Edukira zuzenean joan

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak

katalogoa

Clyfford Still, Titulurik gabea, 1964

Guggenheim Bilbao Museoa

Izenburua:
Clyfford Still, Titulurik gabea, 1964
Egilea:
Guggenheim Bilbao Museoa
Erakusketa:
Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Gaiak:
Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Tamaina | Erakusketak | New Yorkeko Eskola | Espiritualtasuna | AEB | Indibidualismoa | Traszendentzia
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Rothko, Mark | Still, Clyfford

Titulurik gabea, 1964
Olio-pintura mihise gainean
273,5 x 236 x 3,5 cm

1947rako, Clyfford Still bere arte-ibilbide osoan borobildu eta sakonean jorratu zuen formatua lantzen hasi zen: pintore-espatulez zakarki aplikatutako kolore-eremu zabala. Stillek kolorea ametsezko diseinutik askatu zuen, eta amaigabeko tonu-eremu zabalak eta mihisearen lautasuna uztar zitezen utzi zuen. “Edertzat” jo ohi diren koloreak banatu egiten zituen ñabardura asaldagarriagoen alde, irudipen aztoragarriak sortzeko. Stillek kategorizazioa gutxiesten zuen arren, kolorezko eremu koskatuak nagusi dituzten bere mihise zabalek Espresionismo Abstraktuaren artistei eragin zien, bereziki Barnett Newman-i eta Mark Rothko-ri, bat egin baitzuten gorentasun metafisikoari buruzko interesan. Artista horien ustez, margolan batek esanahi bat adieraz zezakeen berezko nolakotasun materialez eta informalez beste ezeri erreferentziarik egin gabe. Margolan abstraktuetan munduaren adierazpide errealista bati heldu beharrean, Still ikuste bidezkoa guztiz eta hitzez azaldu ezin zen esperientzia traszendental bat sortzen saiatu zen.

Stillek AEBren ideal peto-petotzat jotzen zituenen alde sendo egin zuen, adibidez, askatasunaren eta indibidualtasunaren alde, eta bere margolanetan eta arte-ibilbidean hezurmamitu zituen horiek. 1946an, Peggy Guggenheimen Art of This Century museo-galerian eta, 1947an, Betty Parsonsen Galerian berari buruzko bakarkako erakusketak egin zituzten arren, artearen munduko alderdi komertzialak mespretxatzen zituen, eta loraldian zen New Yorkeko Eskolatik urruntzen joan zen; hainbeste aldendu zen non uko egin zion 1952 eta 1958 artean erakusketak egiteari. Stillek New York betiko utzi eta 1961ean bere burua Marylandeko abeletxe batean bakartzea erabaki ondoren pintatu zuen Titulurik gabea. Lanean, pieza osoari argitasuna ematen dion mihise ia biluzia nabarmentzen da, baita bertikaltasun temati bat ere: 2,5 metro altuko lerro gorria eta forma okreak harrotu egiten dira eta edozein egitura itxiren mugak hausten bide dituzte. Titulurik gabea lan honetan, indar mugagabeak iradokitzeko baliabideen ekonomia bati lotu zitzaion artista. Stillek argi eta labur azaldu bezala, “lan onenek elementu gutxienak eta soilenak dituzte; hasiera batean oso begi-bistakoak izaten dira, ahalik eta astiroago begiratu eta gauzak gertatzen hasten diren arte”1.

[Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak:

  1. Clyfford Still, honetan aipatua: Thomas Albright: “The Painted Flame”, Horizon 22 (1979ko azaroa), 33 or. [itzuli]

Iturriak:

- Joan Young: “Clyfford Still”, in Nancy Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
- David Anfam: “Clyfford Still”, in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.