Gerhard Richter. Itsas paisaiak
Itsas paisaia (olatua) [Seestück (Welle)], 1969
Iruzkinak
Itsas paisaia (Seestück), 1998
- Izenburua:
- Itsas paisaia (Seestück), 1998
- Erakusketa:
- Gerhard Richter. Itsas paisaiak
- Gaiak:
- Argazkigintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Argia | Kolorea | Konposizioa | Itsas paisaia | Pertzepzioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Richter, Gerhard
Gerhard Richterren lanetatik egindako denborazko ibilbide honi amaiera emateko, hona hemen 1998ko Itsas paisaia. Artistak gai honi buruz egin zuen azkena da, eta Guggenheim Bilbao Museoaren bildumakoa da. Paisaia bere lanen osagai garrantzitsuetako bat izan da betidanik; bere ustez leku ederrak direnak hautatzen ditu, baina, aldi berean, beldurgarriak ere badirenak. Bere esanetan, bere grinaren erakusgarri moduan erabiltzen ditu:
“Honako irudi hauek ordena klasikoaren eta jatorrizko mundu baten ametsak edo, beste hitz batzuetan esanda, nostalgiak sorrarazitakoak badira ere, haien anakronismoa subertsiboa eta garaikidea da”1.
Richterren hodeiak eta zeruak John Constable eta Caspar David Friedrichenekin sarritan alderatu badituzte ere, Constableren eta Richterren hodeiak eta zeruak erabat kontrakoak dira. Friedrich eta Richterrek gizakia munduan ikusteko duten modua ere guztiz desberdina da. Bere “hodeien estudioetan”, Constablek pintzelkada bera nabarmendu nahi izaten zuen, eta espatula zein pintzela erabiltzen zuen begien aurrean zuen paisaiaren testura adierazkorrak mihisean irudikatzeko. Richterrek, ordea, gomazko eskuilez itxuragabetzeko teknika eta oso pigmentu diluitua erabiltzen ditu hodeiak eta itsas paisaiak egiteko orduan, horrela argazkiena bezalako gainazal laua lortzeko eta pieza argazkia edo margolana den bereiztea zailagoa izateko.
Kritikari askok Richterren paisaia hauek Friedrichen paisaiekin lotzen dituzte, eta, haien iritziz, bi artistek antzera egiten diote aurre naturari berari. Autoreak berak hauxe esan zuen elkarrizketa batean:
“Erromantizismoa guztiz interesgarria suertatzen zait. Nire paisaiek loturak dituzte erromantizismoarekin: batzuetan egiazko desira, erakarpena sentitzen dut epealdi harekiko, eta nire pinturetako batzuk Caspar David Friedrichi egindako omenaldiak dira”2.
Friedrichen lanak, bereziki 1809an egin zuen Monjea itsasoaren parean ezaguna bezalako mihiseak, parean dugun itsas paisaia honekin alderatuz gero, lehenengo begiratuan konturatuko ginateke bi margolanek naturaren bikaintasunaren aurrean jartzen gaituztela. Friedrichen lanean giza irudiak mihisean duen neurriak nabarmentzen du margolanaren eskala monumentala; Richterren itsas paisaietan, ordea, ez dago paisaiaren benetako eskalaren berri ematen digun inolako erreferentziarik. Aurrez aurre daukagun mihisearen tamainak ematen digu proportzioa, eta, horren aurrean, geu gara paisaia monumentalaren aurrean dagoen monjea. Joko horretan argiaren ezohikotasunak harrapatzen gaitu, zeruan daukan proiekzioa itsasoan gertatzen denarekin bat ez datorrelako.
1970. urtean, Richterri galdetu zioten zergatik hasi zen paisaiak margotzen. Zera erantzun zuen:
“Ederra zen zerbait margotu nahi nuen”3.
Oharrak
- “Though these pictures are motivated by the dream of classical order and a pristine world – by nostalgia, in other words- the anachronism in them takes on a subversive an contemporary quality”. Gerhard Richter, “Notes 1981”, The Daily Practice of Painting: Writings 1962−1993, Cambridge, 1995, p. 98−99. [itzuli]
- “I find the Romantic period extraordinarily interesting. My landscapes have connections with Romanticism: at times I feel a real desire for, an attraction to, this period, and some of my pictures are a homage to Caspar David Friedrich”. Conversation with Paolo Vagheggi, 1999. Notes, 1964-65, Gerhard Richter: Text. Writings, Interviews and Letters 1961–2007, Londres: Thames & Hudson, 2009, p. 348. https://www.gerhard-richter.com/en/quotes/search/?keyword=romanticism&year-from=&year-to=. [itzuli]
- “I felt like painting something beautiful”. Gerhard Richter: Forty Years of Painting, Nueva York: The Museum of Modern Art, 2002, p. 65−66. [itzuli]