katalogoa
Cy Twombly David Sylvester-ekin berriketan
David Sylvester
- Izenburua:
- Cy Twombly David Sylvester-ekin berriketan
- Egilea:
- David Sylvester
- Argitalpena:
- Madril: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Tf Editores, 2008
- Neurriak:
- 24,5 x 31 cm.
- Orrialdeak:
- 264
- ISBN:
- 978-84-95216-57-1
- Lege gordailua:
- M-43848-2008
- Erakusketa:
- Cy Twombly
- Gaiak:
- Eskuak | Akiles | Artea eta literatura | Artea eta paisaia | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Zuria | Lan-prozesua | Materiala | Sinbologia | Eskulturagintza | Pinturagintza | Ingurunea eta natura | Itsasoa | Erroma | Poesia | Arshile Gorky | Jackson Pollock | Jasper Johns | Joan Miró | Robert Rauschenberg | Carl Gustav Jung | David Sylvester | John Keats | Katulo | Robert Burton | Itsasontziak
- Teknikak:
- Keinu-pintura
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Twombly, Cy
Cy Twombly: Hegoaldekoa naiz, eta Italia hegoaldean dago. Berez, ez nintzen Erromara joan arrazoi zehatz-mehatz intelektualengatik. Hango bizimodua gustatzen zitzaidan. Hori zen garrantzitsuena. Eta gero, funtsean, arkitektura, nire grina askotariko bat baita, panorama zoragarria, alegia. Eta, noski, berrogeita hamarreko urteetan joan nintzen Erromara, eta orduko Erroma gaur egun denaren guztiz bestelako mundu bat zen. Ez da jadanik hiri bera. Zentzu batean, bizimodua zeharo desberdina da. Espazio gehiago zegoen, ikusi eta gozatu egin zitekeen. Joan nahi duzun lekura batere estresik gabe iristeak lanak ditu orain. Jendez gainezka dago dena. Orain Erromara joango banintz, ez nintzateke ezta bi egun geratuko. Baina ni joan nintzenean, paradisuan nengoen. Beharbada, arkitekturak baino gehiago, paisaiak liluratzen nau. Hori da nire lehen maitea, paisaia.
David Sylvester: Eta zer-nolako paisaia, zehazki?
C. T.: Era guztietako paisaiak, baldin eta jendez gainezka eta porrokatuta ez badaude. Atzo Blenheimen egon ginen, eta izugarri gustatzen zait lautada hori eta zuhaitzak. Era guztietakoak gustatzen zaizkit. Ni jaio nintzen lekuan, Virginiako erdiko haranean, paisaia ez da munduko zirraragarrienetako bat, baina bai ederrenetako bat. Oso ederra da, denetik daukalako. Baditu mendiak, baditu errekak, baditu belardiak, baditu zuhaitz zoragarriak. Eta arkitektura oso ondo egokitzen zaio.
Eta Italiako hegoaldean bizi izan naiz beti, zirraragarriagoa delako. Eskualde bolkaniko bat da. Lurrak naturaltasunez du jendearengan eragina; niretzat, zentzu batean, hori da herri baten ezaugarrietako bat. Baldin eta biziko banintz, adibidez, Saharan edo Napolin edo Alpeetan, horrek guztiak oinarrizko izate bat sortzen du, pobreziaz gainera, pobrezia-egoera desberdinez gainera. Ez al zaizu iruditzen? Baliteke naturak ez bereziki erakartzea jende asko. Jende asko dago landareez, zuhaitzez, botanikaz eta gauza horietaz ezer ez dakiena. Ezagutzen nuen poeta bat botanikaz tutik ere ez zekiena. Eta esan nion: «Ezin zara poeta izan botanikaz, landareez eta gauza horietaz ezer jakin gabe; ezinezkoa da. Hori da jakin behar zenukeen lehenengo gauza».
D. S.: Uste dut Greziakoa dela gehien hunkitu nauen paisaia.
C. T.: Bai, izugarrizko indarra du, ezta?
D. S.: Haren gogortasuna gustatzen zait. Baina Indiak ere asko hunkitu ninduen, hango zabaltasun ikaragarriak, argiak, hedadurak.
C. T.: Hedadura hain da ederra, eta gero urrunean aldenduz doan ibaia, musika bezala; espazio bukoliko, zabal, hori du, betierekoa dirudiena. Baina India da herrialderik liluragarrienetako bat, zeren eta ordu erdian zeharo beste mundu batean egon zaitezkeelako —fisikoki, kulturalki, era guztietara—. Arkitektura alda daiteke, jendea alda daiteke eta, lehenik eta behin, paisaia alda daiteke, edozein norabidetan. Estatu Batuetan distantzia handiak egin behar dira edozein motatako aldaketarik ikusteko. Tira, orain, urtaro honetan, Europako iparraldearen minez egoten naiz, Errusiako gau zurien minez, alegia. Izugarri gustatzen zait San Petersburgora gau zurietan joatea, ekainaren amaieran. Errusiarrak zeharo naturaren minez egoten dira. Lurra maite dute. Leningradoz edo beste edozein lekuz liburu bat ikusten dugunean, arkitektura egoten da beti, baina heren bat lorategiei, naturari, loreei eskainia egongo da. Poeta baten edo pintore baten hilobia non, lore freskoak han. Pushkin. Gustatzen zait. Hemeretzigarren mendeko kontu bat izango da, ziur asko, baina badu bere baitan halakoxe sentimendu atsegin bat.
Egiaztatu dut zahartzerakoan batek hasierako gauza jakin batzuetara itzuli behar duela, edo maite dituen gauzetara, edo horrelako zerbaitera. Zeren eta bizitza hainbeste eratara ixten baita, edo uzten baitio hain malgua edo zirraragarria edo auskalo zer izateari. Badago nostalgiarako joera bat. Eta nik neure itsasontzietan pentsatzen dut. Uste baino korapilatsuagoa da, baina irtete bat da, baita ere, eta zeharkatu beharreko erreferentzia asko daude, orobat. Baina Niloko ontziaren gaia Winter Passage: Luxor [Neguko igaroaldia: Luxor] obran Luxorren, ibai ondoan, bizpahiru hilabete egotearen zoragarriaz, lasaitasunaz, zen. Hori baizik ez zen, neguko paisaia bat esplikatzeaz. Leku jakin batetik beste ertzeraino: beste mundura zaramatzan greziar ontzia bezalakoa da. Eskultura horrek ez zuen hori komunikatzen. Baina batzuetan Houstonen aurkitzen den pintura handiak bai islatzen du hori. Guztiaren zeharreko igaroaldi bat da.
Eta oso pozik nago ontziaren motiboa izateaz, zeren eta, txikitan, gurasoekin, Massachusettsen pasatzen baikenuen beti uda, eta ni beti itsas ondoan egoten nintzen. Ume batzuei izugarri gustatzen zaizkie autoak, baina nik grina berezia nuen itsasontzienganako, eta orain itsas ondoan bizi naiz. Izan ere, igaroaldi bat da, baina beste arrazoi askogatik ere liluragarria da. Zenbaitetan interesa duzunean, gauza asko jakiten dituzu. Ezagutuko duzu, beharbada, gai batean edo bestean interesatutako jendea, palmondoen bilduma egiten, adibidez. Mundu osoko jendea ezagutu dut palmondoen fanatikoa dena, batek sekula ezagutuko ez lukeen jendea, alegia, palmondoetan ere interesatua ez balego. Eta itsasoa: zeren eta, baldin eta konturatzen bazara, itsasoa zuria baita denboraren hiru herenetan, zuria besterik ez, goizean goiz. Udazkenean bakarrik jartzen da urdin, lanbroa desagertu egin delako. Mediterraneoa, behinik behin —Atlantikoa marroia da— zuri, zuri, zuri egoten da beti. Eta, gero, eguzkia ateratzen denean ere, zuri biziago batez tindatzen du bere burua. Udazkenean bakarrik izaten du Mediterraneoak kolore urdin eder hori, Grezian bezala. Ez nik zuriz pintatu dudalako; zuriz pintatuko nukeen zuria ez balitz ere, eta poztu egiten nau hala pintatuko nukeela pentsatzeak. Beste pertzepzio bat ezkutatzen duen zerbait da.
D. S.: Gaztetan, bereziki erakartzen zintuzten ontziak, ibaikoak ziren edo itsasora ateratzen direnak?
C. T.: Gehienetan, arrantza-ontziak izaten ziren, zeren eta ni Gloucesterrera jaisten bainintzen beti, han edukitzen baitzituzten portugesek beren arrantza-ontziak Sarda Handietan. Baina milioika kala daude, Ingalaterra Berri osoa kalaz betea dago; ez da kosta lerro zuzena, milaka kilometro senadi ditu, ontziz beteak: arraunontziak, belaontziak, era guztietako ontziak.
D. S.: Arestian aipatu duzun pintura handia eta azkenean Say Goodbye, Catullus, to the Shores of Asia Minor [Esan agur, Katulo, Asia Txikiko kostaldeei] deitu zeniona, ba al zenekien, hura pintatzen ari zinen artean, edo, hasieran, hura pintatzen hastean, igaroaldiaren gai horri buruzko koadro bat zela?
C. T.: Ez, ez dut uste. Bazeuden gai jakin batzuk beti presente zeudenak. Burton-en Anatomy of Melancholy [Malenkoniaren anatomia] erabili nahi nuen, dena hartzen baitu barnean, eta gogobeteta nindukan ideia horrek. Hainbat edizio erosi nuen; haien artean, bigarren edizio bat, idatzi zenetik hurbilena izango den materiala eduki nahi izaten dudalako: sen moduko bat edo horrelako zerbait zeureganatzen ari zara. Eta gero lana asko luzatu zen, benetan inora iritsi gabe. Erromako areto handi batean zintzilikatua zegoen, alboko bi panel horma batean; lau metro luze eta hamasei zabal da. Orduan erabaki nuen Keats-en poema baten izena jarri behar niola, eta ideia gustatu zitzaidan. Batzuetan gustatu egiten zait izenburu batek jarraitu beharreko bidearen bultzada edo norabidea edo sena ematea. Batzuetan aldatu egiten da. Bospasei urte neramatzanez —haietariko hiru lan egin gabe— asko berandutu nintzela pentsatu nuen, hitsa zen, eta deitu nahi nion On the Mists of Idleness [Nagikeriaren lainoetan]. Poema baten, edo, beharbada, bertso baten, izenburua dela uste dut.
D. S.: Ez dut oroitzen Keatsen ezein poemarik izenburu horrekin, baina baliteke ni oker egotea, edo, beharbada, bertso bat edo esaldi bat izango da. Nahiz, izan ere, uste dudan Keatsen bi bertso desberdin zeuk zeure erara bat egin dituzula, zehatz-mehatz: «lainoaren urtaroa eta oparotasun eztia» eta «udako nagitasuna laino bedeinkatu gisa».
C. T.: Tira ba, koadroa pintatzen segitu nuen, eta azkenean bukatu egin nuen, eta, egunero haren aurretik pasatu behar nuenez, kendu egin nuen handik. Bat-batean, horma hartako jatorrizko leihoak berriz ireki ziren, eta ez zen geratzen, jadanik, hura zintzilikatzeko lekurik. Eta, Houstonen nire galeria ireki zutenean, pentsatu nuen berriz bidaliko nuela Estatu Batuetara eta, beharbada, biltegietako batean bukatu ahal izango nuela koadroa. Gero Virginiara joan nintzen, eta lagun batek biltegi bat zeukan nire etxearen ondoan, eta esan nuen: «Lexingtonera bidaliko dugu koadroa eta pintura guztia»; eta han egin nuen, dena negu batean. Itsasontzien irudi horiek guztiak historiaurreko zera bat bezalakoak dira, eta badago, baita ere, ontzi zelta zoragarri bat bere arraun guztiekin. Hori pare bat urte lehenago hasi zen. Nik Katulo irakurria neukan, eta haren bertso zeharo ederretako bateko irudia iradoki zidan. Asko gustatzen zait Katulo, eta bertso hori irakurtzean batek anaia irudika dezake. Ezaguten duzu bertsoa, ezta?: «Esan agur, Katulo, Asia Txikiko kostaldeei». Hain ederra baita. Niri hain zuzen ere izugarri gustatzen zaidan munduaren zati hori da. «Asia Txikia» hitzak entzuteak gainezkaldi batek bezala du nigan eragina, ideal fantastiko baten gisara. Koadro gehienei ez diet izenbururik ere jartzen. Baina badira batzuk benetan izena jarri behar diedanak.
D. S.: Eta izenburua lanean ari zaren bitartean sortzen da?
C. T.: Ez, batzuetan bakarrik. Lehenago zerbait pasatzen da beti, hasierako koadro horietan bezala Criticism [Kritizismoa] eta Free Wheeler [Loturarik gabe], eta all-over pintura horiek. Jasper Johns eta Bob Rauschenberg han zeuden. Lana erakutsi behar genuen, eta zerrenda bat egin genuen koadroei izenburua jartzeko.
D. S.: Baina, koadroak existitzen zirenean?
C. T.: Koadroak existitzen ziren. Quattro Stagioni [Lau urtaroak] pintatu nuenean, ordea, lau urtaroak egitea pentsatzen ari nintzen. Eta urtaro bakoitza, zehazki, desberdina izatea nahi nuen.
D. S.: Baina lehen esan duzunez, batzuetan, koadro batean lanean ari zaren artean, izenburu bat etortzen zaizu burura eta orduan izenburu horrek eragina du pinturaren egikeran. Hori al da arestian esan duzuna edo gaizki ulertu dut?
C. T.: Ez, pintura handian aldatu egin zen, baina, berez, nik ez nuen ideiarik ere hiru izenburutatik zein izango zen, harik eta Houstonen Katulo hautatu nuen arte. Dena oso malgua da; horrelakoa naiz, eta azkar aldatzen naiz. Nire adimenean ordena jakin bat dagoela esan behar dut, hala ere, baina, pinturari dagokionez, askatasun handia dago, jende askorekin baino handiagoa, seguru asko. Mentalizatu egin behar izaten dut. Eta, horregatik, polikiago noa orain.
Lehen erre egiten nuen eta begiratu, erretzeak asko laguntzen baitu burua akuilatzen. Azkenean, utzi egin behar izan nuen birikak gehiegi akuilatzen ari nintzelako. Noizean behin atseden hartuz lan egiten dut, eta, oro har, zortzi orduz pintatzen dut ezer jan gabe. Baliteke ardo kopa bat hartzea pentsamendua libre ibiltzea akuilatzeko. Musika jartzen nuen beti. Zein da Filadelfian dagoen nire koadroa? Fifty Days at Iliam [Berrogeita hamar egun Iliamen] al da? Oso bitxia da, ez du inork aipatu. Ikusi al duzu inoiz? Tira, oihal-multzo baten parte da. Fifty Days at Iliam du izena: I-L-I-A-M idatzi nuen, nahiz ez den zuzena. U-M izan behar du. Baina nik hori nahi nuen, Akilesen A; beti dut gogoan A, Akilesen bezala. A ikusi nahi nuen han, eta sekula ez dit inork idatzi «Ilium»en ortografia-akats bat neukala esateko. Estatu Batuetako inork ez esan nahi dut.
D. S.: Orduan, zer egin zenuten, izenburua aldatu zenuten edo horrela utzi zenuten?
C. T.: Ez, Iliam deitzen segitzen zuten, baina inoiz ez da inor konturatu.
D. S.: Beharbada, konturatu egin dira, baina edukazioz ez dizute esan, zu oker zeundela uste zutelako.
C. T.: Edo baliteke inori ez interesatzea. Baina Akilesen A-gatik jarri nion Iliam, Vengeance of Achilles [Akilesen mendekua] A-ren formarekin egin nuelako. Akilesen gaiari eta A-ren formari ere badagokio, eraso faliko bat baitute, suziri batenaren antzekoa. Zorrotza da. Akilesen mendekua oso obra agresiboa da. Nire energia guztiaz lan egiten dut, eta lanabesek eta objektuek bultzada maskulino oso definitu bat dute, inondik ere. Maskulinoa dena faloa da, eta, gizonaren sinboloa deskribatzeko ba al da faloarekin baino modu hoberik, ezta? Itsasontzian ere agertzen da. Forma zorrotzeko norabide bat jartzen dut beti: irtena da eta batzuetan zaila da erabiltzen, norabide batean doalako, ezkerretik eskuinera, baina halakoxe sentiberatasun bat duen gai hau adierazteko modu bat da. Femeninoa dena bihotzarekin edo forma leun eta hain zuzen ere oso pintatu batekin irudikatzen da. Ukimen-pintura handia dago horietan… badakizu zer esan nahi dudan? Batzuk oso astunak izan ziren, Ferragosto deritzan saileko azkena bezala. Benetan, zeharo astunak suertatu ziren azkenean, pintura erabateko kontu bat baita. Ez nau nahigabetzen, baina koadro horiek, adibidez, Erroman pintatu nituen, izugarrizko beroarekin. Nire obra guztiek, haietariko bakoitzak, halako asaldura erakusten dute. Eta badut, nolabait, gauzen ezagutza bat. Eta badaude elementu jakin batzuk, erabiltzen ditudanak. Irudi bikoitz hori, pintura marroia bezala, hitzezkoa. Badago neskato txiki baten Jung-en adibide bat. Hitzen erabileran oinarritua dago, hitzek ume batengan izan dezaketen eraginean. Neska komunean dago eta aita oso kezkatua dago. Beraz, atera joan, eta esaten dio: «Zer ari zara?» Eta neskak erantzun: «Lau zaldi eta gurdi bat eraikitzen». Eskultura bat egiten ari zen. Umeek hori dute. Pintura ume zera bat da. Pintura, nolabait, umeen kontua da. Pinturaren erabileraz ari naiz. Ni pintzel bat erabiliz hasten naiz, baina gero pazientzia galtzen dut, ideia ez delako jadanik egokitzen, trabatu egiten da pintzela denbora-tarte baten ondoren pinturarik gabe geratzen denean. Beraz, itzuli beharra daukat, eta, ordurako, baliteke haria galdua izatea. Azkenean, eskuarekin egiten dut. Edo gero asmatu zituzten gauza zoragarri horiek dauzkat: argizari-barrak. Arkatza ere hautsi egiten delako, baldin eta oihala latzegia bada. Horregatik erabili behar izan nituen erabili ahal izango nituen gauzak, nola diren eskuak edo argizari-barra. Horrela, oldarraz balia naiteke hura amaitzen den arte. Jarraitua da. Esan nahi dut zera zehatz batez, astun batez, hitz egiten ari naizela. Eta Jungen zera aipatu dudanean ere… lurreko gauzak erabiltzen ditut, eta gizakiaren gauza batzuk, lurraren sinbolo gisa —gorotzen antza dutenak, baina lurra da—. Eta grafiko horiek guztiak paleta handiekin egin nituen… bi edo hiru koadro paletekin eta kolore guztiekin —arrosa, haragia, marroia, gorria odolerako—. Eta uste dut pintore gehienekin aldatu egin daitekeela, bizkortasun handiarekin, esan nahi denaren oldarra. Senezkoa da koadro-mota batzuetan, ez objektu bat edo zerbait berezia pintatzen ariko bazina bezala, nerbio-sistema zeharkatuko balu bezala baizik. Nerbio-sistema bezalakoa da. Ez da deskribatzen, gertatu egiten da. Sentimenduak lanari laguntzen dio. Marra sentimendua da, zerbait leunetik eta etereotik zerbait gogorrera, zakarrera, bakartira igarotzea, hasi eta bukatu egiten den zerbait. Gauza izugarri bat esperimentatuko banu bezala da, hura sentitzen ari naiz eta egoera horretan egon beharra daukat, ni ere hura bizitzen ari naizelako.
Ez dakit hura nola gauzatu. Pollock lanean ikusten duzunean… Niretzat, Pollock da estatubatuar pinturak daukan onena. Oso lirikoa da. Gorkyk, oso suharra baita, marrazki bat kopia dezake edo marrazki bat hartu eta zehatz-mehatz pintura bat bezala kopiatu, eta Miró ere aparta da. Mirók marrazki bat egin dezake pinturarekin, eta horrek, nolabait, beste prestakuntza bat esan nahi du. Komun duten nortasun-ezaugarri bat da, eta, seguru asko, dena begien bistakoa izango da denborarekin. Baina nik ez dut trebetasun hori. Lerroa edo kolorea gauzatzen da. Ziur nago ezen, hori egitean, fantasiazko sentimendu bat transmititzen ari direla, baina zerbaiten definiziorako joera handiagoa du. Halakoxe argitasun bat du, zera konplexu bat delako. Pintorea naiz, eta nire oreka gauzetan ez pensatu behar izanean datza. Pintatzean bakarrik pentsatzen dut. Kokatzearen senak eragiten du hori guztia. Nik ez dut horretan pentsatu behar. Basileako eskultura-erakusketaren instalazioa bezalakoa da: ez nuen pentsatu behar izan. Ez dut konposizioan pentsatzen; ez dut kolorea hemen edo han, horretan pentsatzen. Batzuetan, gero aldatzen dut zerbait. Horregatik gainezkaldian bakarrik kontzentratzen naiz. Gauza jakin batzuetan dago, eta, are orain arte ere, Lau urtaroak obran bezala, emozio handiz egindako pinturak dira. Eta gaizki pasatzen dut orain, ez dudalako jadanik gaixotasun mentala zilegi. Pare bat egun ohean gelditu behar izaten dut. Fisikoki ezin dut jasan, ezin naiz neure onera berriz etorri. Nire burua zurian zuri gelditzen da. Erabat zurian zuri. Ez naiz esertzeko eta irudi bat sortzeko gai. Ezin dut koadro bat sortu, dena funtzionatzen ari ez bada. Egoera bat bezalakoa da.
D. S.: Egoera bat bezalakoa. Estasiatua?
C. T.: Hori da, estasiatua. Oro har, oso umore onez egoten naiz, baina zerbait gaizki badoa, agresibo samarra izan naiteke. Hura hondatzen ari banaiz, sadiko samar bihurtzen naiz pinturarekin, baina, oro har, dibertitu egiten naiz. Gehiago da esperientzia bat bizitzea koadro bat sortzea baino. Horregatik ez dut inoiz inor izan nire ondoan. Inoiz ez. Jendea desberdina da, baina nik ezin dut interferentziarik izan. Eta ordu asko behar izaten ditut. Koadro bat pintatzeko oso asti gutxi behar da, dena ondo badoa, baina esertzea eta pentsatzea… Pinturarekin batere zerikusirik ez duten kontuetara jotzen dut, eta, batzuetan, lanean ari naizen leku aurreko gelan esertzen naiz. Istorio zirraragarri batean murgildua egotea lortzen badut, hobeto pintatzen dut, baina batzuetan ez naiz pinturan pentsatzen ari, gaian baizik. Askotan beste gela batean esertzen naiz, eta gero joan, eta sartu egiten naiz. Askatasun handia behar da. Orain bi urte daramatzat gai batean lanean: hamar koadro, eta baliteke beste bi urtez jarraitzea. Joan den udan lan egin nuen, eta uda honetan hasi naiz, eta motiborik sinpleenarekin ere, ez naiz hura egiteko gai. Eta dena askoz motelago doa. Eskulturak: ez dakit, haien berezitasuna gustatzen zaidalako. Eta baliteke zizelkatzeko gai izatea; baina pintatzeko, gero eta gutxiago.
D. S.: Aurreko gaira itzuliz, zein hitz da zehatzagoa «estasia» edo «trantzea»?
C. T.: Ez dakit. Santua bazara, «estasia», beharbada. Tira, badakizu, trantzea eta estasia desberdin samarrak dira. Estasia nabarmenagoa da; trantzea pasiboagoa da, etereoagoa, eta, beraz, galduta zaude; estasiarekin, berriz, era askotako irudiak azaleratzen dira —su-festak, Jesus eta hori guztia—.
D. S.: Hortaz, «trantzea» zehazgabea da; «estasia» hobea da?
C. T.: «Kitzikagarria» esatea izango da, beharbada, onena.
D. S.: Tira, «gainezkaldia» esatea nahiko ondo dago.
C. T.: «Gainezkaldia». Baina hori hain hitz garaikidea da. Uste dut ezen kultura gazte batean, auto bat ziztu bizian gidatzen denean, edo zubi horietako baten gainetik salto egitean, adibidez. Gainezkaldia hori dela imajinatzen dut. Sena, emozioa delako, dena batera. Eta norabide desberdinetan funtzionatzen du. Ez da erdigunea. Harago doa. Gehiago da dena batera isurtzen duen zerbait. Norbera etengabe egoera mental horretan balego, zorabiatua egongo litzateke eta erori egingo litzateke.
D. S.: Eta eskultura lasaiago dago?
C. T.: Guztiz ere bestelako egoera bat da. Eta zerbait eraikitzea da kontua. Pintura, berriz, gehiago da bat egite bat —ideien, sentimenduen bat egite bat—, giroan proiektatzen den bat egite bat.
[Itzultzailea: Jon Muñoz]
Oharra
2000ko ekainean Londresen grabatutako elkarrizketa. Interviews with American Artists argitalpenerako editatua, New Haven eta Londres, Yale University Press, 2001, 171-181. or.