Gerhard Richter. Itsas paisaiak
Gerhard Richter, ohar biografikoak.
Itsas paisaia (grisa) [Seestück (grau)], 1969
Iruzkinak
Itsas paisaia (Seestück), 1968
- Izenburua:
- Itsas paisaia (Seestück), 1968
- Erakusketa:
- Gerhard Richter. Itsas paisaiak
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kolorea | Materialtasuna | Perspektiba | Itsas paisaia | Tradizioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Errealismo kapitalista
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Richter, Gerhard
Richter artista garaikidea da, eta, bere diskurtso estetikoa eratzeko orduan, behin eta berriro jotzen du tradiziora. Izan ere, horri buruz hausnartu eta esanahi berria ematen dio. Argazkilaritza darabil bere margolanak egiteko, artistaren beraren esanetan, “Rembrandtek marrazkia eta Vermeerrek kamera iluna erabili zuten bezala”.
Richterrek pinturaren eta berehalako argazkilaritzaren kontzeptuak uztartzen ditu hasiera berri baten bila. Ikuspegia, kolorea eta pintzelkadak giltzarri izango dira bere hausnarketa piktorikoei forma emateko orduan. .
Erreparatu margolan honi. Itsas paisaia izenburua daraman lehenengoa da, eta 1968an egin zuen. Mihise gaineko olio-pintura hau tamaina txikiko lana da, eta bere formatua ezin horizontalagoa da; zinemaskopeko filmen formatua oroitarazten du. Obrak zeruertz mugagabea erakusten du, apar zuria dirudienaren zurrunbilo txikiek soilik eteten dutena. Horietan, pinturaren materialtasuna are lodiago egiten denez, artistaren beraren eskua antzeman daiteke. Materialtasun hori, ordea, apurka-apurka desagertzen da bere lan figuratiboan, Richterrek ez duelako nahi ikusleak, lehenengo begiratuan, obra margolan gisa identifikatzea.
Lan hau basamortuko paisaia izan liteke, baina bere izenburuak ozeano amaigabearen aurrean jartzen gaitu, eta atmosfera hauskarak iragazitako argi lausoak estaltzen du.
Hiru hamarkada eta mihise gaineko 22 olio-pintura daude itsas paisaia honen eta artistak 1998an margotu zuen azkenaren artean: azken hori da, hain zuzen ere, egin zuen handiena, eta areto honetan ikus daiteke.