Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

katalogoa

Zeinuak

Henri Michaux

Izenburua:
Zeinuak
Egilea:
Henri Michaux
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
28 x 24 cm.
Orrialdeak:
183 or.
ISBN:
978-84-95216-82-3
Lege gordailua:
BI-124-208
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Komunikazioa
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri

Natura oro da zeinu, zeinuak eta zeinuak, zeinuen makla. Horregatik da hain zaila deskodetzea, hain lan motela, eta berdin gizakiak, eurak eta euren antzekoak etengabe mistifikatzeraino.

Horregatik, benetako antzerki batean uko egiten diogu gezurrari. Aurpegiek maskara bat eramaten dute orduan, hasieratik bukaerara. Hori lasaitasuna! Hori handitasuna! Maskara bat, hau da, zeinu nagusi bakarra.

Sentimenduen fluktuazio etengabeak diren itzalak eta keak ezin dute segi oztopatzen, eragozten, behin izaera fideleko zentro egonkor horretara eramanda, indarrez.

Zeinu horrek, adierazgarriegia izan da ere, gehiegi margotuta, gutxiegi pentsatuta —apenas den zeinua—, baina, halere, bere finkotasunean, erakutsi egiten du bere nagusitasuna, bere soinuzko parekidearen gainetik, nota sustengatuaren gainetik, edo derrigorrezko errepikapena duen leitmotivaren gainetik.

Maskarak eta zeinu piktografikoak zurruntasun miresgarri bera dute. Horra, mende gogor honetan behar dugun materiala ematen du, ez soinuen oinarri likidoan egindako hitz gehiago, zeinu garbiak baizik, eta gu izan gaitezela euren mekanikaria, eta ez biolinista.

Gainera, puntu batetik aurrera, hizkuntza ez da aski.

Zeinu batzuekin, Matematikak mintzaira baino urrunago iristen dira fenomenoen arteko erlazioak zehazteko lanean, hizkuntza ez baita gai erlazio horiek formulatzeko. Eta zer egingo luke Kimika organikoak soilik hitzekin adierazi beharko balitu atomoen kateak eta zikloak?

Zientziek gero eta sarriago topatzen dituzte zailtasunak euren gaiak hitzetan adierazteko. Tresna desegokia. Frantsesa, ingelesa: hizkuntza helduak, maneiagarritasun gutxikoak, urrunegi euren iturrietatik, euren erroetatik. Greziera eta latina baino ez dira, oraindik gazte eta erro argikoak, hitz berriak sortzeko erabiltzen direnak, baina hitzok, frantsesera ekartzean, bukaerak eranste hutsak mordoilotu egiten ditu. Soilik frantsesetik eratorritako neologismoei dagokienez, pentsamenduari norabide berri bat emateko irekiak izan beharrean, pintoresko samarrak dira.

Ingeniarien aro honetan hizkuntza berri bat beharrezkoa denez, zergatik ez bat tresna izateko sortua (eta ez aldi berean txirula eta tresna dena), zeinuz osatua? Erabilera ugariko loturen bidez superposizio zehatzak eta garapen handiak ahalbidetuko lituzke, zentzu zaharrez ito gabe.

Fisika matematiko berriak adimen berria sortzen duen bezala, elementu eta lasterbide berrien multzo (eta zaharrak botaz, izan ere bizitzaren heren bat pasatzen baitugu euren aurka borrokan honek adimen berria sortuko luke eta azkar).

Arraroa da margolaritzan gertatu beharra zeinuak agertzeko joera. Ez da lengoaia unibertsal bat sortzeko, eta, egia esan, ezin esan genezake erabateko ziurtasunez benetako zeinuak direnik. Obsesio baten adierazle dira, zehazki. Margolariak ez dauka oso argi zertan oinarritu behar duen bere jarduera. Objektuan? Objektua ez da existitzen jadanik. Objektua amets ederra izan zen. Itxuretan? Horretarako oraindik beharrezkoak dira fedea eta sineskortasuna. Behin birikaren erradiografia bat ikusi ondoren, nork beha lezake bularra “sinesberatasun” berarekin? Birrinketaren eta azaleren triangulazioaren mende ia oso baten ondoren, zeinua, formen amarruaren oztoporik gabe, bloke ziur eta solidoa izango zatekeen, bereziki maneiukorra.

Urteak dira margolari italiar* batek zeinuei buruzko koadroak egiten dituela. Zeinu bakarraren aldaera sinpleak baino ez dira zeinuok, baina oinarrizko zeinu hori benetakoa eta miresgarria da. Zelula mitosian zatitzen den unearen nolabaiteko eskema dira (obraren, jaiotzaren eta etorriko denaren handitzearen adibide), polarizatzen den fasekoa; parte garrantzitsuetako bakoitza sailaren mutur batera abiatzen da, duelu baterako bezala, baina agur betiko esateko da benetan, autonomiaren bidez irabazteko, elkar galduaz halako eromenean.

Zeinu honek, panspermia amets baten hasierak (edo bukaerak), etorkizun handi batera bideratua dirudi margolariaren espiritu dekoratzaileak sumatzen duenean makineria biologiko hau, katebegi unibertsal hau, ikuspegi desberdin batekin… baina esperientzia ez da amaitu…

Beste margolari batek** bere lanari ekin dio praktikoki zeinuak egiten. Bat koadro bakoitzeko. Koadro? Sinadura? Hasteko, honakoa ulertu du: zeinuak ezerk baino hobeto adieraz dezake “NAIZ-NI” delakoa.

Liburu bat baino askoz sinesgarriagoa.

Berrogeita hamar koadro edo berrogeita hamar sinadura egin izana osotasuna duen gauza bat da, bada ere mihise-poema bat, haikai mugaezin bat, antieleberri-ibaia, printzipioen adierazpena, azken puntua, Alfa, autoritatearen metafisika, intolerantzia, errege-unea, manifestua, serieen leherketa, kateen haustura eta autorearen gakoa, etengabe berritua. Horrela itzultzen da bultzada berri bat, ezpatari sutsua dena.

Orain nire zeinuei buruz mintzatu behar dut. Non kokatzen naiz? Ziurrenik ez korronte nagusian.

Laster bi urte izango dira milaka egin nituenetik***. Baina zeinuak ote ziren? Keinuak ziren, barne keinuak, eta horientzat ez dugu gorputz-atalik, gorputz-atalen, tentsioen, grinen desira baizik; guztia soka bizidunetan, ez lodietan, ez haragia bezain gizenak edo azalaren azpian harrapatuak. Haien dantzak gizon-karramarroa, gizon-deabrua, gizon-armiarma, gizon liluratua sortzen zuen eta ehun esku, ehun suge ateratzen zitzaizkion alboetatik modu bizian.

Mugimenduak ziren (muga penagarria). Gero mugimenduaren birrinketari ekin nion.

Hori guztia agian zeinuaren aurreko ihesbidea zen, zeinuak duen aberastasun, finkotasun, eta emateko zein jasotzeko aldagarritasunaren aurrekoa. Gizonaren errepresentaziorik gabeko zeinua, “egoerazko” zeinua, horra ni oraindik aurkitzen hasi gabe nengoena.

Zein hunkigarria izango den aroak, puntu desiragarrira heltzean, zeinutan pentsatzera ohitutakoan, sekretuak “naturaren” trazu bihurtzen dituenean, adar txikien multzo bat balira bezala.

*Capogrossi
**Mathieu
***Mouvements, Éditions Gallimard, 1951

[Itzulpena: Xabier Paya.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]