Edukira zuzenean joan

Frank Lloyd Wright

hezkuntza-edukia

Aterpe-proiektuak

Hasieran, Mendebaldeko Taliesinen ikasleak kanpin-denda soiletan, bertako artzainek erabiltzen zituztenen antzekoetan, bizi ziren. Dendak 2,5 x 2,5 metro neurtzen zuen zurezko edo hormigoizko oinarri baten ipintzen ziren. Wright-ek bere ikasleak animatzen zituen denda horiek euren gustuaren arabera eraldatzeko. Hasierako hobekuntzei —tximinia, leiho eta ateei— egitura osoagoek aurki jarraitu zieten. Hurrengo hamarkadetan Wright eta bere ikasleak sormen handiko basamortu bizimoduaren inguruan partekatutako gogo bizia garatuz joan ziren eta Taliesin Shelter Program izenaz ezaguna den diseinu/eraikuntza-programa zirraragarria sortu zen.

Egun ikasleak lo egiteko eta ikasteko egitura bakunak diseinatzera eta eraikitzera gonbidatzen dituzte. Hala ere, muga zorrotzak ipintzen dizkiete diseinatzeko garaian: argindarra eta iturriko ura debekatuak daude eta eskolak mila dolar bakarrik ematen dizkie ikasleei euren lana aurrera ateratzeko. Ikasleak materialekin eta sormenezko eraikuntza metodoekin esperimentatzera eta diru-laguntzak bilatzera bultzatzen dituzte paisaian guztiz txertatzen diren aterpeak diseinatzeko eta eraikitzeko. Ikasle bakoitza da bere proiektu osoaren arduradun eta, hala, aurrekontuak, lanorduak eta baimenak kudeatu behar dituzte. Horrez gain, beste ikasleek osatzen duten eraikuntza-taldea antolatzeaz eta haien lana gainbegiratzeaz arduratzen da. Aterpe bat diseinatzeko eta eraikitzeko prozesuak —dagoeneko badagoen egitura bat aldatuz nahiz guztiz berria den egitura bat sortuz— aukera bikaina ematen die ikasleei diseinuarekin, eraikuntzarekin eta elkarrenganako ardurarekin harremana duten gaiak zuzenean lantzeko. Gaur egun Taliesin Shelter Programen esku hartzen duten ikasleei Mendebaldeko Taliesingo (Scottsdale, Arizona) basamortu-paisaiarako eta Taliesingo (Spring Green, Wisconsin) landa-paisaiarako proiektuak garatzeko eskatzen zaie. Gune honetan aterpe horien maketa batzuk ikusgai daude.

Basamortuko begiratokia

Egilea: Victor Sidy
Kokalekua: Mendebaldeko Taliesin, Scottsdale, Arizona
Urtea: 1999

[Basamortuko begiratokian] Harlangaitzezko zimentuak, tximinia bat eta aterpe kalamastra baten horma bat erabili zituen Sidyk —egun Frank Lloyd Wright Arkitektura-Eskolan Dekanoa— eta aterpe batean polikarbonatozko panelak, geruza bikoitzekoak (ekoizleak eman zizkion), erabiltzen lehena izan zen egitura zehargarria sortzeko. Beste aterpeek baino garaiera handiagoa zuenez, honek basamortu-lautadaren ikuspegi ederra eskaintzen zuen, bereziki lo egiteko lekutik; hori euri-bide baten gainean zegoen hegal-plataforma bat zen. Ia egitura osoa torlojuz edo bernoz lotua dago; hala, denborak aurrera egin ahala, panelak eta egitura bera era errazean konpon daitezke material berria erabiliz.

Denda esekia

Egileak: Fatma Elmalimpinar eta Fabian Mantel
Kokalekua: Mendebaldeko Taliesin, Scottsdale, Arizona
Urtea: 2001

Elkartearen hasierako basamortuko dendak inspirazio-iturri bezala hartuz, bi ikasle hauek sortutako egiturak ezin hobeki orekatzen du basamortuko lurraren gainean zintzilik zegoen piramide itxurako egitura bat. Egitura berria, bere masta eta tentsio-kableekin, irudi ikoniko bihurtu da basamortu horizontalean eta lauan. Plataforma esekiak zomorroetatik babesten du bizilaguna eta olanak egitura eguraldi hotzetik isolatzeko erabil daitezke.