Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

katalogoa

Oharra erakusketako obren inguruan

Manuel Cirauqui

Izenburua:
Oharra erakusketako obren inguruan
Azpititulua:
Katalogo honi eta Henri Michauxren corpus osoari dagokionez
Egilea:
Manuel Cirauqui
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
28 x 24 cm.
Orrialdeak:
183 or
ISBN:
978-84-95216-82-3
Lege gordailua:
BI-124-208
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Giza gorputza | Drogak | Komunikazioa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri

Hiru sekuentzia edo ardatz tematiko handik egituratzen dute Henri Michaux: beste aldea erakusketa: artistak giza aurpegi eta irudiaren inguruan egindako ikerketak, irudimenezko alfabeto bizien eta idiogramen marrazkiak, eta substantzia psikoaktiboek aztoratutako kontzientziaren geografía partikularra. Erakusketa osatzen duten 224 objektuen artean (objektu antropologikoak, artxiboko elementuak eta obra plastikoak barne), 196 aurki ditzakegu, horietako ia guztiak hainbat mota eta kalitateko paper gainean egindakoak: “gerrako” paper lakarretik Japoniako paper fineraino, edo paper berjuratutik kartoi indarturaino. Lan horiekin batera, 1960ko hamarkadan mihise gainean egindako bost eta zur gainean egindako bi daude; izan ere, hamarkada horretan egin zion Michauxk arrakastaz aurre olio-pintura eta haren oinarri propioak, sendoagoak zirenak, erabiltzeko erronkari. Edonola ere, papera izan zen artistaren azalera gustukoena, eta haren gainean sorrarazi zituen mamu-itxurako aurpegiak, zeinu eroak eta arrakala eta testura mikrografikoak, hainbat baliabide hamaika modutan konbinatuta: arkatza, frottageak, tintak, akuarelazko ur-kolore edo orbanak, akrilikoak eta pastelekin egindako pintura. Michauxren sorkuntza-aldiak iraun zituen sei hamarkadak, 1920ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara artekoak, erakusketan jasota daude neurri handiagoan edo txikiagoan; publiko zabalarentzat oso gutxitan ikusgai egon diren obrak dira asko, eta hala, artistaren funtsezko sailen, eta horien erritmo eta errepikapen espezifikoen gaineko ikuspegi panoramikoa eskaintzen du erakusketak. Artelan horietako ugari ez dira erreproduzitu ale hau argitaratu den arte; orain, liburu honek publikoaren eskuetan utziko ditu lehen aldiz. Hain zuzen ere, hemen lan horiei —eta iraganean apenas erreproduzitutako beste batzuei— eman zaie lehentasuna beste ezagunago batzuen aurrean; izan ere, miresgarriak eta edozein atzera begirako erakusketan beharrezkoak izanagatik ere, sarriageri dira katalogoetan edo Michauxren literatur testuen ilustrazio gisa.

Michaux Artxibategien zenbatespenen arabera, artistak 10.000 artelan baina gehiago gauzatu zituen bere bizitzan, eta horiei 1950 aurreko hamarkadetan galdutako pieza mordoa gehitu behar zaie; kopuru ikaragarri hori kontuan izan behar da gaur egun arte paperean argitaratu den edozein katalogo irakurtzerakoan. Esan liteke Michauxren ekoizpen sutsua big dataren kategorian sar litekeela, eta artistaren obraren gaineko pertzepzio oso baten bila dabilen aditu orok liburuaren noziotik haraindiko erreprodukzio eta artxibo-formetarako jo beharko duela, datu-base digital batetik hurbilago dauden baliabideetara. Zentzu horretan, erakusketa honen xedea, baita harekin batera kaleratuko den katalogoarena ere, sintentikoa baino ezin da izan: Michauxren obra itzela pentsatu edo susmatzeko indarlerroak marraztu eta bideak taxutu baino ezin du egin, hargatik uko egin gabe pieza bakoitzarekiko topaketa gertakari bakar gisa, salbuespen gisa bizitzeari.

[Itzulpena: Xabier Paya.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]