katalogoa
Kronologia
- Izenburua:
- Kronologia
- Argitalpena:
- Bilbao: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
- Neurriak:
- 24 x 31,5 cm
- Orrialdeak:
- 286
- ISBN:
- 978_84_10024-42-7
- Lege gordailua:
- M-16773-2024
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bostak emakume-kluba | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Stockholm | Suedia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
1862
Hilma af Klint urriaren 26an jaio zen, Solnako Karlberg jauregian, Stockholmeko aldirietan.
1879
Bere lehen espiritismo-saioetan parte hartu zuen, ziurrenik Bertha Valerius margolari, argazkilari eta mediumaren zirkuluan. Stockholmeko Eskola Teknikoan ikasten hasi zen eta Anna Cassel ezagutu zuen, arte-ikaslea hura ere. Hainbat ikastaro egin zituen Kerstin Cardonen arte eskola pribatuan, Stockholmen baita ere.
1880
Bere ahizpa Hermina hil zen hamar urte zituela.
1882–1888
Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen.
1886–1914
Berak egindako pintura konbentzionalak erakutsi zituen bi dozena erakusketa baino gehiagotan, gehienak Suediako Artearen Elkarteak (Sveriges Allmänna Konstförening) antolatuta.
1888
Akademian giza modeloak aurrez aurre margotuta egindako lanagatik saritu zuten, ziurrenik Andromeda itsasoan olio-pinturagatik, zeina Akademiaren lehiaketara aurkeztu baitzuen.
1888–1908
Talde-erakusketetan parte hartu zuen erregularki, eta Alemania, Norvegia, Holanda, Belgika eta Italiara bidaiatu zen.
1891
Izaki espiritualen mezuak jasotzen hasi zen.
1896
Edelweiss Elkartearen (Edelweissförbundet) zirkulu espiritualeko kide egin zen. Saioetako batean, Bostak (De Fem) izeneko talde espiritista sortu zuten Sigrid Hedman, Cornelia Cederberg, Mathilda Nilsson, Anna Cassel eta Hilma af Klintek. Taldekideen bilerak hainbat koadernotan jasota daude testuen eta marrazki automatikoen bidez.
1898
Bere aita hil zen.
1899
Amarekin Stockholmeko Brahegatan kaleko 52. zenbakira joan zen bizitzera.
1900–1901
Anna Casselekin elkarlanean, Stockholmeko Albaitaritza Institutuko zuzendaria zen John Vennerholm-ek idatzitako zaldi-kirurgiari buruzko liburu bat ilustratu zuen.
1902–1908
Estudio bat alokatu zuen Stockholmen, Hamngatan kaleko 9. zenbakian.
1903
Anna Casselekin Alemaniara bidaia egin zuen, eta ziurrenik Italia ere bisitatu zuten bidaia berean.
1904
Lehen iragarpenak jaso zituen Ananda izaki espiritualarengandik; "pintura astralak" egiteari buruzkoak ziren. Maiatzean Elkarte Teosofikoan sartu zen.
1906
Urtarrilean, Amaliel izaki espiritualak enkargu bat eskaini zion, eta berehala onartu zuen Hilmak. Prestaketa-aldi baten ondoren, azaroan Tenplurako pinturak Målningar för templet) zikloa hasi zuen Jatorrizko kaosa (Urkaos) izeneko lehen sailarekin.
1907
Eros saila, Figura-pintura handiak (De stora figurmälningarn) eta Hamar nagusiak (De tio största) sailak margotu zituen. Partekatutako estudio handi batean lan egiten hasi zen Stockholmeko Hamngatan kaleko 5. zenbakian, Blanch's Café-ren gainean.
1908
Bostak taldeak krisialdia izan zuen eta desegin egin zen 1908 hasieran. Urte batzuk geroago Hamahiruko Taldea sortu zen. Hilma af Klintek beste hiru sail margotu zituen, tartean Eboluzioa. Apirilerako, Tenplurako pinturak zikloaren lehen ataleko 111 margolan osatuta zeuzkan. Ama itsu geratu zitzaion, eta Af Klintek bere estudioa utzi zuen. Rudolf Steiner ezagutu zuen Suedian, Steinerrek 1908ko martxoan Arrosa gurutze ordenaren irakaspen berriei buruz emandako hitzaldian. Haren irakaspenekiko interesa garatzen hasi zen Af Klint, eta bizitza osoan zehar mantendu zuen interes hori.
1908–1912
Amalielek egindako enkargua lau urtez eten zuen.
1910
Tenplurako pinturak zikloko hainbat lan erakutsi zizkion Rudolf Steinerri, segur aski 1910eko urtarrilean. Steinerrek hitzaldi sorta bat eman zuen Stockholmen urtarrilaren 3 eta 5 bitartean, baita Juanen Ebanjelioari buruzko ikastaro bat ere. Af Klint Suediako Emakume Artisten Elkarteko (Föreningen Svenska Konstnärinnor) kide egin zen, eta hango idazkaria izan zen 1911ko apirilaren 22ra arte. Knut Ångström fisikariaren eta Johan August Lundell hizkuntzalariaren erretratuak margotu zituen.
1912
Tenplurako pinturak zikloari ekin zion berriro ere hainbat prestakuntza-azterlan eginez eta Emakumezkoa (En Kvinnlig) deritzon saila hasi zuen. Maiatzaren 28tik 30era bitartean Norrköping-eko Elkarte Teosofikoaren Mendekoste konferentzian parte hartu zuen, eta Rudolf Steinerrek zenbait hitzaldi eman zituen bertan. Urtearen amaieran, Steiner Elkarte Teosofikotik kanporatu zuten, eta hark Elkarte Antroposofikoa eratu zuen 1913 hasieran.
1913
Furuheim izeneko etxea erosi zuen Munsö uhartean, laku baten ondoan. US saila (Serie US) margotu zuen, eta Ezagutzaren zuhaitza (Kunskapens träd) saila hasi. Ekainean, hamazazpi koadro espiritual jarri zituen ikusgai Stockholmeko Elkarte Teosofikoak antolatutako arte erakusketa batean, eta Anna Casselek ere parte hartu zuen bertan.
1914
Margolan akademiko naturalista bat erakutsi zuen Malmöko Baltikoko Erakusketan. Lehen Mundu Gerra piztu zen, eta Af Klintek Beltxarga saila hasi zuen. Stockholmen hainbat estudio alokatu zituen, besteak beste, Eriksbergsgatan (1914–15) eta Ynglingagatan (1915–16) kaleetan.
1915
Ezagutzaren zuhaitza eta Beltxarga (Svanen) sailak amaitu zituen. Jarraian Usoa (Duvan) saila egin zuen, eta, ondoren, Erretaulak (Altarbilder) izenekoa. Hala, amaitutzat eman zuen ordurako 193 margolan biltzen zituen Tenplurako pinturak zikloa.
1916
Vasily Kandinsky Stockholmera joan zen bere lana erakustera. Af Klintek Pertzeval (Parcifal) saila sortu zuen.
1917
Munsö herriko estudio/etxearen eraikuntza amaitu zuten. Af Klintek Atomoa saila (Serie Atomen) margotu zuen. Studier över Själslivet (Arimaren bizitzaren azterketak) izeneko bi mila orrialdeko liburuan, bizitza espiritualari buruzko bere pentsamenduak deskribatu zituen.
1918
Munsöra joan zen bizitzera amarekin eta Thomasine Andersson erizainarekin batera; azken hori Hilma Af Klinten lagun eta bikotekide izan zen hil arte.
1919
Loreak, goroldioak eta likenak (Blumen, Moose und Flechten) koaderno ilustratua osatzen hasi zen, alemanez, Thomasine Anderssonekin elkarlanean.
1920
Bere ama hil zen. II saila (Serie II) sortu zuen, munduko erlijio ezberdinei buruzko lan-multzoa. Urrian Dornachera (Suitza) joan zen lehen aldiz Thomasine Anderssonekin batera; 1930erako beste zortzi bidaia eginak zituzten bertara. Af Klint Elkarte Antroposofikoko kide egin zen urriaren 20an. Dornacheko egonaldietako batean bere hamar Koaderno urdinak (Blåa böckerna) erakutsi zizkion Steinerri, eta haren iruzkinak idatzi zituen. Koaderno horietan Tenplurako pinturak zikloko margolan guztien miniaturak daude akuarelaz eginda, eta horietako bakoitzaren aldamenean, jatorrizko koadroaren zuri-beltzeko argazkia.
1922
Ia soilik akuarelaz margotzen hasi zen alla prima teknika erabiliz, eta 1941erako laurehun obra baino gehiago osatu zituen. Urtezahar gauean, Dornacheko Goetheanum (Elkarte Antroposofiko Nagusiaren egoitza eta bilgunea) erre egin zen.
1924
Apirilaren 24an Rudolf Steinerri idatzi zion bere margolanak non izan zitezkeen erabilgarri itauntzeko. 1924ko abenduaren 9an Stockholmeko Elkarte Antroposofikoan egindako hitzaldirako oharretan jasotakoaren arabera, Steinerrek erantzun zion ez zituela bere margolanak suntsitu behar baliagarriak izan zitezkeelako. Steiner 1925eko udaberrian hil zen.
1926
Uppsalara joan zen bizitzera Thomasine Anderssonekin. Bere koaderno zaharrak editatzen eta berrikusten hasi zen han.
1927
Amsterdamera bidaia egin zuen azaroan. Dornacheko Goetheanumari dohaintzan eman zizkion bere Loreak, goroldioak eta likenak koadernoa eta Jakintzaren zuhaitza margolan-saila.
1928
Uztailean Londresera bidaiatu zen, eta Tenplurako pinturak zikloko lanak erakutsi zituen Ingalaterrako Elkarte Antroposofikoak antolatutako Zientzia Espiritualaren Konferentzia Unibertsalean.
1931
Espiral itxurako tenplu baten zirriborroak marraztu zituen. Tenplu hori Öresund itsasartean dagoen Ven uhartean eraikitzea zen asmoa. Urteetan zehar, proiektu horri lotutako zirriborro eta ohar andana egin zuen. Thomasine Anderssonekin batera, Helsingborg hirira joan zen bizitzera, Suediako hegoaldera.
1932
Hilma af Klintek X batez markatu zituen koaderno asko, besteak beste, Tenplurako pinturak biltzen dituzten Koaderno urdinak, eta horiek bera hil eta hogei urtera arte ez irekitzeko adierazi zuen. "Materiaren indarren atzean dagoena erakusteko museo bat" eraikitzeko nahiaz idatzi zuen, eta hainbat akuarela margotu zituen: Londres gaineko Blitz bonbardaketa, Espainiako gerraren leherketa eta Mediterraneoko itsas guduak.
1934
Ananda, Gregor, Georg eta Amaliel izaki espiritualen pentsamendu-formak margotu zituen. Lund hirira joan zen bizitzera Thomasine Anderssonekin.
1937
Apirilaren 16an hitzaldi bat eman zuen Stockholmeko Elkarte Antroposofikoan, eta bere pinturak erabiltzeko eskatu zion elkarteari. Bere medium-metodoaren zilegitasuna defendatu zuen hitzaldi hartan, eta Steinerren irakaspenarekin bateragarria zela azpimarratu zuen. Anna Cassel hil zen.
1938
Erik af Klint (1901–1981) iloba bisitan joan zitzaion abuztuaren 20an. Munsöko estudioan zituen Tenplurako pinturak zikloko lanak eta beste hainbat margolan erakutsi zizkion, eta haien esanahia azaldu zion.
1940
Thomasine Andersson hil zen.
1943
Tyra Kleen artistak Tenplurako pinturak Sigtuna Fundazio protestantearen eraikin berri batean gordetzeko eskaintza egin zion Hilma af Klinti, baina hark uko egin zion. Margolan haiek "joera antroposofikorik ez duten pertsonen eskuetan jartzea" ez zuela posible ikusten esateko idatzi zion Kleeni. Af Klint "mistiko" izendatu zuten bere enbaxadore espiritualek.
1944
Abuztuan bere lehengusina Hedvig af Klinten etxera joan zen bizitzera Ösby-ra (Djursholm barrutia, Stockholmeko aldirietan). Hilma af Klint urriaren 21ean hil zen tranbia-istripu baten ondorioz. Iloba Erik af Klinti utzi zizkion oinordetzan bere lan guztiak: 1.300 margolan inguru eta eskuz nahiz idazmakinaz idatzitako 26.000 orri baino gehiagoz osatutako 124 koaderno.