Edukira zuzenean joan

Frank Lloyd Wright

hezkuntza-edukia

Wright irakasle

Wright zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek eskaintzen zituzten aukeren defendatzaile sutsua zen eta horregatik AEBko ohiko hezkuntza-programek atsekabetzen zuten. Ez zuen interesik “ikasgelan eta testuliburuen bidez ematen zen hezkuntzan”, ezta horren oinarri ziren notetan eta tituluetan ere. Haren ustez sistema horren bidez ikasleak gehiegi trebatzen ziren, baina ez zuten kultura oinarri irmorik lortzen; horrelako irakaskuntza zientzialarientzat, enpresarientzat edo politikarientzat onuragarria izan zitekeen, baina guztiz desegokia zen arkitektoentzat. Haren aburuz, arkitekto gazte askok ez zuen motibaziorik ezta zuzentasunik ere, eta ez zekien arkitekturak arazoei irtenbide organikoa eman ziezaiekeela.

Atsekabe hori eta Depresio Handiaren ondorio zen lan eza zela eta, 1932an Wrightek eskola bat abian jartzea erabaki zuen bertan bere hezkuntza-programa ofizialki garatzeko. Emaztearen laguntzarekin, zuela hamarkada batzuk bere izebei diseinatu zien eraikina berriro ireki zuen eta bertan zegoen eskolari beste izen bat eman zion: Taliesin Elkartea.

Garai hartako hezkuntzan arimaren esperientzian arreta gutxiegi jartzen zela aintzat hartu eta Wrightek ikasleak (gizonak eta emakumeak) bultzatzen zituen sortzaileagoak, egunerokoari irekiagoak eta komunikazioan eraginkorragoak izatera. Elkartea guztientzat bizimodu bihurtu zen eta arkitektura ikasketa-curriculumaren muina: hura aztertzen eta ikasten zuten eta hura erabiltzen zuten Wrighten estudioari egiten zizkioten eskakizunak lantzean. Horrez gain, garrantzi handia zuten beste arte batzuek, hala nola, pinturak, marrazketak, eskulturak, antzerkiak, dantzak eta zinemak.

Taliesin Elkarteko ikasleek komunitate-bizimodua zuten eta eguneroko jardueretan esku hartzen zuten: janaria prestatu, baserriko lanak egin, garbitu eta eraiki —lehenengo Taliesin etxearen (Spring Green) eta 1937az geroztik Mendebaldeko Taliesin etxearen (Scottsdale, Arizona) egiturak—. Wrightek, izeben ideiei jarraiki, uste zuen generoan oinarritutako gizarte-desberdintasunak zentzugabeak zirela eta ez zion lotsarik ematen gizonak janaria prestatzen eta emakumeak uzta biltzen jartzeak. Ideia nagusia zen ikasleek eginaren bidez ikasiko zutela, hau da, “bizitzaren arkitektura edo bizitza arkitekturaren bidez” esperimentatzen zutela.

Eztabaida interesgarri zitzaion Wrighti eta sarritan garaiko arkitektoak —Mies van der Rohe, Erich Mendelsohn eta August Perret— eta Georgia O’Keeffe artista gonbidatzen zituen etxera.

Wright 1959an zendu ondoren, Taliesin Elkartearen kide nagusiek programarekin aurrera egin zuten Wrighten alargun Olgivanna-ren gidaritzapean. 1960an izena aldatu zioten eta Frank Lloyd Wright Arkitektura-Eskola jarri. Egun eskola oraindik jardunean dabil —graduko eta gradu ondoko ikasketak eskaintzen ditu— eta arkitektura irakasteari dagokionez, eginaren bidez ikastearen alde egiten du; aldi berean, arkitektura bizitzan, lanean eta komunitatean txertatzen du.