Edukira zuzenean joan

Thomas Struth

hezkuntza-edukia

Errepikatzen diren gaiak [I]

Izenburua:
Errepikatzen diren gaiak [I]
Erakusketa:
Thomas Struth
Gaiak:
Artea eta denbora | Sorkuntza artistikoa | Düsseldorfeko Eskola | Andreas Gursky | Bernd Becher | Candida Höfer | Hilla Becher | Thomas Ruff
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Struth, Thomas

Düsseldorfeko Eskola deitutakoaren parte da Thomas Struth. 1976an Bernd Becher-i eman zioten Düsseldorfeko Arte Ederretako Akademiako lehen argazkilaritza-katedra. Becherrek Hilla Becherrekin batera ematen zituen eskolak. Egun nazioartean ospetsuak diren zenbait artista izan ziren garai hartako ikasle: Thomas Struth bera, Andreas Gursky, Candida Höfer eta Thomas Ruff, besteak beste. Becher senar-emazteen berezko ezaugarria zen beren praktika askea eta heterogeneoa, eta baita bildumatan antolatutako irudiak ere, zuri-beltzean oso ongi definituak zeudenak.

Ikaskuntza hori oinarri hartuta, Thomas Struthek obra-multzoetan egituratuko ditu bere ardurako gaiak, aspektu desberdinak jorratuz, esaterako: hiria Toki inkontzienteak sailean, familia Familia-erretratuak multzoan, edo teknologia eta gizakiak sortutako paisaiak Natura & Politika sailean. Begiratu batean obra horiek puntu komunik ez dutela pentsa daitekeen arren, multzo desberdinetan lanean aritu ondoren, gai berrien eta zaharragoen arteko oihartzunak aurkitu ohi ditu Struthek. Horri esker, berriz heltzen die aurrez landutako gaiei, eta, ondorioz, urteak pasa daitezke multzo bat bukatutzat eman baino lehen. Hirietako argazkietan, adibidez, 1970eko hamarkadako amaierakoak dira New Yorkeko bere lehen argazkiak; azkenak, ordea, Jerusalemen egin zituen 2010eko hamarkadan. Segidatasuna ia modu espontaneoan gerta daiteke artean, artistari bidea ematen diolako denbora-tarte luze batez gai bat jorratzeko. Struthen multzoak metagarriak dira, eta, oro har, irekiak. Struthek pinturak bailiran konposatzen ditu bere argazkiak. Pentsatu, une batez, zer dagoen gai antzekoak lantzen dituzten obra guztien azpian. Zein galdera erantzun nahi du artistak hain irudi desberdinen bitartez?