hezkuntza-edukia
Wright ikasle
- Izenburua:
- Wright ikasle
- Erakusketa:
- Frank Lloyd Wright
- Gaiak:
- Artea eta hezkuntza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Espiritualtasuna | Ingurunea eta natura | Sentimenduak
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Lloyd Wright, Frank
Wright Wisconsingo landa-giroan jaio zen erlijio unitarioko familia aurrerakoi batean. Bere amak 1876ko Filadelfiako Mendeurrenaren erakusketan ikusi zituen “Froebelen opariak” jostailuekin, zurezko bloke geometriko txikiekin eta sormena pizteko paperezko beste materialekin, jolasten hazi zen. Friedrich Froebel (1782–1852) pedagogo alemaniarraren ustez, era askean esperimentatzen hasi aurretik, haurrek edozein formaren azpian aurki zitezkeen oinarrizko forma geometrikoak desberdintzeko gai izan behar zuten. Bloke horiek forma anitzak eraikitzeko aukera ematen zieten haurrei haien geometria estrukturalari esker. Bere idazkietan Wright jostailu horien eragin hezigarriez jardun zen, bere adimena naturaren egitura erritmikoetara ireki zutelako eta “barrura eta barrutik begiratzera” bultzatu zutelako. Jostailu horien adibideak daude ondoko bitrinan.
Wrightek gaztaroko urteak bere osabak Spring Green inguruan zuen abeltegian eman zituen. Bertan lan fisiko gogorra egiteko ohitura hartu zuen eta landako bizimodua eta naturaren espiritualtasuna maitatzen ikasi zuen. Geroago, Chicagoko Adler eta Sullivan arkitektoekin lanean ari zenean, Wrightek Ellen eta Jane izebei Hillside barnetegirako eraikin bat diseinatu zien Lloyd Jones haranean. Hezkuntza-programa aurrerakoia zuen ikastetxe hori 1887an ireki zuten eta bertan lehenak izan ziren ikasleen heziketan bakoitzaren gaitasun-maila gorenean arreta jartzen. Neskak eta mutilak gela berean onartu zituen AEBko lehen barnetegia izan zen. Gainera, Mary Ellen Chase irakasle ohiak esan zuenez, “eskola, etxea eta abeltegia zen, dena bat”. Heziketa aurrerakoi horren eta naturarekiko maitasunaren arteko konbinazio horixe izan zen Wrightek bere eskolan, 1932an ireki zen Taliesin Elkartean, erabili zuena.