Edukira zuzenean joan

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak

katalogoa

Jorge Oteiza, Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardo-ri omenaldia (Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo), 1958

Guggenheim Bilbao Museoa

Izenburua:
Jorge Oteiza, Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardo-ri omenaldia (Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo), 1958
Egilea:
Guggenheim Bilbao Museoa
Erakusketa:
Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Gaiak:
Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Geometria | Mugimendua | Tamaina | Espiritualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Minimalismoa
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Oteiza, Jorge

Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardori omenaldia
(Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo), 1958
Altzairua
28,5 x 25 x 26,5 cm

Artea lantzen urteak eman ondoren, 1959an amaitutzat eman zuen bere azterlan esperimentala Jorge Oteizak, eta eskulturak egiteari utzi zion, Euskal Herrian kultura-, politika- eta hezkuntza-arloan eragile lana egiteko.

Ikerketa lan handia egin zuen aurretik baina. 1947an ekin zion “helburu esperimental” deitu zion horri, Hego Amerikatik Euskal Herrira itzuli —bertan luze izan zen— eta Henry Moore-ren lanak harengan izan zuen itzal handiaz jabetu zenean. Hainbat gogoeta kontzeptual eta eskulturaren inguruko arazoei aurre egiteko ikuspegi berezi bat izan zituen oinarri: arte-jardun oro ezer ez den ezerezetik ernatzen dela uste zuen, eta, ondoren, Guztia den Ezereza datorrela. Bi motako aldiak daude artean beraz, eta batak besteari jarraitzen dio: batean espresibotasuna eta materia-kantitatea areagotzen da, eta ikuslearen zeregina hartzaile huts izatea da; bestean garrantzizkoa da espresioa itzaltzea, materia desokupatzea, espazioa bera nagusitzea eta ikusleak jarrera aktiboa hartzea eskulturaren hutsunearen aurrean.

Kandinsky, Mondrian, Malevich eta beste maisu batzuen lanak berriro interpretatu ondoren garatu zituen esperimentazioaren eta espiritualtasunaren inguruko ideia horiek. Horietatik abiatu eta gorputz geometriko sinpleak —zilindroa, esfera eta kuboa, esaterako— husteari ekin zion. Modu ordenatuan egin zituen saiook; izan ere, auzi bertsuak taldekatu zituen “familia esperimentalak” deitu zituen sailetan. Eredu txiki horietatik batzuk baino ez bihurtzen zituen lan handi; adierazgarrienak edota sendoenak izaten ziren, eta behin betiko itxura ematen bazien ere, eskala txikian egiten zituen. Urte haietan sortu zituen Esferaren desokupazioa (La desocupación de la esfera) saileko Hillargia (1957), Bost Malevich ale makur dituen eraikuntza hutsa (Construcción vacía con cinco unidades Malevich curvas, 1957) eta Esferaren desokupazioaren entsegua (Ensayo de desocupación de la esfera, 1958). Hillargia lanean mugimendua aztertu zuen eta ikerketa hori egituran nabari da; horrez gain, lan figuratiboa ere bada, ilargiaren aldiei erreferentzia egiten die eta. Bost Malevich ale makur dituen eraikuntza hutsa Oteizaren funtsezko lana den Malevich-i omenaldia horretatik oso gertu dago; bi lan horietan, soldaduraren eta forjaren teknikak uztartu zituen eta, ondorioz, eskulturak espazioa taxutzen duela eta espazioak eskultura eratzen duela ematen du: espazioa hutsuneetan mamitzen da baina, aldi berean, espazioak formak zanpatzen ditu eta haien eragile dela ematen du. Esferaren desokupazioaren entsegua (1958) lan garrantzitsua da, Esferaren desokupazioa saileko lan esperimentalari azkena ematen dion hurbilenetako lana da eta.

“Azkena emateko obrak” 1958an hasi zituen Oteizak. Irudi geometriko nabarmen horiek ezaugarri dute materiarik gabeko espazioaren adierazpena direla, eta eskultura protominimalistaren eredutzat jotzen dira. Eskultoreak azaldu zuenez, lan horiek taxutzen, osatzen eta mamitzen dituen hutsak, ezerezak, aditzera ematen du helmuga batera heldu zela eta prozesu bat bukatu eta beste bat hasi behar zuela. Mota horretako lana da Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardo-ri omenaldia (Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo, 1958), eta Oteizak artearen alorrean egindako ibilbide joriaren goren unea adierazten digu; izan ere, horrelako lanak haren ikerketaren muina dira, eta eragin handia izan zuten eskultura modernoan. Zenbait gorputz geometrikorekin esperimentatu bazuen ere, artistak kuboan aurkitu zuen bere ikerlanari atxikitako arazoen irtenbidea: kuboari esker, espazio hutsa defini zitekeen eta indar espiritualez bete. Kutxa metafisikoek misterioz betetako espazio iluna mugatzen dute, eta, marmolezko edo harrizko oinarri baten gainean ezartzean, artistak nahi zuen sentsazioa sorrarazten laguntzen dute: espazio hori sakratua da.

Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa. Leonardo-ri omenaldia lan horien erakusgarri bikaina dugu, baita Irekidura handia duen kutxa hutsa (Caja vacía con gran apertura, 1958) ere; zehazki sail horren barruko Kutxa hutsak (Cajas vacías) azpisailekoa da azken hori, eta kutxa baten oso adibide zolia da, espazioa eta formak arinki mugitzen baitira, sail bereko beste lan batzuetan baino aiseago.

[Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]