Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

hezkuntza-edukia

Altzairuaren historia

Izenburua:
Altzairuaren historia
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta industria | Artea eta historia | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Lan-prozesua | Artea. Materiala
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Altzairua lortzeko arteak edo zientziak 3.000 urte baino gehiago ditu. K.a. 1000. urtearen inguruan, Ekialde Hurbilean eta Ekialde Ertainean altzairua egiten zuten. Indiako artisauek teknika hobetzea lortu zuten, buztinezko ontzi itxi bat erabiliz. XVIII. mendean Benjamin Huntsman-ek buztinezko arragoa itxia eta koke-sua erabili zituen minerala urtzeko, eta horrela sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun labe garaiak.

XIX. mendearen erdialdera arte, altzairua fintzeko prozesuak, haren konposizio kimikoa eta ezaugarriak nahiko sinpleak izan ziren. Henry Bessemer-ek, William eta Friedrich Siemens-ek, eta Pierre eta Emile Martin-ek egin zituzten ekarpenei esker sortu zen altzairugintzaren aro berria, nabarmen lagundu baitzuten produkzioa, kalitatea eta kopurua handitzen. XX. mende erdian perfekzionatu zen altzairuaren produkzioa: aire-injekzioen ordez oxigeno hutsa erabiltzen hasi ziren orduan, eta  horrek izugarri hobetu zituen altzairuaren ezaugarriak.

K.a. 600. urtearen inguruan, erdialdeko Europatik etorritako zeltek eta indoeuroparrek Euskal Herrira ekarri zuten burdinaren erabilera eta produkzioa. Burdina Euskal Herriko mendietan oso ugaria izan da eta horregatik gure lurraldean burdinolak oso goiz ezarri ziren; oraingo siderurgien eta altzairu fabriken aurrekoak izan dira. Burdinola edo agorrola haiek mendixketan ezartzen zituzten, meatik eta egurretik gertu egon zitezen, eta XVII. mendera arte iraun zuten. Ibaiertzetan kokatutako burdinolei buruzko aipamenak egon badaude ere, XVI. mendetik aurrera bakarrik hedatu ziren.

Burdingintzaren eta altzairugintzaren industria funtsezkoa izan zen Bizkaiko ekonomiarentzat, jarduera komertzial handia sorrarazi baitzuen Bilbon batik bat, eta ondorioz, Bizkaiko Golkoko porturik garrantzitsuena bilakatu baitzen. Bizkaiko Labe Garaiei esker, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldeko ertzean instalatutako fabrika berriak eta XIX. mendearen bukaerako industrializazioa nabarmen garatu ziren. Altzairuaren historiak bizirik dirau EAEn, jarduera indartsu horren arrastoei esker.