Edukira zuzenean joan

Robert Rauschenberg: Gluts

hezkuntza-edukia

Merce Cunningham, Jean Tinguely, Fujiko Nakaya, Trisha Brown

“Dantza-konpainiarekin egindako birak nire lanean gehitzea zaila izan zen, baina era berean ederra. Dantzak, dantzariak, lankidetzak, erantzukizunak eta konfiantza funtsezkoak dira elkarlanean sortutako artean; nire bizitzako elementurik garrantzitsuena eta atseginena pinturaren pribatutasunarekin eta bakardadearekin bateragarri izan zen”. —Robert Rauschenberg

Trisha Brown

1960ko hamarkadan Rauschenbergek Trisha Brown dantzariaren eta koreografoaren konpainiarekin lan egin zuen lehen aldiz; izan ere, konpainia harentzat sortu zituen dekoratuak eta jantziak artistak. Harreman horren ondorioz sortu zen lankidetza luze eta emankorra. Brownek mugimenduaren funtsezko ezaugarriak aztertu zituen eta ikusleen eta dantzarien arteko erlazioa zalantzan jarri. 303 aretoan Rauschenbergek 1987an, Napolin, Brownen Alboko pasea (Lateral Pass) ekoizpenerako egin zituen Neapolitan Gluts lanak daude ikusgai.

Fujiko Nakaya

1964an Tokioko Sogetsu Art Center abangoardiako erakusketen egoitzan izan zen Merce Cunningham bere konpainiarekin Japonian egindako biran. Ekoizpen hartan Fujiko Nakaya artista Cunninghamen interprete gisa aritu zen lanean; Rauschenbergek, aldiz, eszenografia zuzendu zuen. Rauschenbergen eta Nakayaren arteko adiskidetasun emankorra sortu zen une hartan eta ondorioz jarri zen harremanetan Nakaya E.A.T. taldearekin. E.A.T.-ren jardueren une gorena Osaka’70 erakusketarako egin zuten Pepsi Pabiloia izan zen. Nakaya arduratu zen pabiloia estaltzen zuen laino-instalazioaz eta Billy Klüver ingeniariari esker egin ahal izan zuen. Lainoaren ezaugarri iragankorrek txundituta utzi zuten Nakaya eta bere lanetarako baliabide nagusitzat hartu zuen: 1980an, adibidez, Trisha Brownen performance baterako laino-dekoratua sortu zuen. Horrez gain, Nakayak Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) [Fog Sculpture #08025 (F.O.G.)] lana sortu zuen, Rauschenbergek aginduz eskatuta, bien arteko adiskidetasuna omentzeko, artista horri Guggenheim Bilbao Museoan, 1998ko azaroa eta 1999ko martxoa bitartean eskaini zitzaion atzera begirako erakusketarako. Rauschenbergek Museoari eman zion lana dohaintzan, eta harrezkero kanpoaldean dago iraunkorki ikusgai.

Jean Tinguely & Billy Klüver

1960an, New Yorken, Jean Tinguely artistak New Yorki omenaldia (Homage to New York) lan autosuntsitzailea aurkeztu zuen Museum of Modern Art-eko eskultura-lorategian. Rauschenbergek, era berean, Tinguelyren H.T.N.Y.-entzat diru-jaurtitzailea (Money Thrower for Tinguely’s H.T.N.Y.) —zilarrezko dolarrak publikoari jaurtitzen zizkion eskultura— eraman zuen ekitaldiko ikur gisa. Une hartatik aurrera bi artisten arteko lankidetza estua hasi zen eta performance ugari egin zituzten biek bakarrik edo beste pertsona batzuekin 1960ko hamarkadaren hasieran. Horien artean aipatzekoak dira: David Tudor-i omenaldia (Homage to David Tudor, 1961), Boston eraikitzen (The Construction of Boston, 1962), eta Rauschenbergen eta Tinguelyren partaidetza Bewogen Beweging (Art in Motion) erakusketa ibiltarian eta Dylaby (Dynamisch Labyrint) proiektuan (azken bi horiek Amsterdamgo Stedelijk Museum-en izan ziren). Mota horretako lanek elementu elektriko eta mekaniko ugari behar zituzten, eta horiek Billy Klüver ingeniariari esker lortu zituzten. Klüverrek New Yorki omenaldia egiten lagundu zien, eta aurrerago Rauschenbergekin elkarlanean aritu zen beste proiektu batzuetan. Esanguratsuenetako bat Orakulua (Oracle, 1962–65) izan zen, non ikuslegoak piztu behar zituen irratiak txertatu ziren. Lankidetza hauetan oinarritu zen 1966an sortu zen E.A.T. (Saioak artean eta teknologian). Irabazi-asmorik gabeko eta diziplina anitzeko talde hori Robert Rauschenbergek eta Robert Whitman-ek, eta Klüverrek eta Fred Waldhauer ingeniariek sortu zuten New Yorken. Taldearen helburu nagusiak ondorengoak ziren: elkarrizketa, material berriak ikertzea eta lan esperimental berriak sortzea artea, zientzia eta teknologia uztartu nahi zituzten artisten eta ingeniarien arteko lankidetzaren bidez.

Merce Cunningham

Rauschenbergen artearen muina ohiko objektuak testuinguru berrietan aurretik prestatu gabe erabiltzean datza. Bat-batekotasun edo halabeharraren garrantzia hori ere bada 1950eko hamarkadaren amaieran etengabeko bilakaeran zegoen diziplina baten oinarria, dantzarena, alegia. Garai hartan, Rauschenbergek agertokiak eta jantziak diseinatzeari ekin zion Merce Cunningham dantzariaren eta koreografoaren konpainiarako. Cunningham ezaguna izan zen halabeharra berebizikoa zuten koreografiak egiteagatik. Cunninghamekin egindako lanak oinarritzat hartuta, Rauschenbergek koreografiak sortu zituen batzuetan, eta jendaurrean antzeztu zituen hainbat ekoizpen eta performanceetan.