Edukira zuzenean joan

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak

katalogoa

Anselm Kiefer, Bi ibaien lurra (Zweistromland), 1995

Guggenheim Bilbao Museoa

Izenburua:
Anselm Kiefer, Bi ibaien lurra (Zweistromland), 1995
Egilea:
Guggenheim Bilbao Museoa
Erakusketa:
Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta kultura | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Tamaina | Paisaia | Espiritualtasuna | Bigarren Mundu Gerra | Herri-kultura | Alemania | Sentimenduak
Artelan motak:
Argazkia | Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Kiefer, Anselm

Bi ibaien lurra (Zweistromland), 1995
Emultsioa, akrilikoa, beruna, elektrolisiaren bidez lortutako gatza eta zinkezko xaflazko kondentsadorea mihise gainean
416 x 710 cm

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Bi ibaien lurra (Zweistromland, 1995) lanak Tigris eta Eufrates ibaiek mugatzen duten lurrari egiten dio erreferentzia, hori izan baitzen antzinako Babiloniaren sehaska, Gilgameshen aberria, judaismoarentzat eta kristautasunarentzat eskualde erabakigarria. Kieferrek, hain zuzen, Gilgameshen kondaira aztertu zuen Gilgamesh eta Enkidu zedro-basoan II (Gilgamesch und Enkidu im Zedernwald II, 1981) lanean (Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoa hori ere bai). Dena dela, lurralde horretan, Mesopotamian, asmatu zuten sumertarrek idazkuntza K.a. laugarren milurtekoan eta Kieferren pinturek eskualde hori, bertako zibilizazioak eta idatzizko kulturaren sorrera ekartzen dituzte gogora. Mihisearen goiko izkinan irarritako izena idatzizko hitzaren erreferentziatzat jo dezakegu; izan ere, idatzikoak zibilizazioak eta garaiak gainditzen dituen aztarna iraunkorra uzten du. Lan itzel horrek izen bereko eskultura bat izan zuen aurretik: berunezko liburuz osatua zegoen eta, hartara, idatzizko hitzaren eta historiaren iraunkortasun-sentsazioa ematen zuten aditzera.

[Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Iturriak:

- Nancy Spector: “Anselm Kiefer”, in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
- Miguel López-Remiro: “Anselm Kiefer”, in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
- “Anselm Kiefer”, in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.