Edukira zuzenean joan

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak

katalogoa

Willem de Kooning, Villa Borghese, 1960

Guggenheim Bilbao Museoa

Izenburua:
Willem de Kooning, Villa Borghese, 1960
Egilea:
Guggenheim Bilbao Museoa
Erakusketa:
Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Tamaina | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Italia | New York
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Espresionismo Abstraktua
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
De Kooning, Willem

Villa Borghese, 1960
Olio-pintura mihise gainean
206,5 x 181,4 x 8,2 cm

Willem de Kooning-ek Ekintza-Pintura —adierazpide abstraktua, guztiz formala eta intuitiboa— sortu zuela sarritan aipatzen den arren, abiapuntu zuen bere aurrean zeukan errealitatea: irudiak eta paisaiak, batez ere. 1950etik 1955 arte, De Kooningek Emakumeak (Women) sail ospetsua burutu zuen: giza irudiak, pintura emateko modu erasokorra, kolore bortitzak eta Espresionismo Abstraktuak ezaugarri zituen pintzelkada kementsuak uztartu zituen horretan. Emakumezkoen “erretratu” horiek oso eztabaidatu zituzten, haien haragikeria zantarragatik eta kolore asaldagarriengatik ez ezik, horietan adierazpide figuratiboari ere heldu ziolako artistak. Bada, De Kooningen garaikide ziren artista askok Espresionismo Abstraktuan esku hartzen zuten eta beraz, erabaki hori, figurazioa berreskuratzea, atzera pausoa iruditu zitzaien; berak, aldiz, horretara jo zuen behin eta berriz bere ibilbide artistikoan.

1950eko hamarkadaren bigarren erdialdera, De Kooningek paisaia oinarri gisa hartu zuen hainbat konposizio abstraktu egiteko. Hasiera batean, lan horiek Manhattan erdigunean zegoen bere estudioko hiri-ingurunea jasotzen zuten: margolan bizi eta oso landuen sail batean, esaterako, hiriko biziaren erritmo amorratua islatu zuen, baina ez zuen irudi edo forma ezaguterrazik irudikatu; sail hori, hain zuzen, Thomas Hess kritikariak “hiri-paisaia abstraktu” (1955-58) gisa definitu zuen. Hamarkadaren amaiera aldera, berriz, Long Island-eko East Hampton-en denbora gehiago ematen hasi zenean (1963an lekualdatu zen hara behin betiko), artzain-giroari begiratu zion gero eta gehiago. Gai-aldatze hori irudietan antzeman zen; izan ere, hiri-paisaia abstraktuek ezaugarri zuten plano eta forma ugari eta joriek bidea eman zieten pintzelkada zabalez egindako eta De Kooningen adiskide Franz Kline-ren pinturak gogora ekartzen dituzten konposizio nahiko argi eta moderatuei.

Villa Borghese, 1960an De Kooningek egindako formatu handiko artelan gutxitako bat, New Yorkekin eta ingurumariarekin ez, baizik eta artistak Erromarekin izandako topaketan oinarritzen da, han bost bat hilabete eman baitzituen 1959-60an. Tokiari —Italiako hiriburuko parke handi eta ezagun bat— margolanaren izenburuak ez ezik, Mediterraneoko tonu koloretsuek ere egiten diote erreferentzia. Kolore-alderdi zabalak geruza umelak gainjarriz margotu zituen eta naturako zenbait gaien baliokide direla iradoki zuen: eguzki-argi horia, zeru eta ur urdinak eta belar zein hosto berdeak. Dena dela, New Yorkera itzuli zenean egin zuen lan hau De Kooningek eta ez zuen inolako ikuspegirik zehatz-mehatz adierazi, Betiereko Hiriaren oroitzapenak mintzaira piktorikoan hezurmamitu zituen, besterik ez.

[Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Iturriak:

- Bridget Alsdorf: “Willem de Kooning”, in Nancy Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
- Guillermo Solana: “Willem de Kooning”, in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.