Edukira zuzenean joan

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza

hezkuntza-edukia

Zabalkuntza eta zatiketa [1830-1879]

Izenburua:
Zabalkuntza eta zatiketa [1830-1879]
Erakusketa:
Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
Gaiak:
Historia | AEB | Esklabotza | Zientzia eta Teknologia

1830
Andrew Jackson presidenteak (1829–37) Indiarrak Mugiarazteko legea sinatu zuen, Mississipi ibaiaren ekialdeko indiar amerikarrak Oklahomara lekuz aldatzera behartuz.

1831
Babesleku seguruen sare bati —Esklabo Iheslarien Dekretuaren (1793) ondorioz ezarritakoa eta esklabo iheslariak iparraldean eta Kanadan 1865era arte askatasunerantz eraman zituena—, Lurpeko Burdinbidea izena eman zitzaion.

Urtarrilak 1: William Lloyd Garrison The Liberator egunkari abolizionista argitaratzen hasi zen.

Abuztuak 21–22: Nat Turner-ek esklaboen matxinada bat zuzendu zuen Southampton Countyn, Virginian. Urkaz hil eta larrutu egin zuten azaroaren 11n.

1838
Pennsylvania Hall (Filadelfia), Freedom Hall ere deitua eta abolizionisten koalizio batek eraikia —emakumeak, afroamerikarrak eta langileak barne—, maiatzaren 14an inauguratu zen eta hiru egun beranduago su eman zioten aurkakoek.

Lau mila cherokee hil ziren Malkoen Bidean, mendebalderantz lekuz aldatzera behartu zituztenean, Indiarrak Mugiarazteko legearen ondorioz. Winfield Scott jeneralak ikuskatu zuen lekualdaketa hura, John Wool jeneralaren ordez, ekintza horrekin ados ez zegoelako utzi baitzuen honek bertan behera agintea.

1843
Mila inguru kolonizatzailek osatu zuten Oregongo Bidetik —3.492,28 km— mendebalderantz zihoan migrazioa, Willamette haranean amaitu zena.

1844
Maiatzak 4: Samuel Morse-k lehenengo mezu telegrafikoa bidali zuen Washington, D.C.tik Baltimorera.

1846–48
Estatu Batuek hego-mendebaldeko lurraldeak lortu zituzten, Texastik Kaliforniara, Mexikorekin izandako gerra amaitzean.

1848–49
1848ko urtarrilak 24: James W. Marshall eraikitzaileak urrea aurkitu zuen Sutter’s Millen, Coloman (Kalifornia).

1848ko uztailak 19–20: Elizabeth Cady Stanton-ek eta Lucretia Mott-ek Emakumeen Eskubideen Lehenengo Konbentzioa antolatu zuten Seneca Fallsen (New York).

1849: 30.000 hiritar joan ziren Mendebaldera, Kaliforniara, urrearen bila.

1850
Kongresuak Esklabo Iheslarien bigarren legea onetsi zuen estatu esklabistak baretzeko asmotan, gainbegiratze federal handiagoa exijitzen baitzuten, baina era berean abolizionistak eta Lurpeko Burdinbidearen aldeko aktibistak sutuz.

1851
Abuztuak 12: Isaac Singer-ek josteko makina patentatu zuen.

1857
Auzitegi Gorenak esklabotzaren berrespena eman zuen Dred Scott erabakiarekin.

1859
Urriak 16: John Brown buru izan zen Harper’s Ferry arma-fabrika federalean gertatutako erasoaldian, baina huts egin zuen esklaboak altxarazi nahi izan zituenean; harrapatu eta abenduaren 2an hil zuten.

1861
Apirilak 12: gerra zibila hasi zen G.T. Beauregard brigada-jeneral konfederatuaren aurrean Fort Sumter errenditu zenean, hegoaldeko zazpi estatu batasunetik banandu eta gero —Hego Carolinatik hasita (1860ko abenduak 20)—, Ameriketako Estatu Konfederatu gisa bildu zirenean eta Jefferson Davis presidente hautatu zutenean; lau estatu gehiago banandu ziren Fort Sumter ondoren.

1862
Homestead legeak bidea prestatu zuen Texas ezik Mississippi ibaiaren hegoaldeko 270 milioi lur akretan —Estatu Batuetako lurraldearen ehuneko hamarra— kokatzeko.

1863
Urtarrilak 1: Abraham Lincoln presidenteak (1861–65) publiko egin zuen Emantzipazioaren Aldarrikapena. Honela, banandu ziren hamaika estatutan esklaboentzako askatasuna adierazi zen, bost estatu mugakide leialetan (Missouri, Kentucky, West Virginia, Maryland eta Delaware) esklabotza bere horretan mantendu bazen ere.

Navajo tribua lekuz aldatzera behartu zuten Mexiko Berritik zehar Bosque erreserbaraino, 482 kilometro ibiliz.

1865
Apirilak 9: Robert E. Lee jenerala errenditu egin zen Ulysses S. Grant jeneralaren aurrean, gerra zibilari amaiera emanez.

Apirilak 14: Lincoln presidentea hil zuten. Hamahirugarren zuzenketak esklabotza osorik ezeztatu zuen Estatu Batuetan.

1869
Maiatzak 10: Central Pacific eta Union Pacific trenbide-konpainiak Promontoryn, Utahn, elkartu zituzten obrak amaitu zituzten. Hala, Union Pacific Railroad trenbide transkontinentalari bide eman zitzaion, enpresa publiko eta pribatu arteko ekimena izanik.

1876
Alexander Graham Bell-ek telefonoa asmatu zuen. Mendeurrenaren erakusketa Filadelfian.

1879
Thomas Edison-ek bonbilla asmatu zuen.