Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Jarraibideak

Arte kontzeptualean artelanaren azpiko ideia, kontzeptua, da oinarrizkoa; hura da artelanaren funtsa. Yoko Ono arte-mota horren aitzindari eta eredu garbia da. Maiz, artelan kontzeptualak proposamen bihurtzen dira, hots, egileen pentsamenduaren berri ematen duen dokumentu. Artista kontzeptualek artegintzaren azpian dauden hizkuntz eta matematika-eremuak, bai eta adimenaren prozesuak, aztertzen dituzte, artearen balio estetiko hutsa zalantzan jartzeko. Onok idatzitako hitzen liburu bat argitaratu zuen 1964an, Grapefruit izenekoa; jarraibideen bilduma bat zen, eta jarraibideak betez artelan bat egin zitekeen.

Ikusgai dago liburu hori gune honetan, ingelesez eta gaztelaniaz. Lehen argitaraldian 500 unitate kaleratu zituen, eta liburuak 5 atal zituen: musika, pintura, ekitaldiak, poesia eta objektuak; ondoren, 1970ean, berriro argitaratu zen eta besta lau atal gehitu zizkion: filmak, dantza-lanak, arkitektura-lanak, eta filmen inguruan atala. Harrigarria da horren gai asko lantzea eta jarraibideak betez horren artelan ezberdinak egin ahal izatea, besteak beste: Eztul-lana (Cough Piece, 1961), Zinta-lana III Elur-lana (Tape piece III Snow Piece, 1963), Hegaluze sandwich-lana (Tunafish Sandwich Piece, 1964), 8 Arkitektura-lan Arkitekto Mamuarentzat (8 Architecture Pieces dedicated to a Phantom Architect, 1965), zapaltzeko pinturak, ureztatzeko pinturak, txapelak hegaz egiten jartzen dituzten lanak, postalak, telegramak eta abar.