Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Performancea

Yoko Ono irudi gailena izan zen Fluxus mugimenduaren sorreran. Mugimendu horren buru George Maciunas (Kaunas, Lituania, 1931–Boston, AEB, 1978) izan zen. AEBn sortu zen joera hori, eta, gerora, Europara (1961eko amaieran) eta Asiara (1962an) zabaldu zen. Fluxus mugimenduak zalantzan jarri zituen erakundeek bultzatutako artearen interpretazioak eta alde batera utzi zituen ohiko arte-kategoriak, bai eta ikusleen eta artelanaren arteko ohiko harremana ere. Fluxus artistek ekintza esperimentalak gauzatu zituzten, hala nola, performanceak, ekitaldiak, eta happeningak; sarritan, umoretsuak eta lotsagabeak ziren.

Onok New Yorkeko Chambers Street kalean zuen loftean hainbat kontzertu-performance eman zituen 1960ko hamarkadaren hasieran, eta ekitaldi horiek eragin handia izan zuten garai hartako artisten artean. John Cage-n (Los Angeles, AEB, 1912–New York, AEB, 1992) eta orduko beste artista esperimental askoren lagun mina zen, tartean, Maciunas, zeinarengan eragin handia izan zuen. Japoniara itzuli zen 1962an, eta han ere Tokioko abangoardiaren funtsezko irudietako bat bihurtu zen; 1963rako Nam June Paik (Seul, 1932–Miami, AEB, 2006) giro horretan ere ibiltzen zen.

Onoren performanceetan, baina, oinarrizkoak ziren hitzak, haiek deskribatzeko erabilitakoak. Izan ere, Onorentzat garrantzitsuena zen hitz horiek “ahotik ahora” ibiltzea, haren artea betikotu eta zabal zezaten.