Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
Natura hila
Erretratua
Atalak
Paisaia
- Izenburua:
- Paisaia
- Erakusketa:
- Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura
- Gaiak:
- Arkadia | Artea eta gizartea | Artearen historia | Paisaia | Hiri-eszenak | Itsas paisaia | Landa-eszenak | Herbeheretako Urrezko Aroa | Merkataritza | Ingurunea eta natura | Holanda
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Berckheyde, Job | Berckheyde, Gerrit | Both, Jan | Cuyp, Aelbert | Porcellis, Jan | Pynacker, Adam | van de Velde, Adriaen | van de Velde Zaharra, Willem | van Everdingen, Allart | van Goyen, Jan | van Ruisdael, Jacob
XVII. mendearen erdialdera, Holandan paisaia gehiago pintatu ziren historia- eta genero-pintura, baita natura hil, baino. Horrek erakusten digu paisaia gizartearen talde askotara hedatu zela. Izan ere, pinturak eros zitzaketen etxeen artean gutxi ziren paisaiarik ez zutenak. Atzerritarrek paisaia-pintura Holandako genero bereizgarritzat zuten. Nederlanderako landschap hitzak, hasiera batean norbaiten agindupeko lurralde bati esateko erabiltzen zenak, beste esangura bat hartu zuen artearen eraginez: begiak har dezakeen eremuari hedatu zitzaion landschaparen ideia eta adiera hori beste hizkuntza batzuetara zabaldu zen, ingelesera (landscape), esaterako.
Lurraldearen zati bat itsas-mailaren azpitik dagoela eta betidanik itsasaldietatik babestu behar izan direla, holandarrentzat itsasbazterrak paper garrantzitsua bete zuen: aurkakoen mehatxuen sarbide bazen ere, Errepublikaren ekonomiaren oinarri zen, arrantza eta, batez ere, itsasoko merkataritza zirela eta. Horrexegatik ohikoak dira pintura holandarrean itsaso barean edo harrotuan nabigatzen duten ontzien irudiak —horien maisu handiak izan ziren Jan Porcellis (ca. 1584–1632) eta Willem van de Velde (1611–1693), besteak beste—. Dunen paisaiak holandarrek baizik ez jorratzen zituzten berezitasunak ziren: Jan van Goyen-ek (1596–1656), esaterako, hondarrezko bideak eta etxola soilak jartzen zituen pinturaren erdigunean; bada, Haarlem, Leiden eta Haga hirien inguruetan ikusten zituzten horrelakoak. Horrez gain, horizontea behera eraman zuten eta hala, Holandako ordokiaren irudi tipikoa sortu zuten: hodei-multzo askoko zeru garai nahasia duen paisaia.
Kostaldearen, dunen eta ibaien paisaiek hiriko biztanleek atseden hartzeko lekuak irudikatzen zituzten. Hirien ikuspegi topografikoek, berriz, ekonomiaren eta ongizatearen berri ematen zuten. Azken horien gaineko lanak egin zituzten Job (1630–1693) eta Gerrit Berckheyde (1638–1698) anaiek; Aelbert Cuyp-ek (1620–1691), aldiz, artzainak eta abereak jasotzen zituen paisaia holandarra argi urrekaraz busti zuen hegoaldeko paisaien itxura emateko. Ildo horretatik, italiarren estiloari jarraiki margotu eta arrakasta izan zuten, besteak beste, Jan Both-ek (ca. 1618–1652), Adam Pynacker-ek (ca. 1620–1673) eta Adriaen van de Velde-k (1636–1672). Aurriak eta artzainak gehitu zituzten eta hala, Arkadiaren ametsa elikatu zuten, Urrezko Aroan artzainen idilioa nagusitu behar baitzen. Dena den, Europako iparraldea ere motibo exotikoen iturri izan zen: Allart van Everdingen-ek (1621–1675) eta Jacob van Ruisdael-ek (1628/29–1682) Eskandinaviako paisaiak ur-jauzi ikusgarridun bazter babesgabe gisa eman zituzten eta irudi horiek, ziur asko, hirietako holandarrak liluratu zituzten.