Edukira zuzenean joan

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

Kalea eta Denda

Info gehiago

Atalak

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

Claes Oldenburg-ek (1929) eguneroko objektuak modu asmotsuan eraldatzen ditu 1950eko hamarkadaren amaieratik, eta, harrezkero, azken bost hamarkadetako artista ezagunenetako bat da. Pop artearen, performancearen eta instalazio-artearen irudi gailena izan da. Era berean, gune publikoetan jartzeko artean eragin handia izan dute haren eskala handiko proiektuek, Coosje van Bruggen-ekin batera munduko hainbat hiritarako sortutakoak. Haren lanetan funtsezko gaiak dira industria-ekoizpeneko eguneroko objektuak, hala nola, telefonoak, komunak, autoak, eta zapatak; erakusleihoetan jartzen ditu, sakabanatuta baina asmo jakin bat betez. Haren lanetan Oldenburgek aditzera ematen du, lanen itxura eta baliabideak etengabe aldatuz, “gauzak” kulturaren transmisore eta gaur egungo munduaren fantasien, apeten eta obsesioen ikur direla.

Artista honen 1960ko hamarkadako lan berritzaileei, zehazki, hasierako lanei, inoiz eskainitako erakusketarik zabalena da hau. Erakusketaren hasieran Kalea (The Street, 1960) dago, eta hiri handi bateko bizimodu modernoaren irudikapenak, grafiti estilokoak, jasotzen ditu. Gero Denda (The Store, 1961–62) lana dator, eta bertan kontsumo-gaiak azaltzen dira. Ondoren etxe moderno bateko ohiko objektu ikusgarriak erakusgai jarri dira. Beste atal batean daude gune publikoetarako salgaien monumentu erraldoiak prestatzeko egindako marrazkiak. Amaiera-amaieran dago Sagu-Museoa (Mouse Museum, 1965/77); ibil daitekeen eskala txikiko museo bat da, eta sagu baten itxura geometrikoa du, hots, Mickey Mouse saguaren itxura, baina, laukizuzen, bi biribil eta tronpa batez (sudurra) egindakoa. Museo horretan erakusteko Oldenburgek hainbat gai bildu ditu 1950eko hamarkadatik, hala nola, objektuak, maketak eta estudioan egindako lanaren adibideak.

Oldenburgek 1960ko hamarkadan egin zituen lanetan pintura instalazioaren eta performancearen eremuetara eraman zuen. Kalea, Denda eta Etxea lan-multzoek umorez betetako jolas analitiko bat hasi zuten. Erakusketa modernoetan artelanak aurkezteko moduekin eta baldintzekin jolasean hasi zen: eskulturak sabaitik zein hormatik zintzilikatzen zituen, baxuegi nahiz altuegi; idulkiak handiegiak zein txikiegiak ziren; eta “eskultura bigunak” espero ez bezalakoak ziren, materialari eta eskalari dagokionez. Erakusketek, osotasunean, antzezlan bat ematen zuten, inauterietakoa, komediakoa, eta antzezle zituzten eguneroko objektuak.

Erakusketa Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien museoak eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarrekin antolatu dute.

BESTE ATALAK

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada, Atala, 2012

Info gehiago

Kalea eta Denda

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada, Atala, 2012

Info gehiago

Etxea eta monumentuak

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada, Atala, 2012

Info gehiago

Sagu-Museoa eta Izpi-pistolen atala

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada, Atala, 2012

Info gehiago