katalogoa
Aurkezpena
Carmen Giménez
- Izenburua:
- Aurkezpena
- Egilea:
- Carmen Giménez
- Argitalpena:
- Madril: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Tf Editores, 2008
- Neurriak:
- 24,5 x 31 cm.
- Orrialdeak:
- 264
- ISBN:
- 978-84-95216-57-1
- Lege gordailua:
- M-43848-2008
- Erakusketa:
- Cy Twombly
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Bildumagintza | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Centro de Arte Reina Sofía | Guggenheim Bilbao Museoa | Prado Museoa | Tate Modern | Velázquez jauregia | New York | Italia | Antoni Tàpies | Antonio Saura | Eduardo Chillida | George Baselitz | Richard Serra | Ileana Sonnabend | Komodo enperadorea
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Twombly, Cy
Cy Twombly-ren Nine Discourses on Commodus [Komodori buruzko bederatzi gogoeta] (1963) saila erostearekin batera, Guggenheim Bilbao Museoak beste funtsezko urrats bat egin zuen arte garaikidearen garapenari ekarpen nabarmenak egin dizkioten gaur egungo artisten multzo esanguratsuak erosteko bere programan. Gainera, sendotu egin zuen, nolabait, arriskuaren aldeko bere apustu kementsua. Azken horri dagokionez, ondo gauza jakina da bai Twomblyk eta bai bereziki Komodori buruzko bederatzi gogoeta sailak sortu duten proiekzio polemikoa. Twomblyren ibilbidea 1950 inguruan hasi bazen ere, eta, beraz, mende erdi baino gehiagoan hedatu bada ere, 1980ko hamarraldia arte berandutu zen, gutxienez, kritikaren aitorpena. Baita areago ere, baldin eta haren jaioterriko arte-kritika boteretsuaren perspektiba kontuan hartzen bada, orain dela oso gutxi arte guztiz uzkurra eta zorrotza izan baita Twomblyrekin. Estatubatuar kritikaren zati handienak Twomblyren obraren kontra zuen ikuspegi horri hasiera eman zion bira erabakigarria Komodori buruzko bederatzi gogoeta sail berriak eragin zuen, oso modu esanguratsuan: sail hori da bateratu eta zatikatu ezinik sortua den lehena. Sailak eragin zuen ulertezintasunak txundimen kutsu bat ere bazuen, eta artistak Italian kokatzeko hartu zuen erabakiak areagotu besterik ez zuen egin ulertezintasun hori, une hartantxe bihurtu baitzen New York abangoardiaren munduko hiriburua, eta, hala, estatubatuar kanon bat ezarri baitzen. Ezin da ukatu, ezta ere, sail horrek gainezkatu egin zuela Twonblyren eboluzioari gero eta errezelo eta susmo gaiztoagoz begira bolada bat zeramatzatenen pazientzia, piktorizismo barroko jori baterantz artistak 1961 urteaz geroztik abiatua zuen aldaketa-prozesuaren gailur gisa ikusi baitzen. Nolanahi ere, ezin uka daiteke multzo horren garrantzi artistikoa eta esanahi historikoa, eta hala ari gara orain ospatzen, eta, ezta ere, oraingoa bezalako erakusketa monografiko bat egitearen egokitasuna, zeina baita, zalantzarik gabe, artistari egindako omenaldi bat, baina, baita ere, haren obraren zentzuan sakontzeko modu bat, Komodori buruzko bederatzi gogoeta sailaren eredu erabakigarriaren bitartez.
Bestalde, Twomblyrenganako nire interes pertsonala haren obra lehen aldiz ezagutu nuenekoa den arren, orain dela hainbat hamarkadakoa, alegia, azpimarratu nahi dut interes hori nola frogatu nuen lehen aukera objektiboa sortu zitzaidan orduko. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dut ezen, Espainiako Estatuaren Kultura-Ministerioko erakusketa-politikaren arduraduna nintzelarik, eta artean Javier Solana sozialista zelarik kultura-ministro, Cy Twombly sartu nuela Georg Baselitz-ekin, Antonio Saura-rekin, Antoni Tápies-ekin, Richard Serra-rekin eta Eduardo Chillida-rekin batera, Referencias: un encuentro artístico en el tiempo [Erreferentziak: topaketa artistiko bat denboran zehar] erakusketako sei artisten multzoan, erakusketa horrekin inauguratu baitzen 1986an Centro de Arte Reina Sofía artegunea, eta, hurrengo urtean, 1987an, erakusketa monografiko zabal bat programatu nuen estatubatuar artista handiaz Madrileko Retiro parkeko Velázquez jauregian eta kristalezko jauregian. Gainera, Twombly nabarmen ordezkatua egon zen Ileana Sonnabend bildumako funtsez Reina Sofían egin zen erakusketan, nik Espainiako Kultura-Ministerioko erakusketa-politikaren zuzendari izaten jarraitzen nuen artean.
Baina adibide horiek Cy Twomblyren nortasunari eta obrari diodan miresmen aspaldikoa eta jarraitua berresten badute ere, ez dut nabarmendu gabe utzi nahi, halaber, bai batari eta bai besteari hurbiltzeko gaurko unean eskaintzen zaigun zorioneko aukera, Museo del Pradok, Londresko Tate Modernek eta Guggenheim Bilbao Museoak bat egin baitute, hurrenez hurren, gaur bizirik dugun artistarik aipagarrienetako bati bakoitzak bere omenaldia egiten. Museo del Pradok Lepanto sailari leku eman dio bere bilduma historiko bikainaren barruan; Londresko Tate Modernek Cy Twombly. Cycles and Seasons [Cy Twombly. Zikloak eta urtaroak] deritzan atzera-begirako erakusketa bat antolatu du, eta Guggenheim Bilbao Museoak erakusketa monografiko bat zertu du, artista jenialaren sail nagusien inguruan ardaztua, Komodori buruzko bederatzi gogoeta sailetik abiatuta. Egia da urte batzuetatik hona ugaritu egin direla Twomblyri buruzko ekimenak mundu osoko foro artistiko nagusietan, artista horrek nazioartean duen erabateko ospearen ondorio logikoz, baina zeharo ohiz kanpoko gertaera da hiru museo handi, ia aldi berean, ez bakarrik haren obra ospatzen bat etortzea, baita ere ospakizun hori perspektiba desberdin eta osagarrietatik egitea.
Bilboko erakusketari dagokionez, atsegin handiz bainaiz haren antolatzailea, datu batzuk erantsi nahi dizkiot lehen iradokitakoari. Erakusketaren sorreran begien bistakoa da eragina izan duela, arestian esan dudan bezala, Komodori buruzko bederatzi gogoeta saila nabarmentzeko eta hari testuingurua emateko asmoak, eta horrek azaltzen du sail horrekin batera Cy Twomblyren beste sail garrantzitsu batzuk ere erakusketan edukitzeko egin den ahalegina. Beraz, Twomblyren sail funtsezkoenak —Ferragosto eta Quattro Stagioni [Lau urtaroak]— kokatu direneko espazioak ez bakarrik, nire ustez, baldintzarik onenak ditu horretarako, areago, erakusketaren ibilbidearen une dramatikoki erabakigarria markatzen du. Baina, sailei nagusitasuna ematerakoan, nahi izan dut erakusketaren hautaketa eta antolamendua orientatu duen espiritua bete baino zerbait gehiago egin, alegia, saiatu naiz horrekin Cy Twomblyren dinamika sortzailearen gorengo puntua dena laburbiltzen, nolabait, hor iritsi baitzuen bere helduaroaren zerumuga, 1960ko hamarkadako lehenengo urteetan, hain zuzen ere. Orduan jarri zuen Twomblyk abian bere karburazio piktorikoa, paleta sutsu eta bero batekin eta energia barrokoko leherketa batekin. Twombly orduan jarri zen, baita ere, maisu historikoen eta haien konposizio-iruditegien aurrez aurre, baina ez hainbeste haiei erantzuteko, bere su propioa ernarazteko baizik, zeinak, geroztik, ez baitio erretzeari utziko. Frank Gehry-ren arkitekturak, bere lore-forma adierazgarriekin, inspiratu du erakusketa honen aurkezpena eta muntaketa. Bereziki, eraikineko bigarren solairuan, hango aretoek Gehryren mintzaira arkitektonikorik eta espazialik bereizgarriena irudikatzen baitute, aurkeztu ahal izan dira Twomblyren sormen-lanak hain modu berezian. Areto horietako argi zenitalak —udazken kutsukoa erakusketa hau inauguratzean— ezin zien on handiagoa egin han zeuden obrei. Begien bistakoa da, gainerakoan, nahiz ez dudan Twomblyren obraren atzera-begirako ikuspegi bat eman nahi, haren ibilbide zabala ulertzen lagundu dezaketen eskulturak eta pinturak tartekatu ditudala. Ez da erraza izan, inolaz ere, oreka-puntu egokia aurkitzea, eta are gutxiago idealki nahi genituen obra guztiak edukitzea, batez ere azken garaiotan, unibertsala baita Twomblyren obraren eskaria. Nola edo hala, kalitate handiko eta espektatiba anbiziotsuko edozein proiektutan gertatzen da hori, eragozpen aurreikusi eta ustekabeko asko gainditu behar izatea, alegia. Nolanahi ere, harro nago ahal zenaren artean onena lortzeko amaieraraino gogotik lan egin izanaz, eta, ororen gainetik, batere harrokeriarik gabe esatea zilegi izan bekit, gogo-beterik nago emaitzarekin. Uste dut, azkenik, ezen erakusketara etortzen denak sumatuko duela artista zoragarri honen giroa eta espiritua, zeinak, berari darion magia pertsonal liluragarriaz gainera, pintura garaikidearen mugarik korapilatsuenetaraino eraman baikaitu.
[Itzultzailea: Jon Muñoz]