Edukira zuzenean joan

Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura

katalogoa

Generoa eta barrualdea

Almut Pollmer-Schmidt

XVII. mendeko neerlandar bati galdetuko baliote zer den generoko pintura, erantzunik gabe geratuko litzateke. Jakina, ohituta zeuden era askotako gai piktorikoekin: nekazarien feria, nekazariak biluzik, zaintza-postu bat soldaduekin, taberna, putetxea, gazte bilera bat, laute-jotzailea kantari batekin, etxekoandre bat ume batekin, gazte bat iruteko goruan, edo adin handiko gizona neskame gazte batekin eta adin handiko emakume diruduna mutil gazte bat seduzitzen. Koadroen izenburu horiek 1625 eta 1676 bitartean eginiko obretatik hartutako inbentario gutxi-asko aleatorioak dira; Amsterdamgo arte-bilduma desberdinetakoak dira, eta John Michael Montias-ek aztertu egin ditu eta New Yorkeko Frick bildumako datu-basean daude eskuragai, orain on-line. Gai piktorikoak askotarikoak ziren, bazeuden kontu arruntak, protagonistatzat nekazariak edo jende xumea zituztenak [Nekazari mozkorra, Bi nekazari ikatz-suaren ondoan erretzen, Oineko ebakuntza, Bizkarreko ebakuntza eta Ostatu holandarra zarrabete-jotzailearekin] edo tabernen eta putetxeen irudikapenak [Erretzailea tabernan, Tabernako eszena, Nekazariak eta neskatoa taberna batean, Bi emakume edaten eta erretzen eta Taberna ostalariarekin eta tabernariarekin], baita ere pertsona agurgarrien erretratuak, dantzan eta kantari sarritan [Abeslari gaztea, Taldea musika jotzen eta Taldea musika jotzen], eta etxeko eszenak, familia-girokoak eta patxadatsuak [Andre zaharra eta haurra jateko eskasaren aurrean, Emakume bat josteko mahaian, Emakume bat afaltzeko mahaia prestatzen eta Pintorearekiko, irakurtzen ari den damarekiko eta garbitzen ari den neskamearekiko barrualdea]. Garrantzirik gabeko jendea da pintura horietan agertzen dena: anonimoak dira eta ekinean erretratatuta daude, hala gatazkan nola harmonian, zarataren eta zalapartaren erdian edo lasaitasunean eta bere baitara bilduak.

XVII. mendeko frantses diskurtso akademizistan, “generoa”ren kontzeptuak bere baitan biltzen zuen, printzipioz, historiako pinturaren kanon jasoari ez zegokion guztia. Kategoria espezifiko gisa, peinture de genrek aipa zitzazkeen, beraz, erretratuak, paisaiak, animalien pinturak, natura hilak eta ohiturazko eszenak. XVIII. mendearen amaieran, Claude-Henri Watelet-ek (1718–1786) hierarkia bat proposatu zuen lehen aldiz, non “familiako generoa” (le genre familier) bigarren lekuan zegoen garrantziaren aldetik historiako pinturaren ondoren, zeren eta artistek ez baitzuten beren irudimenera jo behar kontakizun heroiko-klasikoak, biblikoak edo literarioak birsortzeko, beren eguneroko ingurune hurbileko giroak irudikatu baizik ez zuten. Kasu horretan, ezinbestekoa suertatzen zen baita ere pertsonak bere grina guztietan irudikatzea, zeina baitzen berez historiako pinturaren funtzio nagusia. Hala ere, bere garaikide askok bezala, ideal akademizistak markatuta baitzeuden, Wateletek erabateko ulermen eza adierazi zuen holandar pinturako behe mailako pertsonaien eta eszenen, baita “desatseginen”, irudikapenarekiko. Argudiatzen zuen ez zegoela edertasun klasikoaren idealik Rembrandt (1606–1669), David Teniers Gaztea (1610–1690) [Bi nekazari ikatz-suaren ondoan erretzen eta Erretzailea tabernan] edo Cornelis Pietersz Bega (1631/32–1664) [Tabernako eszena, Nekazariak eta neskatoa taberna batean eta Bi emakume edaten eta erretzen] bezalako pintoreengan eta naturaren imitazio zuzenari eta garai hartan nagusi ziren ohitura txarren deskribapenari atxikiak zirela. Horren ordainetan, errealitatetik gertuko irudikatze modu horri esker, hain zuzen ere, generoko holandar pintura oso aintzat hartua izan zen XIX. eta XX. mendeetan. Hegel (1770–1831) filosofo alemanak haren historiatik abiatuta azaldu zuen neerlandar artearen berezitasuna. Holandarrek harreman berezia zuten beren herrialdearekin, lurra itsasoari kendu baitzioten, eta lortu zuten hura naturaren indarretatik defendatzea; gainera, hiritarrak eta nekazariak elkarrekin borrokatu ziren beren askatasun politikoa eta erlijiosoa Habsburgotarren aurrean defendatzeko. Hala, “gizalegea eta gogo beroa”, “ongi izate saiatua, txukuna eta atsegina” eta “egindako lanaren emaitzak sortutako poza eta gogo betea” hango artisten koadroetako gai bilakatu ziren. Hegelen historiaren ikusmoldeak markatuta, zeinaren ideal aurreratua neerlandar errepublikak ordezkatuko baitzuen, Gerrit Douren (1613– 1675, 146. or.), Gerard ter Borch-en (1617–1681) [Andre zaharra eta haurra jateko eskasaren aurrean eta Dama kopa ardoarekin], Pieter Janssens Elinga-ren (1623–1682) [Pintorearekiko, irakurtzen ari den damarekiko eta garbitzen ari den neskamearekiko barrualdea] eta aurrerago Jan Vermeer-en (1632–1675) barrualdeak [Geografoa] gizarte librearen, harmoniatsuaren eta gizalegezkoaren eredu politiko moderno eta goragoko mailako baten adierazpen perfektutzat jotzen ziren, eta haiek berariaz islatzen zuten, ustez, eredu hori.

Atzean ideia bat zuela ageri zen “generoko pintura”ren kontzeptua XIX. mendeko artearen historiako liburuetan: holandar pintoreek modu zuzen eta artistikotasun gutxikoarekin irudikatzen zutela beren ingurunea, eta horri kontrajartzen zitzaion une hartako pintura errealistaren eta inpresionistaren inpaktu sakona. Onerako edo txarrerako, ideia horrek indarrean jarraitzen zuen azken garaietan, generoaz “ohiturazko koadro” gisa hitz egiten zenean. Arrazoi horregatik ikerketa denbora askoan egon da irudikapenaren eta errealitatearen arteko erlazioa definitzeko eraren auziak baldintzatua.

“Holandar errealismoaren” ikuspegi tolesgabeegi bati kontrajarrita, 1960ko hamarkada bukaeratik aurrera Eddy de Jongh-ek eta beste ikertzaile batzuek iturri literarioak kontsultatu zituzten generoko koadroen azpian zegoen esanahia aztertzeko. Zehazki, XVII. mendean izugarri ezaguna izan zen genero bat, enblematika, non irudiaren eta testuaren konbinazioak zentzu zuzena ulertzen laguntzen baitu, baliagarria suertatu zen metodo ikonikoa esaten zaionarentzat. De Jonghek “itxurazko errealismoa”ren kontzeptua garatu zuen irudikapen errealistak, azken batean, mezu sinboliko eta batez ere moralak adierazteko balio zuela azaltzeko. Paradigma berri bat ezarri zen horrela: jokabide desegokiez edo egokiez ohartarazpen gisa beti interpreta zitezkeen neurrian zuten soil-soilik “ohiturazko koadroek” errealitatearekiko erlazioa, asmo didaktikoz blai zeuden, beraz. Docere et delectare formula klasikoari jarraituz, zeinaren arabera jarduera erretoriko ororen xedea atsegin ematea eta irakastea baita diskurtsoaren barne-lanketaren gainetik, tot lering en vermaak (“irakasbiderako eta gozamenerako”) formularen zerbitzura jarri zuen De Jonghek generoko pintura. Amsterdamgo erakusketa homonimoaren katalogoak aditzera ematen zuen enblematika baliagarria zela generoko pinturaren berezko esanahia deszifratzeko erreserba lexiko gisa.

De Jonghen ondoren jarrera hori esajeratu egin zen, hainbesteraino, non, sarritan, pintura esanahi kodetuen multzo soil baten gisara interpretatzeko hutsegitean erortzen ziren kritikariak, eta, gainera, sexuari zegozkion maiz esanahi horiek. Kritikatu zen, eta arrazoiz, testuinguru piktoriko globala kontuan hartu gabe eta naturaren imitazio berariazko haren jatorria eta esanahia baztertuta ekin izana interpretazioari. Esandakoaren harira, zer esan nahi du orduan Elingaren barnealdea (158. or.) bezalako irudi batek, baldin eta froga badaiteke ezen marmolezko zoru txuria eta beltza, bikainki kokatua, ez zela sekula era horretara aurkitzen etxe nobleetan, edo kasu bakan-bakanetan bakarrik? “Egunerokotasuna” perspektibatzat hartzetik desbideratzen du begirada kontuan eror gaitezen ezen, zalantzarik gabe, fikzio bat dela. Genero piktoriko guztiak bezala, generoko koadroak eszenaratze artistikoaren emaitza ziren guztiaren gainetik. Pintoreak tradizio batekin eta konbentzio piktoriko batzuekin konprometituta zeuden, eta erretorikaren printzipioak zituzten, gainera, gidari, zeinaren arabera artea, era erabakigarrian, Aro Modernorantz bideratuta baitzegoen.

Genero-pinturaren kontzeptuaren pean gaur egun biltzen ditugun koadroek lantzen dituzten gai ugariak gorabehera, hautaketa mugatua zen, azken batean. Atzera begira ikusita, neerlandar gizartearentzat gertagarritzat eta garrantzitsutzat joko genukeen gehiena ez zen irudikatzen. Wayne Franits-ek portuarekin zerikusia zuen koadrorik aurkitu ez zuelako —ekonomikoki hain garrantzitsua izanik portua— berretsiko zuen, beharbada, generoa “eguneroko eszena” soil gisa ikusten zuen definizio sinpleegia gezurtatzeko erabiltzen zuen argudioa. Bestalde, ezaguna zena lantzea eta birformulatzea printzipio gidari bat zen XVI. eta XVII. mendeko artean. Adibidez, arestian aipatutako “gazte-bilerak” “bilera alaiak” (vrolijke gezelschappen) [Taldea musika jotzen eta Taldea musika jotzen] esaten zaienei dagozkie, eta seme galduaren, bere herentzia tabernan xahutu zuenaren, parabola biblikoaren antzezpenetan dute jatorria. Kontua da zenbateraino transmititzen zuten, sorkuntza piktorikoan, eszenaren jatorrizko balorazio moral zalantzarik gabea Pieter Codde-k (1599–1678) edo Anthonie Palamedeszek (1601–1673) pintatzen zituzten gazte talde azken modara jantzitakoek. Maitasun berdingabearen gaiak ere tradizio piktoriko zabala du, “adin handiko gizona neskame gaztearekin” koadroaren deskribapenean adierazita geratu den bezala, eta zeinaren aipamena Cornelis Begak [Tabernako eszena] ere egiten zuen.

Erdi Aroaren bukaeraraino doaz atzera bertuteak eta bizioak edo urtaroak eta bakoitzari zegozkion nekazari-lanak aipatzen zituzten sailak. Era berean, bost zentzumenei —ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena— arreta berezia jartzen zitzaien, generoko koadroek aipatu egiten baitzituzten batzuetan. Era horretara, gogoetabide bilakatzen ziren, Adriaen Brouwer-en (ca. 1605/06–1638) Oineko ebakuntza eta Trago mikatza koadroetan bezala, ukimen desitxuratua (oinazearen bitartez) eta gustu (txarra) erakusten baitzituzten, nahiz bigarren margolana bekatu handietako batekin ere lotzen zen: alferkeria. Zazpi bekatu nagusiek, bost zentzumenek, lau urtaroek, bai eta lau elementuek eta lau aldarteek ere, bigarren mailako zeregina besterik ez bazuten ere XVII. mendeko sorkuntza artistikoan, mundua antolatzeko kategoria garrantzitsuak ziren, hala ere, pintoreentzat eta haien ikusleentzat.

Herria zen bekatuzko jokabideen edo sozialki gaizki ikusien lekua. Nekazarien generoak edariaren, tabakoaren edo era guztietako gehiegikerien aurrez aurre jartzen zuen ikuslea. Hiri-zibilizazioaren eta arruntzat ezaugarritutako herrietako bizimoduaren arteko topaketa gai piktorikoa zen, Adriaen van Stalbemt-en Kermeza herri batean koadroan bezala. Hiriko taldeak, dotore jantzita, errentamendua biltzen duen artean, haien seme-alabak korrika doaz interesatuta nekazariengana, hantxe baitaude, otorduak aseta eta, beharbada, hordituta. Atzean hiriko biztanle bat ikusten da, gertatzen ari denari begira. Dantzan eta festan ari diren nekazarien koadroak oso ezagunak egin ziren, batik bat Pieter Brueghel Zaharraren (ca. 1525–1569) obrari esker. Hona zer zioen nekazariez Karel van Mander-ek, Anberesko merkatari batekin batera, festa nagusiak edo nekazarien ezkontzak baserritar-jantzian bisitatzen zituenak: “Hemen Brueghel aise dibertitzen zen nekazarien jateko, edateko, dantzatzeko, saltatzeko, aire zabalean jolasteko eta beste denbora-pasatan aritzeko moduei begira; gero berak bere kasa imitatzen zituen, oso modu barregarrian eta koloretsuan [...]” (van Mander 1604, fol. 233). Pasadizoak iradoki baino gehiago egiten du ezen hiritar ikasien denbora-pasaren zati bat (pintorearena berarena haien artean) nekazari xaloei begira egotean zetzala, horrela beren nagusitasun soziala eta beren manera finak berresteko. “Nekazarien manera zakarrak naturaltasun handiz erakusteko” gauza izatea zen, van Manderen arabera, Brueghelen ezaugarrietako bat. Bere modeloen bizitzan murgilduz —nae t’leven (“bizitzari leialak”) estudio ugarien bitartez, gutxienez— iristen zuen pintoreak irudikapen egiati baten ideala. Brueghelen irudikapenak seer cluchtightzat kalifikatzean (“oso barregarria”), landaren gaia Aristotelesen (384–322 K.a.) eta Horazioren (65–8 K.a.) teoria klasikoez blaituta zegoela agerian jartzen zuen arte-kritikariak. Historiako pinturari duintasun handieneko gizakiak aurkeztea baldin bazegokion, tragediaren forma artistiko gorena zenez, landako generoa komediaren alorrekoa zen (klucht). Esajerazio groteskoak bereganatzen zituen eta agerian uzten zuen gizakiaren jokabide gaiztoa, hari barre eta iseka eginez. Irudikatze-modu beheragokoa zenez, eszena eta protagonistak desatseginak izan zitezkeen eta halakoak izan behar zuten, eta, beraz, pertsonaiak beheragoko maila sozialeko gizabanakoetan inspiratzen ziren. Tragedian ez bezala, pertsonaiek hasieratik amaieraraino gordetzen zuten beren izaera barne eraldaketarik izan gabe; horregatik irudika zitezkeen izaki anonimoak, komediak ez baitzuen lehenagokoaren eta gerokoaren ikuspegirik behar.

Beraz, generoko neerlandar pinturak ere baditu uneak atzematen dituzten irudiak. David Teniers Gaztearen edo Jan Steen-en (1625/26–1679) koadroek narrazioaren garapenari buruzko galderak eragiten dituzte ikuslearengan: zer esaten ari ote da erretzaileei hurbildu zaien emakumea? Lortuko al du neska gazteak berarengana hurbiltzeko gizona egiten ari zaizkion ahalegin itsusietatik libratzea? Hala eta guztiz ere, ez dago sekula pertsonaien jokabide jakin baten azalpenik edo haien aritzeko moduaren zehaztapenik: diren bezalakoak dira eta —adibidez, alkimista bezala— komediari eta beste testu literario batzuei esker beren garaikideentzat ezagunak izango ziren estereotipo gisa ezaugarrituta daude.

Komedien idazleak bere pertsonaiak ezaugarritzeko hizkera arrunt bat erabili behar zuen bezala, nekazariak erretratatzen zituen beheragoko generoari mintzaira piktoriko findu gabeko bat komeni zitzaion. Adriaen Brouwerrek, Adriaen van Ostade-k (1610–1685) edo Jan Steenek pintzelkada askean zuten birtuosismo teknikoa frogatu zuten, marra ikusgarri eta trinkoz azpimarratzen baitzuen pintzelkada horrek ekintza [Nekazari mozkorra, Lastategi-barnealdea, Oineko ebakuntza, Bizkarreko ebakuntza, Trago mikatza, Txerria hilik lastategi batean, Taberna ostalariarekin eta tabernariarekin eta Alkimista]. Beren koadroak pintatzearen emaitza aldi berean zen sosegurik gabea eta “eskandalagarria”, islatutako ohituren tankera berean; ezer ez zen harmoniatsua ezta osatua ere. Kasu honetan ere Pieter Bruegel eta Frans Hals (1582/83–1666) erreferenteak ziren; hala Brouwer nola van Ostade haiekin ikasiak ziren. Haarlem zen pintura “arruntaren” erdigunea; nekazarien alorreko gai groteskoetatik hasi eta eskulangile apalen irudikapeneraino gai-multzo zabala lantzen zuen pintura-mota horrek.

Gremioko beste kide askok ez bezala, Cornelis Bega Haarlemgo pintoreak erabaki zuen tabernetako eta putetxetako bere eszenak teknika piktoriko askoz ere delikatuago batekin egitea, “estilo landu” batekin, alegia [Tabernako eszena, Nekazariak eta neskatoa taberna batean eta Bi emakume edaten eta erretzen]. Gaiaren apaltasuna gorabehera, mendearen bigarren erdialdean gero eta aintzat hartuagoa zen holandar generoko pinturarako joera batean jardun zuen. Leidenen, Gerrit Douk eta haren dizipulu Frans van Mieris-ek (1635–1681) eszena urbanoko koadroak sortu zituzten, dotoreak ere bazirenak, ezaugarri nagusitzat egikera homogeneo bat zutena, gainaldean pintzelada bakar bat ere ikusten ia uzten ez zuena. Städel Museumgo pinturetan sumatzen den bezala, Gerard ter Borchek, hura ere aldez Haarlemen ikasia, irudikatutako egoerari egokitu zion bere teknika piktorikoa [Andre zaharra eta haurra jateko eskasaren aurrean eta Dama kopa ardoarekin]. Ter Borchek harremanak zituen Delftekin, non Pieter de Hooch-ek, Vermeerrek eta Elingak figuren koadroak landu baitzituzten, espazioa irudikatzeko interesa agertzen dutenak.

Leidenen generoko koadro dotoreek eta, aurrerago ere, Caspar Netscher (1639–1684) bezalako pintoreenek oso prezio altuak iritsi zituzten bere garaiko merkatuan, eta beren pintatzeko moduekin, berritzailetzat hartu baitziren, “historia modernoen” gaia sustatu zuten. “Moderno” kontzeptua inbentarioen sarrerek erabiltzen zuten jadanik XVII. mendearen lehenengo erdialdean “bilera alaiak” erretratatzen zituzten figuren koadroak aipatzeko [Taldea musika jotzen eta Taldea musika jotzen]. Gérard de Lairesse (1641–1711) izan zen lehena, 1700 urtearen inguruan, “modernoa, urbanoa eta delikatua zena” balio osoko genero gisa deskribatzen, modu barregarriaren eta historikoaren (“antzinakoaren”) artean leku bat zeukalakoan. Adibidez, eguneroko gertaera txikiak deskribatzen zituen, eta haien bitartez artistek giza maitasunak isla zitzaketen irudikapen errealistara eta adierazgarrira joz. Dou, Ter Borch eta Vermeer bezalako pintoreak aspaldian lantzen ari ziren eta haien ikusleek onartzen zuten zera horrek Lairesseren legitimazio teorikoa izan zuen: koadro haien dotorezia tematikoa eta piktorikoa “modernotasunaren” autonomia zen, eta herri txikietako gaien barregarritasunetik urrundu eta historian oinarritzen zen. Nekazari-generoak ikuslearen begietan giza portaeraren karikatura bat jartzen zuen arren, Pieter Elingarenak bezalako barrualdeek ez zuten isla erakusten, orainaldi dirudun, ordenatu eta itxurazko baten irudi ideala baizik.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]