Edukira zuzenean joan

Hilma af Klint

katalogoa

Barraskiloaren izenean: Hilma af Klinten utopia

Julia Voss

Izenburua:
Barraskiloaren izenean: Hilma af Klinten utopia
Egilea:
Julia Voss
Argitalpena:
Bilbao: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
Neurriak:
24 x 31,5 cm
Orrialdeak:
286
ISBN:
978-84-10024-42-7
Lege gordailua:
M-16773-2024
Erakusketa:
Hilma af Klint
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bostak emakume-kluba | Espiritualtasuna | Utopia | Gerra | Lehen Mundu Gerra | Gertaera historikoak | Feminismoa | Natura | Landareak | Stockholm | Suedia | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Af Klint, Hilma

Hilma af Klinti buruzko adierazpen harrigarriena artista ongi baino hobeto ezagutzen zuen eta haren obraren sakoneko ezaguera ere bazuen pertsona batek egin zuen: haren iloba Erik af Klintek, hain zuzen. Hark jaso zuen izebaren legatua eta hitz hauek idatzi zituen iraganari buruz: “1932an, bi akuarela margotu zituen mapen tankerakoak, Ipar Europarena bat eta Mediterraneoko mendebaldearena bestea. Biziki argi erakusten dituzte biek ala biek Bigarren Mundu Gerran gertatutako Londresko bonbardaketak eta Mediterraneoko guduak (1939–45) […] Gatazka hasi baino urte asko lehenago erakutsi zizkidan obra haiek”1.

Pasarte harrigarria da, bi arrazoi hauengatik gutxienez: batetik, Erik af Klintek ongi zekielako zeri buruz ari zen, Suediako armako ofiziala izan baitzen zenbait hamarkadaz. Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, Suediak neutraltasunari eusteko bideei edo erasorik jasanez gero eman beharreko urratsei buruzko aholkularitza ematen zuen aditu-taldeko kidea zen. Hortaz, goi-mailako estratega militar batek Af Klinten akuarelen izaera iragarlea berretsi zuen. Horrek ez luke, berez, zertan inor eraman Erik af Klintekin bat etortzera, zeina gainera baitzen, azken batean, artistaren senidea; baina deigarria da, inondik ere, etorkizunera begira lerro horiek idatzita uzteko erabakia hartu izana.

Saiakera honetan, nolanahi ere, Erik af Klinten kontakizunaren bigarren alderdi harrigarriari helduko zaio: gertaera politikoak —kasu honetan, gerra— jorratzen zituen artista gisa deskribatzen du izeba. “The Blitz” deritze Alemaniako hegazkinek Britainia Handiaren kontra 1940an eta 1941ean egindako erasoei. Eta “Mediterraneoko itsas gerra” esapideak erreferentzia egiten dio alemaniar ontzidia eremu hartara bidaltzeko ekinaldiari; 1944an ontzidi hark jasandako porrotak aldaketa erabakigarria eragin zuen gatazkaren nondik norakoan eta aliatuen garaipenaren aurrekaria izan zen.

Hilma af Klinten obrak aztertzeko garaian, ordea, nekez kontuan hartu izan da artistak bi gerrak irudikatu zituela —ez aipatutako bi akuarela horietan soilik—, eta gutxitan aintzat hartzen dira, halaber, hark bizitako inguruabar politikoak. Hark garatutako utopia soziala aztertuko dut jarraian.

IRAULTZA- GARAIA

Hilma af Klint bezala XX. mendearen hasieran Stockholmetik mundura begira zegoen edonor ezinbestean ohartuko zen eraldaketa handiak zetozela. Norvegiak, ipar-mendebaldeko auzo-herrialdeak, Suediarekiko independentzia aldarrikatu zuen 1905ean. Une batzuetan, bi herrialdeen artean gerra hasiko zela zirudien. Bi aldeetan mobilizatu zituzten gudarosteak, baina, azkenik, Suediak gatazka alboratu, eta egoera onartu zuen. Haakon VII.a Norvegiako errege koroatu zuten.

Errusian, ekialdeko auzo-herrialdean, iraultza gertatu zen 1905ean, Norvegiaren independentziaren urte berean. Manifestazioetan kalera irtendako langileek Frantziako Iraultza gogorarazi zioten Europa osoari. Errusiako matxinadak amaiera odoltsua izan zuen, baina aukera ireki gisa bukatu zen, aurrerago bide hari berriro heltzeko aukera zabalik zela.

Finlandiak ere, Suediaren ipar-ekialdeko mugakideak eta mende batetik gora Errusiaren mende egonak, independentzia aldarrikatu zuen. 1904an, finlandiar abertzale batek errusiar gobernadore nagusia hil zuen. 1905ean, esan bezala, Errusiako Iraultza lehertu zen. 1906an, finlandiarrek berentzat nahi zuten ordena parlamentario berria onartu zuen Nikolas II.a tsarrak: ordena hark barne hartzen zuen gizonen eta emakumeen sufragio unibertsalerako eskubidea. Emakumeei botoa emateko eskubidea aitortzen zien munduko beste herrialde bakarra oso urrun zegoen, milaka kilometrora, Ozeano Barean: Zeelanda Berria.

Af Klint familiak bazuen arrazoirik gertaera politikoei arretaz jarraitzeko. Hilma af Klinten aita, Victor af Klint, Suediako armadako ofiziala izan zen, aitona eta birraitona bezalaxe. Gainera, Solnako (Stockholmetik hurbileko herri bat) soldadugaien eskolaren zuzendaria zen. Kuartel bihurtutako jauregi soil batean sortu zen Hilma af Klint mundura, 1862an. Af Klintek bere tailerrean argazkia egin ziezaioten eskatu zuenean, 1902 inguruan, burua aitonaren erretratu baten aldera okertuz paratu zen. Gustaf af Klint zen aitona, Sveriges Sjöatlas obra kartografikoan Suediaren eskumeneko ur-eremu guztiak erregistratu izanagatik ospetsua egin zena.

Gertaera politikoek isla izan zuten Hilma af Klintek 1905etik aurrera Anna Cassel lagun margolariarekin batera idatzitako koadernoetan. Biak izan ziren Arte Ederren Errege Akademiako ikasle 1880ko hamarkadan, Stockholmen, eta, harrezkero, hainbat jarduera egin zituzten elkarrekin: erakusketak, bidaiak eta meditazioko eta espiritismoko saioak. Hain zuzen ere, saio horiek dokumentatu zituzten beste edozein proiektu baino zorrotzago: testu eta irudien bidez eta protokolo zehatz bati jarraituz dokumentatu zituzten beste esfera batzuetatik iristen zitzaizkien mezuak. Saio haietako gehienak Bostak taldearen —bost emakumek osatutako taldea, zeinetako kide gazteenak baitziren Af Klint eta Cassel— testuinguruan egin ziren. Bost emakume haiek osatutako taldeak ia hamarkada bat iraun zuen, harik eta zeinek bere bidea hartzea erabaki zuten arte2.

1905ean taldetik bereizi zirenean Af Klint eta Casselek jasotzen zuten mezu-oldean munduko politikako gertaerak nahasten hasi ziren. Errusiako lehen iraultzako matxinadak zapaldu eta aste gutxira, hauxe idatzi zuten artistek, elkarrekin osatutako koadernoan eta beraiek “lana” zeritzoten pintura-jarduera hurbilari begira: “Barnean dago inflexio-puntu historikoa. Indar itsuak suntsitzen ari dira Errusiar Inperioa [...] Lurreko herriek jarraipena eman behar diote lanari; goi-klaseen zapalkuntzarekiko askapenari erreferentzia egiten dio lanak”3.

Artistek mugimendu iraultzaile —baina espiritual— baten parte gisa ulertzen zuten elkarrekin abiatutako egitekoa. Mezuak ez ziren iristen atlas edo mapetan topatu zitezkeen tokietatik, beste botere batzuek bizi zituzten esferetatik baizik, zeinak baitziren “espiritualak” —koadernoetan maiz agertzen da terminoa—.

Anna Casselekin Jatorrizko kaosa (Urkaos) sortzeko hain lankidetza estua izan zuen hasieran, non goi-botere horiek agindu baitzuten sail horretako obretako bat Annak margotzea. Halaxe erregistratuta gelditu zen zegokion koadernoan. Af Klintek, aldiz, adiskideari lagundu behar zion zeregin horretarako “prestatzen, medium gisa”. Lanen banaketak, bestalde, liskarra sortu zuen, zera ageri baita pixka bat beherago: “A-k [Anna] erabaki behar du margotu nahi duen ala ez”4.

Salbuespena izaten jarraitu zuen. Gutxi iraun zuen sinbiosiak. Af Klint berehala saiatu zen inguruko beste emakume batzuk konbentzitzen bera babes zezaten, eta orotariko erantzunak jaso zituen. Guztiek “abandonatu ninduten une hartan”, idatzi zuen artistak koaderno batean, 1907aren amaieran5. Hilma af Klint izena da sail guztietan ageri den bakarra.

URDINA ETA HORIA

Zeri buruz ziharduen Jatorrizko kaosak? Eszena zurrunbilotsu batekin hasten da saila. Ekaitz batean bezala, lerro gris nahasi batzuk ikusten dira lehen mihisean, harik eta bigarrenean bereizten diren arte bi argi. Orduan, urdina eta horia, eta bi horien nahastea, berdea, jabetzen dira espazio piktorikoaz. Margolariak 44 urte zituen orduan, eta garai berri bati hasiera eman zion Jatorrizko kaosarekin. Orduz geroztik, ahal beste urrundu zen ikasitako pintura akademikotik. Hura alde batera utzita, hurrenez hurren margotu zituen hainbat sail, estilo ezberdinak nahastuz: abstraktutik hasi, figuratiboa eta tarteko forma guztiak biltzeraino.

15. mihisean, zirkulu hori baten erdian, bi forma sigi-sagatsu ageri dira, urdina bat horia bestea, “kvinnan” (emakumea) eta “mannen” (gizona) izendatuak. Espermatozoide pare bisexualen antzera, zirkulua aldi berean ernaltzen ari direla dirudi. Sailean ageri diren gainerako izaki bizidun guztiak ere bisexualak dira, hasi barraskiloetatik eta arrosetara, zeinak baitituzte ugalketa-organo maskulinoak zein femeninoak. Ikuspegi biologikotik, hermafroditak lirateke.

Koadernoetan, behin eta berriz sortzen dira neologismoak, “dual” atzizkia erabiliz. Izakidual. Arimadual. Indardual. Irudi berriak ez ezik, hitz berriak ere aurkitu beharra zegoen. Dualtasunean, Af Klinten arabera, bat egiten dute sexu kontrajarriek, Platonen izaki biribil ospetsuetan bezala. Platonen izaki haiek aldi berean ziren gizonak eta emakumeak eta munduko zoriontsuenak ei ziren. Kolore urdinak eta horiak etengabe bat egiten dute Af Klinten margolanetan, printzipio femeninoaren eta maskulinoaren irudi6.

Af Klintek sexuen arteko diferentziak gainditzen lagundu behar zuen, halaber, mihisetik haratago. Koaderno batean esaten zen izaki espiritualki gorenek saiakera egingo zituzketela izaki duala ager zedin “H. [Hilma] bitarteko zela, zeinaren zeregina baitzen, halaber, auzi hau bizitza praktikoan konpontzea”7.

Jakin behar horri buruz zer neurri hartzeko asmoa zuen beste munduak. Artistaren ahizpa, Ida af Klint, politikoki konprometituta zegoen eta emakumeen boto-eskubidea aldarrikatzen zuen, Selma Lagerlöf suediar idazle ospetsuak bezala. Hilma af Klintek bat egin zuen, tarte batez, eskubide-berdintasunaren alde antolatutako borrokarekin, Föreningen Svenska Konstnärinnor (Suediako Emakume Artisten Elkartea) taldean afiliatu zelarik; elkarte haren lankide izan zen —idazkari, zehazki— 1912ra arte. Izena eman zuen beste bi erakundetan —1904an eta 1920an—, oso aurreratuta zegoen berdintasun hori: bai teosofiak bai antroposofiak emakumezko kideentzat irekiak zituzten elkarteen maila guztiak. Are gehiago, emakume bat izan zen teosofiaren sortzailekide: Helena P. Blavatsky errusiarra. Elkarte artistiko, eklesiastiko eta zientifikoetan ez bezala, teosofoen eta antroposofoen aburuz ez zegoen genero maskulinoari soilik zegokion esparrurik.

BELTXARGA ETA USOA

1914ko udan Lehen Mundu Gerra lehertzea balio espiritualen porrot gisa interpretatu zuen Hilma af Klintek. Espirituaren antagonistak —materialismoa eta nazionalismoa— irten ziren garaile, eta kaosean murgildu zuten mundua. Blavatskyk The Secret Doctrine (Doktrina sekretua) liburuko pasarte argigarri batean zioenez —liburu horren suedierarako itzulpena zuen Af Klintek—, materialismoak beti zekartzan gatazka eta “arrazen, nazioen, tribuen gizarteen eta gizabanakoen arteko zatiketa, Kain eta Abelen artekoa, otso eta arkumeen artekoa”8. Nazionalismoa materialismotik zetorren pozoi bat zen, askoren ongizatea jartzen zuena guztien ongizatearen gainetik. Eta, hain zuzen ere, suhartasun nazionalistak, zeinak eragin baitzuen gizateriaren historiako gatazka materialik handiena, errekor lazgarriak lortu zituen Lehen Mundu Gerran: lehen aldiz ibili ziren tankeak gudu-zelaietan; lehen aldiz erabili zen gas toxikoa kopuru handitan; eta lehen aldiz egin zen gerra lehorretik, itsasotik eta airetik aldi berean. Suediak, halere, lortu zuen gerrako ekintzen zurrunbiloak ez irenstea, eta neutral eutsi zion.

1914ko irailean, Af Klinten mihiseetan ere agertu zen borroka. Bi beltxarga, beltza bata eta zuria bestea, elkarri erasoka. Odol-jarioa hasten da, leherketa bat gertatzen da, eta, jarraian, beltxarga beltza jausi egiten da, hegazkin eraitsi baten modura. Orduan, beltxargak bikoiztu egiten dira eta beren forma finkoa galduz doaz pixkanaka. Zuria eta beltza zirkulu batean batzen dira, zeinaren barnealdea partekatzen baitute urdinarekin eta horiarekin. Kontrajarriek elkar osatzen dute, eta liskarra amaitzen da. 1915eko udaberrian, Beltxarga (Svanen) saileko azken margolanak egiten ari zela oraindik, Usoa (Duvan) sail berria hasi zuen Af Klintek. Laugarren mihisetik aurrera, tiroek eraitsitako hegazkin baten antza hartzen du usoak, modu kezkagarrian, eta zerutik jausten da fronteko gudu-zelai lokaztuak gogorarazten dituen zoru nabar urdinxka batera.

Ondoren, barnealde batera lekualdatzen da gertaera, bihotz formako hondar batera. Han, herensugearen kontra borrokan ari da San Jurgi. Kontakizun kristauan gertatutakoaz bestela, ordea, ezin du ezpatarekin munstroa azpiratu. Af Klintek zera idatzi zuen horri buruz: “Zenbat eta suharrago borrokatu San Jurgi herensuge handiaren kontra, orduan eta indartsuago ageri da animalia; pentsamendua naturaz gaindiko laguntzara bideratuz baino ezin da munstroa menderatu”.

1915ean ez zegoen optimismorako inolako arrazoirik. Af Klintek barne-aldaketa bat aldarrikatu zuen, baina ez zen halako aldaketarik gauzatu; are gehiago, gero eta urrunago zegoen aldaketa hura. Lagunek ezizen maitagarri bat jarri zioten bere garaiaren kontra mihiseak ezkutu gisa eta koloreak ezpata gisa erabiliz hain irmoki borrokatzen zen artistari: San Jurgi9.

LIKENAK

Af Klintek zuzenean jasotzen zuen gudu-zelaietako gertaerarik ankerrenetako batzuen berri. Izan ere, gatazka hasi baino pixka bat lehenago, 1907az geroztik bera partaide zen emakume-taldean sartu zen Thomasine Anderson Gurutze Gorrian lan egiten zuen Suedian barrena frontetik beren jatorrizko herrialdeetara ebakuatzen zituzten gerrako presoen trukeetan laguntzen. Etxera itzultzeko aukera ematen zieten borroketan larri zauritutako soldaduei, hain larri zaurituak, non erabat ezinezkoa jotzen baitzen haiek etorkizunean berriro gerrara itzultzea. Andersonek, beraz, gerrak txiki-txiki egindako gizonak, elbarrituak edo eromenak jotakoak zaintzen zituen. Af Klintek hitza zuen saioetako batean, hauxe adierazi zuen.

Andersoni buruz: “Laguntza paregabea izango da, halaber, nigan duen erabateko konfiantzagatik eta fedeagatik. [...] Fenix hegaztia bezala zabaltzen zaie eguzki-izpiei. Gutxik dute hark adinako ahalmenik”10. Anderson Af Klinten lankide eta bikotekide bihurtu zen, eta harekin batera lantalde berri bat sortzea pentsatu zuen artistak. Hain zuzen ere, hark itzuli zituen alemanera 1919az geroztik sortutako idatziak. Aurreko koadernoak ez bezala, garbira pasatutako kopia modura sortutako idatziak ziren, eta azalean zeramatzaten izenburua eta egilearen izena.

Andersonek itzuli zuen alemanera, halaber, Loreak, goroldioak eta likenak (Blumen, Moose und Flechten) koadernoa, zeinetarako marrazkiak sortu baitziren gerra amaitu ondorengo udaberrian, margolaria Münso uhartean zebilen bitartean inguruko landareak ikertzen, basalandareak nahiz landatutakoak. Gibel-belarra. Eztul-belarra. Bioleta. Ekilorea. Lilipa. Goroldioa. Bide berri bat ireki zioten haiek guztiek Af Klinti. Hala, ez zioten hitz egiten espirituek soilik beste esfera batzuetatik; beren jakintza transmititzera erabakita zeuden organismoek ere hitz egiten zioten. Af Klintek uste osoa zuen izaki haiek garrantzi handiko gauzak zituztela partekatzeko. Hauxe idatzi zuen: “Gerrak landareak suntsitu eta animaliak hil dituen tokian espazio hutsak daude, irudi berriez berriro bete litezkeenak baldin eta fede nahikoa balego gizakiak forma gorenagoak garatzeko duen irudimenarekiko eta ahalmenarekiko”11.

Artistak landare bakoitzaren irudi bikoitza egin zuen [Papaver rhoeas mitxoletarena]. Landarearen forma espirituala eta indar-eremuak puntuak eta lerroak zituzten diagrametan adierazten zituen, kolore argitsuez edo urrez eta zilarrez. Kanpo itxura, berriz, akuarela botanikoetan, zorrotz ikertuz petaloaren toles guztiak eta zurtoinaren iletxoak. Bi formek elkar baldintzatzen zuten. Kanpoaldearen ikerketa arretatsuak barnealdera zeraman, eta materian murgiltzeak espiritura.

Irudikatutako organismoen artean zeuden likenak ere, non elkartutako organismoek —alga bat eta onddo bat— komunitate sinbiotiko bat eratzen baitute. Af Klintek izaera bikoitz hori —XIX. mendeaz geroztik ezaguna— nabarmendu zuen bere marrazkietan12. Diagrama erronboideek beren baitan biltzen dituzte, oharretan azaldutakoaren arabera, “pentsamendua” eta “sentimendua”. Egoismoa eta altruismoa. Errebeldia eta obedientzia. Margolariaren aburuz, jakintzaren gakoa da sinbiosia. Ulermen sakona lortzeko, idatzi zuen, “bi banakok egin behar dute bide bat elkarrekin, pertsona bati ezinezkoa baitzaio bide hori berak bakarrik egitea”13. Likena zen horren erakusgarri.

BARRASKILOA

Hogeita hamarreko hamarkadan, garairik ilunena hasi zen Europan. Af Klintek bere koadernoetan egin zuen gertaeren jarraipena. Mintzo zitzaizkion ahotsek inolako analisi politikorik egiten ez zuten arren, Af Klinten iritziak ez zuen zalantzarako tarterik uzten. “Göring da basakeriaren ikur, Hitler masak menderatzeko borondatearena”, zioen 1933an, Hitler boterera iritsi zen urtean. “Megalomaniak” jota zeuden biak, halaxe erantsi zuen Af Klintek, zeinak amestu baitzuen iraultza femenino bat: “Emakumeak hartuko du kontrola eta salbatuko du gizateria”14. Desira hutsean gelditu zen.

Bere liburutegian zuen Erich Maria Remarque idazlearen Im Westen nichts Neues (Berririk ez mendebaldeko frontean) eleberri antibelizista handia, Alemanian naziek jendaurrean erretakoa. Af Klint hamarkada bat baino gehiago lehenagotik atsekabeturik bizi zen jasotako iragarpen ilun batengatik, zeinaren arabera sortuko baitzen “doktrina berri bat” suntsitu nahiko zuena “fisikoki ahula zen guztia”. “Botere ilunak” esaten zien iristear zen ideologia berri haren atzeko indarrei. Bizi osoan kontrajarri izan zion indarraren gurtza horri ahultasunaren bertutea. Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan ere, “egun urrun” batzuei buruz idatzi zuen. Etorkizuneko egun horietako jendea ez zen ez axolagabea ez handiustea izango, eta garapen espiritualak “sorbalda ahulen gainean” egingo zuen aurrera15.

1934an, sorbalden gainean barraskilo-oskol bat zeraman izaki garden bat margotu zuen. Barraskiloaren forma horrek aldi berean dirudi arina eta astuna, erdi aureola, erdi Atlasen esfera. “Uste dut”, idatzi zuen handik gutxira, “margolariaren edo musikariaren bideak erraztu egiten digula beste arima batzuekin harremanetan sartzea”16. Pertsonen eta animalien arimez ari zen, baita landare eta harrien arimez ere.

Af Klintentzat berarentzat, generoen eta sexuen arteko mugak deuseztatzea ez zen esperimentu mental teoriko soila. “Emakumegizonak” eta “gizonemakumeak” zeuden mundu bat partekatzen zuen bere lagunekin17. Emakume haiek lantoki berezi bat sortu zuten Munsö uhartean elkarrekin: etxebizitza xume bat eta tailer bat, naturan, landareekiko truke-harremanean. Ez zen Af Klinten errua bere ideiak ezein alderdi politikoren ideietatik harago iristea. Haren garaikide aurrerakoienek eskubide-berdintasuna aldarrikatzen zuten emakumeentzat. Baina… generoaren kategoriak deuseztatzea? Generoen arteko mugak?

Af Klintek onartu behar izan zuenean, azkenik, bere arterako unea iritsi gabea zela oraindik, eraikin bat proiektatu zuen bere margolanentzat. “Bitartekoak behar dituzu zure nahia betetzeko: museo bat, materiaren indarren atzean zer dagoen erakusteko”, esaten zioten ahotsek18. Etorkizuneko bisitariek espiralean mugitu beharko zuten eraikinaren barnealdean, espiraz espira, barraskiloa bere oskolean barrena bezala. Berak hain maiz margotutako hermafrodita geldo haiengandik asko zegoen ikasteko.

[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak]

Oharrak

 

  1. Hemen aipatua: Åke Fant, Okkultismus und Abstraktion. Die Malerin Hilma af Klint (1862–1944), erak. kat., Graphische Kunstsammlung Albertina, Viena, 1991, 141. or.
  2. Taldearen marrazki espiritistak hemen argitaratuta daude: Kurt Almqvist eta Daniel Birnbaum (ed.), Hilma af Klint. Spiritualistic Drawings 1895–1910, Catalogue Raisonné, 1. lib., Bokförlaget Stolpe, Stockholm, 2020.
  3. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1906ko urtarrilak 24), 1905–06, 10–11. or. Hilma af Klintek sortutako obra guztiak inbentario-zenbaki batekin katalogatuta daude, aurretik dituztela HaK siglak. Kasu honetan, HaK 555 gisa erregistratutako koadernoa.
  4. Aipu guztietarako, ikus Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1906ko abenduak 3), HaK 556 (1906–08), 146. or. Anna Casselen sail propioari buruz, ikus Kurt Almqvist eta Daniel Birnbaum (ed.), Anna Cassel: The Saga of the Rose, Bokforlaget Stolpe Ab, Stockholm, 2023, 157. or.
  5. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1907ko abenduak 24), HaK 556 (1906–08), 422. or.
  6. Urdinak printzipio femeninoa adierazten du maiz, eta horiak, maskulinoa.
  7. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1906ko abuztuak 30), HaK 555 (1906–08), 47. or. Jatorrizkoan azpimarratua.
  8. Helena Blavatsky, The Secret Doctrine, The Synthesis of Science, Religion, and Philosophy, Theosophical Publishing Company, Londres, 1888, 1775. or.
  9. 1907ko ezizenari buruz, ikus Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1907ko abuztuak 13), HaK 556 (1906–08), 341. or.; Anderssoni buruz, ikus HaK 1166 (1909), 3. or., eta Lancén, HaK 1164 (1891–1915), 47. or. San Jurgiri buruzko aipuari buruz, ikus Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1919ko urtarrilak 11), HaK 431 (1919), 32–33. or.
  10. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1914ko ekainak 3), HaK 577 (1914–15), 32. or. Anderssoni buruz, ikus Julia Voss Hilma af Klint: A Biography, University of Chicago Press, Chicago, 2022, 214. or.
  11. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1919ko otsailak 14), HaK 431 (1919), 60. or.
  12. Simon Schwendener suitzar botanikariak egiaztatu zuen 1869an likenen izakera bikoitza mikroskopioari esker.
  13. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1919ko abenduak 28), HaK 462 (1919–20), 10. or.
  14. Emakumeen iraultzari buruz, ikus Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1933ko irailak 14), HaK 1039 (1933), 30. or. "Megalomaniari" buruz, ikus Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1933ko abuztuak 14), HaK 1073 (1934–35), 29. or. Hitler eta Göringi buruz, Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1933ko abuztuak 14), HaK 1065 (1933), 26. or.
  15. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1920ko urtarrilak 3), HaK 461 (1919–20), 31. or.
  16. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1937ko apirilak 16), HaK 1039 (1937), 5. or.
  17. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1943ko irailak 15), HaK 1092 (1943), 166. or., eta J. Voss, Hilma af Klint: A Biography, op. cit., 212. or.
  18. Hilma af Klint, koadernoko sarrera (1932ko irailak 14), HaK 1050 (1932), 6. or.