Edukira zuzenean joan

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova

Liubov Popova, Konstrukzioa‚ 1920

Info gehiago

Varvara Stepanova, Rtny Khomle poema-libururako ilustrazioa‚ 1918

Info gehiago

Iruzkinak

Olga Rozanova, Marra berdea (1917)

Rozanova belaunaldi berezi honetako margolari bitxienetakoa izan genuen. Oso gaztetan hil bazen ere, 32 urte besterik ez zituela, abstrakzio eredu berezia landu zuen. Bere abstrakzioak gehiago oinarritzen ziren kolorean, azaleran, ehunduran edo forman baino, eta hala, Barnett Newman edo Morris Louis pintore amerikarrak abstrakzio lirikoa lantzen hasi baino berrogei urte lehenago hasi zen Rozanova bide hori jorratzen.

Rozanovaren azken margolanak ikaragarriak izan ziren bere izaera berrizalearengatik, eta artelanok ikusita, luzaroago bizi izan balitz noraino iritsiko zatekeen galdera sortzen zaigu. Zenbait koadrotan, Marra berdea izeneko honako honetan adibidez, kolorea materiagabetzen saiatzen da argiro, pantaila batean proiektatutako argiaren tankera hartzen duen arte. Rozanovak Kruchenyckh-i idatzi zionez: “pintura ez‑objektiboan, pantaila da pintura materialak ordezka ditzakeen bitarteko bakarra”. Marra berdea laneko erdiguneko energia‑leherketak dir‑dir egiten du atzealde zuriaren gainean, argi‑izpi koloreztatu bat bailitzan. Zuriak distira egiten du berdean zehar; gardentasun horrek marra objektu solido edo osagai estatiko gisa ikustea eragozten digularik. Bere ertz lausotuek ere zerrenda berdea energia hutsezko izpi ezkutukoa dela pentsarazten digute. Rozanovak esan zuenez: “Kolorearen munduan, dinamismoa kolore horren ezaugarrien, bere pisuaren edo arintasunaren, eta bere bizitasunaren edo iraupenaren arabera mugatua dago. Funtsean, dinamikotasun hori oso erreala da”. Rozanovaren lehen lanetan futurismoaren eta kubismoaren eragina igartzen zen. Hemen ikusgai duguna bezalako abstrakzio‑egoera batera iritsi arteraino egin beharreko kanpo‑munduaren erreferentzia ororen ezabatzea prozesu mailakatua izan zen. 1917an, Rozanovak baztertuak zituen dagoeneko lehen eragin horiek, eta berezko lengoaia sortzen hasia zegoen. Adierazpen batzuetan esan zuenez: “Inpresionistak eta kubistak, eta hein batean futuristak ere, gauza berak batzen ditu: objektuak. Hala eta guztiz ere, pintura ez‑objektiboaren balio estetikoa eduki piktorikoan datza oso‑osorik. Forma errealekiko menpekotasunetik askatu nahi dugu pintura, arte sortzailea izan dadin oroz gain, eta ez erreprodukzioaren artea”. Kazimir Malevich suprematismoaren sortzailearekin izandako bilerek berebiziko eragina izan zuten Rozanovaren, eta eragin horrexek bultzatu zuen joera honetarantz.

1916rako ez zen batere objekturik agertzen Rozanovaren margolanetan. Hiru dimentsioko espazioko irudikapen guztiak desagertzen dira; marradurak, perspektiba eta eskortzoak baztertu egin zituen erabat. Espazioa, atzealde neutro batean nabarmentzen diren kolorezko planoak elkarren gainean jarriz iradokitzen da, espazioaren sakoneran eskegita baleude bezala. Bere margolanek hegaldiak eta airetiko argazkiak dakarzkigute gogora, ez baitituzte guztiz baztertu ikusitako gauzekiko erreferentziak, Malevichen pintura abstraktuetan gertatzen denaz bestela. Dena dela, Rozanovak aldi berri batera eraman zuen suprematismoa, ikusmenaren bidezko sentsazio puruen mundura hain zuzen ere. Izatez, Malevichek “benetako suprematista bakartzat” jo zuen Rozanova behin batean. Baina baliteke laudorio hura gehiago izatea errudun‑sentimenduak sortua, miresmenak sortua baino. Rozanova eta Malevichen arteko harremanak ez ziren oso goxoak, Rozanovak bere ideiak lapurtzeaz salatu baitzuen Malevich. 1915eko abenduan ondokoa idatzi zion bere adiskide Alexei Kruchenyckhi: “Suprematismoa nire collageez —hau da, gainazal, lerro eta diskoen konbinaketez— osatzen da oso‑osorik”. “Malevich nirekin denean, errudun‑begirada antzematen zaio. Apaltasunez jokatzen du gainera… eta guztiz ezezagun agertzen da nire aurrean. Nire collageak erakutsi al zenizkion?, noiz ordea?”. Litekeena da salaketa hau hein batean egiazkoa izatea, izan ere, Rozanovak aipatzen dituen collageak, paper koloreztatuan eginak, Rozanovak Kruchenyckhiren poema‑liburu baterako egin zituen berez, eta Rozanovak Malevichen datxara bidali zituen, Kruchenyckh han baitzen pintorearekin batera lanean, azken hau abstrakzio berria garatzeko ahaleginetan ari zen bitartean. Ez dugu inoiz egia osoa ezagutzeko aukerarik izango.

BESTE ATALAK

Sarrera

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Alexandra Exter, Hiria (1913)

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Natalia Goncharova, Ebanjelariak (1911)

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Liubov Popova, Konstrukzioa‚ 1920

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Olga Rozanova, Marra berdea (1917)

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Varvara Stepanova, Rtny Khomle poema-libururako ilustrazioa‚ 1918

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago

Nadezhda Udaltsova, Konposizioa (1913)

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova, Iruzkina, 2000

Info gehiago