Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova
Varvara Stepanova, Rtny Khomle poema-libururako ilustrazioa‚ 1918
Iruzkinak
Nadezhda Udaltsova, Konposizioa (1913)
- Izenburua:
- Nadezhda Udaltsova, Konposizioa (1913)
- Erakusketa:
- Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova
- Gaiak:
- Artea eta politika | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Oihal-diseinua | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Paris | Alexander Drevin
- Mugimendu artistikoak:
- Fauvismoa | Kubismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Popova, Liubov | Udaltsova, Nadezhda
Nadezhda Udaltsova Liubov Popova-ren lagun mina izan zen. 1912an Parisera joan ziren biak Academie de la Palette ikastegian ikasteko, eta han Henri Le Fauconnier eta Metzinger izan zituzten irakasle. Nadezhdak konposizio kubista baten edo ikuspegi futurista baten tankera hartu zion hiriari eta, geroago esango zuenez, Parisek —bere etxeen kuboekin, bere bidezubiek osatutako sareekin, bere tren‑makinen ke‑lorratz, hegazkin eta airez garraiatutako gidagarriekin— “arte orijinalaren erakusketa xelebre bezain ederra zirudien”.
Konposizioa (1913) koadroa ez‑ohiko samarra dugu. Erdigunean multzo trinko bat osatu beharrean, irudiek mihisea zeharkatzen dute friso bat bailiran. Ezkerretan, gorputza planoetan banatuta daukan biluzi bat ageri da, armadura baten modura soldatutako altzairu‑xaflak oroitaraziz. Eskuinean, egurrezko taila bat izan litekeen biluzi bat agertzen zaigu eserita; eta bien artean, emakume bat ikus dezakegu etzanda, artistek estudioko konposizioetan erabili ohi zituzten maniki baten itxuran. Jarrera tradizional hauek ez datoz bat koadroaren estilo kubistarekin. Gaia —biluziak zutik, eserita eta etzanda— egokia izango litzateke naturaletiko pinturako eskola batean.
Lan honek Udaltsovak artearen historiarekiko zuen interes handia dakarkigu gogora, berak landutako kubismoa iraganeko artearen jarraipena izan baitzen, eta ez arte horren bazterketa. Fokuaren argiak, etzanda dagoen biluziaren gainean proiektatuta dagoena, okre koloreko eraikin‑multzo bat argiztatzen du. Garai hartako Parisen zeharkako irudikapena izan liteke, baina Errenazimenduko margolan askotan, atzealdean agertzen diren mendixken gainean eraikitako hiri bat ere izan liteke.
1920an bere kideek pintura utzi eta diseinua jorratzeari ekin ziotenean, Udaltsovak ez zuen bide beretik jo. Hamar urtetan zehar Moskuko Oihalgintza-Institutuan oihal‑diseinua irakatsi bazuen ere, bere jarduera nagusia pintura izaten jarraitzen zuen. 1923an paisajeak eta erretratu fauvistak margotzen hasi zen; eta handik urte batzuetara joera formalistak izatea leporatu zioten, bere senar Alexander Drevin-ekin batera. Aldi hartan ez zuten espetxera bidali, baina geroago atxilotu eta fusilatu egin zuten 1938an.