik lanean jardun zenean. Nolanahi ere, Morandik arreta jarri zuen bere aurrekari barrokoetan eta ondorengo eraginetan, nahiz haien irudietako elementu zehatz-zehatz batzuetan zentratu zen. Francesco Arcangeli arte-historialariak —artistaren adiskidea hura ere— gogoan zuen nola Boloniako Pinakoteka Nazionala bisitatzen ari zirela, Guido Reniren Ama Birjina aintzan Haurra besoetan duela eta Boloniaren zaindariak Petronio, Frantsizko, Ignazio, Xabierreko Frantzisko, Prokulo eta Floriano (Madonna col Bambino in gloria e i Santi Protettori di Bologna Petronio, Francesco, Ignazio, Francesco Saverio, Procolo e Floriano, Izurriaren erretaula ere esaten zaiona, 1630) maisulanari begira, Morandik koadroaren behealdeko xehetasun txiki eta hutsal bati erreparatu zion: Boloniako hiriaren irudikapen bat, zeinaren tratamendua Morandik konposizioaren inguruko bere ideiekin erlazionatu baitzuen6.

Carraccitarrei jarraitu zien boloniar belaunaldia eguneroko bizitzan zentratu zen eta haren alderdirik xaloenak irudikatu zituen; geroago funtsezkoa izan zen hori Italiako genero-pinturaren garapenerako, XVI. eta XVIII. mendeen artean7. Morandiren artea ezin da “genero-pintura”tzat kalifikatu, bere irudietatik elementu pintoreskoenak kendu baitzituen, objektuak berak sakonago ezagutu nahian; hala ere, esan liteke Morandik italiar genero-pinturaren tradizioari erantzuten diola, eguneroko eszenak irudikatzen dituelako. Nabarmen ikusten da hori haren bilduma pribatuan. Geroago eskuratu bazuen ere, haren bildumaren barruan badaude artearen historiako hiztegi horren aitzindaritzat hartu izan direnen obrak, ez bakarrik Boloniakoak eta Emilia-Romagnakoak, baita alboan dagoen Venetokoak ere, Jacopo Bassano-ren eta Pietro Longhi-ren bi mihise direlarik horren lekuko8. Oraindik argigarriagoa suertatzen da Giuseppe Maria Crespiren lau koadro txikiren presentzia; Longhik haren jenialtasunagatik nabarmendu zuen boloniar artista hori bere Momenti della pittura bolognese obran9. Crespiren genero-eszenek natura hilak erakusten zituzten maiz, batzuek, gainera, Morandik zeuzkan adibideetan baino askoz ere modu nabarmenagoan10.

Ziur asko, Crespiren natura hilek Morandiren ibilbidearen hasieran erakarri zuten haren arreta. 1919 inguruan, artista harremanetan egon zen Matteo Marangoni florentziar arte-historialariarekin, zeinak Seicentoko natura hilen pintore italiar gutxietsiak goraipatzen zituen artikulu bat argitaratu berria zuen. Testuak natura hil haien ikonografia aztertzen zuen, adituak une hartan berraurkitzen ari ziren italiar artearen historiako garai ahaztu bati argi berriaren pean erreparatzeko: XVII. mendea11. Artikuluak natura hil zoragarri bat zekarren, Crespiren konposizio handiago baten parte zena eta azoka-eszena bat irudikatzen zuena: Azoka Poggiotik Caianora (Fiera di Poggio a Caiano, 1709), Florentziako Uffizi Galerien jabetzakoa; Morandiri izugarri gustatzen zitzaion hiri hura, eta maiz joaten zen hara. Xehetasun handituak zuri beltzeko erreprodukzioen ohiko pikorra du, eta 1920ko hamarkada hasierako Morandiren natura hilen antza du, adibidez, Natura hila (Natura morta, 1921, V. 59) lanarena. Bi obra horiek antza dute, halaber, konposizio beteari eta haien tonu nagusiki marroi eta ilunei dagokionez. Crespiren beste arrasto bat aurkituko dugu Natura hila frutarekin (Natura morta con frutta, 1927, V. 118) obran; materia piktoriko oso trinkoa eta frutaren irudikapena ditu margolan horrek ezaugarri, eta biak ala biak hautu ezohikoak dira Morandirentzat. Lotura horiek beste obra batzuetan ere ageri dira, hala nola Natura hila (Natura morta, 1930, V. 155) eta Natura hila (Natura morta, 1930, V. 157) margolanetan.

Morandi artearen historiako testuinguru horretan kokatuta, haren obran eragina izan duten Boloniar Eskolaren alderdi batzuk argitzen dira; era berean, nabarmendu egiten da artistaren jaioterriak haren pinturan izan zuen garrantzia.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

* V. horrek Lamberto Vitali-k hemen egindako katalogazioari egiten dio erreferentzia: Morandi: Catalogo Generale, Milan: Electa, 1983.

  1. Roberto Longhi, “Momenti della pittura bolognese”, L’ Archiginnasio 30 (1935), 1/3, or. g. Orain hemen: Roberto Longhi, Da Cimabue a Morandi, Milan: Mondadori, 1982, 191–217. or. [itzuli]
  2. “(...) la sua attitudine sommamente icastica veristica asintattica, direttamente espressiva, talora persino ‘espressionistica’”. Euskaraz honela litzateke: “Jarrera eraginkorra, errealista eta asintaktikoa eta biziki espresiboa zuen, batzuetan “espresionistatzat” jo zitekeena”. Roberto Longhi, Da Cimabue a Morandi, 195. or. [itzuli]
  3. “E finisco col non trovar del tutto casuale che, ancor oggi, uno dei migliori pittori viventi d’Italia, Giorgio Morandi, pur navigando tra le secche più perigliose della pittura moderna, abbia, però, saputo sempre orientare il suo viaggio, con una lentezza meditata, con un’affettuosa studiosità, da parer quelle di un nuovo”. Euskaraz honela itzulia: “Eta bukatzeko, ez zait inolaz ere ustekabekoa iruditzen ezen, gaur egun oraindik, Italiako pintore bizidunik onenetako batek, Giorgio Morandik, pintura modernoaren eragozpenik arriskutsuenen artean nabigatzen ari den arren, jakin izan duela beti bere bidaia orientatzen, gelditasun gogoetatu batez, ikasteko gogo amultsu batekin, ‘incamminato’ moderno baten tankeran”. R. Longhi, Da Cimabue a Morandi, 217. or. [itzuli]
  4. “Qui, insomma, io avverto che è il segreto dei Carracci: in questa epopea, in questo romanzo storico, immaginato sulla grande pittura precedente, la quale viene riassunta non già come obbligazione metodica, ma come costume insostituibile, quasi come soggetto di grado più profondo per la propria pittura nuova e diversa; di affettuoso timbro lombardo”. Euskaraz honela itzulia: “Izan ere, uste dut hemen datzala Carraccitarren sekretua: epopeia honetan, kontakizun historiko honetan, aurreko pintura handia oinarri harturik imajinatuan, zeina sumatzen baita ez betebehar metodologiko baten gisara, ohitura ordezkaezin gisa baizik, pintura berri eta desberdinarentzako maila sakonagoko gai baten gisa ia; lonbardar tonu amultsukoa”. Longhi, Da Cimabue a Morandi, 209. or. [itzuli]
  5. “Pur navigando tra le secche più perigliose della pittura moderna”. Roberto Longhi, Da Cimbaue a Morandi, 127. or. [itzuli]
  6. Ikus. Francesco Arcangeli, “Morandi on Guido Reni of Bologna”, Art News, 1955eko otsaila, 30–32. eta 69. or. Arcangeli eta Morandi adiskideak izan ziren, harik eta lehenengoak artistari buruzko monografia bat idatzi zuen arte, zeina Morandiri ez baitzitzaion gustatu, uste baitzuen Arcangelik bere obra Arte Informalaren nazioarteko garapenetan integratzen zuela. [itzuli]
  7. Italiako genero-pinturaren historiaz, ikus John T. Spike (argit.), Giuseppe Maria Crespi and the Emergence of Genre Painting in Italy, Kimbell Art Museum: Fort Worth; Centro Di: Florentzia, 1986. [itzuli]
  8. Morandiren bildumaz, ikus Andrea Emiliani, “Morandi e l’Antico”, Museo Morandi: catalogo generale, Cinisello Balsamo, Milan: Silvana, 2004, 33–45. or., eta katalogo honetako Lorenza Selleriren saiakera. [itzuli]
  9. Longhik Crespiz geroztik egindako argitalpenei dagokionez, ikus Maria Cristina Bandera-ren saiakera katalogo honetan. [itzuli]
  10. Alderdi honi buruzko informazio gehiago hemen: Francesco Arcangeli, “Nature morte di Giuseppe Maria Crespi”, Paragone, XIII, 1962, 149. zk., 20–32. or. [itzuli]
  11. Matteo Marangoni, “Valori mal noti e trascurati della pittura italiana del Seicento in alcuni pittori di natura morta”, Rivista d’arte 10, 1917/18, 1–31. or. 1919ko uztailaren 22ko data duen gutun batean, Morandik galdetzen dio bere adiskide Giuseppe Raimondi-ri: “Chiedi al Marangoni se mi potesse far avere la riproduzione, staccata dal libro, del Bacco di Caravaggio”; euskaraz itzulia: “Galdetu Maragoniri ea bidal diezadakeen Caravaggioren Bakoren erreprodukzioa, liburutik aterea”. Ikus Giorgio Morandi, Lettere, (argit.) Lorella Giudici, Milan: Abscondita, 2004, 17. or. Caravaggioren Bako Maragoniren saiakeran agertzen zen, eta oso litekeena da Morandik hura irakurri izana. [itzuli]