Edukira zuzenean joan

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak

katalogoa

Robert Motherwell, Iberia, 1958

Guggenheim Bilbao Museoa

Iberia, 1958
Olio-pintura mihise gainean
182,2 x 233,3 x 2,6 cm

Robert Motherwell 1940ko hamarkadan agertu zen eta askotariko artista abstraktu estatubatuarrak biltzen zituen taldeko gazteenetako bat zen; New Yorkeko Eskola deitu zioten talde horri, Motherwellek proposatu zuen izena, alegia. Jackson Pollock-ek, Mark Rothko-k eta beste hainbat espresionista abstraktuk ez bezala, Motherwellek unibertsitatean eman zituen heziketa-urteak eta, bertan, filosofia estudiatu zuen, estetika batez ere, artearen historiara pasa baino lehen. Meyer Schapiro Columbiako Unibertsitateko artearen historialari nabarmenaren bidez, Bigarren Mundu Gerra piztean New Yorken aterpe hartu zuten Europako hainbat artista ezagutu zituen, bereziki Matta eta beste surrealista batzuk, eta haien metodo automatistek izugarri eragin zioten. 1941ean, Motherwellek artean jardutea erabaki zuen eta 1940ko hamarkadaren hasieratik erdialde arteko bere collageek eta pintura abstraktuek berehala erakarri zuten arreta. Lan horiek Peggy Guggenheimen Art of This Century museo-galerian jarri ziren erakusgai 1940an, eta Museum of Modern Arten 1946an. Estatu Batuetako artearen historian, bere pintore-lanek ez ezik, intelektual publiko lanetan izandako lorpen handiek eman zioten izena Motherwelli: inguruan zuen New Yorkeko artista-taldearen bozeramaile-lanetan aritu zen bereziki, eta hainbat idazki utzi zituen.

Motherwellek 21 urte baizik ez zuen Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, 1936an, baina ezaba ezineko aztarna utzi zuen bere baitan eta, 1948tik aurrera gai horri dedikatu zion sail bat, beharbada bere sail ezagunena: Espainiako Errepublikari elegiak (Elegies to the Spanish Republic). Elegiak ez ziren Motherwellen Espainiari buruzko erreferentzia bakarrak. Gai horretako askotariko lanen artean, 1958ko Iberia saila da nabarmentzekoa, Espainiara urte horretan bertan egindako lehenengo bisitaldian hasitakoa. Espainiara heldu aurretik ere, Motherwell oso jabetua zegoen Franco-ren erregimenak eragindako hondamenez, baina zalantzarik gabe, bere behaketa-gaitasun handiak garai hartan herrialdean nagusi zen egoera goibela sakonetik sentitzeko balio izan zion. Nahigabe horrek dena suntsitzea mehatxatzen duen aldarte ilun baten forma hartzen du sailean. Iberia, tamaina handiko lana, Guggenheim Bilbao Museoaren bildumakoa da, eta saileko gogorrenetako bat: gainazalaren iluntasuna beheko ezker-izkinako zirrikitu txiki batek baizik ez du goxatzen. Motherwellek asko landu zuen gainazal hori. Iluntasunaren loditasuna lortzeko, elkartzen eta bereizten diren hainbat pintzelkada baliatu zituen, eta nolabaiteko infernu-anabasa ere iradokitzen dute. Distantzia batetik, giro itogarria eta iragazgaitza ematen du. Zama emozional handiko gai bati buruz ausardiaz egindako hurbilpena hezurmamitzen da Motherwellen lan honetan.

[Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Iturriak:

- Dore Ashton: “Robert Motherwell”, in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
- Nancy Spector: “Anselm Kiefer”, in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.