Edukira zuzenean joan

Thomas Struth

katalogoa

Beste egun bat paradisuan

Jana-Maria Hartmann

Izenburua:
Beste egun bat paradisuan
Egilea:
Jana-Maria Hartmann
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2019
Neurriak:
32 x 25 cm
Orrialdeak:
318
ISBN:
978-3-8296-0884-8
Lege gordailua:
BI-1238-19
Erakusketa:
Thomas Struth
Gaiak:
Argazkigintza | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Ingurunea eta natura | Peru | Artistak | Giza harremanak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Struth, Thomas

Izerdia kopetan behera doakigu, gorputzean itsasten zaigu arropa. Elastiko arin batekin amets egiten dut, baina alkandora mahuka-luzeak eraman behar ditugu. Eltxo-mordoak dabiltza gure inguruan durundian. Geure burua babestuko ez bagenu, ziztadez josita bukatuko genuke, goitik behera. Badira ordu batzuk hitzik egiten ez dugula, eta oihu ozenek eteten dute gure arteko isiltasuna, tarte erregularretan. Tximinoak gure atzetik datozela dirudi, nonahi daude eta inon ez, eta txoriek etenik gabeko orkestra batek bezala laguntzen digute, oihaneko sasitza gure gomazko bota astunekin zapaltzen dugun bitartean.

Urduri antzean egon da Thomas goiz osoan, labezomorro batek bainugelan eraso egin dionetik. Gure aldartea ez da, preseski, bozkariozkoa. Ilaran jarrita, bidea zabaltzen dugu landaredian barna: enbor lodiak, goitik zintzilik dauden landare igokariak, hostoak eta adarrak esker-eskuin. Tarteka Thomas doa aurretik, beste batzuetan ni noa buruan, eta lurrean topatu dudan makila bat astintzen dut bidea armiarma-sarez garbitzeko, bestela sareak aurpegian itsatsiko zitzaizkigun-eta. Zorro handi bat daramat bularrean zintzilik, pelikula-euskarriz betea. Hamar bat kiloko pisua du, baina hori ez da ezer Thomasek bizkarrean zintzilik daraman xafla-kameraren aldean. Inguratzen gaituen oihana amaierarik gabeko labirinto misteriotsu bat iruditzen zait, bidezidorrik ez da apenas bereizten, eta neure kolkorako diot zertan ari ote naizen egiaz hemen. Aurkituko ote du Thomasek, besterik ez bada ere, aseko duen motibo bakar bat?

2005. urtea da, Perun gaude, eta aurreneko aldiz urte askoan elkarrekin bidaiatzen gabiltza. Nolabait ere, bikote bitxia gara. Norbaitek galdetzen digunean zertan ari garen hemen, esaten dugu Thomas argazkilaria dela eta argazkiak egin nahi dituela oihanean. Orduan nekez egiten dute galdera gehiago; izan ere, era guztietako zientzialariak igarotzen badira hemendik, zergatik ez argazkilari bat? Ez dugu beste azalpenik ematen: ez dugu esaten, gainerakoan, Thomasek gehien-bat arkitekturako argazkiak eta erretratuak egiten dituela, eta haren irudiak ez direla National Geographic-en ikusten, galeria eta museoetan baizik. Neure burua aurkezten dudanean, “laguntzailea” naizela esaten dut. Kamerez eta objektiboez ezertxo ere ez dakidala, eta berez literaturako ikaslea naizela: horiek ere ezkutatu egiten ditugu. Thomas eta biok pozik gaude azalpen erraz horrekin. “Patchwork” baten antzeko familia-harremana izan ondoren, gure ama eta biak banatu zirenetik, gure loturak ez du definizio argirik. Thomas nire aitabitxia ote da? Hitz hori ez zait behin ere gustatu, eta Thomas, gainera, nire anaiaren aitabitxi ofiziala izan da beti. Nire aitaordea ote da? Nire aitaorde ohia? Ama eta biak ez dira behin ere ezkonduta egon. Niretzat Thomas da, besterik gabe. Jaio nintzen egunetik ezagutzen dut, adiskideen eta familiaren inguruko parte baitzen ordurako. Banaketaz gero, denbora luzez ez genuen jakin zer gertatuko zen. Ez zegoen inolako bide-orririk era horretako egoeretarako. Ez zegoen lotuko gintuen zaintza-eskubiderik, ez inolako ahaidetasunik, ez inolako mendetasun ekonomikorik. Ni Berlinen bizi nintzen, Thomasek Düsseldorfen bizitzen jarraitzen zuen, eta gure bideak ez ziren ia gurutzatzen. Baina, aldi berean, ezin nuen imajinatu ere egin, besterik gabe, nire bizitzatik desagertzen utziko nionik. Hark ernatu zuen nigan pop-musikarekiko zaletasuna, sei urte nituela nire lehen nahasketa-zinta oparitu zidanean (denetik zegoen han: tartean, The Clash, Purple Schulz eta John Coltrane). Neska txikia nintzela, ezkutaketan ibiltzen nintzen Thomasen lehen laborategietako batean, geroago erregularki ateratzen ginen elkarrekin korrika egitera, eta nire graduazio-dantzaldian ere egon zen. Nolabait ere, familia izaten jarraitzen genuen. Eta, hala eta guztiz ere, definizioa falta genuen.

Galdetu zidanean nahi al nuen berarekin Hegoamerikara joan argazkiak egitera, ez nuen zalantza handirik izan. Nire adiskide bat itzuli berria zen Peruko oihan tropikal betean egindako biologiako ikerketa-proiektu batetik, eta Madre de Dios-en —Brasilgo mugatik gertu dagoen naturaren babes-eremua— zeuden WWFko zientzialarien erreferentzia eman zidan. Ikaragarrizko poza ematen zidan Thomasi bere bidaia eta lana antolatzen laguntzeak, eta bi aste elkarrekin emateko aukera izateak.

Limatik hegazkinez joan ginen Puerto Maldonadora; urre-bilatzaileen herri txiki bat da, hotel bakarra daukana. Handik, goizean goiz, auto zahar-zahar batean, hauts gorrixkako errepideetan barna, eta eremu deforestatuak gurutzatuz, Labirintora joan ginen; herrigune are txikiagoa da, Madre de Dios ibaiaren ondoan, non sasoika bizitzen baitira egurketariak eta urre-bilatzaileak. Goizaren amaieran txalupa batera igo ginen, bost orduz ibaian gora eramango gintuena, WWFren CICRA kanpamenduraino (gaztelerazko sigletan, Centro de Investigación y Capacitación Río Los Amigos). Ordurako konturatua nintzen gure bidaia ez zela txikikeria izango. Beroak biok nekatzen gintuen, eta gainera, eguerdian bide-ertzean zegoen baserritar bati Brasilgo intxaur fresko batzuk erosi genizkion, eta laster gaineratu zitzaigun Moctezumaren mendekua. Baina beste bat zen arazo nagusia: elkarrekiko arrotzak bilakatu ginela. Ni neska txiki bat nintzenean gure artean zegoen konfiantza, nire nerabezaroko egoskorkeria: ezerk ez zuen funtzionatzen baldintza berri horietan. Loturak alderantzikatua ematen zuen. Thomas beroak itotzen zegoenean, ni, berriz, ondo sentitzen nintzen. Thomasek gustuko jatetxe bat topatzen zuenean, niretzat janari begetarianorik ez zen. Thomasek une jakinen batean oraindik ere beste argazki bat egin nahi zuenean, niri unea luzeegia gertatzen zitzaidan. Baina alde egiteko aukerarik ez neukan. Oihanean ez dago inolako estaldurarik mugikorrarentzako.

Uhaldiak izan zirela-eta hainbeste enbor zegoen uretan, non asko murriztu behar izan baikenuen abiada. Txalupan zortzi ordu eman ondoren, geldialdirik gabe, heldu ginen azkenik oihaneko gune hartara. Horrenbesteko edertasunak ia hitzik gabe utzi ninduen. Egurrezko zenbait etxolak osatzen zuten kanpamentua, eta zirkulu zabal batean kokatuak zeuden janlekuaren inguruan. Plataforma baten gainean eraikia zegoen kanpamentua, eta oihan tropikalaren gaineko panorama sinestezin bat ikusten zen handik, berde iluna, den-dena hartzen zuena, bista heltzen zen tokiraino. Iluntzean, gorri arrosakara batez tindatu zen zerua, eta bero hezea apur bat gutxitu zen. Etxoletan ur hotza bazen, baina korronte elektrikorik ez, eta ezin ginen gure eltxoen kontrako sareetatik ia atera. Iluna heldu zenean lo hartu genuen, lehertuta, hurrengo goizean gure inguruko tximinoen zalapartak esnatu gintuen arte. Goiz zoragarria zen, baina nik kezkatuta jarraitzen nuen. Harainoko bidaia osoan, inoizko hurbilgaitzen ikusi nuen Thomas. Edo agian neu nintzen hurbilgaitz zegoena. Hala gertatzen zait batzuetan, neure buruarekin seguru sentitzen ez naizenean. Eta, hain zuzen ere, ez nekien oso ongi Thomasek ni bertan egotea nahi ote zuen. Agian ez zen ideia ona izan ni horrela, ez bat ez bi, haren lanaren munduan murgiltzea. Agian ni haren iraganeko pieza bat nintzen, orainaldian tokirik ez zuena. Edo agian besterik gabe galdetu behar nion zergatik zegoen hain muturtua.

“Hemen”, dio Thomasek bat-batean, eta gelditu egin da. “Hemen?”, galdetzen dut sinesgogor, ez baitut ulertzen zer dagoen oihaneko gune honetan, azkeneko orduan aurretik igaro garen gainerako zuhaitz eta hosto guztietan ez zegoenik. Baina busti-bustia daukat bizkarra, eta pozik nago geldialdi bat egin behar dugulako. Thomasek ez dit erantzuten; aldiz, kamera astuna bizkarretik kendu eta pauso batzuk egiten ditu hara eta hona. Behin eta berriz gelditzen da, eskuak gerrian jarrita. Oihanarteari erreparatu, gogoeta egin eta begirada zerura jasotzen du; halako berdetasunaren artetik ia-ia ikusi ere ez da egiten. Hala dio azkenean: “Bai, hemen ondo dago”. Thomasen ondoan jarri eta norabide berean begiratzen dut. Azal griseko enbor lodiak eta enbor meheak ikusten ditut, sasitza eta hosto zimelak, kolore arre eta berdeen nahasketa basati bat.

Thomasek kamera muntatzen du; ez da aurreneko aldiz ikusten dudan prozesua. Nik bere erretratu-saio askotan lagundu nion, eta niri ere bi bider egin zizkidan argazkiak. Lanera: lehendabizi tripodea ipintzen da, gero kamera eta objektiboa muntatzen dira, gero nik nire zorroa ireki eta Thomasek gutxi gorabehera 20 x 30 cm-koa den pelikula-euskarrietako bat ateratzen du; alde bakoitzetik negatibo bat daukate. Thomasek euskarria kameraren atzeko aldean sartzen duen arte, bost bat minutu irauten du agian prozesuak. Thomasek fotometroa hartu eta harekin jolasten da; gero kameraren gainean zabaldutako olana beltzaren azpian desagertzen da: oihal horren helburua da fokuratze-kristalaren gainean proiektaturiko irudiari antzemateko moduko iluntasuna sortzea. Berriz agertu, eta buruari eragiten dio: “Beste objektibo bat behar dut”. Berriz ere kamera inguratzen du, bizkor, eta olanaren azpian sartzen du burua. Giroa halako kontzentraziokoa ez balitz, barre egingo nuke. Horrela, Star Warseko figura baten tankera du Thomasek: sei hanka, bizkarra apur bat okertua eta eranskin mekaniko bitxi bat buruan. Ondoren, beste egokitzapen batzuk egiten ditu, tripodea gorago kiribildu behar da, gero atzera beheraxeago. Hirugarren objektiboa ipini du. Berriz ere kontsultatzen du fotometroa. Jakin-minez begiratzen dut. Badirudi Thomasek zehatz-mehatz dakiela zeren bila dabilen, eta aurkitzea besterik ez duela falta. Pisu bat kendu dut gainetik. Ia hiru ordu laurdeneko prestakuntzaren ondoren, pozik ematen du. Gerturatzeko keinu bat egin dit, eta fokuratze-kristaletik begiratzen utzi dit, zeina negatiboaren tamaina berekoa baita. Horra oihana buruz behera. Hurbilegi nago, eta pixka bat atzeratu naiz irudia osorik ikusteko. Errealitatean baino zehatzagoa da ia; hosto bakoitzak bere kidea du enkoadraketan, baina alderantziz. Baina honetara ohitua ez banago ere, bat-batean argi ikusten dut badela marko bat. Enbor arre-grisetako bik atari moduko bat eratzen dute sasitza trinkoan, gauza miragarriz beteriko mundu baterako ate sakratua balitz bezala. Atzean, oso-oso atzean, soilune baten antzeko zera bat ikusten da: arrakala argitsu bat, ia agerraldi bat dirudiena. Thomasi ez diot ezer esan horretaz. Herabea sentitu izan naiz beti berarekin bere lanaz hitz egiteko; izan ere, azken batean, bada nahiko jende Thomasen arteaz arduratzen dena. Oroitzen naizenetik ezagutzen ditut Thomasen obrak, eta txikitandik bisitatu ditut haren erakusketak. Baina gaur egun arte zaila gertatzen zait horretarako hitzak aurkitzea, horrexegatik agian.

Buruaz baietz egin eta esan diot: “Bai, itxura ona du”. “Bai?”, galdetzen du, zoratzen. Osorik desagertua dirudi beroak, eltxoek eta labezomorroek eragindako umore txarrak. Legoaren azken pieza bere dorrean ipintzeko puntuan dagoen ume bat dirudi Thomasek kasik. Baina bat-batean eguzkia atera da. Halako batean, enborrak ez dira grisak, horixkak baizik; urre-koloreko argi batek koloreztatzen du dena, ur-tantek distira egiten dute. “Demontre!”, aditzen dut Thomas madarikazioka. “Motiboa osorik joan da!”. Harrituta begiratu diot. “Dena hortxe dago-eta”, pentsatzen dut. “Nire argazkietan eguraldiak ahalik eta lainotuena egon behar du, argien eta itzalen arteko kontrastea ez dadin hain handia izan”, azaltzen dit. “Egun osoan ez da eguzkia azaldu, eta oraintxe atera behar du?”. Begiak erdi itxita, zerura begiratzen du. Ez dakit zer egin behar den orain; Peruko tropikoetako baldintza metereologikoak ez dira nire espezialitatea. Baina hurrengo unean ostera ere itzal bat pasatu da gure gainetik. “Ondo!”, oihu egin du Thomasek, pozez betetako aurpegiarekin ostera ere. Jarri da segituan kameraren ondoan eta kliskagailua hartu du. Gaurko lehen argazkia da.

Eguerdian kanpamentura itzuli gara. Afaria bostak aldera zerbitzatzen da, ordubete geroago gau beltza baita. Oilaskoa, arroza eta babarrunak, sukaldeko langileek jantokian banatua dena. Afariaren ondoren, Letoniako bi zientzialari adinekoren ondoan eseri gara. Hilabete batzuk ematen ari dira hemen, papagai-espezie bat ikertzen. Gero, denak beren etxoletara erretiratu direnean, gu beste tarte batez geratu gara eserita. On egin digu bioi oihaneko egunak. Baina, hala ere, jakin nahi nuke zerk arduratzen duen Thomas.

“Pozik zaude gaurko txango honekin?”, galdetu diot.

“Bai, argazkiak egitea dibertigarria gertatzen zait beti. Baina ez dakit ezertarako balio duten”, erantzun dit.

“Lan gogor askoa, oihanaren horrelako argazki bat egitea”, diot nik irribarrez. Thomasek kopeta zimurtzen du.

“Ez nago oso seguru jarraitu nahi ote dudan Paradisuaren saileko argazkiak egiten”.

“Zergatik?”, galdetzen diot. Azkenaldi hartan, mundu osoko museoetan ibiliak ziren Thomasen saileko argazki batzuk formatu erraldoietan, eta, nire iritzian, arrakasta handiz.

“Ez zait ezer berririk bururatzen. Baliteke sailak eman zitzakeen argazkiak agortu izana. Ez nago inspiratua”, dio Thomasek adoregabetuta. Nik ez nekien batzuetan halako zalantzak izaten zituenik bere lanaz. Ordu arte, ez zuen horretaz nirekin sekula hitz egin.

“Baina gaur oso inspiratua eta energiaz beteta ibili zara lanean, nik ikusi dudanez”.

“Baliteke hau amaiera izaera, baliteke gero gauza berriren bat etortzea”, dio. “Baliteke. Baina saia gaitezen bihar berriz”, proposatzen diot. Thomasek baietz egiten du buruarekin.

“Jakina. Azken batean, ekipo gisa oso ondo funtzionatzen dugu, ezta?”.

Bat-batean, egiazko ilusioa egiten dit biharamunak. Azkenean, oihan tropikal beroak hautsi du bion arteko izotza.

Hartu dut nire ordenagailua eta ireki egin dut. “Adituko al dugu musika pixka bat?”, galdetu dut. “Gustura asko”, dio Thomasek. Eta hortxe aritu gara Arcade Fire-ren azken albuma entzuten, eltxoak jasanezinak gertatu diren arte.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]