Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Ikusleen esku-hartzea

Ikusleen parte-hartzea funtsezkoa da Yoko Ono-ren artegintzan, edonolako artelanetan, esaterako, instalazioetan eta bideoetan. Lan batzuetan artistak berak rol nagusia izan arren, beste pertsona batzuek ere laguntzen diote, adibidez, artelan bat osatzen duten objektuak erabiliz: bai fisikoki ekintza bat betez bai buruan, irudimenaz, ekintza hori gauzatuz.

Parte hartzeko objektuak ere badira, eta horren erakusgarri dira 301. aretoko Mendi mugikorrak (Moving Mountains, 2013/2014) laneko zakuak, 306. aretoko Xake-joko zuria (White Chess Set, 1966/2013) laneko xake-piezak eta 303. aretoko Telefonoa labirintoan (Telephone In Maze, 1971/2011/2013) instalazioko telefonoa, zeinetara artistak noizbehinka deituko duen. Parte hartzeko beste lan batzuk ere badira: guztiek dute “Parte hartu” seinalea zoruan.

Gaur egun, teknologiari esker, Ono mundu osoko publikoarekin jar daiteke harremanetan. Batzuetan sareko lanak egiten ditu, parte hartzeko lanak. Egunero komunikatzen da Facebook, Twitter, Instagram eta artistaren beraren webgunearen bidez.

Partaidetza eta alderdi sozialaren garrantzia ulertzen laguntzen digute Onoren ekintza publiko batzuek: ez da jaialdien eta bestelako ekintza publikoen komisario izaten, baina, 2013ko ekainean, Londresko Southbank Centre-n egindako Meltdown Festival-en komisario izan zen; jaialdi horretan, “Aktibismoaren Astea” ospatu zen.