Edukira zuzenean joan

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza

hezkuntza-edukia

Kolonizazioa eta matxinada [1704-1828]

Izenburua:
Kolonizazioa eta matxinada [1704-1828]
Erakusketa:
Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
Gaiak:
Historia | Gerra | AEB | Britainia Handia

1704
Apirilak 24: John Campbell-ek Bostongo News–Letter egunkariaren lehenengo alea argitaratu zuen. Iparramerikako lehenengo egunkaria izan zen.

1730
Koloniek Biziberrialdi Handia deitutako ebanjelismo erlijiosoa ezagutu zuten (1745era arte g.g.b.), Jonathan Edwards, George Whitefield eta Gilbert Tennanten sermoi apokaliptikoek piztuta.

1765
Britainia Handiko Parlamentuak Seiluaren Legea (Stamp Act) onetsi zuen kolonietara egindako inportazio guztiengatik zergak ordaintzeko. Boikot eta iskanbila handiak sorrarazi zituenez, 1766an legea baliogabetu zuten.

1770
Martxoak 5: soldadu britainiarrek bost kolono hil zituzten Bostongo sarraskian, eta independentzia nahia areagotzea ekarri zuen horrek ondorioz.

1773
Abenduak 16: Askatasunaren Semeek, Samuel Adams-ek antolatuta, Bostongo portuan inportatzen zen teari uko egin zioten Bostongo Tearen Jaialdian, britainiarrek ezarritako zergen aurka protesta egiteko.

1775
Apirilak 18–19: Paul Rever-ek britainiar armada iristen hasia zela ohartarazi zien Lexingtongo Abertzaleei gauerdiko ibilaldi famatuan, eta Amerikako Iraultza hasi zen.

1776
Urtarrila: Thomas Paine-ren Common Sense-ren argitalpenak Britainia Handiarekiko independentzia exijitzen zuen sentimendu iraultzailea piztu zuen.

Uztailak 4: Kongresuak Independentzia Adierazpena onetsi zuen Ameriketako Estatu Batuak sortuz. Berrogeita hamasei kidek sinatu zuten, haien artean gerora presidente izango ziren John Adams-ek (1797–1801) eta Thomas Jefferson-ek (1801–09), bai eta Benjamin Franklin estatu-politikariak.

1783
Britainiarrek Parisko Itunaren bidez aitortu zuten Amerikaren independentzia, Independentzia Gerrari formalki amaiera emanez.

1787
Ipar-mendebaldeko ordenantzari esker, Ohio ibaiaren iparraldera eta Mississippi ibaiaren ekialdera dagoen lurraldean ezarri eta ondoren hura anexionatzeari ekin zitzaion.

1787–90
Estatu bakoitzaren konbentzioek Amerikako Konstituzioa berretsi zuten (1787ko irailaren 17an osatua) eta horrela ordeztu ziren Konfederazioaren artikuluak; Delaware estatuak berretsi zuen lehenik (1787ko abenduaren 7an); New Hampshirek berretsitakoan, Konstituzioa indarrean sartzeko behar ziren bederatzi estatuak lortu ziren (1788ko ekainaren 21ean); Rhode Island hamahiru kolonietatik azkena izan zen prozesua osatzen (1790eko maiatzaren 29an).

1789
Apirilak 30: George Washington-ek Estatu Batuetako aurreneko presidente kargua betetzeko zina egin zuen (1789–97), aho batez hautesleek ofizioz hautatu ondoren. Nazioaren historian babes hori jaso duen hautagai bakarra izan da.

1791
Abenduak 15: Estatu Batuek Eskubide-Karta onetsi zuten, Konstituzioari egindako lehenengo hamar zuzenketak alegia, oinarrizko eskubideak hiritar ororentzat ziurtatuz.

1793–94
1793: esklabo Iheslarien Dekretua lege bihurtu zen, ihes egindako esklaboak harrapatzea erraztuz eta laguntza eman ziezaieketenei zigor zorrotzak ezarriz.

1794ko martxoak 14: Eli Whitney-k kotoi-garbigailua patentatu zuen, hegoaldeko nekazaritzan garapen ekonomikoa bultzatuz.

1803–06
1803ko apirilak 30: Louisianaren erosketarekin (frantsesengandik eskuratutako lurrak), Thomas Jeffersonen administrazioaren pean lortu zena, 1.287.475,20 km2-raino hedatu zen Amerikako lurraldea, Mississippi ibaitik hasi eta Mendi Harritsuetaraino.

1803–06: Lewis-ek eta Clark-ek Aurkikuntza-Taldea gidatu zuten erositako Louisianako lurraldearen eta Ozeano Bareraino hedatzen ziren lurralde ezezagunen esplorazio lanetan.

1812–15
Britainiar indarrek su eman zieten Kongresuari eta Etxe Zuriari (1814ko irailak 13–14) 1812ko gerran. Amerikarrek gaur egungo Kanadaraino lurraldea zabaldu nahi izanagatik, gerra napoleonikoekin zerikusia zuten ezarritako enbargo britainiar eta frantsesekin ados ez zeudelako, eta mendebaldeko mugako indiar amerikar aurkariek britainiarren laguntza jasotzen ari zirelako susmoengatik sorrarazitako gerra izan zen hura.

1817–18
Andrew Jackson jeneralak Estatu Batuetako armada zuzendu zuen Floridako indiar amerikarren seminola tribuaren aurkako lehenengo Seminola Gerran. Bertan integratutako esklabo iheslarien populazioagatik gero eta kezkatuagoak zeudelako hasi zen gerra.

1819
Espainiak Florida laga zien Estatu Batuei Adams-Onis itunean.

1820
Missouriko Konpromisoak estatu libreen eta esklaboen arteko bereizketa ezarri zuen Mason-Dixon lerroaren iparraldean eta hegoaldean (Pensilvaniako hegoaldeko muga hartzen du Ohio ibaitik mendebalderantz zabalduz), Louisianaren erosketatik kanpo geratu ziren etorkizuneko estatuei estatusa emanez.

1823
Monroe Dotrinak Europako potentziak Amerikan esku hartzeari betoa jartzea adierazi zuen, baita europar gaietan amerikarrek jarrera neutrala izango zuela hitz eman ere, era horretara politika aislazionista ezarriz.

1827
Georgiako cherokee tribuak konstituzio bat onetsi zuen eta cherokee nazio subiranoa aldarrikatu zuen.

1828
Noah Webster-en An American Dictionary of English Language kaleratu zen, 70.000 sarrerekin.