Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

katalogoa

Psikosi toxikoak ezagutzeko ekarpena. Henri Michaux poetaren esperimentu eta aurkikuntzak

J. de Ajuriaguerra-k F. Jaeggi-rekin elkarlanean argitaratutako saiakeraren pasarteak, 1963

Izenburua:
Psikosi toxikoak ezagutzeko ekarpena. Henri Michaux poetaren esperimentu eta aurkikuntzak
Egilea:
J. de Ajuriaguerra-k F. Jaeggi-rekin elkarlanean argitaratutako saiakeraren pasarteak, 1963
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
28 x 24 cm.
Orrialdeak:
183 or.
ISBN:
978-84-95216-82-3
Lege gordailua:
BI-124-208
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta pertzepzioa | Denbora | Espazioa | Forma | Kolorea | Drogak
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri

Toxikoen bidez Paradisu Artifizialetan sartzea ohiko fenomenoa da.

XIX. mendean, Thomas de Quincey-k eta Baudelaire-k eromen esperimentala jorratzen dute eta letren munduan sartzen dute. Medikuak saiatzen dira ikuspegi zientifikotik aztertzen, eta 1854an bertan, Moreau de Tours-ek Le haschisch et l’aliénation mentale (Haxixa eta alienazio mentala) argitaratu zuen, non amets eta eromen egoeren arteko antzekotasuna aldezten duen.

Egun, esango genuke auziari sakontasunez ondoen heldu dion idazlea Henri Michaux dela. Meskalinarekin, haxixarekin, azido lisergikoarekin eta psilozibinarekin esperimentatuta egindako aurkikuntzen inguruko dokumentazio aberatsa eskaintzen du lau lanetan: Misérable Miracle (Mirakulu miserablea) 1956an, L’Infini Turbulent, (Infinitu turbulentua) 1957an, Paix dans les Brisements (Bakea apurketetan) 1959an, eta Connaissances par les Gouffres (Ezagutza amildegien bitartez), 1961ean. Aurretik opiazeoak eta eterra probatuta zegoen. Bizipenetan oinarritutako mezu horien baliotik harago, haren azken idazkien analisiak interes handia du haren hasierako lanei dagokienez, gure ustez, ez baita poetarik bere barne urruna hain argi azaldu duenik. Gure iritzirako, hori garrantzitsua da, jarduera poetikoak bizi izandakoa moldatuagatik eta irudimenak, kasu honetan, bere kabuz badihardu ere.

Lekuko subjektuekin egindako esperimentu bideratuek bizi izandakoarekiko erlazioa erakusten digute, izan aurkeztutako galderei emandako erantzunez bidez, izan, alderantziz, bat-batean adierazitakoaren bidez. Bat-bateko kontakizunak sarritan zatikatuak dira, ohiko adierazpidea ez baita komunikagaitza itzultzeko gai.

Gainera, apenas ezagutzen dugun ikergai den pertsonalitatea. Bestela esanda, toxikoak probatu dituzten medikuek tamalez ez dute euren biografiarik edo kezken azalpenik erantsi —ulergarria denez— euren ikerketaren aurretik.

Gehienetan deseroso sentitzen gara esparru kartsu, pilpiragarri eta misteriotsuan, galdutako sinesmenaren eta bizi izandako liluramenduaren esparruan; psikiatriak esperientzia horien giza irismen positiboari baino garrantzi handiagoa ematen dio ikuspegi morbido negatiboari. Hortaz, fenomenoa finkatzeko arriskuan egon gaitezke, gauza bat egiteko, poetak kantu bat egiten duen bitartean: bizitza miserablearen kantu bat, egunero han-hemen topatzen dugun heriotza amaigabearen kantu bat. Obra poetikoak eta azterketa psikiatrikoak, beraz, uztargaitzak dirudite. Aldiz, biek ala biek dute gizakia hobeto ezagutzeko beharrizan grinatsu hori. Hortaz, hitzen eta mintzairaren mailan kokatutako kontraesanak gainditzea posible izan behar da. Zailtasuna agerikoa da: psikiatrak kanpokoa behatzen du; atsegin du existentziaren ekintzak portaera motore eta erlazionaletara murriztea; itxuren arabera konparatzen ditu eta analogiaren bidez sailkatzen ditu, eta horrela esperientzia bakarren orijinaltasuna deuseztatzen du.

Baina behaketa horien emaitza ezin da gutxietsi eta zerrendatutako zeinuak erreferentzia praktikoak dira; Henri Michauxk ez du zalantzarik izan erreferentzia horiek erabiltzeko bere esplorazioan, eta hartara argi utzi du ez duela asmorik mundu eskuraezin batean isolatzeko.

. — .

Gaitasun haluzinogenoek ematen diete ospea droga magikoei. Deskribatu izan dira objektuen itxura edo argitasunaren intentsitatea deformatzen duten ilusioak, efektu eta erliebe adierazezinak.

Nire egoera apartekoaren zoramenaren bidez, bestela
antzemango ez nukeena antzematen nuen, eta apenas
sortzen zitzaidan zalantzarik, edo bat ere ez.

Badira ere objekturik gabeko pertzepzioak, distirak, fosfenoak, forma geometrikoak, izaki bizidun edo bizigabeen ikuspenak, eta sasipertzepzio horien osaketaren eta kateatzearen arloen baitako jolas arraro bat. Sentitutako irudiak, narratzaile guztien arabera, ez du estesia puru baten kalitatea, kenduta agian gairik gabeko zenbait distira argi eta mozkorraldi meskalinar eta lisergikoaren marapilo polikromoetako zenbait figura. Irudia ez da bere forma eta disposizioan antzemana.

Oinarrizko kolore eta formetatik harago, ikusmenaren fenomenoan inplikatutako identifikazioaren pertzepzioari dagokion jarduera psikikoa zatikatua edo desintegratua bezala gertatzen da; adimenari eskaintzen zaion mundua, hortaz, ezin jarraitu liteke laburbiltzen erreferentzia sinboliko partekatuekin. Hortik aurrera, koloreak ez dira ohiko urdina, gorria, horia, baizik eta besteen antzik ez duten “urdina”, “gorria” eta “horia”, baina urdin, gorri eta hori deituko diegu ez dugulako beste hitzik eskura.

Bistari eskaintzen zaizkion espazioaren egiturak —hormak, altzariak, pasabideak— ez daude kokatuta distantzia edo dimentsioen erlazio egonkor batean; etengabeko fluktuazioak jasaten dituzte eta errealitatezko balioa eranzten zaie.

Parpaila parpailaren baita. Jarraipen monotonoa.
Garapenaren erritmoa, etengabeko erakustaldia,
mantsotzen ez dena, eta ez dena zurekin erlazionatzen.
Geraezina. Ornamentogenesi prozesu agorrezina.

Horrela, objektuaren edo kontenplatutako eszenaren onirizazioa gertatzen da eta zaila da objektu ikusiaren eta errealitatetik kanpo dagoenaren, eta figura irudikatuaren eta haluzinatuaren arteko bereizketak egiten.

Esperimentua egin bitartean eta bereziki ilusio bisual horiek bizi bitartean, izatea jagole geratzen da, eta itsualdi diskreturik gertatzen bada, ez da agertzen nahasitako izatearen ohiko sintomen bidez. Azterketa klinikoan, subjektua diskordante azalduko da, ez nahasia.

1930ean autoritate bihurtu zuen lanean, Louis Lewin toxikologoak aipagai du 1922an Beringer psikiatra alemaniarrak, meskalina probatu zuen lehenengoetarikoak, egindako deskribapena: “Pasabide amaigabeak, arku zorrotz zoragarriekin, arabesko koloretsu bikainak, estilo groteskoko apaingarriak. Guztia edertasun gorenekoa, naturaz gaindiko distira erakargarrikoa… Gero azaldu zen gela iluna. Berriz azaldu zitzaizkidan arkitektura txundigarriko figurazioak; pasabide amaigabeak, estilo moriskokoak, olatuen mugimendua zutenak, figura deigarrien irudi harrigarriekin txandakatzen ziren”.

Azpimarragarria da zehatza behar zuen narrazio hau inbaditzen duten adjektibo arranditsuen ugaritasuna. Egia esan, autoreak ezin zuen ekidin prozedura estilistiko hori; esperientzia toxikoak aipatzeko, kalifikatzaileak beharrezkoak dira, ikusmenak ez baitu objektu atzigarri bat barneratzen objektu bezala, ez bada termino batek bere baitan finkatzen duela. Ez, kasu horretan ez da objektua erabat.

Norbaitek sekula (edo erabat oker nabil) ez ditu
objektuak benetan bizitzen, ezta monumentuak
ikuspen meskaliniarrean. Lerro uhindunen formak,
puntu dardarkariak, espaziatuak, bloke bat osatzen ez
dutenak, sekula ez dira ikusiak izan, baina beti izan dira
interpretatuak.

Irudiaren edo eszenaren osagarriak hemen ez datoz bat gizakiak errealitatea eraikitzeko erabilitako legeekin. Elementuen inurridura molekularra, itxura monumentaleko oxkar linealen ordenamendu anarkikoa, alde guztietatik agertzen dira ekoplasmak, aldi berean kontenplazioei ihes egin eta presentzia obsesibo gisa inposatzen direnak, horiek denak lagungarri dira fantastikoa liluragarri eta etsigarri bihurtzeko, aldi berean norberarena eta besteena.

. — .

“Ilusioak” baino gehiago sentsazio bisualak dira, kasik diaskopikoak, errealitatearen forma zenbakaitzen elaborazioan parte hartzen duten mekanismoena, errealitate baliogabetua, zatikatua, eraikia, inbaditzailea, biribildua, lineala; bizirik edo hilda dauden beste gorpuen erdian giza gorputzaren esperientzia atsegin eta mingarriz ere beteta dagoen errealitatea.

Irudi mentala —ilusiozko esperientzia horiek ebidentzia bidez egiaztatzen dute— forma, kolore eta mugimendu multzoa baino gehiago da, topaleku bat da eta totalizazio-ekintza bat, non batzen diren substantzia, itxura eta kalitatea gizakiarentzat diren horretan; objektuak, formarik gabe, inbaditzaile, hotzez edo puntaz laztua atzematen dena, behatzailearentzat dena azaltzen du, hau da, oldarkorra edo nardagarria; zetazkoa, beroa, hedatua, erlaxazio eta lasaitasunerako gonbidapena da.

Horrela, ulertzen dugu Henri Michauxk ez garamatzala kaos bisionario batean galtzera, giza errealitatearen esparru berri bat konkistatzera baizik.

Egoera toxikoen garapenean, sarritan agertzen dira sinestesiak: soinu bat argi gisa hautematen da, kolore bat melodia gisa, zarata bat mugimendu gisa.

. — .

Fenomeno hau maiz gertatzen da kalamuaren intoxikazioan. Alban Berg-en operaren irrati-emankizuna entzuten ari dela etxean, Henri Michauxk leihotik buru erraldoi bat ikusi du auzoko zuhaitz baten hosto artean; Wozzeck-en aurpegia da.

. — .

Egoera oniroidearen bitartean, sinboloen osagai plurisentsorialak nolabait desartikulatzen dira eta dominanteak baztertu egiten dira. Efektua literalki errebelatzailea da, lan psikikoan jokoan sartzen diren susmatu gabeko erlazioak agerian utziz.

Testua, edonondik heltzen diozula ere, ahots bihurtzen
da, ondo datorkion ahotsa, eta pertsonak ahots horren
atzean hitz egiten du… Kito abstraktua edo lausoa izatea.
Izenaren atzeko pertsona haren pisuarekin dator, haren
pisugabetasunarekin.

Ikuspuntu klinikotik, fenomeno hau zenbait gaixorengan antzematen dugun automatismo mentalaren antzekoa da: irakurgai duten testua oihartzunean entzuten dute, kanpotik datorren ahots batek irakurriko balu bezala.

Efektu haluzinogeno eta disforikoak baino ezezagunagoak izanagatik agian, gorputzaren, denboraren eta espazioaren kontzientziaren perturbazioek analogia azpimarragarriak eskaintzen dituzte desaferentazio deitutako egoeretan agertzen den fenomeno multzoarekin.

Bide batez, gogora dezagun subjektu normalek (hau da, intoxikazio kimiko exogenorik jasan ez dutenek), denbora-tarte luze batean —24 ordutik gora— estimulu sentsorialik gabeko ingurune batean egonez gero, desoreka errepikakor batzuk izaten dituztela, eta, larritasun tarte baten ondoren, hainbat eratara azaltzen direla: tipo psikosentsorialeko perturbazioak, gairik gabeko haluzinazioak eta batez ere arazo somatognosikoak, despertsonalizazio sentimenduak eta batzuetan ilusio heautoskopikoak.

Intoxikazioen garapenean, subjektuek ere jasan ditzakete gorputzaren eta gorputz-atalen formaren alterazio mota hori, kontzientzia muskularraren disoluzio mota bat balitz bezala.

Lebitazio sentsazioak azaltzen dira tarteka, arintasun inpresio arraroekin edo, aldiz, pisutasunarekin. Gorputza bereizi egiten da norberaren izatetik, eta beste izate baten formatzat hartzen dugu.

Esperientzia arraro horiek komedia egitearen inpresioarekin azaltzen dira. Ohiko inguruaren familiartasuna desagertu egiten da. Subjektuak ez du bere burua ezagutzen.

Puntu erridikulu horretan, barruko ikuskizuna
begiratzeari uzten diogu, ezinezkoa izanik bertan
norberaren gustuak aurkitzea.

Izakiak gorputzaren bitartez gauzatutako portaera sentsorial-pertzepzio-motoreetan egituratutako esparru batean bizi du bere normaltasuna. Psikomimetikoen bidezko egiturazko dinamika honen disoluzioak izakiari kendu egiten dio denbora eta espazioa hautematen dituen bitartekari korporala: horrela erantzitako jarduera psikikoak desgauzatu egiten ditu.

Nire gorputza erakartzen saiatzen nintzen, alperrik.
Ziurrenik sentsualizatu beharko nukeen. Baina arrotz
bihurtua zen. Ez zuen ezerekiko interesik.
Sentitzea, inpresio bat izatea, instalazio bat egitea da.
Meskalinak instalazio oro ekiditen du.

Denbora sozialari dagokionez, esperientzia oniroidea denborarik gabekoa da. Ez du iraupenik, ez baitu erreferentziarik. Aldi berean unea eta eternitatea da, antzemandako kontzientzia osoa baita, sasi-pertzepzio baten ametsaren baitan bezala, bere baitara itxia eta irudimenean murgildua; irrealitatearen kontzientzia izanik, hortik aurrera ez zaio atxikitzen bizi izandako denbora sozialaren bilakaerari.

Atzera begirako kontakizunek fase akutuaren garapenean denborak islatzen duena aipatzean jasandako ezinegona azaltzen dute.

Gerora horretaz esaten denaren baitan, ematen du denbora jasaten dela sentsazioen garapenaren azelerazio zorabiagarri bezala, zurrunbilo amaigabe bezala. Baina distantzia falta da erritmoaren eta erritmo bihurtzen den izakiaren artean.

Meskalinarekin denbora amaigabea da. Irudien eta
ideien azelerazio fantastikoa eragiten du. Orain
subiranoa da. Ideien suziriak ezin azkarrago hurbiltzen
zaizkio, inolako eraginik izan gabe. Jainkoak halako
nonbait bizi beharko luke, existituko balitz…

Denboraren kontzeptua atzigaitza da. Intoxikatu bitartean, ordea, erraza da antzematea kokapen kronologikoaren gaitasunaren perturbazioak. Proben laguntzarekin (denbora-tarte jakin baten ondoren eginda) espazio-denboraren matrizearen erabileraren galera frogatu dezakegu.

Azkenik, lan psikikoarekin lotura zuzenagoa duen arazo multzo bat ikusten dugu. Ideien kateatzea askatu egiten da eta pentsamenduaren garapena lurrundu. Normalean pentsamendua eta ekintza elkartzen dituen lotura hautsita dago. Sentimenduen pentsamenduek, desiren pentsamenduek, asmoen pentsamenduek eremu mentala inbaditzen dute: hutsik daude eta ez dute aingurarik aurkitzen ordura arte lotzen zituzten emozioan eta mobilizazio motrizean. Pertzepzioak, sasi-pertzepzioak, azaleratzen direnean, pentsamenduak kanporatzen dituzte eta orduan azkenen garapena geratu egiten da eta ez da txertatzen pertzepzio bat kontzientziak atzemandako objektu bihurtuko lukeen zirkuituan. Oztopoak azaltzen dira eta gogoetaren garapena eta gogoetaren elaborazioa gerarazten dituzte. Argi dago analogia nabarmena dela fenomeno horien eta autore klasikoek mentismo erreprimigaitza (mentisme incoercible) terminoarekin definitu zutenaren artean.

. — .

Eter

Eterrarekin [Michauxk] egindako lehen esperimentuek, duela 30 urte jadanik, aurkikuntza larri batera eraman zuten: “Gizakiak ahuleziaren beharra du”.

Eterraren mozkorra ez da zehazki efektu psikomimetikoak dituen intoxikazioa. Krisiaren garapenean, batik bat nabarmentzen dena da gorputz nahasi eta astinduaren sentsazioa. Garapen azkarregia du erregimen sentsoriala berrantolatzeko denbora izateko, erlazio berrien instalazioa ahalbidetzeko. Eterrak gain hartzen gaitu. Bortizki hustuak sentitzen gara, ustez gu ginena erabat abandonatzean sentitzen den gozamen oso azkar batez beteak.

. — .

Haxixa

Haxixa egia esan drogarik hedatuena eta esperimentatuena da. Despertsonalizazioan dituen efektuak eta somatognosian eragindako arazoak haluzinogeno handienak baino nabarmenagoak dira. Abiadura euforikoaren aldartea eragiten du, leherketa distimikoekin tartekatuta. Bizipen oniroidea hori bat dator mundu fantasmagoriko baterako sarrerarekin, non ugariak diren automatismo mentaleko fenomeno aurreikusezinenak eta sinestesia iradokitzaileenak. Horrela, sentsazio izugarriak eragiten ditu irudiei nolabait ematen dien animazioarengatik.

. — .

Haxixaren maneiukortasunak aukera eman zion Michauxri mentalaren aztoramenduen esperientzia lasaia deitzen zuena egiteko. Antzeman nahi zuen zer zegoen esperientzian zehar kostata transkribatzen zituen hitzen atzean. Atzera begira, inpresioa izango da ezin daitekeela bete ideien inurritze erreprimigaitzaren eta egoera horretan jasotzea lortutako hitzen arteko tartea.

. — .

Meskalina

Meskalinak sortzen duen egoera partikularrak aldez aurretik fenomeno begetatibo garrantzitsuak ditu: goragalea, hiperkriniak, gorritzeak, etab., eta ondoren ahulezia muskularreko esperientzia zehatz bat hedatzen da, baita dardarizo ultra azkar bat bezala bizi izandako kitzika propiozeptibo batena ere, intoxikazioaren iraupen osoan zehar azalduko dena eta duen kalitatea emango diona.

arima harritutakoaren baitan, pasatzen den guztia!
modu izugarrian…
izaki akitua, baina genitorea, are genitoreagoa
genitorea dela jakin gabe
lerroen tolestea: bizioen seinale.

Gero, azkarrago azaltzen dira fenomeno psikosentsorialak, ilusioak, hautemandako koloreen balioaren moldaketekin, nahiko gaizki itxuratutako irudi haluzinagarriekin, goitik beherako mugimendu etengabeekin animatutakoak.

“Hagitz muturrekoa” izan liteke bere izena,
bere benetako izena.

Objektuen ohiko forma aldatua dirudi, kontenplatutako irudiek kalitate eskasa dute, denboraren eta espazioaren nozioak desagertu egiten dira. Michauxren egoera “dardarkari” bat da.

Dardarizo ugariak, hasieran ia fulminanteak.
Handitasun anormalekoak, punta ugarirekin.

Diabolikoak, dardarizo nekagaitzak, esango genukeela
zamalkatzen ditugula eta rodeoak zortzi ordu irauten du,
hau da, mende bat.

Bere ekintzaren unerik latzenean meskalinak irudi itsugarriak
edo izpiz inguratuak eskaintzen ditu, suzko lubakiak, eta
pertsona urrunak edo Liliputekoak bezain txikiak, mugimendu
azkarrez animatuak, pertsona baten zernahi keinutatik baino
daudenak motor baten pistoietatik hurbilago.

. — .

Psilozibina

Psilozibinak bi eta sei ordu bitarteko intoxikazioak eragiten ditu, segidan meskalinarena baino efektu neurobegetatibo apalagoa azalduz. Erlaxazio muskularreko egoera oso partikularra da. Hiperestesia, ikusmenaren eta entzumenaren pertzepzioak ez dira hain markatuak. Intentsitate gorenak indiferentziazko sentsazio definiezin bat eragiten du, lasaitasun solemnekoa. Zoriontasun oretsu baten tipoko zerbait da.

Fenomeno psikosentsorialek erritmo geldoa dute, irudia enfasiarekin iragaten dira, aurpegiek higiezinak dirudite, egurrezkoak bezala. Despertsonalizazioa fisikoa baino ideikoa da. Intoxikatuak ez du bere burua identifikatzen bere gustuetan, bere estiloan.

Subjektua hitz egiteko gai da fase akutuan, baita idazteko ere; bere ikuspena ez dago parasitatua; baina begiratua eskaintzen zaion horretan itsatsia bezala du. Inguruak arrazoitzeko, erantzuteko, hitz egiteko edo idazteko eskatzen dion ahalegina alferrikakoa, erridikulua eta gogaikarria iruditzen zaio.

. — .

Esperientzia toxikoa

Gizakiaren begiak egonarriz jardun du inguruan dituen objektu, kolore, forma, konfigurazioen eta mugimendu zehatz eta mugatuen kaosean barna, legeen arabera ziurtatuz inguratzen duenarekin izakiak dituen loturen beharrezko iraunkortasuna. Eta lotura, kolore eta forma horiek, konfigurazioen finkotasuna eta mugimenduen hurrenkera eraldatu egiten badira, hortik aurrera kontzientziak ez ditu identifikatzen, eta, beraz, hortik aurrera izakiaren kontzientzia bera ez du identifikatzen.

Begiak munduarekin duen lotura hori, sotilena, sakonena, agian delikatuena, esperientzia guztietan aztoratutako lehenbizikoa da.

. — .

Formak, ongi izendatu behar denez ere kaos optiko horretan objektu egituratu bezala antzeman daitekeena, ematen du mundu amaigabe batetik jariatzen den mugimendu etengabe batean urtzen direla.

Kolpean… “itsugarri” hitza aurretik esanda, kolpean aizto
bat, kolpean mila aizto, kolpean mila argi-distira faltsu,
tximistatan sartuak, baso osoak mozteko bezain handiak;
espazioa goitik behera mozteari ekin diote, kolpe
erraldoiak emanez, kolpe miragarriak, ezin azkarragoak,
eta nik kolpeokin bat egin behar dut, barruan, minez,
abiadura jasangaitz berean, garaiera ezinezko horietan…

Ikuspenak tarteka bat egiten du sinkretismo original batean, non izakia ikuspena den eta ikuspena, izakiaren esentzia.

. — .

Eta, koloreek, karga jakin bat hartzen duten moduan, era berean bat-batean hots batek balio nabarmena hartzen du.

Urrunean txakur batek zaunka egin du
zaunka perfektua
zaunka eredugarria
zaunka bat bi isiltasun erreinuren artean.
Meskalinak maiestate bihurtzen du edozein gauza!

Urrunean,
erabat urrunean, burdinazko xafla baten hotsa entzuten
da, kolpatua,
agian haur adigabetu batek joa
haurra, ameslari, apenas ohartu da egin duen hotsarekin,

nik baino ez dut hotsa azpimarratu
apartekoa
bakarra

. — .

Baina sentsazio kontaezin horiek aurrerantzean ez dute loturarik izango normalean seinalatzen dituzten pertzepzio-aparailuekin eta azalarazten dituzten sinboloekin. Kolore bat gutxi gorabehera soinu definigaitz bat bezala entzuten da, soinu bat beso baten mugimendu bezala hautematen da, melodia batek gorputz osora barreiatzen du sentsazio bat kontzientziak berak bere buruaren aurkako ahaleginetan ezin gaindi dezakeena.

. — .

Baina intoxikazioak are sakonago ahultzen du izakiaren batasuna. Gorputzaren kontzientziari erasaten dio.

Nire inguruko nire gorputza urtuta zegoen. Nire izatea
iruditzen zitzaidan (betazalak jaitsita izanez gero eta
erreferentzia bisualik gabe) substantzia formagabea,
homogeneoa, ameba bat bezalakoa. Are homogeneoagoa.
Ez nintzen txikitua sentitzen, soilik indiferentziatua.

. — .

Eta espazioa eta gorputzak espazioan duen posizioa dira desagertzen direnak:

luzaketa arraroa
hedatze arraroa
gabezia zeharo oparoa
etengabeko lebitazioa
berriz jaitsi ahal izango naiz noizbait?

Eta definizio gabetasun horretan, denboraren nozioa desagertu egiten da.

. — .

Esperientzia berritu egingo da. Dosi handiagoa barneratu ondoren, mirari beldurgarria esperimentatu du, eskizofrenia esperimentala.

Ozeano meskalinarraren olatuak gainera etorri
zitzaizkidan, bultzaka, hartxintxar fin bat bezala biraraziz:
mugimenduak, ordura arte nire ikuspenean, orain neure
baitan zeuden. Guztira ez zuen hamar segundo baino
gehiago iraun, eta egina zegoen. Ni galduta nengoen.

Izua zetzan ni lerro soil bat izate horretan. Bizitza normalean,
esferak izan ohi gara, panoramak deskubritzen dituztenak.

Hemen lerro bat baino ez. Mila aberraziotan puskatzen den
lerroa… Azeleratu lineal hutsa bihurtuta nengoen eta ezin
atzera egin… Bortitza zen, ni eusten ari bainintzaion.

. — .

Toxikoek eragindako errebelazioa ez da bera proba guztietan zehar eta Michauxk behin baino gehiagotan esperimentatu du toxiko bertsuekin. Errepikatutako esperimentuetan zehar jarreran eta sentitutakoan izandako aldea azaldu du. Hasieran eromena azaltzearen beldur izanagatik, aurreikus zitekeen arren, dioenez, beldur hori gerora arindu egiten da.

. — .

Hortaz, kasuz kasu eta modu misteriotsuan aski berritzaileak ez ziren fenomeno zentzugabeak “sentitzeko” modua desegin du. Eta hori egin du gero eta azkarrago, esperimentu guztietan zehar, seigarrenera arte. Beraz, garatu egiten da eta heltzen dio, berak dioen bezalaxe, maltzurki azeleratuta dagoen motore hori gerarazteko zereginari… bere baitan ezagutzen ez zuen balazta-potentzia bat erabiliz, eta “kontrol” deitzea beste erremediorik ez zaio geratzen.

L’Infini Turbulent (Infinitu turbulentua) lanean azaltzen du hori, eta aurrerago, Paix dans les Brisements (Bakea apurketetan) obran are argiago.

Jada ez ditugu lehengo harremanak, meskalinak eta biok.
Errepikatzen den orotan, zerbait agortzen da eta zerbait
heltzen. Nolabaiteko oreka sakonagoa iluntasunez
bilatua eta partzialki aurkitua da.

Kontrakoa neurtzeko nolabaiteko proba bat beharrezkoa da edozein droga ikertzerakoan.

. — .

Ohitzeak funtzio bat baldin badu toxiko bera hartzen den hurrengo moldaketa guztietan, berori ez da ezinbestean ordena biologikokoa, terminoaren zentzu biokimikoari jarraiki, edo ez da soilik halakoa. Hor, pertsonalitatearen jarrera aldatu egiten da, “toxiko erasotzaileetara” hurbilduz. Bi toxiko desberdin hartzen diren hurrengo aldietan zehar, interferentzia biokimikoak sortuko dira agian, baina ziurrenik jarrera pertsonalak ere eskuhartuko du. Badakigu moldaketa psikiko garrantzitsuak eragiteko beharrezko dosiak gizabanakoaren arabera aldatzen direla. Eta Michauxk dioenez, bere kasuan, ikusmenaren efektu esanguratsuak lortzeko modurik onena 0,1 gramoko meskalina dosia hartzea da. 0,5etik gora efektu bisualak desagertu egiten dira eta lekua uzten diete eraso mentalari eta eromen zantzuei.

. — .

Gaëtan de Clérambault-en lana ezagutzerakoan, deigarria da zeinen antzekoak diren gure poetak egiten dituen deskribapenak eta psikiatra frantsesak deskribatutako Automatismo Mentala. Automatismo fenomeno horien zoru komuna pentsamendu elementalaren desoreka molekularra deitu litekeena da. Pentsamendua lehenbizi modu indiferentziatuan erasaten da, hau da, aldi berean abstraktuki eta sentsorialki era zatikatuan, pentsamendu normalaren moduan, hain zuzen; bigarrenik, ematen du abstraktuak konkretutik aldez aurretik emantzipatzen direla; azkenik, konkretuen emantzipazioa hasieran nagusiki zatikatua da. Aprosexia izanez gero, aldi berean dispertsioa biderkatu egiten da. Hau da Michauxri irakurtzen dioguna:

Azkar datoz, azkar, abiadura eroan eta ilaran,
badoaz, ihesi, desagertu egiten dira, sortzen ari diren
pentsamenduak, pentsamendu askeak, askeak direla
seguru dakigun bakarrak…

Pentsamendu zatikatuak dira eta hala jarraituko dute,
banakako, gobernagaitz, erabilezin, trataezin, agertu
bezain azkar galduak…

Michauxren kasuan berdintsu aurkitu ditugu Clérambaultek “berbazko joko zatikatuak” deitutakoak, esaldi artikulatu baina hutsen emantzipazioa, esaldi zatiak, hitzak, silabak. Fenomeno zatikatuenen artean, hitz lehergarriak, hitz deformatuak, hitz formagabeak, hitzen jario oparoa, askotariko silaba jokoak eta intonazio arraroak. Michauxk hitz itsaskorrak azpimarratu ditu, ordenarik gabeko hitz erauntsia, hain azkarra non ezin alda dakiokeen noranzkoa eta zenbaketa leloa geratzea ezinezko den.

Izugarria, beharrezko lankidetza hori, ia muskularra,
hitzen gorteatze laidogarriarekin. Akabo erlazio
gramatikalak, akabo sintaxia, edo ia.

Michauxk esandakoan aurkitu ditugu Clérambaultek anideismoaren sindrome izendatzen zituenaren ezaugarri andana. Zenbait fenomeno psitaziko, hala nola, berbazko joko zatikatuak, zentzugabetasunak, berbazko zerrak, mentismo fenomenoak, ideorrea, askotariko hipermnesiak, oroitzapenen mozketa mutuak. Jendearen eta gauzen arrarotasuna, antzekotasunen hautematerik eza, errekonozimendu faltsuena, arinkeria absurdoena, objekturik gabeko emozioena, pentsamenduaren desagerpenena, ahanzturarena, pentsamenduaren etenena, objekturik gabeko txundimenena.

Ez al ditugu Michauxrengan aurkitzen “sinonimoen tenisa”, “bentosa irudiak”, “erresonantzia arraroak”, “ahots haragiztatuak” bezalako irudiak?

Meskalina konposizioaren desoreka da…
Berbazkoari lotua, enumerazio bidez idazten du.
Espazioari eta figurazioari lotua, errepikapen bidez
marrazten du.

Errekonozimendu faltsuez: “Hara, bide hau ezagutzen dut, bide hain partikularra, eta hala ere…”.

De Clérambaulten kasuan antzemana zuen halako desorekak tarteka psikosi toxikoetan eta fenomeno hipnagogiko ia normaletan agertzen zirela. Baina aski ote zaigu alterazio horien multzoa lotzea tipo hipnagogikoko arazo batekin, ametsetik gertu dagoen ondoez batekin? Egia da ilusio estesiko horiek, sinestesia horiek, deserrealizazio edo baita despertsonalizazio fenomeno horiek esperimentatuak izan direla mundu zabalean ekarpen toxikorik gabe. Bizipen horiek bizitza psikikoaren forma zehatz batzuetan azaltzen dira. Sartre-k hauxe dio: “irudi hipnagogikoa da kontzientzia bat-batean harrapatzen duen pertsuasio bortitza” eta “ametsean kontzientzia munduaren kontzientzia da, gizakiari gaina hartzen diona, baina gizakiak mundu irudikatuan proiektatzen duena”.

Michauxk bereizi egiten ditu esperientzia toxikoan sentitutakoa, ameskizuna eta ametsa. Honela dio ohar batean:

Ameskizunak beti baitira gauza nolabait bideratuak.
Ametsen kasuan, euren baitako pentsamendua satsua
izaten da, disimulatua, ez abstraktua, koadroetan,
antzerkietan eta atalka azaltzera behartua, eta ongi
beharrean, oker samar.

Izatez, intoxikatua, uste dugunez, izate ia hipnagogikoan bizi da, baina zabalera urriko oszilazioekin, ameskizun-jarduera batekin eta hausnarketa-jarduera batekin. Baina ameskizuna ez da irudi mentalaren arintasuna, hausnarketa eta irudimen jardueran zehar pentsamendu argiak oinarri hartzen duena. Intoxikatuaren ameskizunak kontzientzia harrapatzen duen mundu irreal batera bultzatzen duen amets baten erabateko lilura azaltzen du. Ziur gaude toxikoen eragina maila neurologikoan gertatzen dela eta toxikoek modu desberdinean eragiten dutela aktibazio sisteman, modu gutxi-asko markatuan, eta sistema sentipen-sentsorialetan, nagusitasun gutxi-asko handiarekin. Baina hori ez da aski esperientzia toxikoa azaltzeko. Esperientzia toxikoa kontzientzia mailaren moldaketan ageri da, eta desaferentziazio mota jakin batean. Kontzientziaren moldaketa mailaren arabera, automatismo tipoko fenomenoak sortzen dituen drogaren jarduera gutxi-asko markatuaren arabera, norbanakoaren eskuragarritasunen arabera, kanpoko mundutik zeinen urruti kokatzen denaren arabera, sarritan bere pertsonalitatearekin edo drogaren eragin kuantitatiboarekin erlazionatua, esperientziak desberdinak izango dira. Michauxk esan duen bezala:

Edozein drogak zure heldulekuak moldatzen ditu.
Zentzumenei heltzeko modua, zentzumenak munduari
heltzeko modua, izatearen inpresio orokorrari heltzeko
zenuten modua. Amore ematen dute. Sentiberatasunaren
birbanaketa handi bat gertatzen da eta dena bihurtzen
da arraro; sentiberatasunaren birbanaketa konplexua,
jarraitua.

. — .

Bizirik egotea prestatuta egotea da. Hiriaren eta
egunaren oihanean gerta daitekeenerako prestatuta.

Gorputza egitura sentibera da mundu sentibera batean. Ari da eta hautematen du. Gorputza moldatzen badugu, mundua moldatu egiten da. Gorputza une oro pertzepzioaren eremuko errealizazioa bera da. Gorputzaren jarrera globalean da hain zuzen, bere intentzionalitatean, gizakiaren eta gauzen artean jarduera-erlazio bat ezarriz, non denborazkotasunaren jarraitutasun hori jaiotzen den. Gorputzaren intentzionalitatea, denboran txertatzearen ondorioz, bada ere errealizazio-jardueraren disposizioa. Gorputzaren disoluzioa denboraren disoluzio gisa bizi daiteke esperientzia toxikoan. Subjektua mugitzen ez den kontenplazio-izate batean bizi da eta, horren ondorioz, toxikoek espazio eta denborazko moldaketak eragiten dituzte. Intoxikazioak, eragiten dituen kontzientzia mailako alterazioengatik, sorrarazten dituen influentzia parasitoengatik, sortzen duen bizipen artifizialarengatik, gorputzari leku partikular bat ematen dio munduan.

. — .

Henri Michauxren esperientzia toxikoen aurrean, zein helbururekin egiten dituen galdetu beharra dago. Zer bilatzen du, zer aurkitu, zer ezkutatu? Arazo bat eta bakarra. Misérable miracleren epilogoan, Michauxk diosku:

Ikuspegi bakarraren zaleek tentazioa izan lezakete
hemendik aurrera nire idazkien multzoa drogazale baten
lan gisa epaitzeko. Sentitzen dut. Edarien artean ura dut
atseginen.

Connaissances par les Gouffres lanaren hasieran gainera hauxe dio:

Drogek aspertu egiten gaituzte euren paradisuarekin.
Hobe ezagutza pixka bat ematea.
Ez gaude paradisuen mende batean.

Michauxk, beraz, drogazalea izatea ukatzen du eta drogaren bidez ikertzea merezi duen ezagutza bilatzen du. Izan liteke, Rimbaud bezala, igarle, eta ezezagunera iritsi zentzumenen deserregularizazioaren bidez? Baudelaire-k Poe-ri buruz dioen bezala, osasun poetikoko egoerak bilatzen ditu, kanpotik etorritako grazia edo bisitazio bezala uler litezkeenak? Ez. Nerval-ek bezala, betiko ametsa zuzentzen saiatzen da, sufritu ordez. Drogaren bitartez, bera da gidaria eta gidatua. Igarle izan aurretik ere, bidaiaria da (Brechon). Drogari dagokionez, oso gutxitan da pasiboa, bera baita gonbita eta bisita egiten dituena.

Esplorazioa edo topaketa, galdetzen du Octavio Paz-ek. “Aitzitik, topaketa, aitzitik gorputzez gorputz drogarekin”. Eta Bounoure-k dio: “Ikusten duguna ez da drogazale bat drogari emana, baizik eta droga bat, Henri Michauxri aurre egin nahian”. Esplorazio tresna gisa baino aipatua ez den proba honetatik gaizki samar ateratzen da, esploratua.

Literato batzuek esperimentuak probatu dituzte drogarekin. Michauxk esperimentatu egin ditu. Drogan berrespena eta gainditzea bilatzen ditu. Bere burua bilatzen eta topatzen du. Suntsitu eta berriz jaio. Bere obran zehar, Michaux poesiatik pinturara pasatzen da adierazmena hobetzeko. Gaztetan izandako bidaiaria orain esploratzailea da. Aspaldiko poema batean, heriotzaren jaunei zuzenduta, hauxe dio:

Erruki zaitezte nitaz, maletarik gabeko hainbeste
bidaiaren bidaiaria jadanik.

. — .

Ez dugu uste honakoa esan daitekeenik, Octavio Pazek bezala: “Hori guztia bazen Michauxrengan, guztia bazen bere lehenagoko liburuetan, baina meskalina hori guztiaren berrespena izan da”. Egia da bere obra toxikoak Michaux gizona berretsi duela. Obra bere gorputzaren ondoezaren adierazpena da. Bere buruarekin deseroso sentituta, gorputza nolabait zatikatua du, ez dago kokatuta. Bere batasuna bilatzen du etengabe, kokatuta egoteko. Bere ahulezian, bestea izaki irenslea da, eta soilik egin dakioke aurre trufaren edo exorzismoaren bitartez. Denboratik eta espaziotik at, bere ektoplasma airean dabil, baina, hala ere, ez da bere buruaren ez bere abiadura desagregatzaile arriskutsuaren jabe sentitzen. Gainera, “benetako espazio den barrurako eta kanporako izugarri honetan”, ezin du distantziarik hartu. Bakardadean geratzen da espazioan eta denboran. Funtsean, ez du lortzen bere buruarekin “bat egitea” (Brechon). Izatez, pozik legoke pasibotasun horrek dakarkion kanpoko erasoaren arriskurik gabe atseden hartu ahal izango balu. Ezin onartzean bere deserosotasun iraunkorra, ez dio bere buruari uzten aske aurrera egiten, desagregazioaren beldur. Ez dio uzten, edonola ere ezerk ez daramalako inora. Bere obra osoan, bakartia da. Metamorfosi batzuetan proiektatzen da eta, basati, umorez zatikatzeari ekiten dio, axolagabeki.

Bere obra toxikoan, jardun egiten du, baita geldotasunera jotzen duenean ere. Bere burua beldurtzera eta amildegiaren ertzean kokatzera jolastuz, ezagutzari esker salbatzen da. Bere esplorazioa bortxaketa eta sarketa da aldi berean, iraultza eta garaipena. Bere obran bilatu duena bada “niaren urruntze” bat eta “ezkuta nazazue” bat, eta bere kabuz lortzen ditu deuseztatzea eta berpiztea. Intoxikazioan bilatzen du La Nuit remue lanean bilatzen zuena: Bakarrik, / Norberaren baitan norberaren ogia izatea

Hauxe dioenean: Oro da droga, haren baitan bizitzeko aukeratua beste aldea, berak hartzen du hartara bultzatzen duen droga.

Drogak balio dio bere burua indargabetzen duen mundutik ihes egiteko bide bezala. Presentzia ematen dio nolabaiteko arduragabekerian, hartaz erabat kargu egin arren hala ere.

. — .

Eta esperientzia psikomimetikoen testuinguruan, Henri Michauxk erakusten du bere izatearen batasuna jokoan jarri eta ezerezari aurre egiten dion gizon baten ahalegin mingarria.

Huxleyk berdintsu esperimentatu zuen, baina azken batean tranpa egin zuen, meskalina erabili baitzuen lehenago praktikatzen zituen kontenplazio egoeren pizgarri; argi dago hutsa estasiarekin bete daitekeela; trikimailu zaharra da: ezaguna da onirikoa eta irudikatua estasiaren ospearen parte direla. Baina Huxleyren estasia esteta baten estasia da. Doktrinala da. Eredugarria izan nahi du. “Hori ikusi beharra dago”, dio meskalinazale sutsuari buruz. Eta zehaztu: “Honek kontenplaziorako bidea egiten du, baina kontenplazio hori bateraezina da ekintzarekin edo ekintzarako borondatearekin, hau da, ekintzaren pentsamenduarekin berarekin”.

Henri Michauxk, ordea, ez du amore ematen hain konponbide errazen mesedetara jota.

Amildegiaren bukaeraraino joaten da han egiaren minutua bizitzeko. Mamu suntsitzaileak berpizten ditu, itsutzen duten argiak, inguruan jaso zaizkion arma zorrotzak, jipoitzen duten konbultsioak, ekiditen duten objektuak, dislokatzen den gorputza, disolbatzen duten limurtze zaporegabeak, inbaditzen duten ilunpe beltzak eta bereganatzeko ezintasuna, laster lehertu eta txiki-txiki egiten direlako.

. — .

Michauxk desegituratzea bizi izan du bere gorputzean edo zehazki gorputzaren ideian, berak osatutako multzo horretan, bere erregistro estesiko, ikusmen, usaimen, entzumen, ukimen eta barruko organoen pertzepzioetan.

Baina, benetan horrela inplikatu du bere izate osoa munduan? Bada bere kontakizun eta poemetan adierazgarri den isilunerik?

Mundua soilik egina da kolorez, formaz, mugimenduz eta pisuz; gizakia berez gorputz sentibera da mundu sentibera batean, baina mundu hau beste gizaki batzuez egina dago ere. Hala ere, bestea Michauxren mamuetatik bereizita geratzen da. Bestearen aurrean, Michauxk atzera egiten du.

Bada gauzarik deliberatuki ezkutatzen digunik? Ziurrenik ez, hori ez baitzen bere ekintzaren xedea. Octavio Pazek dioenez, “Izan du noizbait esateko asmorik?”. Bere ahalegin orok joera dute definizioz adierazezina edo komunikagaitza den eremu honetara heltzeko, non esanahiak ezabatu egiten diren, ziurtasunek irentsita.

. — .

Esperimentaziotik kontrako efektuen substantzia atera du, desagregazioa eta batasuna, dislokazioa eta irradiazioa, irrealitatea eta errealitatea, pentsamendu irreal hain indartsua.

Errealitatea baino ehun aldiz errealagoa, bere funtsa da
eta ahaztezin, sendo bihurtutako boterea

Toxikoa, mirakulu miserablea, baina mirakulua hala ere, funtsezko gertakari dramatikoa, Michauxri aukera eman diona bere gorputzarekin eta munduarekin mintzatzeko, aukera emango diona, agian, Paix dans les Brisements (Bakea apurketetan) eta gero, bere sufrimenduaren oinarria den bestearengana irekiera lortzeko, izan ere, berarentzat,

Gaizkia besteen erritmoa da.

[Itzulpena: Xabier Paya.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]