katalogoa
Morandi eta natura hilaren tradizioa
Giovanni Casini
- Izenburua:
- Morandi eta natura hilaren tradizioa
- Egilea:
- Giovanni Casini
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2019
- Neurriak:
- 26 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 190
- ISBN:
- 978-84-95216-87-8
- Lege gordailua:
- BI-214-2019
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Erakusketak | Natura hila | Espainiako Urrezko Aroa | Diego Velázquez | Contini Bonacossi | Giuseppe Raimondi | Roberto Longhi | Tradizioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Greco, | Meléndez, Luis Egidio | Morandi, Giorgio | Zurbarán, Francisco de
Urrezko Mendeko espainiar artistak ez ziren oso ezagunak Italian Giorgio Morandi-ren prestakuntza-urteetan, nahiz Roberto Longhi kritikariak eta historialariak bere idatzietan arreta ipini Diego Velázquez-engan eta Francisco de Zurbarán-engan, (Michelangelo Merisi) Caravaggio eta italiar Seicentoaren inguruan ohartarazi zuen bezala1. Horregatik, ez da harritzekoa XVII. mendeko espainiar pintoreak oharkabean pasatu izana Morandiren erreferente gisa. Bere lanean eragina izan zuten artisten artean espainiarrik sekula aipatu ez zuen arren2, badago Greco-rekin (Doménikos Theotokópoulos) zerikusia duen gertaera argigarri bat, 1918–19 inguruan gertatu zena. Morandiren adiskide Giuseppe Raimondi kritikari literarioak, pintorearen etxera eginiko bisita bat gogoan, zioen hark Grecori buruzko liburutxo bat zabaldu zuela eta, posta-zigilu baten tamainako Jasokunde baten edo Deikunde baten irudia seinalatuz, aingeru eta sainduen oinetan zeuden lore batzuetan ipini zuela arreta: “Ulertu ahal izango banu zer diren lore hauek. Ezein pintore modernok ez du horrelako lorerik pintatu. Renoir-ek bakarrik beharbada…”3.
Dokumentu hori funtsezkoa da Morandik bere iturriekiko zuen lan-metodologia ulertzeko. Artearen historiako aldizkarietan eta liburuetan ikusten zituen zuri-beltzeko erreprodukzioen bitartez eskuratzen eta esperimentatzen zituen gehienbat artelanak, eta irudi haietatik xehetasunak ateratzen zituen kopiatzeko. Izan ere, hura izango zen, baita ere, Morandik antzinako espainiar maisuenganako zuen interesaren froga ziur eta nabarmen bakarra. Grecok margotutako loreetan Morandik ipini zuen arreta agerikoa da beraren lore-pintura batzuetan, Loreak (Fiori, 1917, Gianni Mattioli bilduma, V. 31) margolanetik hasita. Natura hil soil horretan ikusten da zer-nolako aberastasunez maneiatu zuen Morandik pintura, eta petaloak definitzen dituzten nabarmengune zuriek Grecok gai bera tratatzeko modua gogorarazten dute. Morandik Grecorenganako zuen grina bat etorri zen Italian Antzinako Maisu horren beraren berraurkikuntzarekin; izan ere, 1910eko hamarkada hasieran, Ardengo Soffici florentziar artistak eta kritikariak Greco berpiztu, eta abangoardistatzat kalifikatu zuen La Voce bere aldizkari modernoan plazaratu zuen artikulu batean (Morandik argitalpen hura irakurtzen zuen). Hain justu, artikulu hori Raimondiren kontakizunean Morandik aipatzen duen liburuaren erreseina zen4.
Italian aurki zitezkeen atzerriko monografietatik bereganatu zuen akaso Morandik XVII. mendeko espainiar pintoreen lana; horrez gain, ordea, baliteke berak zuzenean obra batzuk ikusi izana. 1920ko hamarkada bitartean, Alessandro Contini Bonacossi kondeak Italia osoko Antzinako Maisuen bildumarik zabalena bildu zuen, besteak beste Greco, Bartolomé Esteban Murillo, Velázquez eta Zurbarán bezalako maisuek egindako koadro espainiarren multzo ikaragarri bat zeukana. Longhi, zeina Morandik miresten zuen eta laster adiskide izango zuen, kondearen aholkulari bihurtu zen5. 1930ean, Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi erakusketaren komisario izan zen Erromako Arte Modernoko Galeria Nazionalean6. Erakusketaren kokapena adierazgarria zen, XIX. eta XX. mendeetako italiar artearen museo nagusia baitzen hura; beraz, pintore horien obra espazio horretan erakusteak “abangoardiako” kategoria ematen zien. Erromara egin zituen bidaietakoren batean Morandik erakusketa ikusi zuela frogatuta ez badago ere, tentagarria suertatzen da ikusi zuela pentsatzea, batik bat aurkezpena Longhik antolatu zuelako.
Contini Bonacossiren erakusketako katalogoaren sarreran, Longhik nabarmendu egiten zuen erakusketak zuen garrantzia, artista garaikideentzat bereziki, eta Zurbarán deskribatzen zuen “argiaren bidezko forma-eraikitzailerik handiena” bezala “Caravaggioren atzetik eta Cézanne-ren aurretik”7, eta artista protomodernotzat kalifikatzen zuen. Contini Bonacossi bildumak natura hil gehiegi ez bazeuzkan ere, bazeukan bat, Zurbaránen Natura hila: limoiak, laranjak eta larrosa bat (ca. 1633, gaur egun: Norton Simon Museum, Pasadena)8. Konposizio harmoniatsu baina xume hori ezaugarritzen duen objektuen antolamendu erritmikoak Morandiren natura hil batzuetan du oihartzuna, adibidez, Natura hila (Natura morta, 1920, V. 57) goiztiarrean eta Natura hila (Natura morta, 1931, V. 164) margolanean9. Are gehiago, Morandik pinturen xehetasunetan zentratzeko zuen joera ikusita, Contini Bonacossi bildumako Zurbaránen Ama Birjinaren familia (La familia de la Virgen, ca. 1630–35, gaur egun: Colección Abelló) koadroak Morandiren arreta erakar zezakeen “aranak zituen kristalezko plater horregatik, tonu delikatu desberdinak baitzituen, Cézanneren natura hil batenak bezalakoak”10. Modernotasunean modernoena izate horrek izpiritu-kide bihurtu zituen Morandirentzat espainiar maisuak11.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
* V. horrek Lamberto Vitali-k hemen egindako katalogazioari egiten dio erreferentzia: Morandi: Catalogo Generale, Milan: Electa, 1983.
- Longhik espainiar artearen inguruan plazaratu zituen argitalpenen berri izateko, ikus Maria Cristina Bandera-ren saiakera katalogo honetan. [itzuli]
- Eragin-gai horri buruz Morandik eginiko adierazpen bakarra L’Assalto aldizkarirako 1928an prestatu zuen zirriborro autobiografikoan dago: “Italian bizi izan naiz beti. Artea ikasteko bisitatu ditudan hirietatik Florentzia da gehien erakartzen nauena […] Antzinako pintoreen artean, toscanarrak dira gehien interesatzen zaizkidanak: Giotto eta Masaccio, batez ere. Modernoen artean, uste dut Corot, Courbet, Fattori eta Cézanne direla italiar tradizio loriatsuaren oinordekorik legezkoenak. Nire prestakuntzan ekarpena egin duten gure garaiko pintoreen artean, Carlo Carrà eta Ardengo Soffici aipa ditzaket”. (“Ho vissuto sempre in Italia. Delle città visitate per studiare la mia arte, quella che più mi attira è Firenze … Fra i pittori antichi, i toscani sono quelli che più mi interessano: Giotto e Masaccio sopra tutti. Dei moderni ritengo Corot, Courbet, Fattori e Cézanne gli eredi più legittimi della gloriosa tradizione italiana. Fra i pittori del nostro tempo che hanno giovato alla mia formazione ricordo Carlo Carrà e Ardengo Soffici”). Ikus Giorgio Morandi, Lettere, Lorella Giudici (argit.), Milan: Abscondita, 2004. [itzuli]
- Morandiren liburutegiko liburua hemen identifikatu zen: Flavio Fergonzi eta Maurice Barrès, Greco ou le Secret de Tolède, Paris: Emile-Paul Editeurs, 1912. Toledoko San Vicente elizako Sortzez Garbia, (Inmaculada Concepción, 1608–13) koadroaren erreprodukzio txiki bat du, eta ziur asko hura izango zen Morandi begiratzen zuen pintura. Ikus, baita ere, Maria Cristina Banderaren saiakera katalogo honetan. [itzuli]
- Soffici-k Grecoz egiten duen irakurketaz, ikus Vincenzo Farinella, “El Greco contemporáneo, 1911”, hemen: Vincenzo Farinella eta Nadia Marchioni (argit.). Scoperte e massacri: Ardengo Soffici e le avanguardie a Firenze, Florentzia: Giunti, 2016, 241–43. or. Grecoren legatuaz arte modernoan, ikus Javier Barón (argit.), El Greco y la pintura moderna, erak. kat., Madril: Museo Nacional del Prado, 2014. [itzuli]
- Contini Bonacossiren biografiaz eta haren bildumaz informazio gehiago, hemen: Collezione Contini Bonacossi nelle Gallerie degli Uffizi, Sara Draghi eta Augusta Tosone (argit.); Caterina Caneva-ren, Enrico Colle-ren, Antonio Paolucci-ren eta Anna Maria Papi-ren saiakerak, Florentzia: Giunti, 2018. [itzuli]
- Roberto Longhi eta Augusto L. Mayer (argit.), Gli antichi pittori spagnoli della collezione Contini-Bonacossi: catalogo critico, Erroma: Casa Editrice d’Arte Bestetti e Tumminelli, 1930. Ingelesez eta espainieraz ere argitaratua. [itzuli]
- “Il più grande costruttore di forme in luce, dopo Caravaggio e prima di Cézanne”. Morandik Giuseppe Raimondiri idatzi zion 1919ko uztailaren 24an, eta L’Arteko ale jakin batzuk irakurtzen saiatu zela esan zioen. Horrek iradokitzen du artistak ezagutzen zuela Longhik 1918an L’Arten Matteo Marangoniz idatzi zuen artikulua, honako iritzia zekarrena: “Valori mal noti e trascurati della pittura italiana del Seicento in alcuni pittori di ‘natura morta’”. Longhiren artikulua, hasieran L’Arten argitaratua 1928an (239–40. or.) hemen dago orain: Roberto Longhi, Scritti giovanili: 1912–1922, Edizione delle opere complete di Roberto Longhi, I. Alea, Florentzia: Sansoni, 1961, 419–21. or. Matteo Marangoni, “Valori mal noti e trascurati della pittura italiana del Seicento in alcuni pittori di ‘natura morta’”, Rivista d’arte 10, 1917/18: 1–31. or. Ikus Raimondi, Anni con Giorgio Morandi, 186. or. Maragoniren artikuluak Morandirentzat izan zuen garrantziaz, ikus “Morandi: el nuevo incamminato” izenburua duen erakusketako sarrerako atala. [itzuli]
- Luis Egidio Meléndez-en natura hil bat ere bazeukan. [itzuli]
- Paralelotasun horietaz gehiago, hemen: Maria Cristina Bandera, “Contemporaneità di Morandi”, hemen: Maria Cristina Bandera eta Marco Franciolli (argit.), Giorgio Morandi, Cinisello Balsamo, Milan: Silvana Ed., 2012, 18–21. or. Ikus, baita ere, Alessandro Del Puppo, Qualche caso nella moderna fortuna visiva di Zurbarán, hemen: Ignacio Cano Rivero, argit., Zurbarán (1598–1664), erak. kat., Ferrara: Fondazione Ferrara Arte, 2013, 108. or. [itzuli]
- Zurbaránen Ama Birjinaren familiaz sarrera hemen: Roberto Longhi eta August L. Mayer, argit., The Old Spanish Masters from the Contini-Bonacossi Collection, Erroma: Bestetti e Tumminelli, 1930, 39. or. [itzuli]
- Espainiar artearen legatua pintore modernoengan aztertu izan da, adibidez, hemen: Gary Tinterow eta Geneviève Lacambre, argit., Manet/Velázquez: the French Taste for Spanish Painting, New York: Metropolitan Museum of Art; New Haven: Yale University Press, 2003; eta Jonathan Brown (argit.), Picasso and the Spanish tradition, New Haven: Yale University Press, 1996. [itzuli]