Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

hezkuntza-edukia

Didaktika

Denboraren materia (The Matter of Time, 1994–2005) Richard Serra-k  (San Francisco, AEB, 1939) espazioaren fisikotasunari eta eskulturaren izaerari buruz egin duen gogoetarik sakonena da.

Frank O. Gehry-ren eraikinaren aretorik handienean dago, 104. aretoan. Bertan ipini ziren Serrari 2005ean Guggeheim Bilbao Bildumarako Museoak enkargatutako zazpi eskultura. Sugea (Snake, 1994–97) piezari gehitu zitzaizkion eta horrela historia modernoko kokapen zehatzeko instalaziorik handiena sortu zen. Idulkirik gabeko zortzi eskultura dira, eta elkarrekin ikusteko eta arakatzeko pentsatu zituen artistak: esperientzia globala sustatzen dute, hartzen duten espazioa ere txertatzen duena.

Denboraren materia instalazioan Serraren forma eskultorikoek izan duten bilakaera ikus daiteke: elipse bikoitz nahiko sinpletik hasi eta espiralaren konplexutasunera arte. Lan horiek ustekabean aldatzen dira bisitariak eskulturak zeharkatu eta inguratu ahala, eta mugimenduan dagoen espazioaren sentsazio ahaztezina eragiten dute. Pisu eta tamaina handikoak izan arren, xaflak ez daude zoruan itsatsita edo lotuta; aitzitik, elkarri eusten diote orekan. Artistak doitasun handiz kalkulatu zituen xaflek izan beharreko forma eta pisua, grabitateari desafio egiteko; gainera, giza gorputzaren mugimendua ere aintzat hartu zuen.

Azken berroigeita bost urteetan, Serrak batez ere altzairua erabili izan du eskulturak egiteko, eta haien eskala nabarmen handitzen joan da. Artelan honetan altzairu herdoilkorra erabili zuen, hau da, eguratsak eragindako korrosioa eta oxidazioa oso ondo jasaten duen altzairu mota. Aire zabalean egonez gero, material horri pikor fineko patina osatzen duen oxido-geruza bat sorrarazten zaio: altzairuari estuki itsasten zaio geruza marroi-morexka hori eta babestu egiten du horrela. Zazpi edo zortzi urtez materiala kolorez alda daiteke; grisa izatetik laranja izatera igaro daiteke, uraren kondentsazioaren, iraizketaren eta lurrunketaren arabera; azkenean, oxidazio-prozesua amaitzean, marroi iluna geratzen da.

K.a. 600. urtearen inguruan, erdialdeko Europatik etorritako zeltek eta indoeuroparrek Euskal Herrira ekarri zuten burdinaren erabilera eta produkzioa. Burdina Euskal Herriko mendietan oso ugaria izan da eta horregatik gure lurraldean burdinolak eta agorrolak oso goiz ezarri ziren; oraingo siderurgien eta altzairu fabriken aurrekoak izan ziren. Burdingintzaren eta altzairugintzaren industriak funtsezkoak izan ziren Bizkaiko ekonomiarentzat, jarduera komertzial handia sorrarazi baitzuen Bilbon batik bat, eta Bizkaiko golkoko porturik garrantzitsuena bilakatu zen.

Gune didaktiko hau Denboraren materia instalazioa osatzeko diseinatu da. Askotariko euskarriak ditu, Richard Serraren obrei eta beren sortze-prozesuari buruzko informazio gehigarria eskainiko dizutenak. Hala, erakusketa bisitatu eta gero, ondokoak topatuko dituzu:

OBREN MAKETAK, eskulturen kokapena eta elkarren arteko eta aretoaren espazioarekiko duten erlazioa hobeto ulertzen lagunduko dizutenak; SERRAREN OBREN ARGAZKIAK, bere eskulturagintzak izandako garapena erakusten dutenak; instalazioa azaltzen duten TESTUAK; aukeratutako DOKUMENTAL, ELKARRIZKETA eta BIDEO batzuk; INTERAKTIBOAK, lan honen funtsezko ideiak azaltzen dituztenak, helduentzat zein haurrentzat egokiak; eta, azkenik, irakurketa gune bat, HAUTATUTAKO BIBLIOGRAFIAREKIN; eta txikienei zuzendutako ART CORNER bat.