Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

katalogoa

Espazioaren aurkako borrokaldia

Henri Michaux

Izenburua:
Espazioaren aurkako borrokaldia
Egilea:
Henri Michaux
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
28 x 24 cm.
Orrialdeak:
183 or.
ISBN:
978-84-95216-82-3
Lege gordailua:
BI-124-208
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Artea eta espazioa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri | Picasso, Pablo

Mende erdi baino gehiagoren ondoren, margolaritzan gerra-egoera bat existitzen da.

Lortuko dugu sekula bakea?

Ez! Bakerik ez. Esperimentuak agortezinak dira guretzat.

Margolaritza artistaren Drosophila da, eta oraindik hamaika alduera beldurgarri eta esperimental ikusteko gaude. Margolariak eta genetistak berdintsuak dira kasu honetan.

Baina ez ote dugu jadanik deskonposa zitekeen guztia deskonposatu, astindu astintzekoa, formak, argia, koloreak?

Ez. Elementu ugari geratzen dira… eta espazioa. Bada zerbait tabua dena “espazioari” dagokionez. Hortaz, ez dugu inoiz ukituko? Era bertsuan, garai bateko idazle suntsitzaileenek, babes oro galtzearen beldur balira bezala, beti uzten zuten sintaxia ukitu gabe.

Margolaririk terroristenek ez dute izan ausardiarik espazioa haserretzeko. Nolabait jorratuz gero, nahigabe egingo zuten eta batik bat estaltzeko. Koadro kubista batean —jakina da— ez da ezer ikusten hiru metrotik gora urrunduz gero. Eta Klee-renetan ere, goitikakoak ez direnean, estaliak izaten dira.

Izango da ziegatan bizi garela, miopiak jota?

Hala balitz, ziurrenik iragana da jadanik. Bidaiak, kirolak, zinema, argazkilaritza, abiazioa, campinga, lasterketak, “bizimodu modernoaren” pizgarri guztiek kanpora jotzen dute. Larretan edo espazio handien deian daude.

Zergatik hainbeste espazio alde batetik eta hain gutxi bestetik —koadroei buruz ari naiz—, non heriotzeraino aspertzen gaituen eta tristeki hotsandiko bihurtzen den? Gure benetako espazioa “oporretako” lekua den bitartean, mugimenduen, lasterketen, abiaduraren, formalitaterik gabeko askatasunaren tokia, italiar ikuspuntuarena guztiz aurkakoa da, hau da, murrizketen tokia —benetako kartzela—, zaintzaile batek asmatua, tamalez topografoa. Patuak zaindutako komentua.

Espazio ireki bat aurkitzeko, non libre sentituko garen, beharrezkoa da labar-pinturara jotzea?

Izan liteke ezer biziagorik margolan horietan ikusten ditugun artaldeak eta taldeak baino, non emakume behizain bat okupatzen duen tokirako handiegia den (edo txikiegia), non animalia bat argiegi ikusten den topa daitekeen distantziarako (baina urruneko objektu bat gogo biziz begiratzen dugunean bezala da, iruditik atera eta mentalki hurbiltzen dugula hobeto gozatzeko)?

Nork ez du ikusten “espirituaren ikusmenaren arabera” behatua izateagatik dela zehazki agertzen direla Espazioan bainatzen ariko balira bezala, gure ikuspegiaren arabera, aldiz, mugimenduan izanik ere, horizontearen baztertxo batean modu errukarrian uzkurtuta eta iltzatuta agertuko liratekeen bitartean?

Nork ez du ikusten geuk ere ezin dugula espazioa topatu ez baldin badugu abandonatzen gure baita, gure ikuspegiaren zepoa?

P…k* aurpegi bat egin du bisaia-erdi bat soslai bati soldatuz, benetakoa baino bi aldiz biziagoa den aurpegi bat.

Sintesi hori, errealitatean une oro egiten ditugun horien antzekoa, epaiaren eta irudi asoziatuen erdibidean dagoena, espazioari aplika dakioke era berean.

Komeni den gogoarekin eta magnetismoarekin soldatuz gero urrunekoa eta gertukoa, goikoa eta behekoa, gainetik behera bezala ikusten dena eta aurrez aurre ikusten dena, begi ertzean ikusten dena eta sudurraren puntan ikusten dena, distantzia desberdinetara daudenekin akordeoi baten hauspoarekin bezala jolastuz, geometria hiltzaileak urtuko ditugu, ikusi nahiko genituzkeen gauzekin urrunean galtzen den hiruki hauskor eta gogor hori puskatuko dugu, eta espazio berriz izango da izan zena, elkarrekin banatzen diren ehun espazioren topaketa izugarria, non objektuak eta izakiok gurekin bainatzen diren.

Ez, espazioa ez da beste Jainkoak baino moldakaitzagoa, atzemangaitzagoa edo ukiezinagoa. Igela bat da gure tresna beldurgarri eta sotilen zain dagoena.

Zenbait margolarik euren torturatzaile operazioei ekin diete.

Ekin, izan konfiantza, gerra berria dator.

1945

*Picasso

[Itzulpena: Xabier Paya.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]