Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Aktibismoa

Yoko Ono aktibista gailena izan da haren bizitza osoan: giza eskubideen alde egin du beti. Kausa asko defendatu ditu ekintzen, idazkien, bilera publiko zein pribatuen bidez; maiz irudi publiko batek erraz defenda ezin ditzakeenak.

Feminismoari lotu zaio, eta haren artegintzan ere nabari daiteke: jadanik 1960ko hamarkadako lehen performance batzuetan, emakumearen gorputzak leku gailena du agertokian, eta horren adibide argi dugu Mozte-lana (Cut Piece, 1964). Lan horretan, Ono agertokian eseri egiten da eta ikusleei eskatu egiten die arropak artazi batzuekin ebaki diezazkioten. Kyoton aurkeztu zuen lehen aldiz, eta ordutik Onok berak antzeztu du, baita beste batzuek ere.

Onoren konpromiso sozialaren beste adibide bat dugu Lehoia biltzeko ekitaldia (Lion Wrapping Event, 1967). Ekintza horretan Londresko Trafalgar Square-ko lehoietako bat bildu zuen oihal batzuez, polizia bertan zegoela; probokazio politikotzat jo zuten, lehoi horiek Britainiar Inperioaren ikurtzat jotzen baitziren.

Onoren aktibismoaren are adibide hobea dugu bi urteren buruan, 1969an, John Lennon-ekin batera (Liverpool, Erresuma Batua, 1940–New York, AEB, 1980) bakearen alde zuzendutako ekintza. Haien eztei-bidaian, Amsterdamen, Ohean bakearen alde (Bed-In-For-Peace, 1969ko martxoak 25–31) ekintza burutu zuten: sei egunez egon ziren ohean, komunikabideen aurrean. Gune honetan Onok eta Lennonek zuzendutako Ohe-bakea (Bed Peace, 1969) filma ikus dezakezue. Garai horretan, Ono eta Lennon elkarrekin lan asko egin zuten eta musika-ekoizpen joria sortu zuten. Onok, gainera, mezu politiko eta feminista askoko filmak egin zituen, hala nola, Eulia (Fly, 1970). Gaur egun ere kausa sozialen alde egiten du, eta bereziki jarduten du bakea eta ingurumen jasangarria bultzatzen.