Edukira zuzenean joan

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak

katalogoa

Parisko Musée d’Art Moderne

Hélène Leroy

Parisko Musée d’Art Moderne (MAM) ez zen halakotzat ofizialki inauguratu 1961eko uztailera arte, baina bere bildumaren jatorria XX. mendearen hasieran dago. Parisko udalak hartutako hainbat ekimeni esker sortu zen, eta bai Frantziako bai nazioarteko artearen munduko hainbat eragile elkartu ziren haietara beren eskuzabaltasuna erakutsiz; haien artean artistak, arte-merkatariak eta bildumagileak zeuden.

Parisen 1937an antolatutako Exposition internationale des arts et des techniques appliqués à la vie moderne nazioarteko erakusketa dela-eta sortua, Parisko Musée d’Art Modernek Palais de Tokyo-ko ekialdeko hegala hartzen du; jauregia Senaren ertzean, Eiffel dorretik gertu eraiki zen okasio hartarako. Bestalde, 1977ra arte, mendebaldeko hegala Musée national d’art modernek hartu zuen, Parisko udalak eta Frantziako estatuak eraikinaren barruko espazioak horrela banatzea erabaki zutenean, zegozkien museoak sortzeko asmoz.

1920ko hamarkadaren erdialdetik, arte modernoaren garapenak eta Parisko eszena artistikoaren dinamismoak agerian utzi zuten arte garaikideari eskainitako museo bat behar zela. Hiriko zirkulu artistikoetako kideek —artistak, kritikariak, arte-merkatariak, bildumagileak eta kontserbatzaileak— gogoz eta lehiaz aritu ziren garai hartako artera egokituko zen museo bat eskatuz.

Arkitektura-lehiaketa, 1934an deitua, bi arkitekto gaztek —Jean-Claude Dondel eta André Aubert— osatutako taldeak irabazi zuen eta haien beste bi kideko trebatuk —Paul Viard eta Marcel Dastugue— lagundu zieten proiektuan. Eraikinak modernotasun-kutsua duen klasizismoa erakusten du; haren forma araztuek bere bolumen monumentalak nabarmentzen dituzte. Eraikinak orubeak duen malda baliatzen du erdigunean peristilo handientsu eta orekatua antolatzeko urmaelaren zabaldegirantz jaisten diren bi eskalinata-atalen gainean.

Kanpoaldea Alfred Janniot-ek behe-erliebean landutako friso batekin dago dekoratua; benetako “harrizko tapiz” bat da, eta Arteen loriaren alegoria irudikatzen du, Musetan inspiratua. Goialdeko patioan, Antoine Bourdelleren La France izeneko eskultura dago, Félix-Pascal Févolak diseinatutako iturriaren gainean gailentzen dena. Iturriak urez hornitzen du urmael bat, urtaroak eta urtaro bakoitzeko nekazaritzako jarduerak erakusten dituzten emakumezko hamabi irudik inguratua; irudiok eskultore hauenak dira: André Abbal, Georges Chauvel René Collomarini, Jean-René Debarre, Louis-Aimé Lejeune, Charles Malfray, Jean Osouf, François- Émile Popineau, Anna Quinquaud, Georges Saupique, Paul Simon eta Pierre Vigoureux. Irudi etzanen egileak, berriz, Léon Drivier, Auguste Guénot eta Louis Dejean dira.

Hala ere, XX. mendeko arte-forma berriak erakusteko museo biki horien jarduna ez zen hasi nazien okupaziotik Parisen liberazioa lortu zen arte. Nazioarteko erakusketarako sortuak izan ziren behin-behineko instalazioak eraitsi zirenez, bukatu gabe geratu ziren barnealdeak. Zirkunstantzia horrek, eta, batez ere, gerra eta okupazioaren gorabeherek eta gerra osteko berreraikuntzaren zailtasunek eraginda, hamarkada bat baino gehiago atzeratu zen Estatuak kudeatutako Musée National d’Art Moderneren inaugurazioa; azkenean, 1947an ireki zituen ateak1.

Bitartean, eraikinean zegokion hegalean, Parisko udalak erakusketak eta beste ekitaldi artistiko batzuk antolatzen jarraitu zuen. 1961eko uztailean amaitu zen arte modernoko udal bildumen behin betiko instalazioa, eta orduan ireki zen museoa publikoarentzat.

 

Arte modernoko bilduma

XIX. mendearen hasieran, Parisko udalak, hiriko artisten egoera sozialaz kezkatuta, artelanak eskuratzeko politika bat ezarri zuen, haiekin, gainera, hiriko espazioak gaitu eta edertzeko.

Bizirik zeuden artisten obrak eskuratzeko politika horren barruan, udal agintariek piezak biltzeari ekin zioten 1906tik aurrera, etorkizunean arte modernoko museo bat sortzeko asmotan. Nazioarteko erakusketari begira, bi urtez, 1936an eta 1937an, bilduma hasi berri hura nabarmen handitu zen Parisen egindako erakusketa eta ekitaldi kultural eta artistiko desberdinetan eskuratutako hirurehun obra baino gehiagorekin. Aldi hartan erositako hainbat obra erreferentzia dira gaur egun bilduman, besteak beste, Pierre Bonnard-en Biluzia bainuontzian (Nu dans le bain) eta Lorategia (Le Jardin), Robert Delaunay-ren Cardiffeko taldea (Léquipe de Cardiff), André Derain-en Ibaia (La rivière), Fernand Léger-en Diskoak (Les disques), André Lhote-ren Geldialdi-portua (Escale), Pierre Matisse-ren Dantza (La danse), Jean Metzinger-en Txori urdina (L’oiseau bleu), Pablo Picasso-ren Bufoia (Le fou) eta Édouard Vuillardek margotutako Les Nabis taldekideen erretratuak. Horrela aberastu zen proiektua, besteak beste, hauen babes eta dohaintza eskuzabalari esker: Emanuele Sarmiento konde eta mezenasarena, 1936an (Marc Chagall, Gino Severini eta Suzanne Valadonen obrekin), eta Ambroise Vollard arte-merkatari eta editorearena, 1937an (Picassoren eta Louis Valtaten obrekin).

Azkenik, Maurice Girardin mediku eta arte-merkatariaren legatua izan zen, udalerriak 1953an jasoa, museoari behin betiko bultzada eman ziona. Girardinek utzitako obrek maisulan modernoen bildumaren muina osatzen dute; fauvisten, kubisten eta Parisko Eskolako ordezkarien obrak dira, batez ere. Guztira, bostehunetik gora lan, besteak beste, artista gailen hauenak: María Blanchard, Chagall, Derain, Marie Laurencin, Amedeo Modigliani, Matisse, Picasso, Georges Rouault, Chaim Soutine eta Valadon.

Harrezkero, bilduma hori izan da museoaren ardatza, kontuan izanik gainera handitzen joan zela bildumagileen hainbat dohaintza historikori esker, haien artean, Mathilde Amosena, 1955ean (Giorgio de Chiricoren eta Léonard Foujitaren obrekin), eta Germaine Henry eta Robert Thomasena, 1976an (Émile-Othon Friesz, Auguste Herbin, Francis Picabia eta Maurice de Vlamincken lanak barnean zituena). Garrantzizko ekarpen horiek aberastu dute museoa Parisko artezaleen hainbat belaunaldiren gustua eta sentsibilitatea aditzera ematen duten obrekin. Gainera, artistek, haien oinordekoek eta haien lanak merkaturatu zituzten arte-merkatariek erakundearekiko beren atxikimendua erakutsi dute pieza ugari ekarrita —bilduma osatuak, zenbaitetan—; haien artean daude Jacqueline Brauner, 1982an eta 1988an dohaintzak egin zituena; Aube Breton-Elléouet, gauza bera egin zuena 2003an; eta Isabella Pakszwer-de Chirico, 2011n. Bestetik, bildumak bere hastapenetatik erakutsi du museoak eta bere aurreneko ongileek emakume artistei eman dieten garrantzia. Hala, oraingo bildumak haien obra historikoen corpusa jasotzen du, besteak beste, Blanchard, Claude Cahun, Natalia Goncharova eta Valadonena.

Sortu zenetik gaurdaino, MAMek lan-lerro horri eman nahi izan dio jarraitasuna eskuraketen eta erakusketen bere politika zientifiko eta kulturalaren bitartez, XX. mendeko mugimendu historiko handien bilduma adierazgarri bat eratzeko asmoarekin, museoko aretoetan iraunkorki ikusgai egon dadin.

Hautaketa hau hirurogeita hamar bat maisulanek osatua da. Hautaketa horren bidez MAMek maisu modernoen bere bildumaren historiaren adierazgarri diren artelanen corpusa aurkezten du; lan horiek XX. mendearen hasierako hamarkadetan Parisen sortutako abangoardiako mugimendu artistikoen arabera daude antolatuta.

Ikusgai dauden obrek elkarren segidako hiru fase kronologikori jarraitzen diete, XX. mendearen hasieratik Bigarren Mundu Gerra osteko aldira arte. Lehenik, erakusketak fauvismoaren eta kubismoaren ordezkari nagusiak aztertzen ditu, euren ausardiari eta askatasun- senari esker iraultza ekarri zutenak errepresentazio artistikoan, bereziki paisaiaren, irudien eta natura hilen ikusmolde tradizionala aldarazita. Ondoren, artisten belaunaldi zehatz bat aurkezten da, gerrarteko garaian, Parisko eszena artistikoaren bizitasunak erakarrita, bost kontinenteetatik bertara iritsi eta Parisko Eskola izenez ezagutzen den mugimendua eratu zutenena. Erakusketaren azkeneko sailak, berriz, surrealismoan sakontzen du; mugimendu horrek Parisen izan zuen bere sorburu historikoa, eta ondoren izan zuen garapena oso lotuta egon zen MAMekin; izan ere, museoak erakusketa handiak eskaini dizkio mugimendu artistiko horri 1960ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik.

Itzultzailea: Bitez

 

Oharrak

 

  1. Museoa jardunean egon zen Centre Pompidoura lekualdatu zuten arte, 1977an. Urte batzuk erabili gabe egon ondoren, mendebaldeko hegala 2002an Palais de Tokyo izenez ireki zen berriro, Frantziako estatuaren menpeko arte garaikideko zentro gisa. [itzuli]