Nam June Paik-en munduak
Audio-grabazioak
Atalak
Nam June Paik-en munduak
- Izenburua:
- Nam June Paik-en munduak
- Erakusketa:
- Nam June Paik-en munduak
- Gaiak:
- Artea eta musika | Artea eta teknologia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Mugimendua | Lankidetza artistikoa | Telebistak | New York | David Bowie | Joseph Beuys | Laurie Anderson | Merce Cunningham | Norman Ballard | Arnold Schönberg | Frank Gehry | John Cage | Elektronika | Laserrak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Bideoartea | Bideoinstalazioa | Ikus-entzunezkoa | Instalazioa | Performance
- Aipatutako artistak:
- June Paik, Nam
Nam June Paik korearra izan da bideoaren eta telebistaren ahalmen artistikoaren berrikuntzan eta garapenean eragin handiena izan duen artista. Bere instalazio, bideo-zinta, film eta performance ugarien bidez azpikoz gora jarri ditu arte garaikidean aldi baterako irudiari buruz ditugun ikusmoldeak.
Paikek musika-konposizioa ikasi zuen lehenik Korean eta ondoren Tokioko Unibertsitatean, eta Arnold Schoenberg konpositore modernoari buruz idatzi zuen lizentziatura-tesia. 1956an Europara joan zen bizitzera, Alemaniara hain zuzen, eta bertan abangoardiako musika, teknologia eta performancea aztertzen jarraitu zuen. 1964an NewYorkera joan zen bizitzera telebistaren eta bideoaren eremua aztertzen jarraitzeko, eta telebistarekin nahiz mugimenduzko irudiarekin diskurtso estetiko berri bat sortzen ari ziren artisten belaunaldi berri baten aitzindari bihurtu zen. Zenbaitetan Laurie Anderson, Joseph Beuys, David Bowie, John Cage eta Merce Cunningham bere lagunen lankidetzarekin sortutako bideo-zinta eta telebistarako proiektu-sorta paregabeaz gain, bideoa erabat aldatu zuten eta praktika artistiko hau berriro definitu zuten instalazio batzuk sortu zituen, Telebisten lorategia (TV Garden) (1974), Bideo arrainak (Video Fish) (1975) eta Bideo Buda (Video Buddha) (1976) esaterako.
Nam June Paik-en munduak artista honen obraren atzera begirako erakusketa da eta Museoaren bigarren solairuko aretoetan instalatua dago. Frank Gehry arkitektoak sortutako Guggenheim Bilbao Museoaren diseinua, areto klasikoak eta espazio kurbatu originalak barne hartzen dituena, aparteko ingurunea da bisitariak Paikek hasieratik orain arte egin duen lan oparoaren lorpenak eta abenturak ezagutu ditzan. Bere obra ohiko ordena kronologikoari jarraituz aurkeztu beharrean, erakusketak bere bizitzako aldi desberdinetako obren segida bat aurkezten digu, Paiken sorkuntza-lanaren topaguneak eta loturak erakustearren. Arte-arduraren ikuspegi hau bat dator Gehryren arkitektura postmodernoarekin bai eta Paikek mugimenduzko irudi elektronikoa artearen munduan barneratu duen modu eraldatzailearekin.
Gehryk diseinatutako bolumen zoragarriak eszenatoki aproposak dira Paiken bideo-instalazio berezietarako, adibidez Ilargia TB zaharrena da (Moon is the OldestTV) (1965) eta Kandela bat (Kandela proiekzioa) [One Candle (Candle Projection)] (1988). Era berean, Modulazioa sinkronoan (Modulation in Sync) (2000) obra osatzen duten bi laser-instalazioetarako ingurune ezin aproposagoa da. Lehenengo osagaia Jacob-en eskailera (Jacob’s Ladder) obra da, eta horretan laserra ur-jauzi batean zehar proiektatzen da, naturaren eta argiaren oroipen dinamiko bat izan nahi duelarik. Bigarren osagaiak, Gozoa eta ezin ederragoa (Sweet and Sublime) obrak, sabaian proiektatzen diren laser-marrazkiak ditu eta hauek TB koroa (TV Crown) (1965) obra osatzen zuen monitorean agertzen ziren irudiak lantzeko modua gogorarazten digute. Zoruan jarritako monitoreen zirkulu batek Paiken telebistarako proiektuen irudiekin egindako muntaia berezia aurkezten digu bai eta azken lau hamarkadetako performance global nagusien irudiak ere.
Norman Ballard-ekin lankidetzan burututako Laser-konoa (Laser Cone) (2000) lehen aldiz jendaurrean jartzen den Paiken azkenaldiko obretako bat dugu. Eraikuntza koniko handi honetan, Paikek konoaren gainazalean nahasteko manipulatzen ditu laser-izpiak, ikuslea argiz osatutako sorkuntza grafiko batean bilduz. Gehryk sortutako espazioak aukerakoak dira aurrekaririk ez duen instalazio honetarako, ikusleak ezin hobeto esperimentatu ahal izango baitu bertan Paikek argia eta energia manipulatzeko etengabe egin dituen saioak, hasi bideoarekin eta laserra erabili arte.
Nam June Paiken aparteko lorpenek, bere sorkuntza-lanek ezarritako aurrekariek, eta bere obraren aniztasunak baieztatu egiten dute Paikek hedabideen bidez artea ikusi eta definitzeko garaian gugan izan duen eragina. Nam June Paik-en munduak erakusketak Paikek duen garrantzia azpimarratzeaz gain, XXI. mendeko artean mugimenduzko irudiak oraindik izango duen eragin handia erakusten digu.