katalogoa
Hilma Af Klint: bere garaiko emakumea
Lucía Agirre
- Izenburua:
- Hilma Af Klint: bere garaiko emakumea
- Egilea:
- Lucía Agirre
- Argitalpena:
- Bilbao: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
- Neurriak:
- 24 x 31,5 cm
- Orrialdeak:
- 286
- ISBN:
- 978-84-10024-42-7
- Lege gordailua:
- M-16773-2024
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta zientzia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Bostak emakume-kluba | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Espiritualtasuna | Antroposofia | Teosofia | Hezkuntza | Feminismoa | Stockholm | Suedia | Dualtasuna | Espiritismoa | Giza eskubideak | Kartografia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
Iragana gaur egungo ikuspegitik juzgatzeak, testuinguruaren analisia kontuan hartu gabe, irakurketa partzialak edo are anekdotikoak eragiten ditu askotan, eta figura historiko gailenak garaiz kanpoko pertsonaia bihur daitezke ondorioz. Hori dela eta, garrantzitsua da Hilma af Klint bere garaian kokatzea, ez bakarrik haren lana behar bezala interpretatu ahal izateko, baita artista suediarrak bere obraren aurkezpenaren eta zabalkundearen inguruan hartutako erabakiak ulertzeko ere. Af Klint pertsona ilustratua izan zen, bere garaiko emakumeek bultzatutako borroka eta aldaketak puri-purian zeudenean eta unibertso ezagunari buruz indarrean zeuden sinesmenak berrikusten ari ziren une batean bizi izan zena.
1906an, Suediako Emakumeen Boto Politikorako Eskubidearen Aldeko Elkarte Nazionala antolatu zen, emakumeen sufragioaren aldeko sinadurak biltzeko eta haien mezua ahalik eta emakume gehienengana helarazteko, haien klase soziala, adina eta egoera zibila gorabehera. Lana gogor eginda, 18 urtetik gorako 142.000 emakume suediarrek baino gehiagok babestutako eskabide-agiri bat lortu zen, Legebiltzarrean entregatu zena. “Hilma af Klint” izena bi aldiz agertzen da agirian: lehena artista gisa, Stockholmeko Brahegatan kalean 52. zenbakian, eta bigarrena Adelsö uharteko Hanmora familia-etxeko egoiliar gisa. Bigarren Hilma hori izeba izango zen, segur aski, margolariaren lehengusina Aurora Helledaij-ekin batera azaltzen baita dokumentuan.
Hilmaren izena agertzen den orrialde horretan bertan, Stockholmeko beste emakume batzuen sinaduren artean, artista ezagun batzuen izenak agertzen dira, hala nola Lotten Rönqvist eta Elizabeth Warling margolariena, Herta Rönqvist ilustratzailearena eta Siri Rhodin idazlearena. Badakigu garai hartan Af Klintek Lotten Rönqvist-ekin eta Alma Arnell-ekin partekatzen zuela estudioa hiriko Arte Ederren Errege Akademiaren jabetzako eraikin batean: “Ateljébyggnaden” delakoan. Izan ere, akademiak artistei uzteko langelak zeuzkan bertan. Emakume horiek guztiek 1921era arte itxaron behar izan zuten botoa eman ahal izateko; izan ere, 1919ra arte Suediako Parlamentuak ez zuen emakumeen sufragioa onartu, hurrengo hauteskunde orokorrei begira jada.
Suediako emakumeek botoa emateko eskubidea aldarrikatzen zuten garaian, herrialdeak bost milioi biztanle baino gehiago zituen, arrazoi erlijiosoengatik oso alfabetatuta zegoen biztanleria, non emakumeen ehunekoa gizonena baino zertxobait handiagoa zen. Hala ere, emakumeak diskriminatuta zeuden oraindik eskubide zibil eta politikoekin zerikusia zuten gaietan, eta, jakina, hezkuntzaren esparruan — batez ere artistikoan —. Sophie Adlersparrek, Suediako mugimendu feministako figura nabarmenetako batek, emakumeak hezkuntzarako eta lanerako duen eskubidearen alde borrokatzen zuenak, 1862an — Hilma af Klint jaio zen urtean — bere Tidskrift för hemmet: tillegnad Nordens qvinnor [Etxerako aldizkaria: emakume eskandinaviarrei eskainia] testua argitaratu zuen1. Testu horretan, suediar gizarteak emakumeentzat lortutako lorpen urrien inguruko ibilbidea egiteaz gain, Suediako artisten egoera aztertzen zuen Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, hala nola Ingalaterrarekin edo Alemaniarekin, Suediako Arte Ederren Errege Akademiak ateak itxita, doako irakaskuntza, sariak edo bekak eskuratzeko aukera ukatuz”.
1847an egin zuen Arte Ederren Akademiak errealitate hori aldatzeko lehen ahalegina, dispentsa bat eman ziolarik emakume talde bati akademiako ikasgeletan ikasteko, nahiz eta naturaletik marrazteko eskoletara sartzeko baimenik eman gabe jarraitu. Aitzindari haien artean Amalia Lindegren margolari ospetsua zegoen, Sophie Adlersparreren ikaslea izandakoa eta Akademiako kide izatera iritsi zena. Ahaleginak, egia esan, huts egin zuen: emakumeak biziki gaizki tratatuak izan ziren, “zekenkeriaz, hertsikeriaz, mespretxuz eta isekaz, eta, denbora gutxiren buruan, margolari gazte haiek uko egin behar izan zioten hainbeste kostata lortutako eta haien garapen artistikoan aurrera egiteko hain luzaro itxarondako baimenari”2.
1864ra arte ez zen ireki Suediako Arte Ederren Errege Akademiako Emakumeen Saila. Han, lehen aldiz, emakumeek prestakuntza artistiko osoa jaso ahal izan zuten, modelo bizi bat aurrez aurre zutela marrazteko aukera barne. Hori bai, modeloa gizona bazen, genitalak estali behar zituen haien eskoletan, baina ez gizonezkoenetan. Akademian sartu ziren lehen hemezortzi ikasleen artean Kerstin Cardon margolaria zegoen, zeinak, gaztea izan arren, urteak zeramatzan hainbat ikastetxetan marrazketa- eta pintura-eskolak ematen. Akademian ikasle gisa hasi zen garaitsuan, Cardonek bere eskola ireki zuen, eta 1880an han ikasten hasi zen Hilma af Klint.
Cardonen eskolan eta Eskola Teknikoan bina urtez ikasten aritu ondoren, 1882ko irailean, ia 20 urterekin, Arte Ederren Errege Akademian sartzea lortu zuen Af Klintek. Goi- eta erdi-mailako klaseko emakumeak bakarrik joaten ziren Arte Ederren Akademiara, ikasketak ordaintzeko eta beharrezko dedikazioa eskaini ahal izateko baliabideak zituztenak, alegia, emakume gazte askorentzat ezkontza irtenbide sozioekonomiko naturala baitzen garai hartan. Hilma af Klinten gurasoek laguntza osoa eskaini zieten etxeko alabei, haien heziketa, familiako gizonezko kideena bezala, esparru guztietara eta bereziki zientifikora zabaldu behar zela ulertzen baitzuten. Alde horretatik, Hilmaren aita, Fredrik Viktor af Klint, kartografo bikainez osatutako familia bateko kidea zen. Itsas komandante izatera iritsi zen, eta astronomia, nabigazio, matematika eta nautika irakasle ere izan zen. Hilmak txikitatik ikasi zuen gai horien inguruan eta bere ibilbidean askotan erabili zuen ikasitakoa; izan ere, artistak kartografiaren eta beste zientzia batzuen hizkuntzara jo zuen hainbatetan bere mezu espirituala mihisera eramateko orduan, eta emaitza abstraktuak lortu zituen horrela.
Bere garaikide askok bezala, Hilma af Klintek ez zuen gatazkarik ikusten mundu espiritualaren eta zientifikoaren artean, guztiz kontrakoa baizik, bi alorrak egia goragoko bat lortzeko baliagarriak zirela uste zuen, eta garaiko ortodoxiek aintzat hartzen ez zuten jarraitutasun bat hautematen zuen haien artean. Naturaz gaindiko esparru horrekiko zaletasunak bultzatuta, artista laster hasi zen, bere ingururik hurbilenarekin batera, espiritismo-saioetan parte hartzen. Erlijio nagusiek gogor gaitzetsi arren, oso ohikoak ziren era horretako saioak garai hartan. Fenomeno horrek, bere aldaera guztietan, garapen izugarria izan zuen eta planetako txokorik bazterrenetara iritsi zen. Egunkariek argi eta garbi hitz egiten zuten gaiari buruz, onerako zein txarrerako; izan ere, ezezagunarekiko kezka hori sakon sartu zen klase intelektualean, zeinak eskura zituen teknika berrietara jotzen baitzuen espiritualarekiko kontaktu hori “zientifikoki” dokumentatzeko.
Hilma af Klint ez zen espiritismo-saioekin bakarrik konformatu; jakin-minak bultzatuta, 1896an, Edelweiss Elkarteko kide egin zen, eta, ondoren, 1904an, Teosofia Elkarteko kide. Teosofia Elkartea hiru hamarkada lehenago sortua zen, New Yorken, eta espiritismoaren alderdi sasi zientifikoa eta erlijio guztien jatorrian zegokeen protoerlijio bat uztartzen zituen; izan ere, Elkartearen sortzaile eta ideologo nagusietako bat izan zen Helena Petrovna Blavatsky-ren hitzetan, “ez dago Egia baino goragoko erlijiorik”. Esoterikoarekiko lilura hori —gaur egungo ikuspegitik modu interesatuan edo okerrean berrinterpretatu izan den arren zerbait ia anekdotiko, ilun, sektario edo xelebretzat jo arte—, klase ilustratu eta aberatsean oinarritu zen, eta planeta osoan zehar zabaldu zen. Izan ere klase ilustratu eta aberats horretako kideak aurkikuntza zientifiko handien mende zegoen mundu berriak planteatzen zizkien erronkentzako erantzun bila zebiltzan, eta teosofia bezalako teoria berri horiek kezka horiek bideratzen asmatu zuten. Ortodoxia erlijiosoaren kontrako jarrera gorabehera, irakaskuntza horiek laster sartu ziren Suedian ere, eta dimentsio publikoa hartu zuten, hitzaldien, argitalpenen eta hedabideen bidez. Hala ere, bilerak modu pribatuan eta selektiboan egiten ziren beti. Egunkarietan —Aftonbladet kontserbadorean, esaterako— gai horri buruz agertu ziren lehen berriak espiritismoan zentratu ziren, nazioartean ezagutzen ziren alderdi negatiboak nabarmentzeko asmoz, baina pixkanaka jarrera hori aldatuz joan zen. Kontuan hartu behar da Suediako elizak garai hartan zuen boterea eta Estatuarekin zuen harreman zuzena. Izan ere, 1860. urtera arte Estatuak ez zien utzi herritarrei luteranismoaz bestelako erlijio bat praktikatzen eta, dena dela, erabat ukatu zuen orduan ere erlijio bateko kide ez izateko aukera. Hala ere, zientzia espiritual horiek, beren aldaera guztiekin, lur emankorra aurkitu zuten garaiko gizarterik ilustratuenean, eta bereziki emakume kultu eta ikasien artean, beren bide propioak baitzituzten beren generoagatik eremu publikoko beste esparru batzuetan ukatzen zitzaien aitortza eta ahotsa lortzeko.
Egoera horren ondorioz, gizartean aldaketa bizi eta bultzatu nahi zuten emakume haiek —aldaketa ez bakarrik eskubide oinarrizkoenetan, baita inguratzen zituen mundu espiritual eta naturalean ere— elkarte asko sortu zituzten era horretako ekimenak gauzatu ahal izateko. Hilma af Klint da joera horren adierazle argia: Edelweiss Elkartean sartu zen lehenik —Huldine Beamish suediar goi-burgesiako dama espiritista batek 1890ean sortua zen elkartea—, Bertha Valerius artista eta argazkilari suediarraren bitartez, antza denez. Elkartea pertsona talde hautatu batez osatua zegoen, eta, garai hartan, Huldine Fock —fundatzailearen alaba— zuen buru. Elkartekide horiek askotariko baliabideak erabiltzen zituzten beste munduarekin harremanetan jartzeko, besteak beste idazketa automatikoa eta psikografoa —espirituen mundutik jasotzen ziren erantzunak eta mezuak letreiatu eta jasotzeko aukera ematen zuen aparatua—. Espiritismo-saio haiek domeinu publikotik kanpo egin arren, Edelweissek ez zuen izaera sekreturik, Suediako lehen egunkari kristau Svenska Morgonbladet-ek Carl von Bergen elkartekidearen hitzaldien inguruan argitaratutako artikuluetan bestela esaten bazen ere. Von Bergeni buruzko artikulu horietako batean, hark adierazitakoa honela jasotzen zen “kapera bat sortu behar dugu, non benetako bihotz guztiak —izen ezberdinak gorabehera— etxean bezala sentituko diren. Jada ez da izango pertsonen ahotsik, ez iritzirik edo doktrina kontrajarririk, barne boz lasaia baizik. Anaiarteko tolerantziari eskainitako tenplu horretan, Kristo da erdigunea, bihotza”3. Kapera horrek hainbat aldare izan behar zituen: nagusia, Kristori eskainia; beste zenbait erlijioan leku nabarmena hartutako ideietara bideratuak; eta beste bat, haurtzaroari eskainia, giza garapenaren lehen etapa eta azken helburu gisa hartua hura.
Hilma af Klintek, Edelweiss Elkartetik ez ezik, teosofiarekin lotutako beste elkarte batzuetatik ere edan zuen, baina bere lan nagusiaren —Tenplurako pinturak (Målningarna till templet)— garapenean kapitulu erabakigarri bat baldin badago, hori Bosten Taldea (De Fem) sortzea izan zen: Anna Cassel, Cornelia Cederberg, Hilma af Klint, Mathilda Nilsson eta Sigrid Hedman ziren taldeko kideak, denak ere Edelweiss Elkartekoak. Emakume horiek beren saioak egiteko eta beste munduarekin harremanetan jartzeko elkartzen ziren, eta Hilma af Klinten lanaren garapenean erabakigarriak izateaz gain, eragin nabarmena izan zuten beste gizarte eremu batzuetan ere. Hala, Corneliaren ahizpa Mathilda Nilsson (ezkongabe izena, Cederberg) mugimendu espiritistaren parte izan zen gaztetatik, eta kartsuki zabaldu zituen espiritismoaren ontasunak Suedian. Haren etxea, bilera-leku izatez gain, hark sortutako Efteråt? [Gero?] aldizkariaren egoitza soziala ere izan zen. Aldizkaria, “espiritismoari eta antzeko gaiei” eskainia, erreferente bat izan zen arlo horretan Suedian, Justizia Ministerioak 1891n argitaratzeko baimena eman zionez geroztik. Taldeko beste lau kideak Nilsson baino dezente gazteagoak ziren: Cornelia Cederberg, —Hilma af Klint eta Anna Cassel bezala eskola teknikotik pasatakoa hura ere—, hamar urte gazteagoa; Hilma af Klint eta Anna Cassel hemezortzi eta hamasei urte gazteagoak, hurrenez hurren; eta Sigrid Hedman, ohiko kolaboratzailea aldizkarian, hamaika urte gazteagoa. Emakume suediarren eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduetan ere parte hartu zuten Bostek. Talde horri lotuta eta bestelako talde eta harremanekin osatu zuen Hilma af Klintek bere hurbileko zirkulua, zeina erabakigarria gertatu baitzen artistaren ekoizpenaren garapenean: teosofiatik, Rosenkreutz elkartetik edo antroposofiatik jasotako sinboloak kabalatik edo alkimiatik zetozen elementuekin nahastu zituen. Koloreen osagai espirituala, maskulinoa eta femeninoa jatorrizko batasunaren bila, eboluzioa, zientzia, esanahi sakoneko zenbait sinbolo eta letra Af Klinten ohar-liburuetan daude jasota, eta lagungarri dira haren lana ulertzeko, legendek mapak behar bezala interpretatzen laguntzen duten moduan. Artistak jo eta ke lan egin zuen bere obrarekin batera utzi zuen dokumentazioan, funtsezkotzat jotzen zuena transmititzeko asmoz.
Af Klint gogor borrokatu zen bere lana bere garaiko gizonezko artistenaren baldintza berberetan erakusteko, baita beste emakumezko artistena erakutsi zedin ere. Berehala egin zuen bat Suediako Emakume Artisten Elkarte (FSK) berriarekin. Elkartea 1910ean sortu zen, Ida von Schulzenheimen gidaritzapean, eta Af Klint idazkari gisa jardun zuen denboraldi labur batez. 1911n, bere lanak Elkarteak egindako lehen erakusketan aurkeztu zituen. Elkarteari esker akademiatik ateratako artista emakumeek beren ekitaldiak antolatu zituzten eta beren lana jendaurrean erakustea lortu zuten; ez zuten talde-erakusketetarako gonbidapena noiz jasoko zain egon beharrik izan. Hala ere, kritikari ospetsuek haien lana gutxiesten jarraitu zuten; “etxeko lanetan” aritzera gomendatzen zieten. Bi aldiz bakarrik izan zuen Af Klintek bere sorkuntzarik garrantzitsuenaren (Tenplurako pinturak) lagin txiki bat jendaurrean erakusteko aukera, betiere teosofiarekin eta antroposofiarekin lotutako testuinguruetan. Zailtasun horien ondorioz, obra horren aurkezpena bera hil eta hogei urtera arte atzeratzea erabaki zuen.
Gaur egun, zer ikertu asko dago oraindik Hilma af Klinten eta haren artearen inguruan. Pixkanaka, aldentzen hasiak gara haren obra garaikidetasunerako berreskuratu zenean sortu ziren azaleko irakurketetatik; izan ere, inguruko errealitatetik urrundutako ameslari gisa aurkezten ziguten artista, eta ideia hori oso urrun dago XX. mendeko figura nabarmen horren benetako bizipenetatik. Af Klintek berak bere ondarea helarazteko egindako ahaleginak gorabehera, gaur egun bere ibilbidea eta ekarpenak argitzen dituzten hainbat alderdi ezagutzen hasi gara ikerketa berriei esker. Batek daki lerro hauetan azaldu duguna ere ez ote den urte gutxiren buruan zaharkitua geratuko, haren bizitzari eta lanari buruzko ikuspegi berritzaileak eskainiko dituzten aurkikuntza berriak egingo direlako, orain arteko gure usteak hankaz gora jarriz.
[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak]